Txibato-kontzientzia

Aurreko batean errieta egin zigun Andolin Eguzkitza Idazle Elkarteko lehendakariak bertako kide garenoi, inplikazio txikiegia dugulako Elkarteak antolatutako ekintzetan. Ulertzekoa da bere nahigabea: Galeuzca bat muntatzen egundoko lanak hartu, eta azkenean ez da ia euskal idazlerik joaten, askoz gutxiago katalanak eta gailegoak baino. Antzeko kezka ageri zuen Jon Alonsok ere, Lisboako setioaren historia aurkeztera Saramago ekarri eta oso idazle gutxi azaldu baitzen Bilbon, Elkarteko guztiak gonbidatuta egon arren.

Idazle-kontzientzia falta zaigula dio gure lehendakariak, eta horri egozten dio taldeko ekitaldietarako interes urria. Ez zaio arrazoirik falta segur aski, amateurrak baikara hemen idazle ia guztiak, ordu libreetan aritzen garenak, nola-halako dedikazioz eta halamoduzko kalitatez. Hala ere, ez zait iruditzen idazle-kontzientzia eta horrelako ospakizunetara joatea berdindu behar direnik, ezinbestean: izaten dira noizbait zeozertxo idatzi eta estatus horri eusteko antzeko festatxoetara joan zaleak, eta izaten dira halaber bere asti apurra irakurtzen edo idazten eman nahiago dutenak, era horretako soirée eta sarao-etan azaldu gabe. Ez dut esan nahi hori denik normalena, baina etxean bakean egoten ere utzi behar zaio idazleari, kanapeetarako edo lankideen berriketarako gogorik ez baldin badu.

Bestalde, Elkartearen helburu handienetako bat azken urteotan kide berriak lortzea izan da, eta hor ibili gara, aspaldian ezer idatzi gabeak edo idazle-kontzientzia askorik ez zutenak ere barruan sartzeko konbentzitu nahian: batetik, idazle guztien ordezkaritza erreala izateko; bestetik, indar handiagoa geureganatzeko; eta azkenik, zertarako ukatu, diru-iturriak ziurtatzeko ere bai. Adibidez, bada kopiatze-eskubideak kudeatzen dituen elkarte espainiar bat, CEDRO izenekoa, eta bertan eman dugu izena euskal idazle gehientsuenok, Elkarteak eskatuta, bai guretzat bai Elkartearentzat aberasgarria delakoan.

Elkarteak hainbat gauza eder egin ahal izan ditu CEDROren laguntza horri esker: batzarrak, ikastaroak, mintzaldiak, irratsaioak... Idazleok ere badugu onurarik: urtean diru pixar bat pagatzen digute, gure liburuei egiten dizkieten fotokopien ordain gisa edo, eta horrez gain etengabe bidaltzen digute papera eta informazioa, CEDROren kanpaina eta gorabehera guztien berri emateko. Ia begiratu ere egin gabe bota ohi ditut halakoak zakarrontzira, hainbestekoa baita egunero iristen zaigun paper kopurua. Bat gogoratzen dut ordea, buruan iltzatuta geratu zitzaidana.

CEDROk betidanik izan du borroka latza liburuen fotokopia ilegalak egiten dituzten dendekin. Horixe du izateko arrazoia, eta idazleok ere ez dugu oso begi onez ikusten liburuak erosi ordez fotokopiatzea, ulertuko duzuen bezala. Halako batean, ordea, zer-eta halako fotokopiak egiten zituzten dendak salatzeko eskatzen zitzaigun idazleoi, eta salaketa errazago egiteko txartel bat zetorren prestatua; hura bete beste lanik ez geneukan: dendaren izena, kalea eta herria... Hortik aurrera CEDROkoak arduratuko omen ziren.

Ez dakit nik gure herriko historia politikoaren eraginez den edo gizatasun hutsezko jarrera, baina beste edozer baino nazkagarriagoa egiten zait salakeria. Hortaz, txibato izateko gonbidapen hura jaso nuenean, CEDROko zerrendatik neure izena kentzeko gogo izugarria sentitu nuen. Gero, berriz, dela alferkeriaz, dela gure Elkartean nahasterik ez sortzeko, bere horretan utzi eta azkenerako erdi ahaztua neukan.

Berrikitan egunkarietan agertu den albistea irakurri dudan arte: Bilboko bi fotokopia-denda zigortu omen dituzte epaitegiek, CEDROren ikerlariek jarritako amua frogatzat onartuta. Eta orduan zalantza hau etorri zait burura: eta euskal idazle batek bidalitako salaketa egon balitz horren oinarrian? Badakit aukera gutxi daudena; azken batean, jende interesatu asko baitago fotokopia ilegalen aurka: liburu-dendak, argitaletxeak, banatzaileak... Dendari zigortu horiek ere ez ditut ezagutzen eta ez daukat zertan errukia sentitu. Baina salakeria bultzatzen duen elkarte bateko bazkide izateak tripako mina ematen dit, eta nire ofizio-kide batek salaketa egin duela pentsatze hutsak goragalea. Inoiz ez dut uste izan idazleok oro har beste inor baino hobeak garenik; baina ez ahal ginen iritsiko idazle-kontzientzia txibato-kontzientziarekin nahastera.

Xabier Mendiguren Elizegi


susa-literatura.com