Guggenheimen fedea
Gaur egun diruari aitortzen zaion balio bera aitortzen zaio arteari: espekulazioan dugun fede itsuak baliagarri bihurtzen dituen zeinu sistema bana dira biak ala biak. Fede kontua, azken finean. Arte garaikidearen, arte berrienaren balioa fedearen eta espekulazioaren arabera neurtzen da sarritan. Izan ere arte garaikidean inbertitzeak baditu bere arriskuak. Gaur maisulana dena bihar, igoal, gaztaina zimela izango da; alegia, maisulan prezioan erositako artelan kaxkarra, museo eta galerietako biltegietan ezkutatzen diren horietakoa. Baina, demagun, fede eta espekulazio eta gaztaina guztien gainetik artea zer den eta zer ez adieraziko digun konbentzio estetikoen sistema onartu bat badagoela. Ez luke erraza izan behar, orduan, gaztaina bat erostea artelan baten ordez, artelanaren eta gaztainaren arteko aldea handia baita, inondik begiratuta ere.
BARCELO ETA SCHNABEL
Guggenheim Bilbao museoak erosi dituen artelan batzuen balio zalantzakorra eta bildumaren beraren koherentzia eza askotan azaleratzen diren kontuak dira arte-profesionalen munduan. Ahapeka bada ere, esaten da artelanez mozorrotutako gaztainak bat baino gehiago direla bilduma horretan: beste museo bateko biltegian gordeta zegoela Guggenheimek erosi zuen Barcelo bat kasu —bide batez Guggenheim berak ere biltegian gorde duena—. Baita hainbat Schnabel ere, komertzialkeria oinarritzat duen artista hutsala (eta teknika eskasekoa) aditu askoren iritziko. Bitxia da, bestalde, Bilboko bilduma osatzen duten artista gehientsuenak iparramerikarrak direla, eta horietako asko, gainera, Thomas Krensen adiskide. Jim Dine, adibidez; edota Francesco Clemente, Jenny Holzer, Richard Serra. Eta Schnabel, jakina.
Schnabelen kasua are kritikagarriagoa gertatzen da, Bilborako artelanak erosteko osatu zen aholkulari taldeak atzera bota baitzuen propio, New Yorken duen estudiora bisita egin eta gero. Juan Manuel Bonet eta Javier Viar kritikariak, Kosme de Barañano katedratikoa, Vicente Larrea eskultorea eta Alfonso Zorrilla de Lequerica bildumagilea ziren aholkulari taldeko kideak. Ziren diogu, aspaldi geratu baitzen bertan behera. New Yorkeko Guggenheim museoko zuzendari Krensek erabaki guztiak bere kasa har ez zitzan Joseba Arregik, sailburu zela, sortutako batzorde hori Mari Karmen Garmendiak desegin baitzuen Kultura Sailera iritsi bezain laster.
Ordudanik, ez dago oso argi erosketak nork egiten dituen. Edota beste modu batera esanda: Thomas Krensek erabakitzen du Bilboko museoak zein obra erosi behar duen eta zein ez; hein handi batean zein erakusketa bistaratu eta nola erabakitzen duen modu berean. Horrela izanik, zertarako behar du Guggenheim Bilbaok zuzendari artistiko bat, de facto lan hori egingo duenik baldin badago, eta gainera uzteko asmorik ez badu?
Aspaldi esan zuen Krensek, bera egonda Bilbora ez zela zuzendari artistikorik joango. Eta ezaguna da Krensek espekulaziorako duen joera, artean baino diru kontuetan baitu fede handiagoa. New Yorkeko Guggenheimera heldu zenetik operazio zalantzagarriak bat baino gehiago egin ditu, esaterako: Modigliani, Chagall eta Kandinsky bana saldu zituen, oraindik ere zein balio duen argi ez dagoen Bruno di Panzaren bilduma xelebrea erostearren. (Di Panzak artista batzuen bozetoak, proiektuak, instalazioak eta antzekoak erosi zituen, ondoren objektu bihurtzeko; baina orain artistek ez dituzte euren lantzat jotzen erreprodukzio halamoduzkook).
SEI MILA MILIOI
Hori gaztainei dagokionez, baina bildumaren inkoherentzia ere nabarmena da. Hainbat galeristaren ustetan, bilduma publiko bat ezin da 6.000 milioi pezetatan hogei bat artelan erosteko operazioan oinarritu. Euren iritziz, museo publiko batek justu kontrakoa egin behar du: dirutza horrekin mila bat koadro erosi, Europako museo publiko gehienek egin duten modura.
Inkoherentziak badu beste aurpegi bat: nortasunik ezarena. New Yorkeko Guggenheimek duen bilduma propioa osatzera dator Bilbokoa. Han falta zaiena, hemengo erosketekin betetzen dute. Bildumak ez du berezko nortasunik, herrena da, hankamotza. Bilboko Arte Ederretako museoko zuzendari Migel Zugazak esan berri du, ez duela ulertzen New Yorkeko bilduma osatzeko Bilbokoa egiten ari den ahalegina. Horretaz zerbait jakin badaki (edo beharko luke), buruan baitu Arte Ederretako museoari ikusmira zabaltzea eta orain artean zutabe izan dituen arte klasikoen alboan arte garaikidea jartzea. Beraz, arte garaikideko beste bilduma bat izango dugu gurean; pentsatzekoa da Zugazari gaztaina-ziririk ez diotela sartuko, artelan seguruetara joko duelako eta aholkuak ere onartuko dituelako.
HIRU BILDUMA GARAIKIDE
Guggenheim museoaren eta Arte Ederretako museoaren bildumak ez dira bakarrak izango hala ere; bada beste hirugarren bat: Gasteizen egitekoa den arte garaikideko museoarena. Bilduma gehiegitxo ez ote den ere pentsatzen hasiak gaude.
Politika kontuak direla-eta, Bilboko Arte Ederretako museoa Gasteizkoari gain hartzera datorrela gero eta funts handiagoa duen susmoa da. Izan ere, jeltzaleek eurek sortu egitamua PP alderdiak bere nola egin duen ikusi du, zirkinik egiteko aukerarik gabe. Bide horretan aldaketa txiki bat baino ez: hasieran euskal arte garaikidearen museo zena, egun arte garaikidearen museoa da soilik.
Bakoitza bere fedeak bizi du.
Lorea Agirre