Gorilaren barrea

SANTXO AZPEITIKOA-REN SALAKETA

Apo batek, azpeitiar batek salatu zuen gure erdara herrena espainolen aurrean. Ez da oraingo kontua, baina harrotzen dira oraino ere gaztelerako irakasleak On Kixotek errotak ziganteekin nahasten dituen pasadizoaren ondorengo gertaera kontatzen. Hara. Badator zalgurdi bat bidean aurrera, barruan emakume euskaldun bat duela. Dama Sevillara nahian dabil, han baitu senarra, Indietara partitzeko gertu. Baltsatu da Cervantesen heroi eroa ostera ere, eta hor non ikusten duen bahikuntzan daramaten printzesa saldo bat andere nagi bat besterik ez den tokian. Dama zilarrak askatze aldera, atera zaio behintzat segizioari bidera, eta hor non aurre egiten dien bulartsu funtzionarioaren emaztearen inguruan doazen guztiei.

On Kixotek bere neurriko oilarra topatzen du bekoz beko baina. Aita Berrondoren itzulpena aurrean izan ezean, eman diezaiogun hitza Lepantoko Mantxuari berari, bere hizkuntzan oraingoan:

"Todo esto que Don Quijote decía escuchaba un escudero de los que el coche acompañaban, que era vizcaíno; el cual, viendo que no quería dejar pasar el coche adelante, sino que decía que luego había de dar la vuelta al Toboso, se fue para Don Quijote y, asiéndole de la lanza, le dijo, en mala lengua castellana y peor vizcaína, desta manera:

— Anda, caballero que mal andes; por el Dios que criome que, si no dejas coche, así te matas como estás ahí vizcaíno".

Zer arrazoi zuen Cervantesek ezkutariaren euskara zalantzan jartzeko, beude ikuskizun biharko ikerlarien lanak. Zer arrazoi zuen bestelako ezein karakterizaziorik eman gabe honen gaztelera herrenean erreparatzeko, garbiago dago. Hurrengo atalean argituko zaigu delako señoraren ezkutari fidela azpeitiarra dela, xapo peto-petoa beraz, eta Santxo duela grazia.

Azkar ekin dira. XVII. mendearen hastapenean baino ez gaude eta auzo herriko gorilak hasiak dira gure gaztelera txarrari barrezka. Concordancia vizcaína deituko diote gerora erdal gramatikek.

LAGUNA-REN DEIA ETA BESTE HAMAIKA

Ohantze berotik altxarazi nau telefonoaren adarrak. Lau, bost, seitan jo du, atertu dadin itxaron dut izarapean, baina segitzen zuela ikusirik jaikitzea beste erremediorik ez dut izan, lasai egon nahi bai, baina tirtiria eta ohiturazko gizon ustekoa ere baita bat.

Laguna da, egun geratzen zaizkidan apur horietarik, eta suak hartuta dabil. Bart neskalagunarekin joana da antzokira, "El Caserio" ikustera. Ez dit argitu eta ezin esan inpresionatze aldera edota kulturaz poxi bat bustitzera eroan duen Guridiren zartzuelara, baina kontua da bera behintzat inpresionatuta eta amorruz bustita atera dela, hain da handia lagunak esatera (eta sinesten diot, laguna dut) euskaldunak (eta ez euskarak, humanizatu ditzagun hizkuntzak behingoz) obran barrena jasaten duen tratu laidogarria. Obra ezagutzen ez duzuenoi ez zaizue gaitza egingo lagunaren haserrearen zioa imajinatzea: euskaldunak gaztelera beldurgarrian hitz egiten du, karikatura negargarria da.

Umore hau ez da hutsetik sortua. Bide luzea egina du Santxo Azpeitikoaren pasadizotik lagunaren gau zapuztura arte. Eta zinez zaharrak ditu erroak. Eta luzeak. Gerra aurrean, klabe berean oinarritzen zen Arruetar bat, Jose, Madrilgo prentsan euskaldunak irudietan emateko orduan. Gazteleraz gaizki mintzo diren euskal nekazariak dira barregarri agertzen direnak:

"¿No le conoses? Bernardo el de Rotasar es éste... De Cuba venir ha hecho en un vapor... Catorse años hiso allí...".

Eta jendeak barre egiten zuelako izan da barregile modernoagoen iturri Jose Arrue.

Gehienetan, Cervantesen kasua salbu, euskal herritar beraiek izan dira generoaren maisu. Nafarroako Sesmako Jesus Prado Casadamon-ek arrakasta itzela lortu zuen 60ko eta 70eko hamarkadetan Txomin del Regato-renak egiten. Hogei diskotik gora atera zituen. Radio Bilbao frankistan emandako haizearekin, lehenago Hermanos Bilbao klown bikotearekin aritu zenean baino errazago lortzen zuen euskal arlotearen figurarekin jendeari algara ebastea. Ateraldiekin baino ahoskerarekin irabazten zituen txaloak. Samurrago ere bazeukan: funtzionatzen zuen patroi batekin ari zen lanean. Gehiengoaren arrazoia bermatzeko gogoz zegoen publikoa zuen babesle, erdalduna eta urbanoa batez ere.

Horregatik egiten zitzaion barre gaztelera hitz egiten ahalegintzen zen nekazari euskaldunari. Batera baitzihoan kolpea, euskalduna eta nekazaria txanpon beraren bi aldeak ziren. Nahitaez elkarrekin joan beharreko bi pertsona pertsona bakar batean, biktima aproposa inondik ere baserritar izateari utzi nahi zion ideario kolektiboan.

Baina ondikotz, polizia beltza da poliziarik gaiztoena Los Angelesko beltzentzat. Gazteleraz idatzi izan duten euskal idazleek antzeko umorez eginiko orriak eta orriak bete izan zituzten astelehenetako Hoja del lunes haietan. Kostunbrismoak morroi onak izan ditu 60ko modernitatearen bihotzean. Arlotadas sano ondo saldu zen liburua izan zen bere garaian (orain hurrengoan berriro berrargitaratua eskola frankistako eskuliburu guztiekin batera, adierazgarria). Oraindik orain, zailagoa dena ere erdietsi da. Euskaraz egitea. Euskadi Gaztea-n entzun ahal izan dut behintzat, eta baita Bilboko jaietako txosna "alternatibo" batzuetan ere iragarki itxurako "La Crus del Gorbea, gure gaseosie"-rena. Hamar bat esketx badabiltza hor barrena. Klabea, betikoa. Baina badu meriturik. Euskaraz utzi nahi da barregarri euskal boronoa, arlotea. Nola egiten den galdetuko didazue. Erraza. Erdara nahasten, zelan bestela. Euskaldunok ere ikasi dugu umore diglosikoari probetxua ateratzen. Eta ez dut zipaio berba nik aipatu.

GORILAK LAINO ARTEAN

Ez da ordea gaztelera herrenarena espainiarren monopolio hutsa. Gorilen artean, arras teknika hedatua da norberarena ez den hizkuntza nagusira heldu nahi duenari barre egitearena. Mexikon, Azkarragatarren esku dagoen Televisan "La India Eldemira" da indiartasuna ahantzi nahi duen ikusleari barre eginarazten diena. Nola esan, Lina Morgaren keinuz (espainolok bederik ongi ezagutzen duguna), espantuka hitz egiten duen indiar emakume baten karikatura deitoragarria da La India Eldemira. Entzun beharko zenukete haren gaztelera! Eta aurpegitik indiartasun arrastoak erauzi ezin dituen ikuslearen algarak! Era berean, hegoalderago, bertako ia jatorrizko biztanle guztiak garbitzea lortu duen Argentina modernoan, Bolivia eta Paraguai mugako indiarren gaztelera txarra da barregai. Eta ez dira bakarrak, sinetsidazue.

— Umorea baino ez da! Barre egiteko! —esango zaigu.

Frantziar hedabideetan ikus eta entzun daitekeen umorea ere, baliatu izan da inor mintzoagatik barregarri uztearen teknika honezaz. Iparraldeko irrati frantximentetan usu erabili izan den sujeta izan da frantses okerra darabilen euskalduna. Nola ez, artaburua, azaostoa beti ere. Ingalaterran, Koldo Izagirrek Incursiones en territorio enemigo-n salatzen duen bezalaxe, Shakespearerenganaino jo daiteke. The merry wives of Windsor-en, Hugh Evans apez galestarraren ingelera traketsaren kontura libertitzen da ikusle ingelesa. Eta pentsa zenbaterainokoa den galestarraren eta euskaldunaren arteko sinbiosia itzultzaile espainolarentzat, guk deus esan gabe, Evans inoiz gazteleraz antzeztekotan taula gainean hobeto jokatze aldera halaxe azaltzen duela 1923ko edizioan egin oharrean: "como un cura vascongado que chapurreara español".

— Ez duk horrela jartzeko! —egingo digute oihu.

Kontua ez da baina zenbat adibide aurki ditzakegun infamiaren historia partikular honetan, gaur egun gorilakeriak etxean eta inoiz baino harroago jarraitzen duela baizik. Lourdes Bedia, Javier Merino eta Oscar Terol aktoreek osatzen duten Les Lourvier’s taldeak era honetako esketx asko ditu ikusgarri. Euskalduna da (baserritar itxurako ahal bada) gaztelera barregarrian mintzo dena berriro ere. Bilatzen hasita, Antxon Urrosoloren saioan perla ikaragarri politak eman dira. Hain politak non eskola ere sortu duen ETBn. Patetikoa da ikustea "Zoombados" bezalako saio batean zelan jokatzen duen kamera ezkutatuaren aurrean gako lana egin behar duen aktoreak kalean aurkitutako biktimak deskuido batean euskaraz eginez gero. Urduri, Txomin del Regatorenak egiten erantzuten dio biktima euskaldunari! Horra euskaldunak (eta ez euskarak) sortzen duen identifikazioa Euskal Herriko medio publiko erdaldun batean.

— Exajeratzen ari haiz! Ez duk horrenbesterako! —alatzen zaizkigu gero eta artegago.

Heavya da oso: hizkuntza kultur komunitate bi hartzen dituen hedabide publiko batean trufa da elkarbizitzako giltza. Hizkuntza batetik barre egiten zaio besteari eta jakina, nork eta nagusiak txikiari, eta zergatik, eta normalduan egoki ez mintzatzeagatik. Alderantziz izatera, noren burua eskatuko lukete? Ez aspaldi, orduan Iurretako zuzendari zen Zarraoaren azalpenak eskatu zituzten Gasteizko Legebiltzarrean ETBn emititutako Lazkao Txikiren marrazkietan bandera espainolari eta armadari ustez barre egiten zitzaiolako.

Horrela behar dik ordea, bestela ez dik funtzionatzen! —abisatuko digute.

Ez dugu aurrera egiten. Kostunbrismoaren giltzak ongi datozkie gorila guztiei, are modernoenei ere.

Eta ez euskalduna ez delako gorila izateko gai, aukerarik ez duelako baizik. Gorilakeriaren apostolu izateko beharrezkoa baita normala den erregistro estandar bat, ahoskera onartu bat, milioika hiztunek ematen dioten babesa. Albistegi asko alegia. Harrokeria du beharrezko harrotasunaz haraindi. Mingarri gertatu behar zaio txikiaren mintzoa entzute hutsa.

Hizkuntza ez-normalduak ostera, ez du zuzentasunaren marra erakusten dion erregistrorik, asko ditu zalantzak bere txipian, asko erabilera okerrak, eta hurbildu nahi duen guztia da ongietorria, hain dago denaren beharrean...

Gaur egungo euskalduna behintzat, ez dago kontzientziatuegi euskara txarki hitz egiten dutenen kontura iseka egiteko. Ezagutu dugu saio bat edo beste ("Ama begira zazu", politiko euskadunberriren bat "Funtzioa" saioan...), baina ezinbestean errekara jo dutenak. Ez Azpeitiko Santxo ez delako gorilakeriarako gai, ez Kixotek baino arima edo bihotz garbiagoa duelako, ezinezkoa zaiolako baizik. Geure txikitasunak behartu gaitu bestela jokatzera. Ahoskera okerreko euskaldunberririk gabe, non geundeke kultur komunitate legez? Ez daude gauzak euskaldunberrien lepotik tripak lehertzeko. Hasi bestela gure kulturaren panoramari errepaso txiki bat egiten. Ez dago gure musikaren, gure antzerkiaren, gure literaturaren, gure hizkuntzalaritzaren historia txikian gehiegi sakondu beharrik. Norbaiti bada, euskaldunberriei zor zaie norbaiti zor izatekotan euskal kulturaren aggiornamendua. Ahalegin larregi gorilakeria gehiago onartzeko. Txantxarrak ustelduko ahal die barrea!

— Gorila? Zer esan nahi duk gorilakeriarekin?

Baina zuzen daude. Agian ez dugu arrazoirik gauza hauek serioegi hartzeko. Ozpinduegi bizi gara, umorea ere galdu dugu...

"— Min ematen dizu? Ez dut sakatu nahi... —esan zion euskaldunak.

Hainbesteko bihozberatasunak samurtu egin zuen Vivian."

(Anais Nin, Euskalduna eta Bijou)

Umorea galdu. Gorila gizajoak! Hauen ziurtasunaren ondoan, aldekotxe goxotasuna erakusten dugula besterik ez gara esaten ari. Esan, hain takarrak bagina, horren mihi baldarra bagenu... hautatuko gintuzkeen Nin-ek, munduko maitalerik exijenteenak bere ipuin erotiko bateko sujet?

Iñigo Aranbarri


susa-literatura.com