Zorionak, Gara!

Zorionak, Gara! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue!

Banuen lagun bat Egin-en, goi samarreko postuetan. Hark esplikatu zidan zergatik ezker abertzalearen egunkariko gurutzegrametan azaltzen zen, esaterako, Urumea ibaia "río español" bezala: agentzia bati erosten zitzaizkion gurutzegramak, agentzia espainiar bati, hemen egitea baino merkeago ateratzen zirenez. Agentziak... kazetaritzaren oinarria, globalizazioaren aitzindariak! Horrela hasi nintzen ulertzen zergatik zinemagile kataluniar bat, lana beti katalanez egiten duena, "cineasta español" bezala agertzen ahal zen Eginen, zergatik laburretan beti ematen ziren Espainiako izkirimiriak, zergatik nazioarteko albisteak irakurrita iruditzen zitzaidan Egin gurea El Mundo bezain horia: agentzien errua zen! Neu naiz lekuko beste lagun batek zenbat ahalegin egin zituen Eginek alta eman zezan Prensa Latina agentzian, Latinamerikako eta hirugarren munduko albisteak behintzat ez-lerrotuen eskutik hartzeko. Etsi behar izan zuen... Atotxa zaharrean egin nuen topo behin egunkariko kudeatzaile taldeko lagunarekin. Komentatu nion aste bete lehenago Realak Uefa-ko kanporaketan Portugalera eginiko bidaiaren kronikan kirol kazetari batek Eginen bertan idatzitakoa, alegia, "jokalarien emazteek zaputza hartu zutela Oporton, han ez zegoelako erostea merezi zuenik ezer". Hasperen egin zuen lagunak. Hura ez zen agentzien errua, etxeak berak kontrataturiko profesional "bikaina" zen kazetaria (kontratu hobeagoek ezker abertzaletik urrun eraman zuten arte, jakina)... Harmailetan zahatoa eskurik esku zebilela ikusirik, kronikagile beraren beste iritzi batez oroitu nintzen, eta esan ere egin nion gure egunkariko arduradunari: "Ardoak onak zirelakoan hemen, baina hutsa". Hasperen egin zuen ostera, eta Oporton ardo onak dituztela aitortu behar zidala uste nuenean sorbaldan tinkatu zidan eskua: "Hik denbora badaukak nonbait, kiroleko orrialdeak irakurtzeko!". Ahoa bete ustel geratu nintzen, jakina. Oso gerora jakin nuen Egineko arduradunei benetan ardura zitzaiena, ahalik eta gehiena saltzeaz baino are gehiago, politika saileko albisteak anaia nagusiaren ildo zehatzera errenditzea zela. Gainerako guztia politika saila egunero argitaratu ahal izateko betelana baitzen.

Zorionak, Gara! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue!

Askok ez dakite, baina gauza jakina da; politikoek ez dute sinetsi nahi, baina hala dela aspaldian dago frogatua: politika saileko albisteek baino gehiago lantzen dute ideologia ez-politikoak diruditen albisteek. Adibidez, istripu larri bat eragin duen trailer germaniarraren gidaria "turkiar jatorrikoa" zela zehazteak arrazakeria sustatzen du, kazetariak "datu informatibo hutsa" dela sinetsarazi nahi digun arren; asteburuan hainbat hildako egon direla "estatuko errepideetan" jakinarazteak, Euskal Herria zatitzen du; "euskal arrantzaleak haserre" titularrak, tamalez, ez digu esaten Ziburukoak zeinen haserre dauden, Ziburukoak ere haserre egoteko arrazoiak dituzten arren... Ezker abertzaleko politikoak hor egoten dira erne, albistegietan zenbat minutu ematen dioten halako prentsaurrekoari, zer manipulazio egin duten bestelako komunikatuari, nola mozten duten harakoaren erantzuna... eta oraino ez dira konturatu Bertatik Bertara saioaren jatorrak edo Sorginen Laratzaren probokazio merkeak ikuslegoa umetzen dutela, Rompecabezotas programa batek (ETB 2) gehiago espainiartzen zuela ikuslegoa Ramon Jauregiren deklarazio guztiek baino. Gurutzegramek zaletu asko dituzte, eta politikoek ez daukate astirik kirol orrialdeak irakurtzeko.

Zorionak, Gara! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue!

Noiz edo noiz komentatu izan zidaten Egineko lagunek komenigarria izanen zela estilo liburu bat egitea. Pozarren hasi nintzen lanean, abisatu nien adiskideei erne ibiltzeko, "zer edo zer" sumatu orduko aizturrak hartu eta txatalak mozteko, halako kasuistika bat egitearren, berritu bat eman nahi zitzaiola zaharpaperari, autokritika garaiak helduak zirela egitura herdoilduetaraino. Barre ironikoak egin zizkidaten, baina lagundu ere bai. Gauza politak bildu genituen. Begira dezagun bat. Ez zarete inoiz konturatu? Jauregi ez da euskalduna. Ramon Jauregi ez da euskalduna euskaraz eginagatik. Egineko ale zaharretan beti "Jáuregui" ikusiko duzue idatzia. PPko zinegotzi bat hil zuten Zarautzen. Imanol Murua alkateak bezain ongi egiten zuen euskaraz eta Iruretagoiena zuen abizena. Baina Eginen "Iruretagoyena" ikusiko duzue idatzia. Ez horrela alderdi abertzaleetako jendearen abizenak, erdaldunak izanagatik! Hizkuntza bati egin dakiokeen kalterik handienetakoa da erabilera patrimonial hau, euskaldun/ez-euskaldun izateko arrazoia hizkuntzaz at finkatzen baita: "guk markatzen dugu hizkuntzatasuna kriterio politikoen arabera". Eginen kriterio horretan oinarrituta, zer ondorio ez dezake Jon Juaristi batek ateratzen ahal! Eta nola kontra-argumentatu behar genioke orduan? Bizkarrak harrotzen zituzten Egineko arduradunek. Estilo liburua ez zen egin, gero jakin dudanez bati baino gehiagori esan ohi zitzaigun "lanean hasteko", hiperkritiko aspergarriak kontentatzeko taktika zen. "Euskal Herriko" komunikabide aurrerazale batek behar duen estilo liburua, azken finean, aspaldi samar egin zen, berritua dago egun, salgai daukagu. Baina Gara, Egin bezain buruaski, oraino ez da enteratu Egunkaria izeneko kazeta bat dagoela, Euskal Herrikoa.

Zorionak, Gara! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue!

Euskal herritarrekiko begiramen falta hori, Eginek urteetan harrokeriaz eta miserablekeriaz burutu zuen azpi-lan hori, desnazionalizatze hori, alienatze hori, igual berean ari da Gara garatzen. Ganbara betea daukagu urte betean bildutako ale ederrez, aspergarria ere bada egunero irain berak irakurtzea, Jauregik ez du "Jáuregui" estatusa gainditu. Gaur, artikulu triste hau idazten hasi naizen egunean, 2000ko otsailak 8, martitzena, honako hau dakarkit Garak: "La sinestralidad laboral se cobra una nueva víctima al fallecer un trabajador forestal en Elgoibar tras caerle un árbol encima". Atzo, astelehena, behargin bat hila Elgoibarren lanean. Ez da gezurra. Entzun dezadan Euskadi Irratia: "Atzo bi langile hil ziren Euskal Herrian lan-istripuz..." Nola liteke ordea? Har dezadan Egunkaria: "Beste bi behargin hil ziren atzo, Elgoibarren eta Goizuetan, biak basoan lanean ari zirela". Garak ezin du bigarren behargina kontabilizatu, Goizuetan hil zelako... eta Goizueta Nafarroan dagoelako!

Zorionak, Gara! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue!

"Mila milioi baietz"... Harrokeria ostera ere, baina tira, kontsolatzen ginen pentsatuz Garzon epaileak mesede egin zigula, geuk aldarazi eta hobetu ezin genuen kazeta itxirik. Aukera polita zatekeen beste zerbait saiatzeko, aire berria hartzeko. Ez da hala gertatu, burokrata berdinek eginiko produktu berdina hartzen dugu egunero eskuartean. Euskal idazlea naizenez, askotan oparitu didate —Garako kudeatzaileren batek, politikoren batek, kazetariren batek, abertzale kezkaturen batek— euskal idazleari belarriak goxatzeaz bat ahoa tapatzen diola uste duten esaldia: "Ahaleginak egiten ari gara euskara kopurua igotzeko..." Irriño petral bat egiten dut orduan. Ez da nik aurkari gogor bat nahi ez nukeelako Egunkaria akuilatzearren, izatez gerotan hori ez litzateke baina Gara izanen, alafede. Kontua da Gara, Egin bezala, beste zeregin baterako sortu zela: Correo taldeko produktuen irakurleetan bilatu behar lituzke bezero berriak. Euskal idazlea idazle delako zaie neke, hain zuzen, halako esaldiekin manukortzea. Bost axola niri euskara gehiago edo gutxiago, axola zaidana da zer eskaintzen zaion irakurleari edozein hizkuntzatan.

Zorionak, Gara! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue!

Idazleoi dena interesatzen zaigu, gertakari xume batetik ipuin bat atera genezake, txokoan datorren albisteak nobela bat eragin diezaguke. Eta jakina, geure gremioari dagokiona ere interesatzen zaigu. Baina Garako euskararen kopuruak arduratzen ez nauen moduan, urrun nago euskal idazleoi jaramon gutxi edo behar baino gutxiago egiten zaigulakoa argudiatzetik. Ez naiz kexatuko, adibidez, Garako kultura arduradunek Andima Ibiñagabeitia nor eta zer izan zen ez dakitelako, "Andima y Biñagabietia" (sic) bezala ematen didatenez. Larunbat batean, kulturako koadernotxoa ageri den egunean, Soledad Puertolas idazle espainiarrak hartzen du Mugalari (Bazka ona zela esaten huen hartan bertan, Gari), eta hurrengo egunean, igandez, Zazpika gehigarriak Javier Reverte idazle espainiarra interbiubatzen du. Konpentsatzearren, hurrengo hastean "Almodovarren neska bat" dakarkizute, edo hobe esan "Antonia San Juan, más que una chica Almodóvar". Behin, birritan... gero atsedentxo bat euskal kirolari edo kantariren batekin eta ekin berriz ostera unibertsaltasun hispanikoari: Luis Eduardo Aute, Sergio Ramirez, Mario Muchnik... Zaharra naiz, hamabost urte nituen 68ko Maiatza hartan eta, zergatik ez aitortu, frantximent samartu egin nintzen. Frantses telebista ikusten dut, baina, hara!, Garak, "Euskal Herriko egunkariak", Eginek irakatsi bezala, inoiz ez dizkit komentatzen kate frantsesek Euskal Herrian eskaintzen dituzten filmeak, ezta, esaterako, Cinema de Minuit-ek zer ziklo eskaintzen duen ere, edo Les écrivains du siècle izeneko saio ederra dagoenik ere. Nola espero dezaket hispanikotasuna francophonie apur batekin bederenik bariatzea? Ergela naizela horraatikan!

Zorionak, Gara! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue!

Ataño hil zela ataltxo labur batean esaten diguzue, eta euskal idazleok ez gara kexatzen horregatik, badakigu mundua zabala dela eta gu ez oso garrantzitsuak. Ulertzen ez duguna da ordea zergatik albiste labur horren ondoan entrebista zabal bat egiten diozuen kantari espainiar bati, zeina, kasualitatez, PPri publikoki botoa eskatu zioten artista bakanetarikoa den... Abisatu zigun ordea Jose Mari Esparzak egunkariko lehen alean, berak hain dotore egiten dituen zutabe horietako batean: "Tamalez, Garak ezin du izan Egin zena". Garaiak aldatuak zeuden, abertzaleen arteko kontsensuaren aroa zen eta, dirudienez, Clinton-en adiskide egin behar dugu orain, gutunak bidaltzen dizkiogu. Garak, neurri batean, politikoki polita izan behar zuela ulertu nuen Esparzaren esanetan. Korrektotasuna, ordea, El Diario Vascok eta El Correo Españolek eta Diario de Navarrak eta Sud Ouestek markatu eta markatzen dute. Alegia, alderdikeriaz markaturiko objektibotasuna eskaintzen digutela gure etsaiek. Garak ez, Garak objektibotasun objektiboa eskaintzen digu behin eta berriz, "Garak ezin baitu Egin izan"... Horregatik titulatuko digu "gerra" NATOk Jugoslaviari eginiko jazarra. Utikan lerrotze kaltekorrak. Eta abertzaletasuna beti baita jantzi egokia gure txepelkeria gordetzeko, berehala isilaraziko gaitu ezker abertzaleko koadroak "Kosovo libre ez den bitartean, izorra dezatela Milosevic!" biribil batekin, niri entzutea egokitu zitzaidan moduan. Hori bai dela mundua ulertzea!

Zorionak, Gara! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue: Egin baino are egunkari txarragoa egiteko gai izan zarete.

Koldo Izagirre


susa-literatura.com