Bihotzerre nazionala
Gasteizko Gobernuak prestatutako Euskadi Literatura Sariak halako osagai ezkonezinez eginiko platerak dira, alajaina. Bazka prestatzen hasita, sariok nazional izateko gogoz sortuak direla esan zitzaigun, euskal literaturgintzak bere normalizaziorako dietan beste lehentasunik izango ez balu bezala.
Azalpen hori entzunda, batek uler zezakeen: euskal naziotasun ikuspegitik —eta konplejo xelebreren batetik ziurrenik— mintzo dira sarion prestatzaileak. Baina plater berriari jarri zioten izenari erreparatuz gero, berehala uler daiteke: euren ahotan dagoen euskal naziotasun kontzeptuak EAEren mugak ez ditu gainditzen, Euskadi deiturak bere chauvinismo autonomiko guztiarekin argi uzten duenez.
Plater honen dastaketa prozesua hasi zen beraz, eta bihotzerrea ez da saihesten erraza izan. Hasteko, mahairatutakoaren osagarri gozo batzuk antzemanezin geratu direlako zenbait espeziaren eraginez. Eusko Jaurlaritzaren hiru herrialdeko eremutik kanpo geratzen den idazle bat ezagutu dugu, adibidez, Euskadi Literatura Saria jasotzen: Aingeru Epaltza nafarra. Ahoraturiko koilarakada gozo horrek Euskal Autonomia Erkidegotik gaindiko euskal naziotasun ikuspegi bat dakar berriro ere gogora.
Baina berehala ezkutatu da zapore hura, mikaztasun indartsuago baten pean. Sariketa ustez nazional honek, Euskal Herriko hizkuntza nazionalaz gain —ez ofiziala bere herrialde guztietan—, beste hizkuntza batean egindako lana saritzen du: gaztelerazkoa —hizkuntza ofiziala berau Espainiak Euskal Herriari hartzen dizkion lau herrialdeetan—. Ofizialtasunaren onespena bada helburua, behin hizkuntza ofizialak saritzen hasita —eta dakigunez ez da hori Eusko Jaurlaritzari dagokion lana—, guztiak saritzea dirudi normalena. Besterik ez bada, euskarazko arloan dagoeneko sarion eremua EAErena bakarrik ez dela aditzera emana dagoelako. Ulertuko ahal du norbaitek korroskada hau, ezin baita sinetsi Euskal Herriko hainbat herrialdetan ofiziala den hizkuntza bakarra —frantsesa— aintzat hartu ez izana euskararen aldeko apustu baten ondorioz datorrenik. Gaztelerazko literatura saritzen delako dago argi apustu horren falta. Ahantzi egiten da, gurean, euskal nazioa hiruzpalau herrialdez bakarrik ez dela osatzen eta hartzen duten estatuak bi direla. Baita ustez nazionalak diren sariak antolatzeko ere.
Errezeta epel horri sumatzen zaion mindura punttuak bihotzerrearen bigarren goranzko erasoa eragiten du. Baina nork eskatu du plater hau? Sektore bezala antolatu eta profesionalizatzea da literaturgintzan dabiltzan erakunde eta elkarteen erronka nagusia, egun. Helburua, gure kultur munduko beste adarretan bezalatsu, beti ere benetako normalizazioa dela. Ondorioz, urtean behin euskarazko literatura, haur eta gazte literatura eta itzulpen lan bana diruz saritzea, aurrerago aipatutako oinarri nahasiekin gainera, sarion agintari-antolatzaileen beraien zuritze tresna bezala agertzen da beste edozer baino gehiago.
Baina tresna hori Jaurlaritzak berak epaimahaikideak hautatuz eta diru publikoa jarriz sukaldatu eta zerbitzatu izan duen neurrian, argi egon da, ikusi nahi izan duen edonorentzat, zein labetatik ateratako opila zen.
Opila gozatzekotan dabiltza, ordea, sukaldariak. Euskal literaturgintzako hiru zutabe nagusi sukalde-laguntzaile lanetan dituela gainera. Lehen aldiz orain artean, EIEk (Euskal Idazleen Elkartea), EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea) eta EEEk (Euskal Editoreen Elkartea) urteroko lau Euskadi Literatura Sariak aukeratzeko epaimahaia hautatuko dute, benetako sari nazionalak izan daitezen, antza denez.
Izena bera, parte hartze oinarriak, saritutako arloak... hamaika gauza aldatu beharko lirateke, Euskadi Sariak benetako sari nazionalak izango badira. Jaurlaritzak aldatzea onartu duen gauza bakarra, epaimahaiaren hautaketa prozesua izan da. Demokratikoagoa dela esango du zenbaitek, euskal literaturgintza sektorea kontuan hartu baitu lehen aldiz.
Nazio ikuspegi anorexikoa eta "nazional" kutsu bulimikoa izaten jarraitzen duen sariketa legitimatzeko modu ederra dela erantzungo diot horri.
Amagoia Gurrutxaga