Paradoxa

 

Hainbat alderditatik begiraturik elkarren antza duten liburu bi eman zituen argitara iazko azken hilabeteetan Txalaparta argitaletxeak: Jon Idigorasen El hijo de Juanita Gerrikabeitia eta Joxe Iriarte Bikilaren Borrokaren gorrian. Gomuta liburuak, autobiografikoak biak ala biak. Borrokalari adoretsu eta ezagunak bata zein bestea ere, langileak eta euskaldunak. CCOOren sortzaileetarikoak, erbestetik zein espetxetik pasaturikoak, bizitza paraleloak eduki dituztela esan liteke. Bien abiapuntua ETA izan eta, gorabehera handiak eta gero, atzera elkarrekin topo egin dute, EHn orain.

Bien artean antzekotasun handiak izanagatik, bada biak seko bereizten dituen zerbait: hizkuntza. Bikilarena euskaraz idatzirik dago, Idigorasena, aldiz, erdaraz; urteetan abertzaleek espainolistatzat harturikoak euskaldunen hizkuntzan, eta betidaniko abertzale zintzoak etsaiarenean. Horra paradoxa polita.

Aurrekoa irakurririk, badakit zer pentsatuko duen batek baino gehiagok: Idigoras euskalduna bai, baina alfabetatu bakoa. Hala izango da, noski. Bikila ere halakoa izan zen luze, harik eta, koherentzia politiko-pertsonalak derrigorturik, alfabetatzeari ekin zion arte. Gorriak eta bi pasa behar izan zituen bere buruari ipiniriko helburua lortu ahal izateko. Berak aitortzen du liburuan berton.

Ez dakit Idigorasek sentitu ote duen, inoiz, Bikilak sentiturikoa. Baietz uste dut nik. Sentitu badu ere, argi da ez duela oso garrantzitsutzat jo.

Liburuok kaleratu ziren sasoi beretsuan, Baionako ostatu batetik deitu eta hara joan nintzen kantatzen ostiral batean. Euskara gutxi entzun nuen gau hartan. Baionan ez dela euskara asko egiten esatea badago, arrazoi osoz; frantsesa bai ostera. Baina besterik, espainola baino ez nuen entzun ordukoan. Kantak-eta espainol jatorrean eskatzen zizkidaten haiek euskaldunak zirela jakin izan nuen saioa amaitutakoan, errefuxiatuak gehien-gehienak. Trasteak bildu eta autoaren bila nindoala, Baiona Ttipiko zenbait taberna abertzaleren aurretik —erraz igartzen dira halakoak— igaro nintzen. Taberna parean berbetan zihardutenek erabiliriko hizkuntza bera zen, salbuespenik gabe: espainola.

Etxerako bidean, ezin baztertu gogotik itauna: zelan liteke Euskal Herriaren alde dena —familia, lagunak, lana eta abar— eman, eta tortura eta kartzela edo errefuxiatu bizimodua nozitu behar izan dituzten berberek ez edukitzea inongo arazorik euren areriorik gogorrenaren berbaera, euren torturatzaileena patxadaz eta barra-barra erabiltzeko, eurena ei denari muzin eginez?

Eta horren orpotik beste makina bat galdera. Betikoak eta hamaika gehiago. Larregi, edozelan ere.

Xabier Montoia


susa-literatura.com