Gure literatura eta mundua
Txikiak gara, hori ezin ukatu. Arriskutsua litzateke ukatzea gainera. Ardi-txakur bat lehoien kaiolan sartuz gero guztiok dakigu ez lukeela askorik iraungo barruan. Guretzat munduko gauzarik atseginenek ere oihan itxura dute, konplikatuak dira, elkar ukitzen daude, askotan ez ditugu ulertzen, baina seinale ezbairik gabekoak uzten dizkigute. Literatura da gauza atsegin horietan leunena, gozoena. Eta hala ere gogor borrokatu behar dira editoreak eta —beste maila batean— idazleak, manufaktura eder hori (liburua) interesa duen orori helarazteko. Hagin zorrotzak ditu literatura-lanak. Ia dena zuzentzen duten erregela berberek mugarritzen dute zelai hau ere. Erregelok injustuak dira guztiz, baina gutxienez hiru-lau kontu ulertu beharko genituzke honezkero. Batetik, bakarrak garela. Eta bestetik, kalitatea dugula, gure izaera aparteko hori modu duin batean erakusteko. Baina bariante bat gehiago daukagu, oihaneko lege zahar bat: txikiak gara. Ardi-txakurrak.
Patetiko samarra gertatzen da askotan gu eta munduaren arteko erlazio kulturala. Gure kapitalismo zoliaren erreflexu bat ote da kultura esportatzeko obsesio hori? Gatza eman genion bakailaoari eta eskandinabiarren monopolioa apurtu genuen. Holandarrek Hego Ameriketako produktuen gainean zuten domeinua ere txiki-txiki egitea lortu genuen, Gaztelako erregea bera konbentzitu ondoren, Real Compañía famatu haiekin. Eta burdinaren prezioa Bilbora begira ezarri izan zen urte luzez, Pittsburghek aurrea hartu zigun arte. Ketchupa bera ere salduko genuke, Made in Spain. Baina horixe da hain zuzen arazoa. Aitzindariak izan gara hainbat arlotan, baina eskaintzen genuena beti izan da zer edo zer unibertsala, besteen gustukoa, ulerterraza eta premiazkoa. La Navalen edo Osakan egindako ontzi bi, biak ontzi. Baina liburuak ez, liburuek beste zerbait daramate barruan, batzuetan funtzionatzen duena eta beste batzuetan ez.
Produktu berezi hori kanal desberdinetatik iristen da bazterretara. Normalean tinta eta paperezko bide berberetik: egunkariak eta aldizkariak. Edo telebista. Edo azokak. Eta orain galdera: ba al daukagu beste herrialdeetara iristeko kanalik? Baietz erantzun dezakegu, baina ez direla lanean ari. Gauza askok lotzen gaituzte beste lurraldeekin. Makina-erremintarekin batera editorial bakoitzak itzulpen sorta bana jar dezake kamioien atzealdean, baina ez genuke ezer lortuko. Ia inork ez du produktu hori nahi.
Hemen dator lehenengo kontradikzioa —gogoratu oihaneko erregelak askotan elkar ukitzen daudela—: gure liburuak euskaraz daude. Gure mugetatik kanpo bizi den norbaitek hartuko balitu, inprentaren kapritxo bat direla pentsatuko luke, ale akastunak, k eta z eta abarrez beteta. Baina gu, ai gu!, ikasita gatoz bakailaotik eta ontzioletatik eta piperminetik! Liburuak itzuli... eta milagroa: ulerterrazak dira, unibertsalak, denen gustukoak. Euskaldunaren produktu aseptiko bat gehiago, produktu ona, gogorra, konfiantzazkoa. Literatura ez balitz, onena litzateke, dudarik gabe. Baina literatura denez, bere balioa paperarenaren laurdena-edo bihurtzen da.
Oihanak bakoitza bere lekuan ipintzen du beti: badaude zenbait ondasun, bereziak izateagatik eta benetan behar ez ditugulako erosten ditugunak. Eta hor orijinaltasunak —batzuetan— irabazi egiten du, baina desberdintzen ez denak inoiz ez.
Orduan zer da hobe: guretzat idatzi, ondo pasatu, euskaldungoarentzako liburuak sortu, edo klasikoek gu baino hobeto esanda utzi zutena torpeki berridatzi, itzultzen gaituztenean lotsarik ez pasatzeko. Horrela beti bost bat aterako dugu, aprobatu bai, baina klaseko osteko partean beti. Gure eskubiturrak askatzen baditugu, estiloak mantenduz baina gaietan orijinalago (bertakoago) izanez —hau badakit kreazioa baldintzatzea dela, baina beste alderantz egitea ere bai, azken batean—, batzuetan hiru koma bostak aterako ditugu, baina behar bada inoiz zortziak ere bai. Orduan gure mugetatik kanpoko hitz gozo batzuk entzungo ditugu noizean behin, nota ona jarriko digu gurea ez den baina era berean asko gustatzen zaigun irakasle kanpotar horrek. Gure benetako zuzentzaileari zor diogu garena, ordea, eta seguru bera ezinago pozik ibiliko dela. Izan ere gure benetako zuzentzailea txikia eta bizkorra da, Arratiko zekorraren antzera.
Arratiko zekor horrek konfiantzazko urte batzuk eman dizkigu, prorroga eta guzti gainera. Erdaretan daukan eskaintza zabalari tarte bat egin —eta askotan uko ere bai— eta gugana etorri da esanez: literatura nahi dut. Eta guk ulertu: besteek egiten dutena eta besteek bezain ona nahi dut, antzeko prezioan eta nire hizkuntzan, izan ere nire hautua ez da literatura bat edo bestearen aldekoa, nire hautua euskararen aldekoa da. Orduan nahastu egin ginen. Eta kaka berbera edo urre berbera eskaintzen hasi ginen, baina Made in Euskadi.
Jendeak berdinean bukatzeko ez ditu ohiturak aldatzen. Euskal idazleok munduari eta gure parrokiari eskain diezaiekegun onena ez da egiten ari garena. Gogoratzen naiz Florentzian kokatutako ipuin bat idatzi nuela orain dela urte batzuk, batagatik eta besteagatik euskal kulturaren frontoi txikian efektu arraro bat hartu eta Txalapartaren ipuin erotikoen bilduman bukatu zuena. Ba ez dakizue zenbat damutzen naizen Florentzian jarri izanaz eta ez Gasteizen, esate baterako. Florentzian jarri nuen, hiria ezagutu bai baina ondo domeinatu barik. Ipuin batean hobeto disimulatzen dira gabeziak, laburra delako eta detailerik eman beharrik ez dagoelako nahi ez bada. Baina nobela bat ezin da filosofia horrekin idatzi. Gehien gustatu zaizkidan nobelak beti izan dira zuzenean kontatutakoak, eszenatokia kontrolatuz, mentalitateak asmatuz baina erdian zer edo zer iraunkorra, gogorra mantenduz. Konbentzitu gaitezen: Mario Benedettik beti idatziko du guk baino hobeto Ameriketako diktadurei buruz, bi arrazoirengatik: a) gehienok baino askoz idazle hobea delako, eta b) inguruabarrak ezagutzeak beste aspektu batzuk askoz hobeto garatzeko bidea ematen diolako. Era berean, Juan Luis Zabala izan da munduan —eta munduan diodanean munduan esan nahi dut —lehenengoz —eta lehenengoz ez da hiperbolea— gaztetxe bati buruz idatzi duena. Liburua epaitzea ez nire lana, are gutxiago hemen, baina hasieratik ez esan ez daukanik plus bat! Ez esan ez zenukeenik gusturago irakurriko, gaia atsegin bazaizu...
Gaiari buruzko iraultza bat egin beharko genuke. Beti askatzeko eta ez erreprimitzeko, noski. Kontu honetan gustura geratu behar duen lehenengoa idazlea da, duda barik, eta kortse batek zerebroa estutzen dion bitartean idaztea ez diot inori opa, baina gure nortasunaren mugen barruan idazten ahalegindu beharko genuke, hori egitea edo eskapismora jotzeak ahalegin berbera edo emaitza antzekoa emango badu behintzat. Michael idazten dugun lekuan Mikel, eta Parisera joan beharrekoan ikusi posible den Iruñean kokatzea gure maitasun istorioa, beste gauza batzuen artean Paris gastatuta dagoelako, perfume asko bota behar zaiolako idazlanaren hats arrunta ezkutatzeko.
Beldur naiz ez ote garen homologazio ahalegin batek gidaturik idazten ari askotan, bai mundura begira eta bai gure irakurleei begira. Eta munduari edo gure irakurleei Euskal Herriari buruz opa diegun guztia borroka armatuaren inguruko nobela txarrak eta borroka armatuaren inguruko nobela onak badira, barkatu baina apur bat tristea bada.
Gainera Euskal Herrian gerta daiteke New Orleansen edo Tripolin gertatzen den ia guztia. Eta gainerakoa idazlearen irudimena izango da, eta bere lumaren zorroztasuna, munduko literatura guztietan bezala.
Igor Estankona