Kritika onaren faltsua
Lehengoan, editore batekin solastatzen nintzela, hauxe arrapostu zidan zergatik publikatzen zituen hain liburu txarrak galdetu nionean:
— Liburu txarrak publikatzen ditut kritikak, gure herrian, ez dituelako liburu txarrak zaflatzen. Eta liburu onari ere, ez dio fereka handirik egiten. Sinesten ez baduzu, beha honi.
Aldizkari eta egunkarietan zenbait libururi buruzko txatalak gordetzen zituen kaier bat atera zuen gizonak, eta ondoren:
— Irakur itzazu inork irakurtzen ez dituen liburu hauei buruzko kritikak, eta esadazu gero, ez ote daukadan eskubiderik Euskal Herria ergelkeriaz betetzeko. Zer axola niri, egunkari guztiak konplize baldin baditut!
KOMUNIKABIDE GARRANTZITSU BATEKO KRITIKOA MINTZO
Editorearekin mintzatu eta laster, “komunikabide garrantzitsu” bateko kritikoarekin egiten dut topo. Eta nik:
— Nolatan egiten dituzu laudoriozko kritikak piperrik balio ez duten liburuei buruz? Ez zara konturatzen publikoa nahasten ari zarela?
Behatzen dit bekoz beko kazetariak, irri egiten du, eta ondoren:
— Zuk oso ongi dakizu nik ezin egin dezakedala kritikarik. Nagusiek ez dute nahi. Agindua daukagu euskal liburua ez gaizki jartzeko.
— Orduan...
— Orduan... aberats daitezela editoreak, ahal badute.
LIBURU SALTZAILE BATEK DIOENA
— Euskal liburua ez da saltzen; euskal liburua kakazaharra da. Azal dotorea eta paper garestia. Gainerakoa hautsa eta hutsa besterik ez da. Errua kritikarena da, kritikak ez du liburu bat txarra dela erranen ezta txantxetan ere. Kritikarena eta merkatua itotzen duten editoreena da errua.
— Zergatik saltzen dituzu liburuak?
— Epe baterako uzten dizkidatelako. Hortxe daude —liburu saltzaileak zoko bat, inor arrimatuko ez litzatekeen zoko bat erakusten dit—. Zoko horretan dago euskal liburua.
IDAZLE BAT MINTZO
— Nik ez dakit zergatik ez den gehiago saltzen nire liburua. Beha zer dioen aldizkari honek, beha zer dioen egunkari honek. Eta hala ere, nire liburua ez da behar bezala saltzen...
Nik:
— Beha zer dioten egunkariek zure liburuaz... eta gainerako liburu guztiez: “Lan bikaina da”, “euskara ederra darabil” eta abar. Eta publikoa nazkatua dago kritika hauetaz, bat irakurrita denak baitauzka irakurriak...
— Gogorra zarela...!
— Adio, lagun!
EUSKAL IRAKURLERIA
Publikoak:
— Ipurtzuloraino nago liburuez! Poema liburu bat erosi nuen, eta sukaldari txino mozkor batek idatzia zirudien, euskara ere ez zuen menderatzen. Beste bat erosi nuen gero, eta hain letra larriak zeuzkan ze ematen zuen irakurtzen ikasi berrientzat egina zela. Gainera, marjinak zirela, lerro etenak zirela, irakurtzeko ez zen gelditzen zenbait orrialde besterik. Orduan beste liburu bat erosi nuen, aurreko bietan xahututako dirua eskuratzeko asmoan. Kritikaren arabera liburua “interesgarria” zen. Orain ez dut libururik erosten. Kritikoek bat eginda egon behar dute editoreekin.
— Beha, jauna, kritikoek zuzendariak agintzen diena egin behar dute.
— Orduan zuzendariak daude bat eginda editoreekin.
— Jakin ezazu zuzendariak ez direla editoreen lagun.
— Orduan zuzendariek ez dakite askorik kritikaz.
NORENA OTE DA ERRUA?
Norena ote da errua? Editorearena, egilearena, kritikoena ala komunikabideena?
Gure komunikabideetan kritika egiten duen hainbat pertsonarekin mintzatu naiz eta denek aitortu didate gauza bera:
— Euskal liburua ez jipoitzeko agindua daukagu.
Nor kaltetzen da horrela? Ba egilea, liburu saltzailea eta editorea.
Liburu saltzailea eta editorea, libururik ezin saldurik dabiltzalako; egilea, zintzotasun apur bat baldin badu behintzat ikusten duelako gure herria bizi den basamortu intelektuala, eta zeinen alferrikakoa den borondate oneko ahaleginean jardutea. Eta autoreak, editoreak eta kritikak egiten dioten estafa ikusirik, publikoak uko egiten dio euskal liburua erosteari.
HONDAMENDIAREN EZIN AMAITUA
Hondamendia ez da amaitu, eta handiagotu eginen da. Komunikabide serioetako kritikoek berdin jarraituko dute erraten “liburu interesgarri bat” daukatela esku artean; publikoak, ordea, bere ukoan jarraituko du euskal liburu okaztagarria erosi gabe...
Liburu berri bat atera da inprimategitik. Autoreak hunkituta hartzen du eskuan; editoreak paketea egiten du; liburu saltzaileak jaso eta edozein zokotan kokatzen du, ito egin behar duen liburu uholde hau madarikatuz. Badator liburua kritiko serioaren mahaira; kritiko serioak zabaldu egiten du, irakurtzen ditu bi lerro, harrika jaurtitzen du liburua saskira, eta idazteari ekiten dio:
“Liburu interesgarri bat heldu zaigu...” eta abar, eta abar.
Anartean, liburua hantxe dago ikusgarri dendetan, eta publikoak behatu eta... ez du erosten!
Oharra. Testu hau ez da guk idatzia. Irakurleak “euskal liburua” eta “Euskal Herria” kontzeptuak “liburu argentinarra” eta “Argentina” kontzeptuez ordezkatzen baldin baditu, Roberto Arlt kazetari eta nobelagileak 1930ean idatzitako artikulua osatuko du.