Irakurleen gibelak
Aspaldiko pasadizoa da. Institutuko Liburutegian nengoela neska bat sartu zen liburu eske, hain zuzen Joyceren Ulysses-en eskean. Liburuzainak segundo batzuk behar izan zituen erantzuteko, neskari hamasei bat urte egiteko beharrezko segundoak, eta erantzun zion iruditzen zitzaiola agian ez zukeela liburu hura eraman beharko, “zaila” ez ote zen izango berarentzat. Gaineratu zion, kontsolamenduzko diploma laugarrenari ematen zaion bezala, edonola ere onena zuela bere irakaslearekin komentatzea Ulysses irakurtzearen komenientzia. Ez zuen beste libururik eskatu. Orduan ez nion buelta askorik eman asuntuari, momentuan sentitutako harrotasun puntu bat dut akorduan, ni zaharxeagoa izanik niri erantzun hura ez zidala emango pentsatzearena. Ulysses ez zitekeela niretzat liburu “zaila”, alegia.
Gerora beste liburu askoren inguruan entzun dut kalifikazio horixe, eta susmoa dut, pasadizo hori gogoan, irakurle hark nekez lortuko zuela baimenik Joyceri ekiteko. Hain zuzen, eskua egingo nuke ez bere literatura irakasleak ez liburuzainak ez zutela Ulysses irakurri. Bestela izango zuten haiek Joyceren liburuaren zailtasunaren berri, gaur egun liburu “zailen” berri izaten den moduan: irakurri ez duenaren preskripzioz.
Liburuen gainean egindako zail-madarikazioari buelta batzuk emanak dizkiot egun, sailkapen zoritxarrekoa gero eta usuago egiten baita. Liburuak “zail” adjektiboaz kalifikatzen dira eta adjektiboak halako arrasto bat uzten dio liburuari, orri ertzetan leukakeen pozoia bailitzan, liburu hori leitua izan dadin behin-betiko eragozten duena. Liburuak eta, batez ere, autoreak urteen eta sarien poderioz sona eta fama nahikoa lortzen badituzte tragedia ez da hain larria: liburua inork gutxik irakurriko du baina Literaturaren Historiaren apaletan gordeko da eta denek ezagutuko dute eta denek izango dute inoiz ahotan.
Tragedia autore “txikiagoengan” dago, eta arazoa gure arteko liburu edo autoreei gagozkionean. Liburua zaila dela esateak liburua kondena dezake eta, okerragoa dena, autorea alboko kalte bihurtu. Gainera, alboko kalte izatetik bera jo-puntu izatera ere pasa daiteke, eta orduan idazle “zaila” kritikari, unibertsitateko guru eta beste hainbaten estudio burutsuen ikergai maitatu bihurtzen da. Bere “zailtasuna”, erran nahi baita. Eurek ulertu dutela iradoki nahi dute, Parnasoko giltzen kopiak badauzkatela eta iristen direla gainontzeko hilkorrok iristen ez garen tokira. “Zailen” museoan sartuko dute idazlea. Handik momia bihurtzera oso kapitulu gutxi daude.
Itzul nadin, baina, institutura. Ez al da, orduan, Ulysses liburu zaila? Ez al dago liburu zailik? Jakina da guztiok erabiltzen ditugula hainbat adjektibo liburuez galdetzen digutenean. Gustatzearen kontu horretaz gain (arte munduak hainbat etsenplu eskain litzake), mardul edo arin, trinko edo bixi, eder edo dibertigarri, aspergarri edo... Zail eta erraz ere bai, noski. Denok egiten dugu sailkapenen bat. Badirudi naturaz garela sailkatzaile (eta bildumatzaile), eta liburuen alorrean ere ez diogu horri itzuri egiten. Liburuak sailkatzeko joera horren bitartez, adjektibo horien bitartez adierazi nahi ditugulako liburu horrekiko gure inpresioak. Kezkagarria azken aldiko joera da, liburua aurretik sailkatzekoa eta zail edo erraza den kriterioa nagusi jartzekoa. Irakurleari ez diogu aukerarik ematen, ohartarazpen moduan botatzen dugulako, gure hainbat herritako sarreretan dauden karteletan bezalaxe: “Kontuz, liburu hau zaila da!”. Eta gainera sailkapena modu generikoan egiten dugu, hartzaile jakin bati zuzendu barik, hartzailearen izaera kontuan hartu gabe. Hartzaile guztiei zuzenduz (eta era berean hartzaileen irakurbideak zuzenduz). Ez da aholku pertsonala, kondena zabala baizik, irakurlea bera ere erantzule egiten duena.
Azken batean, ez ote liburu “zailak” baino irakurle “traketsak” garela? Ezabatu beharko genituzkeen adjektiboak ez ote dagozkio, izatekotan, irakurleari. Fisika kuantikoko tratatu bat irakurtzeko bai baina tutik ez entenditzeko gai naizen honek pentsatu beharko dut arazoa ez dela delako tratatua “zaila” denik, nik fisikaz fitsik ez dakidala baizik. Eta ez dago mekanika kuantikoraino joan beharrik. Literaturaz ari garela, arazoak seinalatuagoak dira. Mintza gaitezke estilo bihurriaz, egitura puskatuez, metafora eta irudi dentsoez eta hiztegi aberatsaz (ezin eskapo egin, inolaz ere, adjektiboei). Baina horiekin bakarrik ezin dezakegu dena osatu. Liburu “zaila” ez dute elementu horiek biribiltzen, faktore nagusi bat falta da: irakurlea.
Irakurlea, beste hainbat alorretako hartzailea bezala, trebatu beharra dago, irakurleak bere burua trebatu behar du. Eta ez noski gimnasia ariketa bailitzan, halabeharrez, inperatibo kategorikotzat hartuta Ulysses leitu behar izatea. Irakurtzearen irakurriz trebatuko da irakurlea, era guztietako testuak eskuartean izanik, batzuekin barre besteekin negar eginez, liburu batzuk hasi eta berehala utziz eta beste batzuk jan beharrez irakurriz. Nahi gabe trebatuko da. Baina inolaz ere ez aldamenean baldin badauka liburuak gomendatzen dizkion lagun, kritikari edo irakaslea, liburu “zailak” Indexean sartzen dizkiona. Orduan aukerarik ez du izango liburua benetan “zaila” zaion den jakiteko. Bere irakurle haginak lanean jartzeko paradarik ez du izango, ahi moduan emango baitizkiote liburuak, jateko “errazak”. Haginak usteldu arte.
Hauxe da azken aldian sumatzen dudan fenomenoa. Inpresioa, efektua den “zail eta erraz” banaketa irizpide nagusi bihurtu dela, eta aurretiko etiketa moduan jartzen dela. Literatura ustez “erraz” baten alde egiten da, literatura eta irakurtzaletasunaren transmisoreak direnek irizpide hori hartu dute ardatz eta irakurle berriak koraztaz jantzita bidaltzen dituzte liburuen itsasora, liburu eta idazle zailen aurka prebenituta. Argitaldari eta saltzaileak ere, eta zenbait idazle, horretara makurtzea da hurrengo pausoa. “Egizu liburu erraz bat, atsegina, azkar irakurtzekoa polita eta motza! Askok irakurriko dute eta, inportanteena, aise salduko da”.
Arriskutsuagoa da kontu hau, gainera, merkatuaren legeek gero eta kate motzagoan lotzen duten literaturaren munduan. Produkzio interesgarriak kuadernotan zahartzen dira, apusturik ez da egiten, bide berririk ez da saiatzen eta irakurle guztiek soslai bera ematen dugu. Eta ez da kontua liburu zailak liburu “onak” direnik, ezta errazak “arin eta beraz txarrak”, arraioa! Jakina badaudela ustez prosa bihurritu eta barroko bat erabili eta funtsean ondo idazten ez duten autoreak; estilo eta egitura konplexu eta berriak estilo gabeziaren mozorroa baizik ez dela hainbatetan... Kontua da mundu oso zabal bat, liburuena, hagitz eskorta txikian sartzen ari garela. Ezaugarri komun bakarreko liburuak egiteko joera nagusitzen ari dela: liburu errazak. Edo beste era batera esanda: irakurle kamutsak.
Ordu luzez sukaldean elaboratutako plater batez ari garela, uler dezaket esatea hori egitea “zaila” dela (benetan “zaila” liburua egiteak izan behar du). Baina, jateko zaila? Gustu edo lurrin batzuetara trebatuago egon liteke bat, baina plater bat jateko zaila dela... Nork egina den edo espeziak erabili dituela susmatuagatik norberak jan ez, probatu ere ez eta gainera aldamenekoei ere jateko zaila dela esatea! Ona da txuleta errea, oso ona, eta inori ez diot ukatuko arrautza frijitu batek eragin dezakeen plazerra. Baina jateko balizko erraztasun edo zailtasun horren arabera beti arrautzak jaten egon behar izatea, bezero berriei txuletak soilik gomendatzea eta kartan beste plateren aldamenean arrisku-ohartarazpenak jartzea ez da “sukaldea” aberasteko modua (bestelako aberasteak, agian). Ez diezaiegun uko egin txibiak saltsa beltzean edo barraskiloak jateari... ez behintzat jateko “zailak” direlako. Nik amortzurako nahiago dut haragi egosia gibeltxoak baino, eta litekeena da Institutuko neska hark ere nahiago izatea; baina pena izango litzateke aukerarik ez edukitzea gibeltxoak gosaldu daitezkeela jakiteko ere.
Mikel Elorza