Salduenak jango gaitu

Saguzarrik jaten dute katuek? Ardi elektrikoekin amets egiten dute androideek? Nor da Virginia Woolfen beldur? Galdera barregarriak, hutsalak, zorrotzak, kezkagarriak, zoroak, inozoak, jakinminezkoak, alferrikakoak, arraroak... orotarik badira. Areago, berez galderak ez direnak ere bai: Zer dakizu arazo honi buruz, Nora zoaz, Non dago Basques’ Harbour.

     Alabaina, badira galdera batzuk maizegi errepikatzen dizkigutenak, hainbeste ezen galdetzailearen inozentzia eta jakinmina bilakatzen zaizkigun maltzur, zeken eta makur... batik bat ezezko batekin jaurtitzen dizkigutelarik (baiezko erantzunaren zain, agian).

     Adibidez: Ez al dira liburu gehiegi argitaratzen?

     Gutxi irakurtzen dutenek egiten duten lehen galderetarik bat da hori. Edo liburuak subentzionatuak eta subentzionatuegi daudela ziurtasun osoz uste dutenek. Edo liburugintzatik etekin bizkorra atera nahi izango duten editoreek. Eta abar.

     Gehiegi argitaratzen omen diren liburu ia guztietatik milaka batzuk soilik saltzen dira; ez ehunka mila, ezta milioika ere. Eta hori tamalgarria dela esan ohi da, tentuz eta ondo pentsatu gabe.

     Pentsatuz gero film bat egiteko ehunka mila ikusle behar direla (inbertsioa justifikatu ahal izateko), tamaina horretako ikusle kopuruari interesatzen ez zaizkion filmekin zer gertatzen da? Bada, ez direla produzitu ere egiten!

     Demagun orduan, ehun titulutik bakarra argitaratu behar izatea... zinemako publiko eskalari egokituta, noski. Abantailarik balegoke? Deus ez. Orain ere badauzkagu best-seller txoro askoak; eta bitartean 99 liburu galduko genituzke.

     Beste era batera esanda: Nork nahi du Humanitateak urtean zehar liburu gutxi batzuk besterik ez argitaratzea, gutxi horiek bakarrik irakur ditzan mundu guztiak?

     Horri, munduari lepotik heltzea esaten zaio!

     Liburu gehiegiri buruz trufatu (edo haserretu) izan ziren Sokrates, Seneka, Ibn Jaldun, Lutero, On Kixote eta Descartes, besteak beste. Beraz, ez da kontu berria.

 

Oker ulertu didazu, zuzendu nahiko du orain arestiko galdetzaile jolastiak. Ez al dira liburu gehiegi argitaratzen? galdetu dizudanean lehen, esan nahi nuen ez dudala astirik nahi nituzkeen guztiak irakurtzeko.

     Ezta nik ere. Eta egunero eta ia ordu oroz irakurtzeko astia edukiko banu ere, astean 4 baino gehiago nekez irakurri ahal izango nituzke: 200 urtean, 2.000 hamar urtetan. Literaturakoak bakarrik irakurri beharko nituzke? Eta filosofia, zientziak, historia...? Tira, demagun literatura dela nire hautua. Baina zein titulu hamar urte horietan? Zein hizkuntzatan idatzitakoak? Ez ote dira 2.000 liburu... liburu gutxiegi?

     Sekula ez diot inori entzun gehiegi pintatzen dela. Eta zenbat koadro daude, adibidez, Tate Galleryn, Hermitagen, Louvren, El Pradon, Uffizin, moman...? Marka da gero denak ikusi nahi izatea!

     Nork nahi du Humanitateak urtean zehar koadro gutxi batzuk besterik ez pintatzea, gutxi horiek bakarrik begira ditzan mundu guztiak?

     Horri, munduari lepotik heltzea esaten zaio.

 

Beste molde batez galdetzen ere hasiak dira “diplomatikoak”, kiribil eta bihurriago, ezezko batekin ekin behar izan gabe; adibidez: Desagertu egingo al da liburua 21. mendean?

     Eta orduan, ihardestea dagokionari burutik pasatzen zaio supituki: zer galdetzen ari ote zait hori galdetzean? Beharbada, liburuak desagertu egingo direla irakurri du McLuhan-en libururen batean? Kezkatuta dago horregatik? Ahalik eta liburu gehien lapurtzen hasiko da bihartik aurrera, laster mundu gerra bat datorkigula uste duena merkatuko olio guztia hartzera dendara abiatzen den legez? Edo, birtualitatearen apostolu bat ote daukat aurrean? Edo... liburuak ahalbait lehen desager daitezen nahiko du!?!

     Lehendabiziko kontua ez baita liburuak desagertu egingo ote diren, baizik eta liburuaren inguruan zer desagertzen hasia den.

     Liburudenda txikiak ixten ari dira, milaka urtero. 1998an film bat ere egin zuten EEBBetan liburudenda txikien desagertzeari buruzkoa: Tom Hanks eta Meg Ryan ziren protagonista ospetsuak. Errealitatea fikzioa baino askoz ikaragarriagoa da, jakina.

     Kapitalismoaren izaerari dagokion fenomenoa da masifikazioa eta ohitura masiboak sustatzea. Liburudenden jabetza kontzentratu egin da, merkatu gune erraldoiak eraiki, argitaletxe-taldeek bi euroko liburuak ekoiztu, erakustokiak multinazionalei alokatu, banaketa-sistema handiak nagusitu... eta jendearen kontsumo ohiturak aldatu. Helburua: salmenta bolumen handia lortzea ahalik eta denbora laburrenean.

     Bizkor saltzera behartu dituzte txikiak, erraldoiak balira bezala. Eta hori ez da posible; eta hain zuzen horrexegatik behartzen dituzte: lehenbailehen desager daitezen! Beraz, liburudendetako apaletan gero eta denbora gutxiago irauten dute liburuek. Arin saltzen ez dena erretiratu egin behar da, arin saltzen ez dena ez da eduki ere egin behar. Porrotera kondenatuko ditugu segituan poesia liburuak; denda erraldoiek ez dituzte eduki ere egin nahi, ez baitute errentagarritasun berehalakorik ematen. Ipuinen txanda da hurrena.

     Best-sellerrak jango ditu liburuak, ez elektronikak.

     Eta horri, munduari lepotik heltzea esaten zaio!

     Horregatik, desagertu egingo al da liburua 21. mendean? galderaren aurretik, badira beste batzuk... barregarriak, hutsalak, zorrotzak, kezkagarriak, zoroak, inozoak, jakinminezkoak, alferrikakoak, arraroak...

       Zergatik eskatzen zaizkie libreroei, argitaletxeei eta idazleei liburu irakurterrazak eta dibertigarriak? Zer esan nahi du irakurterraz eta dibertigarri? Zergatik indartzen ari dira subgeneroko bildumak (terrorezkoa, erotikoa, poliziakoa...)? Zergatik behartzen dituzte editoreek idazleak egitura eta berba jakin batzuetara? Nola da posible liburu guztiak kitzikagarriak, berritzaileak edo urteko onenak izatea? Noizbait ekingo diogu kritikari ausart baina zorrotz baina zintzo baina egiazki? Nolaz ez dute Telebistako informatiboetan liburu argitaratu berrien inguruko albisterik inoiz ematen? Nork finantzatzen ditu sariketak eta nork erabakitzen ditu saridunak? Nor ausartuko da esaten gaur egun ez dela zentsurarik? Zein irizpidez ipintzen dira euskarazko liburuak dendetako zoko urrunenetan edo ezkutuenetan? Noiz handituko dizkiete idazleei egile eskubideak? Zergatik dira ezagunak idazleak baina ez beren liburuak? Zergatik ez du inork protestarik egiten?

 

Masifikazioaren bitartez sortzen dira ohitura masiboak. Inurri guztiak talde bakarrera biltzen hasteko modu bat. Denok inurritegira batzea lortutakoan, erraldoiek inposatuko dute produkzioa, esplotazioa, elikadura eta osasuna. Konkurrentziaren izenean, aniztasuna deuseztatzea baita masifikazioaren helburua; Unibertsaltasunaren izenean, denok (aldez aurretik erabakitako gaien inguruan) elkarrizketa berberean parte hartzera behartzea, aldez aurretik erabaki eta agindutako lengoajez.

     Baina mundu guztiak elkarrizketa unibertsal bakar batean parte hartzeak ez du elkarrizketa aberastuko, elkarrizketa laburtu baizik.

     Eta horri ere, munduari lepotik heltzea esaten zaio.

     Ez dira liburu gehiegi argitaratzen. Askok gura edo espero genuena baino gutxiago irakurtzen da. Liburua irakurtzeko gaitasuna dago krisian. Alfabetismoa dago krisian. Telebistako, zinemako, konputagailuko pantailetako irudiak dira gehiengoaren denborapasa eta ezaguera iturri, eta ez letrak. Analfabetismo molde berriak probokatu nahian ari zaizkigu. Elkarrizketa erraldoi bakarrera gidatu nahi gaituzte. Liburudenda erraldoi bakarrera. Liburu erraldoi bakarrera. Best-seller bat, salduena. Idazle bat, unibertsala... totalitarismoaren idazkaria.

 

Tradizio negartikoak ei gara liburu munduan dihardugunok: bibliotekari, librero, banatzaile, editore, itzultzaile, idazle. Hain omen gara negartiak, ezen eguraldi onaz ere kexatzeko joera dugun.

     Zer da eguraldi ona?

 

Gorka Arrese


susa-literatura.com