Iruzkin ausarta
Mamu beltza omen dabil Euskal Herrian barrena: literatura iruzkingile onbera. Oraindik orain uhuria literatura kritika ezak eragiten zuen, baina geroz eta gehiago dago, egunkarietan, aldizkarietan zein liburuetan. Lehen otoi eta arren eskatzen zizkizuten iruzkinak; oraingo ugaritasunak, aldiz, egunkarietan bost bat asteko itxarotea eragiten die batez beste, eta agertu baino lehen ezarria izaten du Euskaltzaindiak arau berriren bat iruzkinari tankera zaharkitua ematen diona.
Horixe hortaz kontua, esan bezala: petxero berria sortu da, kritika gehienak alde egiten dituen iruzkingilea. Horri koipe-emaile profesionala deritzo, bere nortasunaren exkaxa literatoen onespenaz berdindu nahian dabilena.
Izan ere, sortzaileak oso egolatra izan beharra dauka, beste idazleen liburuak bere interesen arabera epaitzen ditu, ez da gai bere burua ahantzi eta besteen obran goitik behera murgiltzeko, besteena erabili egiten du, presa lar baitu bere lanera itzultzeko. Egia esan, bere obraz landako kontuak bost zaizkio, ideologia adibidez helburu estetikoen mendean jartzen du. Beti eta nonahi du gogoan bere obra, bizitza ematen diolako sortzen du obra bizia, erakargarria, erabakigarria. Noizbait irakurri izan du zinez, noski, txikitan sarritan, baina orain ezin du, ez du denborarik. Are larriago: batzuetan oharrak hartuz irakurtzen du.
Sortzaile horrek eskatzen du egurra. Ahantzia du liburuekin gozatzea zer den. Eta sinetsezina zaio lagun bakar bati anitz liburuk eragitea gozamena. Bere sormena eta espiritua zaindu eta bildu egin behar ditu, sakabanatzeak ahuldu egiten baitu. Zentzu askotan da kristauen oso antzekoa, oso monoteista: liburu edo autore bakarreko jendea da, Biblia eta Yahve. Yahve bezain jeloskorra izaten da: onartzen du, jakina, irakurleak liburu edo autore bat adoratzea, baina susmagarri zaio adoratua ez dadin bera izan, bera bakarra, sortzailea. Beti uste izaten du bere obra ez dela zuzen ulertua izan, ez dela merezi bezain estimatua. Eta monoteista, platoniko, estoiko, kristau eta marxistei susmagarri zaien bezala jendea munduaren anitzaz gozatzen ikustea, sortzaileari ere susmagarri zaio irakurlea liburu eta autore anitzez gozatzen sumatzea. Nahiago izaten du etsipena, beste mundu bat, utopia, ez dagoena, dagoena baino, eta beti dabil kexuka eta negarrez, erditze-minak joa.
Nolanahi ere, laudorioa eta egurra oso antzekoak dira, eta kritikaturiko liburuaz ez diote deus. Sortzailea nartzisoa eta masturbazioari emana izaten da, ez du bere buruaz ahantzi eta bestek sorturikoa maitatzeko behar den eskuzabaltasuna. Kritika ausarta eskatzen du sortzaileak. Baina ausardia kritikan ez da irainak pilatzea, baizik liburuarekin erotu arte bat egitea, arimaren abentura arriskutsu batean amiltzea, liburuaren gakoa atzeman eta nabaritzekotan. On Kixote da irakurlea, ez Cervantes, askoz ere urrutiago doa On Kixote Cervantes baino. Sortzaileek ere badituzte noski beren eromen arriskuak, beren burua bide ezin arraroagoetatik sartzera derrigortu behar izaten dute, muturreraino eramatera sarritan. Haatik, sortzailearen ausardia irakurlearena ez bezalakoa da, urduriagoa, ezinegonagoa, betizuagoa, eta eragile legez haserrea, iraina, gatazka, komenigarri izaten zaio maiz. Irakurlea pasiboagoa da. Sorzaileak alkohola, kafea eta pizgarriak hartzen ditu, baina sakon irakurtzekotan LSDa da drogarik egokiena. Sortzaileak inplikatu egin nahi zaitu bere ametsetan, labe guztiak piztu nahi izaten ditu, baina irakurlea ez da aktibista bat, garbi izan behar du bere tokia ohea dela, bere jarrera etzana eta bere arimaren egoera estasi haluzinatua.
Markos Zapiain