Ninien Ni-Niak

“Sexuari buruzko testu baten aurrean jarrita, egilea emakumezkoa denean literatura erotikoa al da? Eta gizonezkoa bada testu horren egilea, pornografia al da?”. Legaleon Teatro taldearen Cómeme el punto antzezlanean entzun dut galdera hori jokalari baten ahotan, eta unean bertan irribarre triste samarra ahoratu zitzaidala onartu behar dut, adierazten duen egonezak eraginda.

     Gai horri bueltaka, gerora lagun bilakatuko zitzaidan irakurle batek behin esan zidana gogoratu dut. Ezizenez idatzi nuen artikulu bat irakurtzean, argi eta garbi izan omen zuen ezizen haren atzean —gizonezko izen-deiturak ziren— emakumezko bat ezkutatzen zela. Emakume hura ni nintzela jakitean poztu egiten zela gaineratu zuen. Nire artikuluak irakurtzearen ondorioz, dauzkadanak baino askoz ere urte gehiago izango nituela ere pentsatzen zuela onartu zidan handik bost minutura. Hitzak bere horretan irakurtzeaz gain hizlaria bera sailkatzeko dugun joerari buruz hizketan aritu ginen luzaz ondoren.

     Ni-Kazetariak badaki, esaterako, espezialak garela sortzaile ez omen garen idazleok (kazetariok) jendeari horrelako tituluak jartzen. Kultura, literatura, artea, musika, dantza, antzerkia eta beste hainbat diziplinatan sailkatzera ohituak, sailkapena jendearenganaino luzatzeko ajea dugula gehiegitan, alegia. Irakurleak halakoxe tituluak behar dituelakoan gaude nonbait. Hori bai, beti geratzen zaigu genero literarioei sexu generoak eransteko joera berria ez izanaren kontsolamendu merkea.

     Ni-Irakurleak badaki, bestetik, argitaldariek ere maite dituztela honelako titulutxoak zenbaitetan, genero bakoitzak bere sasoia duelakoan liburuak saltzeko orduan. Badakit ere generoak denboraren eta gizarte aldaketen poderioz eraldatuz doazela. Jasone Osorok egunen batean bere Tentazioak liburu ez erotiko moduan irakurria izan dadin lortuko ote duen? Auskalo! Nik neuk egunen batean lan horren eta besteren kalitate mailaz —baxua zein altua izan— besterik ez hitz egitea eskertuko nuke bederen.

     Ni-Gizaki Oso(Emakumezko)ak —azpi-Ni hori zakilik gabe jaiotzearen ordaina dela esan zuen duela mende erdi jada Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua liburuan, jatorrizko Ni-Gizaki Osoa, Adan zaharra gogoan, zakilduna dela irizten baitio gizarte honek— ikasi du hainbat datu esanguratsu jaso, aztertu eta ondorioak ateratzen. Badakit, esaterako, Euskal Idazleen Elkarteak egun dituen 217 bazkidetik 27 besterik ez direla emakumezko. Badakit ere irakurleen artean emakumezkoak gehiengo oso handi bat garela. Nahiz eta hori baino askoz gehiago dena jakin, irakurtzea hartzaile lana betetzea dela esango luke batek, eta emakumezko gehienak oso ohituak gaudela rol horretara. Idazle-emaile-publikoarenera baino gehiago bai bederen. Niniak janzteari utzi eta Ni-Niak biluzten hasi arte.

 

Amagoia Gurrutxaga


susa-literatura.com