Euskalgintza eta kritika
Badirudi gaur egunean euskal kultura eta euskalgintza beldur direla aski ezagunak zaizkigun aurkako indar mediatiko eta ideologiko ahaltsuen eraginez. PSOEtik (zer esanik ez PP-UPNtik!) eta bere inguruan mugitzen diren intelektual entzutetsuengandik, euskararen berreskurapenari dagokionez, ez da inongo proposamen positiborik egin, positibo hitza bi zentzutan ulertuta: ia proposamen guztiak euskararen egoera diglosikoa iraunaraztearen aldekoak izan direlako, eta beste zentzu batean, euskararen berreskurapenaren alde zerbait proposatu denean idealismo antzuan erori izan delako.
Ondoren datorrena duela zenbait hilabete ageri zen euskal medio batean, baina zoritxarrez, ezkutuan mantendu nahi bada ere, indarrean dirau: “Creo que todo lo que viene últimamente del Partido Socialista sobre lo vasco, o es exageración, o es mentira, o es fobia. Ha jugado la baza más vulgar, mediocre y sectaria: ha ido a romper la comunidad”. Euskaldunoi espainiarren aurrean euskaldun politikoki zuzenaren eredu gisa aurkeztu izan zaigunak ondorengoa esatea nahikoa argigarria da.
El País, El Correo eta beste zenbait talderen intelligentsiak, (batzuetan agerian, beste batzuetan ardi-larruz) zuzentasun politikoaren jendarme gisa dihardu euskal hizkuntzaren berreskurapenari “markaje” estua eginez. Aipatu medioetako kritizismo antinazionalista horrek gure hizkuntzaren berreskurapenari behin eta berriro ezartzen dizkion traben ostekaldean antzinako ideologia “unibertsalista” dago, hots, Kultura (unibertsala) da gaztelerazkoa zein frantsesezkoa, eta euskarazkoa, aldiz, kontzientzia ideologiko gaixo bati, abertzaletasunari alegia, arnasa ematen dion ekoizkin motxa. Azken finean, ikuspuntu honen arabera euskararen egoera diglosikoaren arrazoi nagusia euskaldunok “askatasunez” hizkuntza baztertzearen aldeko jarrera hartzea izan denez, diglosia honek irautea normala da, historian zehar euskaldunok jasandako inposizioak, erdeinuak, eta abar minimizatuz.
Aspaldiko leloak: alferrik ari garela, historiaren bilakaerak inposatu determinismo iraulezinari men egin behar diogula...
Egia da, merkatuaren determinazioak hor daude eta bertan jarraituko dute, baina hala eta guztiz ere globalizazio eta uniformazio garai honetan euskal kulturak aniztasun kulturalari bere ekarpen duin bezain tipia egin ahal dio. Jakina, euren burua unibertsaltzat jotzeko inperio baten oinordetza kulturalean kokatu behar dutenentzat asmo xume honek ez du merezi. Guretzat honek, ordea, erakargarriagoa bihurtzen du.
Indar mediatikoen guda zelaian, euskalgintzaren baliabideek gizartean duten eragina txikia da aurkariek dituztenekin alderatuta. Ahulezia honek kritikarekiko beldurra justifika dezake, zeren boteretsuak txikiari kritika gaitzesgarria egitea krudela izateaz gain, erraza ere bai baita, eta halakoetan txikiak ahal duen neurrian ez dio abantailarik eman behar guztia bere alde duenari. Baina alde ez daudenak ez dira ments guztien iturria.
Eszenategi mediatiko honetan euskalgintzak bere burua gizartearen eta botere publikoen aurrean subjektu bat bezala agertzea positiboa da. Kohesioa, sinergiak sortzea... hauek dira, besteak beste, euskalgintzaren egungo diskurtsoaren kontzeptu nagusiak. Bide horrek egokia dirudi gure hizkuntz-komunitatearen egoera eta neurria kontuan izanik, are zentzuzkoagoa aipatu mass medien bidezko eragin urriaz jabetuz gero. Lerro hauekin ez gatoz inolako plangintza soziolinguistikorik auzitan jartzera, ezjakina dena barregarri ibiliko bailitzateke halakoetan, baina ezin dugu ezkutatu euskalgintzaren praxiak sortu digun zenbait kezka.
Kohesioa balore nagusitzat hartzen bada, zein da kritikak duen tokia? Zelan formulatu ahal da kontsentsua itogarria suerta ez dadin?
Gure hizkuntzaren berreskurapenaz ari garenean ez dugu ahaztu behar prozesu luze baten aurrean gaudela, baina ez gatoz beharrezkoa den pazientzia historikoaren aldeko alegato bat egitera, kritikaren beharraz jabetzeko hausnarketa xume bat eskaintzera baizik. Izan ere, akritizismoak epe motzean ustez emaitza onak eman baditzake ere, epe luzera begira pentsamenduaren eta ekinbidearen endekapena dakar. Dena ondo doa, denok batera zein ondo ari garen… Beharbada satisfakzioa saltzea edo informazioaren ordez publizitate baikorra egitea izango da bizi garen garaiaren ezaugarria, baina gure ustez hau bide laburra da. Euskararena, aldiz, luzea.
Bai, kritika lehendabiziko unean beti onura negatiboari lotuta joango da, gaizki doana detektatu ondoren, altxa genueneko paradisu txikia puskatu egiten duelako. Honela izan da beti, eta hala behar du. Baina neurriz kanpoko satisfakzioa mugatu egiten badu errealitatearen pertzepzio orekatu eta errealagoa emango digu, eta zalantzarik gabe onura hau positiboa da oso. Nola erdietsi kritikaren onura positiboa aurkariari bazka eman barik? Posible ote da hau?
Egia da euskaldun gehiago garela, inkesten emaitzak hor daude eta hau gizarteratzea ondo dago, aurrerapausoak ez dira ezkutatu behar. Baina aurki honek badu bere ifrentzua: ez da neurri berean euskaraz gehiago hitz egiten, irakurtzen, zinema edo antzerkia egiten... Hizkuntzaren ezagutzan aurreratu egin da, baina erabileran askoz gutxiago eta kulturalki estrategikoak diren zenbait alorretan —zinemagintza, antzerkigintza...— atzera egin dugu. Soziolinguistikan aditu direnek hizkuntzaren prestigioa, motibazioa eta autoestima kulturala hobetzearen garrantzia azpimarratzen dute egoerari erantzun egokia eman ahal izateko. Euskarak gizartean duen prestigioari dagokionez, esan behar da hobekuntza bat egon dela, euskarak inoiz izan ez duen onespen soziala lortu duelako, baina hau sarriegi ez da maila sinbolikotik haratago joan. Agian, gizarte postindustrialean koherentzia baztertuta xamar dagoen balore bat izateak badauka honekin zerikusirik.
Autoestima kulturalari begira, lan interesgarriak sortzen ari dira eta zentzu honetan Jon Sarasuak egiten diharduena azpimarratuko nuke. Honen balorazioa egiterakoan, filosofo euskaldun ospetsuenak euskal pentsamendu berri baten loratzearen lekuko izaten ari garela iradoki izan digu. Nire ustez aipatu lanaren beharra eta egokitasuna ezbairik gabekoa da, besteak beste, izpiritu kritikoa ez duelako alde batera lagatzen. Baina euskal pentsamendu berriaren zaku horretan bat ere berria iruditzen ez zaidan proposamena aurkitu dut: euskaldunona omen da mendebaldar zibilizazioaren jatorria. Jasotako kritiken aurrean, hipotesi honen defendatzaileek argudiatzen dute beraiek zientzia egiten dutela eta orain arte ez zaiela ganorazko kritika zientifikorik egin. Aitortu behar dugu gai zientifikoetan ezjakin hutsak garela, baina jakin badakigu ezagutza zientifikoa ez dela eremu aseptiko eta baldintzagabea, alegia, osagai ideologikoak dituela, eta noski, baita euskal zibilizazioaren hipotesiak ere.
Egileek eurek diote lan honen helburua euskal eta, azken finean, Europako jatorrizko baloreen berreskurapena dela. Baina gizarte edo herri batentzat balore batzuk onuragarriak izango dira etikoki eta politikoki komunitate zuzen, zoriontsu eta askea altxatzeko balio badute, eta ez gure izaeraren benetako izanaren berreskurapena direlako. Gainera ikuspegi ezkertiar batetik ikusita, barka, baina herri bati bere burua identifikatzeko baloreen iturria berezitasun genetiko-kulturalean kokatzea oso arriskutsua izateaz gain, ez du inongo ekarpen berririk egiten. Halaber, batzuon harridurarako, Europak bere burua ezagutzeko aitortu egin behar du bere jatorria euskalduna dela eta “aitorpen horri esker bakarrik (azpimarra neurea da) berpiz dezakegu euskaldunok geure buruaren estimazioa...”. Barka jaun-andreok, baina ez, batzuontzat gure autoestima kulturala zientifismo batean oinarritu nahi izatea izugarria da oso. Diskurtso zientifikoa oso eraginkorra eta objektiboa izan daiteke baina errealitatea atzemateko era bat baino ez da. Mundua eta gizakia ezagutzeko beste lengoaia batzuk ere badira —musika, literatura, arte plastikoak...—, eta ezbairik gabe, azken hauek gure autoestima kulturalerako askoz egokiagoak eta gizatiarragoak dira.
Bukatzeko, mesedez, Historian euskaldun gisa idatzi ez ditugun urrezko orrien gabeziaz sendatzeko europarrenak garela erakutsi behar gure buruarekin gustura egoteko? Batzuetan gauzak ezin errazago jartzen dizkiegu aurkariei. Oraindik ez dugu txikiak izaten ikasi.
Mitxelo Gorosabel