Egoera pre-estatala
Aberdeen,
1. urtea Garaikoetxea eta gero.
Zuen e-posta jasotzeak azukre zapore gogor bat utzi zidan. Zelan nabilen jakin nahi duzue (txarra kenduta ondo esango nuke) eta Eskoziar nazionalismoaz galdetzen didazue (egia esan arlo horretan Eskoziari, txarra kenduta, ez zaio kasik ezer geratzen).
Gainera, kanpoan nagoela aprobetxatuz, ia zelan ikusten zaituztedan erantzutea nahi duzue, ia nazio bat garen. Ez dizuet lehenago idatzi ordenadoreak greban egon direlako oso argi ez dagoen zerbaiten eske. Nazio bat garen edo ez... joder... ordenadoreak estropeaturik egon ez balira momentuan botako nizueke bronka, tabernatik horretarako bakarrik irtenaraztearren. Galdera handi honek erantzun laburra dauka: bai.
Galdetu nire pisukide danesari edo greziarrari ia nazio bat garen eta tximino batzuei bezala begiratuko dizuete galdera susterbakoak egitearren. Pellek eta Parisek argi daukate baietz, eta gu bitartean malabarismoak egiten egunkarietako editorialetan.
Uste dut ni ere materialistegia naizela maiz, ukitzen dudana maite dut, janzten dudana, ikusten dudana. Batzuetan lagungarria da, batez ere daukagun ezker abertzale xelebrearekin, non Bakunin, Arana eta Marxek gorri bat edaten duten Herriko batean, Rousseauri itxaroten dauden bitartean. Arazoak identifikatzeko eta soluzioak emateko ondo dago materialismo apur bat, zientzia apur bat, bestela aurreratu dugun apurra pikutara bidali baitezakegu batzargelaren kolorea erabakitzerako orduan adibidez.
Hala ere, in the other hand, gure buruak munduan zehar proiektatzeko filosofia txarragorik ez dago. Nire pisukideei oso gutxi hitz egin diet Euskal Herriaz, beste metodo bat frogatu nahian edo. Eta azkenean beraiek galderak egin behar izan dituzte, ernegatzen bezala zergatik ez diedan esan gerrillakoa naizen ala ez. Eta nik ez diet guztia hiru hizkitan laburtu nahi. Hori materialismoa da, gure etxe barruko erratza. Etxekogizonik ez da amantalarekin irteten Arriagara. Arriagara joateko jakerik onena behar da. Eta gure jakea hizkuntza da, nire aurpegia, mundutik zehar darabildan pausoa. Jakerik eleganteena da ezer justifikatu behar ez izatea. Pauso bat atzerago egoteak ez du esan nahi galdu garenik. Eman patxaran apur bat munduari, eta alegre dagoenean kontatu nazio askapenarena edo nobiak utzi egin zaituela. Hori egiten dute danesek eta griegoek.
Horiek Estatu bat daukatela esango duzu zuk, hori ez dela gure kasua. Ba nik esango dizut gure herria hobeto organizatuta dagoela Danimarka edo Grezia baino. Egoera pre-estatal batean gaudela. Hogeita lau ordutan jarri ditzakegula instituzioak martxan, langileek erreleboak normaltasun osoz aldatzen dituzten bitartean. Borondate kontua da. Nazio bat gara Garaiko badoalako eta Errazti etorri. Milaka Josu Muguruza ditugulako. Arzalluzi gutxi gorabehera berdin zaiolako gaur ala bihar deitu taxi bati. Eta nazio bat gara ez gabiltzalako hogeita lau orduak nazioa gora nazioa behera. Jan ere egin behar dugulako. Edo Europako ezker-eskuin dialektika bizienetarikoa daukagulako. Edo datorren mendeko ekologismoa mende honetan ikusi dugulako Itoitzen. Edo eguneroko arazoez eztabaidatu behar dugulako abertzale sentitzen ez direnekin.
Hain zuzen beraiek dira nazio bat garela frogatzen digutenak. Etengabe. Lasaitzeko eskatzen digute, lehenengo ongizatea dagoela eta gero banderak, eta horrek egunero frogatzen du bi ongizateren arteko eztabaida dela hau, nazio batek bidegurutze bat duela aurrean: Estatu zahar eta dekadente batekin jarraitu edo gerratik, autonomiatik, borrokatik eta egin dizkioten azpijokoetatik ikasita datorren abertzaletasun moderno eta demokratiko bat eraiki, baina oraingoan territorio batekin.
Nazio bat ez da gehiengo bat, Estatu bat gehiengo bat ez den bezala. Hurbilketa zientifikoegiak egiten ahalegintzen gara aberria ulertzeko (zenbakiak, treguak, dimisioak) aberria eta nazioa nahastuz askotan. Eta gero nazioaren esentzia aberritik urrun aurkitzen dugu. Nazionalen bandoan borrokatu zen jende askok lekzio bat baino gehiago eman digu inoiz. Askok eta askok berbakunea eta zapaltzen duten lurra maite dituzte indar indigena sinetsezin batekin. Eta nazionalistekin ibili zen hainbat jendek erlojua bezain erraz saldu ditu pinudiak eta etxaldeak, eta erdaraz erakutsi seme-alabei, bai, printzipala bestea dalako eta ez euskerea.
Pelle eta Parisengana joan naiteke orain eta nazio bat garela esan, entzun, nazio bat gara eta maila politikoan nazio honetako sektore bat lotuago sentitzen da Espainia edo Frantziarekin eta ez du sinesten ezer hobeagorik aporta dezakeenik burujabetzak. Maila kulturalean, nazio honetako populazioaren zati bat bestea baino indartsuago aurkitzen da, kontuan hartzen badugu lur puska honetan berezia eta bakarra euskara eta bere unibertsoa direla. Eta horiek elkar ebakitzen duten zirkulu bi dira, eta elkar ebakitzen duten puntu komun horretan ari gara ekin eta ekin. Kultura eta boterea. Badakigulako beste zirkulua erori egingo dela bata erortzen bada. Kultura dirua eta legea direla, hau da, Estatua. Eta Estatu baten beharrizana nekez eduki dezake kulturalki desberdin sentitzen ez denak.
Baina mendea eta segundoak gurutzatzen diren lekua dela esan diet, aberria.
Ez dakit ulertzen didazuen.
Igor Estankona