Ohore zuei, lagun oker bihurrioi!
LABen 25. urteurrenean
Ez da oso gauza arrunta langileek idazle bat gonbidatzea beren ospakizun batera. Baina askoz arraroagoa da, zoritxarrez, idazleok entzutea langile bati. Idazleok, historikoki, entzungor eta itsu egon gara herri xehearekiko. Langilea zintzo eta ugazabaren lagun nahi izan duen historia batetik gatoz euskal idazleok. Mende hasieran, Domingo Agirrek Garoa izeneko obra idatzi zuen, gure lehen nobela modernoa. Klasikotzat daukagu gaur egun. Kapitulu batean Enkarterriak ageri dira, eta honela deskribatzen ditu meategietako langileak:
Asko, geienak bearbada, guraso zintzoen semeak izatea baliteke; baño gizatxar, lagun oker biurrien artean gaiztakeriak kutsutu ditu. Ausardia dute nagusi, nasaikeria adiskide, indarra lege, añenekoa ziri ta zigor. Birao lurrunean, likiskeri zakarrean lizundu zaiote anima...
Arratsalde on eta eskerrik asko, lagun oker bihurriok. Bai, adiskideok: zuek zarete guraso zintzoen seme-alabei ausardia eta indarra eman zieten haien ondorengoak, birao egitearekin konformatzen zen zapalduari klase kontzientzia eta antolaketa ematen saiatu zaretenok. Ohore zuei!
HARRIAREN AMETSA
Badakizue idazleok beti unibertsaltasunaren eta inmortalitatearen bila gabiltzala. Gero idazten dugu Orain idatzi beharrean; Garoa idazten dugu Nekazaria idatzi beharrean... Ihes egin izan diogu gizarteari, ihes egin izan diogu pertsonari. Idazleon mundutxoan hedatuak dauden topikoen artean gehien errepikatzen direnetako bat hauxe duzue: “Literatura txarra sentimendu onez betea dago”. Eta lasai gelditzen gara, literatura ona eta edertasuna gizakiaz goiti balego bezala. Literatura ona egiteko, sentimendu onak ahantzi behar omen dira: utikan justizia eta solidaritatea!
Baina izan gaitezen serioak... Badago edertasun inhumano bat? Harriak amets egin dezake? Garbi dago ezetz, baina idazlea patxadan bizi liteke irudimena errealitatearen ukazioa bezala ulertzen den bitartean, eta ez errealitatean sakontzeko metodo artistiko bezala. Azken finean, ebaditu egiten gara, idazten dugunaz erantzun behar ez bagenu bezala. Zertan ari naiz, baina? Ezertarako balio ote du ordea idazteak? Zer ardura du idazten denaz kezkatzeak? Zer aldatuko du ba hitzak?
KAFKAREN AULKIA
Franz Kafkak aitortua utzi du, bere memorietan, nahiago zukeela zurgin izan, aulki bat egin ahal izateko, adibidez. Nahiago zukeela zerbait praktiko egin humanitatearen onerako, idazle izatea baino. Kafkak asko estimatzen zuen, nonbait, berak idazten zuen aulkia... Baina bromak alde bat utzita, zurgin izan nahi horrekin sortzailearen betiereko zalantza adierazten zuen: balioko ote du ezertarako idazten dudanak? Badakizue Kafkak agindu zuela hildakoan bere paper guztiak erretzeko. Zorionez, ez zen bere nahia bete. Eta horrela, gaur, mendebaldeko egiturek ekarri duten pertsonaren deshumanizazioa ikusten ahal dugu haren fikziozko obretan, mila tratatu teorikotan baino zuzenago. Zelako ironia... Kafkaren obra literarioa guztiz praktikoa da gizakiontzat.
Sistemari asko komeni zaio idazteak ezertarako balio ez duela defendatzea, irakurtzeak kontzientzia aldatzen ez duela zabaltzea: idaztea eta irakurtzea garrantzitsua dela zabalduko balitz, hitza ekintza dela jakingo bagenu, liburu apolitikoen karga ideologikoa atzematen irakatsiko baliote, agian jendea hasiko litzateke idazten errealitatea aldatzeko asmoz. Zuek nik baino hobeto dakizue antolamendu zapaltzaile honi, kapitalismoari, oso ongi datorkiola humanitatearen aldeko gauzarik praktikoena aulki bat egitea dela sinetsaraztea. Zuek ongi dakizue hori, zuek ongi dakizue humanitateak behar dituen gauza praktikoak ez direla aulkiak... zeuek egiten dituzuelako aulkiak!
POETAREN PIKOTXA
Duela gutxi polemikatxo bat egon da gurean, azken literatur Nobel sariak esandako hitz batzuen aitzakian. Günter Grassek adierazia du, antza, bihar iraungo duen literatura, subertsiboa izan den literatura izango dela. Baina, zer da subertsiboa? Ordena hankaz gora ipintzea, beti eta nonahi kontra egotea, horixe da subertsiboa, ukazio erradikal bat. Etengabeko subertsioa asko maite dute burgesek, baita sozialdemokratek ere. Literatura idatzi subertsiboz betea dago: zenbat manifestu epatatzaile, zenbat trasgresio erraz, zenbat bihurrikeria formal! Literatura idatzi subertsiboz betea dago, baina ez idatzi iraultzailez. Subertsioa ez baita iraultza; subertsioa, literaturan, pataleo abstraktua da, ordena ororen ukoa, ezerekin eta inorekin ez konprometitzea. Hitzetik hortzera “Matxinada!” oihukatu duten poeta samaldatik oso gutxi egon dira aldaketa konkretuak aldarrikatzen zituztenen ondoan. Gure lehen poema soziala Lauaxetak egin zuela esan ohi da, Langille eraildu bati izeneko hura:
Mendiz behera lau txapelokerrez
aurpegi balzdun meatzaria.
Begi baltz horreik sastakai dozak
baina zatitu ezin hesia.
Noruntz haroe esku-lotuta
burni margodun gorputz gogorroi?
Sendoa bahintz, etsai-odolez
bustiko heunkek pikotx zorrotzoi!
Baina borrokarako dei hori guztiz literarioa da, hitzaren zentzurik desprestigiatuenean. Oihu estetiko bat da, zer ikusirik ez daukana klase-borrokarekin edo biolentzia iraultzailearekin. Langile bakartua erakusten zaigu, ez klase bat. Heroi indibiduala proposatzen zaigu eta, noski, langileak ezin du garaitu: martiritza eskatzen dio Lauaxetak. Alferrikako heriotza batean sublimatzen du poemaren dramatikotasuna, epika inutil batean. Ezin zitekeen bestela izan, Lauaxeta ordenako gizona baitzen. Era abstraktuan baino ez, poemaren ederrerako baino ez zuen onartzen bortxaren zilegitasuna, greba bekatua zela uste zuten haietakoa zen-eta:
Gizarteko goraberak zuzenduteko, itzakaz ez, eginkizunakaz etorri bear gara. Itzaldiak ez dabe ezertxo be onduko txiroaren urritasuna. Langilleak burrukan jarrita be ez. Oletan odolik asko isuri dabe langilleak euren egoneziña apur bat osatuteko, baiña odolak ez dau onik ekarri. Kristautasuna dogu bide bakarra.
Errealitatean, alegia, bere literaturatik kanpo, Lauaxetak kondenatu egiten zuen pikotxa patronalaren morroien odolez bustitzea. Hain zuzen, meatzariek irakurriko ez ziotela zekielako idatzi zuen poema bat meatzariari hika eginez, berak aipatzen zuen pikotxa metafora bat zen... Zenbat kalte egin diguten halako bufoiek idazleoi, irakurleoi, langileoi! Literaturak ezertarako balio ez duelako uste osoan dute sortzen. Literatura jolas hutsa dela dute sinesten. Eta kritikoek txalotu egiten dute errealitatetik kanpo idatziriko poema, behin eta berriz esaten zaigu Langille eraildu bati poema soziala dela, langileriaren ondarea. Instituzionalizatzen da simulakroa eta urteek pasa behar dute poema horien falazia deskubritzen hasteko, jolas horien atzean dagoen proposamen zikina salatzeko, idazleon eta langileen artean harresi bat ezarri delako kulturaren izenean. Harresi horri esker, idazleak, artistak, rebelde absolutuarena jotzen du lasai ederrean, konkista partzialak lortzeko mila neke eta kontradikzio gainditu behar dituen herria mesprezatuz. Barre egiten dio konpromisoari, “ni ez nau inork uztartuko” goraki esanez. Eta botereak saritu egiten du, bizkarreko kariñosoak ematen dizkio. Ez da preziso, noski, izenik aipa dezadan.
UTOPIAREN PAUSOAK
Gauza jakina da klase batek ezin duela klase kontzientzia lortu, ez badu bere burua barrutik eta aldi berean kanpotik ere ikusten. Ezkerrean kokatzen garen idazleok oso harro esan ohi dugu geu garela, “bidelagunok”, proletargoa kanpotik interpretatuz langileriari bere kontzientzia ematen diogunak. Baina Euskal Herrian, orain, aro konkretu honetan, langileriak eman digu idazleoi geure jardunaren kontzientzia. Lagun oker bihurriok: zuek bideratu duzue, ez artistok, ez idazleok, ez intelektualok, zuek baizik, urteetako langintza zail baina tinkoan, egungo prozesu politikoa; zuek irakatsi diguzue, iraultzailearen pazientziaz, aldarrikapen konkretuaren edertasuna. Zorretan gaituzue idazleok, mugitu egin duzuelako idazten dugun aulkia. Apurka, nekez bada nekez, espiritu kritikoa eta errealitatearekiko ardura zabaltzen ari da idazleotan. Etengabeko ukazioaren eta oihutxo abstraktuen patxadari utzita, geure jardunak eduki dezakeen garrantziaz jabetzen hasiak gara, ikusi baitugu langileriak badakiela ukatzen, bai, baina badakiela, guk ez bezala, eraikitzen ere. Erran nahi baita, sortzen. Utopiak pauso neurtuak behar dituela ulertarazi diguzue.
MUNDUAREN ELKARTASUNA
Behin baino gehiagotan esan da —eta batzuetan ETAtik bertatik ere bai— Txabi Etxebarrieta oker zegoela bere formulazio teorikoan: Arazo nazionala eta arazo soziala ez dira txanpon baten alde biak besterik, nazio askapenak askapen soziala dakar... Oker omen zegoen arazo sozialak ez duelako eperik, eta arazo nazionala berriz herriaren ezaugarri kulturalak desagertu daitezen baino lehen konpondu behar omen delako. Oso ikuspegi logikoa eta koherentea da hori, klase zapaldu batekoa ez denarentzat.
Klase zapalduak, langileriak, ezin du ulertu bere arazoen konponketa luza litekeenik nazio arazoaren izenean; zail zaio sinestea nazioa libre izan litekeenik askapen soziala gabe. Bere onera ekarri behar dugu, beraz, Etxebarrietarena: askapen sozialak dakar nazio askapena. Ez naiz marxismo merke bat proposatzen ari, LABek, bere traiektoria aberatsean, irakatsi didana aitortzen baizik: ez duzue utzi, batzuek nahi zuten moduan, kontzientzia nazionalak ordezka dezan klase-kontzientzia. Horregatik da LAB ezinbestekoa Euskal Herriaren eraikuntzan, sindikatu nazionala eta abertzalea izanagatik ez duelako klase borroka ukatu, naziotasuna klase desberdinek osatzen dutela jakinagatik langileriaren elkartasuna sustatzen duelako nazionalismoaren gainetik.
Zer eskubide daukagu euskal herritarrok munduari elkartasuna eskatzeko, baldin eta gure proiektua ez bada mundu justuago batean kokatzen? Interesatzen ote zaio munduari Euskal Herria subirano bat? “Segun”, esango nuke. “Segun” zer eskaintzen dion munduari, “segun” zer eredu proposatzen dien estatu zaharkituei eta nazio zapalduei. Nik uste dut bere langileriaren historia eta bere borrokarako sena ukatzen ez duen Euskal Herri batek, justizia sozialean eta arrazakeriarik gabeko kultura-komunitatean oinarritutako Euskal Herri batek, balukeela zer eskaini munduari. Sortu zenean LABek markatu zituen klase-helburuak, funtsean, gure izate nazionalaren arrazoi historikoak bilaka litezke.
Mugimendu politiko guztiak dira sozialak; zuei dagokizue abian den euskal mugimendu politikoa herri xehearen interesen zerbitzura jartzea. Lan zail horretan nire konplizitatea edukiko duzue beti gizatxarrok, lagun oker bihurriok.
Koldo Izagirre