Rickek euskaraz ote zekien?

 

“Beti geldituko zaigu Paris” ageri da aurten idatzitako euskal eleberri batean. Jakina, We’ll always have Paris, Siempre nos quedará París da espainolez, eta euskaraz “Beti izango dugu Paris” ordez “Beti geldituko zaigu gelditu zaigu”. Casablanca euskaraz ikusteko aukera ere izan dugu aspalditxoan eta. Mintzatu eta entzuteaz gain, ikusi ere egiten baldin bada hizkuntzaren batez, euskaraz ikus dezakegu zinema, azken urteetan. Eta zer da zinema euskaraz ikustea? Itxura batean, filmeko protagonistek elkarri euskaraz egitea.

     Batek baino gehiagok uko egiten dio euskaraz filmak ikusteari, telebistan batik bat. Zinemetara nagusiki haurrentzako filmak eramaten dira, eta eskolak hartu ohi du horren ardura. Seme-alabak behintzat ohituko dira euskaraz entzutera, baina bestelako ohitura bat duena, zelan aldatu? Clint Eastwood edo Woody Allen euskaraz? Artifiziala omen da, edo are okerragoa, hori ez omen da bere benetako ahotsa.

     Lehen filmen urteetan bikoizketen kalitateaz hitz egiten zen. Nabarmen hobetu dira, hizkera naturaldu egin da —naturaltzeak dakarren arriskua ere ez dezagun ahaztu, sarritan espainierazko klixeak sartzea baita—, hitanoaren erabilera hor dago... Eta itxuraz, apustu berri horrek, bere apalean eman ditu fruituak, ikus-entzuleria zabalagoa baitauka euskarazko zinemak.

     Eta bitartean, inoiz baino euskal zinemagile gehiago eta ondoen prestatuen daudenean, euskaraz egindako zinema hilik. Beste baterako eta luze jarduteko gaia denez, noan hasierako harira. Mila bertsio eta hobetze eginda ere, arrotz gertatuko zaio euskaldunari bakeroak eta gangsterrak euskaraz entzutea. Ez dago ohituta, eta bikoizketak, beti izango dira betidanik ikasi duena baino txarragoak. Munduan egiten diren bikoizketa onenekin hazi da eta. Espainiarrek egiten baitituzte bikoiztetarik onenak. Eta ia-ia bakarrak.

     Ez da beti horrela izan, diktadurak arau zorrotza ekarri bazuen ere. Ondorioz, Hegoaldeko auzokideek euren hizkuntzaz daukagun ohitura geurera ekartzea otu zaigu. Eta itxuraz gustura, apurka-apurka jendea ohitzen ari dela-eta. Tinko dihardugu kanpoko zinema ere euskalduntzen. Geroz eta unibertsalago gu!

     Kexua ere etorri ohi da. Urtean bizpahiru film, bost izanda ere, bikoiztea lan handia da, esker gutxikoa... Eta garestia. Sano. Derrigorrean behar dira diru-laguntzak, film bakoitzaren itzulpen eta bikoizketa gastuak, hainbat milioi pezetatan zenbatu ohi baitira. Liberatan 25 bider gutxiago. Hala, inbidiaz mintzo zen lehengoan lagun bat, Kataluniako Generalitateak hartutako erabakiak zirela-eta. Zinema komertzialetan katalana sartzeko araua hor dago, disneytarrak baretu ostean. Zelan ordea? Bistan da, gastuak bere gain hartuz Kataluniako Gobernuak.

     Eta hori al da guk nahi duguna? Milioi erdi hiztunentzat ehunka milioitako diru-laguntzak atzerriko film komertzial bakoitza euskaraz entzuteko? Euskarazko zinemarik sortzen ez den bitartean? Erantzunik ezean zulo handiegia estaltzeko partxe txikiak dira urteroko bizpahiru filmak. Zein irizpide erabili ordea hautatzerakoan? Komertziala? Kalitatea? Ezin da, dozena bat film izanda ere, merkaturatutako ehunka horien artean ezin da irizpiderik ezarri. Haurrentzako bistan dena, nagusitu ahala erdaraz ikusi beharko badute ere.

     Aurten ere zinema euskaraz emateko saiaketa egin da udan, herriz herri film bat euskaraz emanez. Eta film hori atsegin ez duenak? Herririk euskaldunenean, zinema-aretorik bada, aukera zabala izango duzu, urtean gustuko dituzun filmak ikusi eta besteak baztertzeko. Euskaraz, ordea, dagoena dago. Hartu ala utzi. Ala erdaraz ikusi.

     Kontua da ez dugula euskarazko herri batean erabat euskaraz bizitzeko gai ikusten geure burua. Kultur ikuspegi honetatik ez behintzat. Bai baitakigu euskarara bikoiztutako filma tira, euskaraz dagoela, eta gehienbat horregatik ikusiko dugula, euskaraz dagoelako. Euskaldunak, zinemazalea bada, elebiduna izan behar baitu derrigor.

     Munduko herri guztietan hori gertatuko ote da? Islandiera hiztunak euskaldunen erdiak dira, ba ote dago merkaturik bikoizketetan horrelako dirutzak xahutzeko? A ze pagotxa hala bada bikoiztaile industriarentzat, herri erdia beste erdiak kontsumitzen duenaren kontura biziz.

     Espainian lobby garrantzitsuena da zinema munduan bikoiztaileena. Baina ez beste inon munduan. Ez gaztelaniadun Ameriketako herrietan, ez beste erdarak dituztenetan. Ohitura kontua da funtsean, eta arrazionalitate apur batekin jokatzea. Ez gehiegi ere. Lotura gabe bizi nahi eta derrigorrezko zaizkigun kontuetan ere ez badakigu, jai dugu. Baina badaezpada ere, eredu Espainia beti, zer egin nahi eta gure normalizazioa espainiarrek normaltzat dutenean hartuz.

     Bada, ez da normala Clint Eastwood eta Woody Allen, eta John Wayne eta Jodie Foster euskaraz, espainolez edo islandieraz entzutea. Horiek ingelesez egiten dute negar, agirika eta larrua jo, berbetan ibiliz gero. Eta Gerard Depardieuk frantsesez, eta Maria Medeirosek portugesez (ere). Gurean ordea orgasmoko intziriak ere enlatatuta ikusten ohitu gara, eta benetakoa ez —bistan dena— baina jatorrizkoa zer zen ere ahaztu zaigu.

     Zoaz Herbehereetara edo Islandiara eta eman ezazu Casablanca nederlanderaz edo islandieraz. Et, et, hori oker dago, nik zinema nahi nuen, ez irrati nobelak estali film mutua. Baina ez gaitezen kultura jasoen irizpide arrazistetara biltzeko arriskuan jausi. Portugalen edo Mexikon onartzen ez duten ber araua da, ahots enlatatuetan entzutea pertsona horiek.

     Zinemako estrabaganteontzat, hala nahi baduzue, oinarrizko kontua da, zinemaren gozamena ez ukatzea, ikus-entzuteko artea den aldetik, artearen alde biak gozatu ahal izatea. Baina hartara makurtuta, logika eta ekonomia araua ere bada. Zinema industria ez da inoiz euskaraz egongo, Euskal Herri osoa euskaldundu arren, zein industriak hartuko luke hiru milioi lagunera heltzen ez den balizko ikusleria batentzat bikoizteko lana? Bitartean, aitatxo administrazioren iturritik edan, eta ase ezin.

     Euskaraz zinema azpititulatuta izango da, edo ez da izango. Bitartean, bota ditzagun nahi beste milioi, bikoizketa lanetan dihardutenen lan laudagarria ere eskertzekoa da, ahal den apurra behinik behin egiten, diru faltaz beti kexu bada ere —hala behar baitu, bestalde—. Baina ikuspegia zabalduz gero, olatu urdina gorriz tindatzeko ahalegin hutsala da. Zabala baita itsasoa, merkatuaren indarra, eta ez dago inongo ikuspuntu estrategikorik zinema euskalduntzeko. Aurten bikoiztutako filmak ez dira etorkizun bateko euskarara bikoiztutako film komertzialen lehen urratsak. Dugun biztanleriak euskarazko zinema entzun nahi badu, egin ditzagun euskarazko filmak, hori —bakarrik— baita euskarazko zinema. Gainontzekoa jatorrizko hizkuntzaz, irakurtzen badakigu-eta. Asko irabaziko dugu, poltsikotik, osasunetik eta kulturalki. Eta horren barne, euskal zineman erdaraz egindakoak ere jakina. Erdara bat jakitearen abantailak ere kendu dizkigute-eta, El día de la bestia jatorrizkoan gozatu badezakegu —gehienok, hori ere egia— zertan euskaraz eman, azpitituluekin ez bada? Ala Garcia Marquez euskaraz irakurtzen al du espainolez ere elebidun den euskaldunen batek norbaitek, literatur plazerrez?

     Espainiako whisky baten iragarkiak hala zioen: edo azpitituluak irakurri edo filma ikus zezakeela. Eta euskaldun asko horrelako usteekin dabil oraindik, filmaren hitzekin arinegi doazela azpitituluak irakurle arruntarentzat, begia galdu egiten dela filmaren haritik... Munduko herririk tontoena ote gara espainolekin batera? Denek azpititulatzen dute, itzuli eta zeluloidean gainjarri, banan-banan ahotsak estaltzen ibili ordez. Denek, zoritxarrean egokitu zaizkigun auzo hauek izan ezik. Beren milioi guztiekin hamarkadetan landutakoa, berehalakoan gureganatu nahi dugu gure etxeko laurontzat. Ondo, jarrai dezagun ikuspuntu estu horretan etxea eraikitzen, eta auzokoen kopia egingo dugu. Eta kopia guztiak, bikoizketak bezala, txarrak dira. Espainolenak izan ezik. Horiek bai onak.

 

Urtzi Urrutikoetxea


susa-literatura.com