Iragankortasunaren inkongruentzia
Azken aldi honetan, Ibarrolak Oman margotutako basoa berriro izan da albiste. Oraingoan, arrazoia pinudiaren zati batean jabeak eginiko zuhaitzen mozketa izan da. Baina orain dela hilabete gutxi batzuk ere, Omako basoa albiste izan zen, Arte Ederretako ikasle batzuek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaz pinuetan zeuden margoak birmargotu baitzituzten.
Birmargotze hau kontuan izanik, badirudi artelan honen benetako esanahia ez dela ulertu. Omako basoa, zalantzarik gabe, ingurugiro artelan bezala sailka daiteke. Margoek pinudiarekin bat egiten dute eta, beraz, bien arteko menpekotasun hautsezina dago.
Ingurugiro artea XX. mende bukaerako arte tendentzia interesgarri, fresko eta berria da. 70eko hamarkadan, Estatu Batuetan gertatutako “Land Art” mugimenduak, galeria eta museoek eskaintzen zuten espazio mugatuetatik alde egin nahian, beraien artelanak paisaia ireki eta zabaletan ezarriko ditu, paisaiak eta artelanek bat eginez. “Land Art”eko artelanak, askotan basamortu edo ingurune kutsatuetan ezartzen zituzten, artea gizakia naturarekin adiskidetzeko lanabesa bihurtu zedin.
“Land Art”aren ezaugarri komuna duen eskala handia da, monumentaletik oso gertu. Europan hedatuko den ingurugiro artelanek, ordea, eskala txikiagokoak dira: kokaturik dauden inguruarekiko menpekotasuna dute, baina hauen izaera galkorra da.
Richard Lang, David Nash eta Andy Wolsworthy dira Europako mugimenduaren ordezkari nagusienak. Hauen guztien artelana iragankorra da eta beraz, beraien izaera denboran mugatua dago. Paisaia eta natura etengabe aldatzen ari dira eta aldaketan datza paisaiaren benetako izaera. Artista hauek ez dituzte paisaiak betikotzen, eta beraien artelanek paisaia eta natura etengabe aldatzen dagoela erakusten digute; artelan biziak dira, jaio, hazi eta hiltzen direnak.
Andy Wolsworthyk, adibidez, kostaldean zutik jarri zuen harri ilara bat. Itsasgorarekin batera etorritako olatu batek, tamalez, eusten ziren harriak bota zituen eta beraz, artelanaren izaera materiala desagertzen da; ez ordea artelanaren benetako helburua, hau da, naturaren indar eta aldakortasunaz jabetzea. Beraz, ingurugiro artelan hauek ezin dira komertzializatu. Artelan materiala galkorra da, baina arte kontzeptuak irauten du.
Nire ikuspegitik, ingurugiro arteak bizitzaren ikuspegi ekozentriko batera hurbiltzen gaitu, zeinean natura den bizitzaren ardatza eta zeinak gaur egun arte indarrean iraun duten ikuspegi homozentrikoetatik aldentzen gaituen, hau da, gizakia unibertsoaren ardatz izatetik.
Agustin Ibarrolak Omako basoa margotu zuenean, ingurugiro artelan bat egin zuen. Euskal Herriaren industrializazio eta kutsadurarekin erlazionaturik egon diren pinudi gorrotatuetan oinarrituz, eraikitako artelanak pinudia ikuspegi magiko batetik ikusten lagundu zigun, eta lan honi esker, pinudiek ere badutela beren edertasuna erakutsi zigun. Zalantzarik gabe, benetako lorpena.
Omako basoak bere sorreratik gaur arte izan duen eboluzioa aztertuz, esan daiteke artelan honen benetako izaera ez dela ulertu. Basora erosoago hurbiltzearren pista bat eraiki zen, enborretan margoturik zeuden irudiak zuzenean ikus zitezen puntu zehatzetan seinaleak jarri ziren, basoaren magia mugatuz eta azkenik, margoak birmargotu zituzten.
Nire ikuspegitik, eta Omako basoa ingurugiro artelan bezala ulertuz, ezin daiteke margoen birmargotzea arrazoitu. Artelan hau ez da artelan konbentzional bat, eta bere izatea margoak jasotzen dituzten zuhaitzen bizitzarekin loturik dago. Beraz, obra bizi bat da, eta bizitza orori bezala, heriotza datorkio.
Margoak desagertzen hasi zirenean, artelan konkretu honen bukaera zetorrela ulertu behar zen eta benetan hunkigarria arte modu honen hedapena gertatzea izan zitekeen, beste baso edo ingurune kutsatu edo infrabaloratuetan arte modu honek eman diezaiokeen magia zabalduz.
Tamalez, hau ez da gertatu eta iraunezina den artelan hau iraunarazi nahian dabiltza.
Basoa bizirik dago eta etengabeko mugimenduan. Noizbait pinu hauek lehortuko dira eta zer gertatuko da zuhaitzak hiltzean? Artelanak iraun dezan, zuhaitzak baltsamatuko al dituzte?
Oraingoan zuhaitz gutxi batzuk moztu dira, eta badirudi gertaera hau atentatu kultural bat izan dela. Pinudi baten izatearen etorkizuna zuhaitzen mozketan datza, eta zuhaitzen mozketa artelanaren atal bat bezala ulertua izan beharko litzateke.
Benetako atentatu kulturala, ordea, Omako basoa ingurugiro artelan bezala ez ulertzea da eta lan honek etengabe iraun dezan saiatzea.
Iñigo Segurola
(Euskaldunon Egunkaria-n argitaratua, 99-XI-20)