GIZONAREN AHOA
Ez ezazue tapa
gizonaren ahoa.
Defendi dadin.
Hainbeste bidegabe
egin zaio
azken ehun mila urte honetan...
Orain,
besoak
indar-gabeturik ditu,
burua erdi
bitan;
ez diozue
kopetan adarrik ernatzen
utzi;
ebaki dizkiozue
eskuak,
ez dezan ezpatarik
astin.
Hor datza.
Ezin defendi diteke
indarrez.
Bakar-bakar-bakarrikan
geratzen zaio
hitza.
Baina ez ezazue,
baina ez ezazue,
baina ez ezazue,
ez ezazue tapa
gizonaren ahoa.
Hitzaz balia dadin,
hitzaz zerbitza
dadin.
Honela konpreni
dezazuen
zertarako
jaiotzen den
mundura.
Ez,
ez ezazue tapa
gizonaren ahoa.
© Gabriel Aresti