GIZONARI GELDI-ARAZITZEKO BERTSOAK

 

Karrika okerrok korritu nituen

oparo,

luzaro,

emaro;

hemen urratu ziren

ene zapatak eta

ene ametsak ere;

hemen apurtu ziren

ene frakak eta

ene ilusioak ere.

Bilbao honetan,

Basurtutik Atxurira,

ni ere

izan nintzen behin,

orain urte asko,

herria,

eta orain konturatu behar izan

naiz ni...

Orain, plaza batean haur batzuk

erderaz kantatzen

ikusi ditudala:

En un barranco de lobos

hay una fuente que mana

sangre de los españoles

que murieron por España.

Hemen,

askotan esan dut,

ez dago herri bat;

hau da

herri baten kontra

altzatu eta zabaldutako

hiria.

Hemen,

hainbeste ustelkeria,

hainbeste bizio likits,

hain merke saldutako izerdia,

negarra eta gosea,

baina hemen halaber

haurtxo batzuren kantak,

dantzak,

koplak:

Ni me lavo ni me peino

ni me pongo la mantilla

hasta que venga mi novio

de la guerra de Melilla.

Tafernak utz,

kanpofobailak utz,

gizonak;

zinemak utz,

nobedadeak utz,

andreak.

Geldi bedi zuen urratsa

kalearen erdian,

hemen aurkitzen da

Bladi Oterok eskatu zuen bertsoa,

kalearen erdian

gizonari geldi-arazitzeko

bertsoa,

eta gainera,

alegere,

pobre,

Bilbaoko plaza batean

kantatzen,

dantzatzen,

koplatzen

duten

haur batzuren

ezpain freskoetan,

oraindik nagusitu ez den

herri baten

ahoan:

Melilla ya no es Melilla.

Melilla es un matadero

donde matan a los hombres

como si fueran corderos.

Haurrak hurbil

bekizkigu,

oraindik ez baita akabatu

gizontzeko

(andretzeko)

garaia.

 

 

© Gabriel Aresti


susa-literatura.com