Hirugarren eszena

JACQUES: Zerorrek nahi bezala, Jauna, eskubide osoa duzu. Begira. (Buelta eman eta eskailera seinalatzen da, JUSTINE DEMONTRE SEMEArekin igotzen ari dena. DEMONTRE ALARGUNA eskailera behekaldean dago.) Nire aitajauna, Demontre alarguna, bere gurdi tailerrean dago. Eskailerak ganbarara ematen du eta han dago nire lagunaren ohea, Demontre semearena.

DEMONTRE ALARGUNA (ganbara aldera oihuka): Demontre! Demontre! Alfer madarikatua!

JACQUES: Demontre alargunak tailerrean egiten zuen lo. Seko geratzen zen garaian, semeak atea poliki poliki ireki eta Justine ganbarara igotzen zuen eskilaratxotik.

DEMONTRE ALARGUNA: Anjelusa jo dik eta hi oraindik zurrungaz. Ni gora igo eta eskoba kirtenarekin jaitsi eraztea nahi al duk!

JACQUES: Gau hartan hainbeste gozatu zuten elkar, ezin zutela esnatu.

DEMONTRE SEMEA (ganbaratik): Ez haserratu ama!

DEMONTRE ALARGUNA: Bordariak honez gero etxean behar zian ardatza! Mugitu hadi!

DEMONTRE SEMEA: Hemen gara ba! (Galtzak lotuz jaisten da)

NAGUSIA: Beraz, Justinek ezin zian irten?

JACQUES: Preso geratu zen, Jauna.

NAGUSIA (barrez algaraka): Izerdi batean egongo huen beldurrak!

DEMONTRE ALARGUNA: Neska-trapu horregatik burua joan zitzaionez gero, lo egitea besterik ez du pentsatzen. Pena merezi duen neska balitz sikera! Baina holako emagaldua! Gure senar zenak gizaraxoak hau ikusi izan balu, denborak dira batari ipurdiko hotzak kendu eta besteari begiak atera zizkiola, meza nagusitik irteeran. Nik berriz, gaxo gaxo, dena barrura. Honek aldatu beharra dauka berehala! (DEMONTRE SEMEAri) Hartzak ardatza eta eramaiok bordariari! (DEMONTRE SEMEA urrundu egiten da ardatza bizkarrean.)

NAGUSIA: Eta horiek denak entzun al zizkian Justinek goitik?

JACQUES: Jakina!

DEMONTRE ALARGUNA: Jainko potxoloa, non da nire pipa? Seguru hutsaren hurrengo horrek hartu duela! Ea goian dagoen.

DEMONTRE ALARGUNA eskaileran gora.

NAGUSIA: Eta Justine? Eta Justine?

JACQUES: Ohe azpian sartuta.

NAGUSIA: Eta Demontre gaztea?

JACQUES: Ardatza entregatu orduko gure etxera etorri zen korrika. Hara, esan nion, emazak buelta bat herrian eta bienbitartean ni arduratuko nauk hire amaz, Justinek ihes egiteko modua izan dezan. Baina denbora dezente eman behar didak.

JACQUES oholtzara igotzen da. NAGUSIA irribarrez.

Zergatik barre hori?

NAGUSIA: Ezergatik ez.

DEMONTRE ALARGUNA (ganbaratik jaitsi da): Pozten nauk ikusteaz, ponteko. Nondik hator hain goiz?

JACQUES: Etxera noa bueltan.

DEMONTRE ALARGUNA: Ah, ponteko, ponteko, makaleko gautxoria hago hi eginda!

JACQUES: Ezin esan ezetz.

DEMONTRE ALARGUNA: Ez zekiat semea eta biok ez ote zareten zaku berean sartzekoak izango. Kanpoan pasa al duk gaua?

JACQUES: Ezin esan ezetz.

DEMONTRE ALARGUNA: Urdangaren batekin?

JACQUES: Bai. Baina gure aitarekin ez dago horretaz hitzegiterik.

DEMONTRE ALARGUNA: Entenitzekoa duk, eta gainera egurtu on bat eman behar ziakek eta neuk ere gauza bera egin beharko nikek semearekin. Baina has gaiztezen mokadu bat jatetik, ardoa aholkulari ona duk.

JACQUES: Ezin dut. Ezin naiz tente egon loak.

DEMONTRE ALARGUNA: lkusten diat ez haizela merkezurrean ibili. Baldinbaitez pena mereziko zian. Baina utz dezagun kontu hori. Hara, semea irtena duk, hoa gora eta sartu ohean.

JACQUESek eskaileran gora egiten du

NAGUSIA (JACQUESen aldera oihuka): Traidorea! Gizatxarra! Pentsatzekoa huen, bai...

DEMONTRE ALARGUNA: Ene, seme hauek...! Seme madarikatuok...! (Ganbaran hots eta oihu ixilpetuak...) Ametsetan ariko da, gaztea... Gaua firin-fara handikoa izango zuen.

NAGUSIA: Nola ametsetan ordea! Ez da inondik inora ere ametsetan ari! Neska izubeldurtzen, hori bai! Defendatu nahian dabil, baina beldur da aurkituko dutena eta behartua dago ixilik egotera. Zerria! Kondenatzea merezi duk, bortxatzeagatik!

JACQUES (ganbaran goitik): Ez dakit bortxatu egin dudan edo ez, Jauna, baina badakit, ez dela txarra izan ez berarentzat eta ezta niretzat ere. Agindu erazi didan bakarra da...

NAGUSIA: Zer agindu diok, galuts horrek?

JACQUES: Demontrek ez duela honen berririk izango.

NAGUSIA: Eta nahikoa izan duk hik agintzea dena primeran joateko.

JACQUES: Primeran baino hobeto!

NAGUSIA: Zenbat aldiz?

JACQUES: Askotan eta gero ta hobeto.

DEMONTRE SEMEA bueltan dator.

ZEMONTRE ALARGUNA: Non ibili haiz hainbeste denboran? Hartzak llanta hori eta hoa kanpora errematatzera.

DEMONTRE SEMEA: Zergatik kanpora?

DEMONTRE ALARGUNA: Jacques ez esnatzeko.

DEMONTRE SEMEA: Jacques?

DEMONTRE ALARGUNA: Bai. Jacques. Goian zegok zurrunga batean. Ai, gizaraxoak gurasook! Denok igualak zarete. Ea, mugitu hadi, zertan hago hor egonean?

DEMONTRE SEMEAk eskilarantz ekiten dio eta igotzen hasten da.

DEMONTRE ALARGUNA: Nora hoa? Utziok lotan lasai gizaraxoari!

DEMONTRE SEMEA: Ama! Ama!

DEMONTRE ALARGUNA: Nekeak etsita zegoan!

DEMONTRE SEMEA: Utzidazu pasatzen!

DEMONTRE ALARGUNA: Alde! Nahiko al huke hik lotan hagoenean esnatzea?

NAGUSIA: Eta Justinek dena entzuten al zian?

JACQUES (eskaileraren gorenean eserita): Zuk niri entzuten didazun bezala.

NAGUSIA: Oh! Oso polita! Gure lotsagaldu miresgarria! Eta hik, zer egiten huen?

JACQUES: Barre.

NAGUSIA: Bandido halakoa! Ta berak?

JACQUES: Tximak atera, begiak zerura jaso, besoak bihurritu.

NAGUSIA: Jacques, basati bat haiz eta harrizko bihotza daukak.

JACQUES (eskailera mailak jaitsiz eta oso serio). Ez, Jauna, ez. Badut xamurtasunik. Baina aukera hobe baterako gordeta. Xamurtasuna ez buru ta ez hanka alferrik galtzen dutenek ez dute izaten gero behar duten garaian.

DEMONTRE ALARGUNA (JACQUESi): Hemen bera! Ondo lo egin al duk? Ba huen premia! (SEMEAri.) Fresko fresko zetorrek jaio berriaren antzera! Hoa botila baten bila sotora. (JACQUEsi:) Orain gosaldu nahiko duk!

JACQUES: Bai gustora.

DEMONTRE SEMEAk botila ekarri eta AITAk hiru ontzi betetzen ditu.

DEMONTRE SEMEA (bere ontzia kenduz): Ni ez naiz egarri goizean hain goizo.

DEMONTRE ALARGUNA: Ez al duk edan nahi?

DEMONTRE SEMEA: Ez.

DEMONTRE ALARGUNA: Ah! Bazekiat zer den. (JACQUESi:) Badakik, Justinerekin dik zerikusia. Kanpoan egin duen denbora ikusita, haren etxean geratuko huen eta beste batekin harrapatuko zian. (DEMONTRE SEMEAri.) Ondo merezia duk! Esana nian neska hori urdanga bat baino ez zela! (JACQUESi:) Eta orain muzin botila errugabe honi!

JACQUES: Nik uste bete betean asmatu duzula.

DEMONTRE SEMEA: Jacques, nahikoa diagu broma horretatik.

DEMONTRE ALARGUNA: Honek edan nahi ez duela eta ezin geratuko gaituk gu ere gabe. (Basoa altxatuz:) Hiregatik, ponteko!

JACQUES (basoa altxatuz): Zeuregatik... (DEMONTRE SEMEAri.) Eta hik, motel, edazak gurekin. Ezer ez, eta itotzen ari haizela iruditzen zaidak.

DEMONTRE SEMEA: Esan diat ez dudala edango.

JACQUES: Ikusiko duk berriz eta dena konponduko zaizue. Ez daukak kezkatuta egoteko motiborik.

DEMONTRE ALARGUNA: Ez, alderantziz, sufri eragin diezaiola ondo neska horrek... Eta orain, aitaren etxera eramango haut hire eskapada horiek barkatzen dizkian. Seme madarikatuak! Denok igualak zarete! Doilor halakoak... Tira goazemak.

Hartu JACQUES besotik eta urrundu egiten dira. DEMONTRE SEMEA gora doa ganbararako eskilaretan. Urrats batzu eman ondoren, JACQUES apartatu DEMONTRE AITArengandik eta jaitsi egingo da oholtzatik NAGUSIAren aldera joanaz, DEMONTRE AITA kanpora doan bitartean.

NAGUSIA: Miresgarria pasaizua! Erakusten dik, emakumeak hobeto ezagutzen eta, hobeto ezagutzen lagunak.

Oholtza gainean, SAINT-OUEN NAGUSIAren gana hurbilduz doa astiro.

JACQUES: Zuk uste lagun batek muzin egingo liokela zure amoranteari aukera eman ezkero?

 

 

© Milan Kundera


susa-literatura.com