Batutaren dantza
Karlos Panera, zuzendaria
Patrick Süskind-en «Kontrabajua» izeneko literatur lana teatrorako bereziki idatzia ez izanda ere, dramaturgiaz zeozer ulertzen duen edonor jabetuko da, berehala, testu horrek daukan teatralitateaz. Idazleak berak teatro-lanetan eman ohi dituen argibideak tartekatzen ditu, irakurleak pertsonaia eta egoera 'ikus' ditzan. Badaude, hala ere, Patrick Süskind-en jatorrizko lanean erabat literarioak diren pasarteak, gure gogoan hainbeste irudi sortu gabe narrazio baten hartzaile pasiboago bihurtzen gaituztenak.
«Kontrabajua», bestalde, taulara eramana izan da Europako herri ezberdinetan, zenbait teatro konpainiaren eskutik. Brecht-ek sortutako «Berliner Ensemble» taldeak, esaterako, 1984. urtera arte izan zuen obra hau bere errepertorioan. Beraz, Patrick Süskind, gure artean «Lurrina» izeneko nobelarekin arrakasta lortu baino lehenago ere, idazle ezaguna eta ospetsua zen «Kontrabajua» bezalako beste lan batzu zirela medio.
Liburu honi dagokionez, lehenik eta behin irakurleak zera jakin behar du: hemen irakurriko duena ez dela Patrick Süskind-en jatorrizko lana, baizik eta «Maskarada»k egindako teatrorako egokipena, hau sinatzen duen zuzendariak eta aktoreak berak elkarlanean moldatua. Beraz, honetan ere, «Gastibeltzaren karabinak» obraren kasuan bezalaxe, gauza bat da literatur lana eta beste bat antzezteko egokipena. Bigarren honek lehenengoaren balore literarioak gordetzen ditu, baina betiere antzezpenaren arteari makurtuta. Jatorrizko lanetik, ondorioz, alde batera laga ditugu pasarterik literarioenak, gure ustetan irakurtzeko baino ez zirelako. Izan ere, teatrora doan ikusleak badaki irakurtzen, eta liburu bat errezitatzea soilik baino beste zerbait gehiago espero du. Testua garrantzi handikoa izan daiteke teatro-lan batetan, baina betiere ikusle, erritmo eta ikuskizunaren osotasunaren menpe egon beharko luke, teatroa izan dadin nahi badugu behinik-behin.
Eszenan jartzeari dagokionez, hau da, nire lanari zehatzago lotuta, ikuslea aktorearekin bat egiten saiatu naiz, antzezpena sentitu eta, are gehiago, bertan parte har dezan ahalik eta erarik zuzenenean. Hori dela eta, eszenarako planteamenduan distantziak apurtzen dira, kafe-teatroaren moldea edo tankera hartuz. Aktoreak zuzen-zuzenean hitz egiten digu, parte hartzera behartzen gaitu, eta horrela lortzen da, nire ustez, Patrick Süskind-en lanaren muina ez galtzea, hots, kontrabajujolearekin batera gela itxi baten barruan gauden zentzazioa izatea. Ohizko eszenatoki baten gainean jokatuz gero, alegia, beste batzuk obra honekin egin duten moduan, ikuslearekin aurrez-aurre baina aparte, egoera hurbil eta hertsi horren indarra galduko genuke, nire eritziz. Aukeratu dudan taularatze-moldea bestelakoa izan da. Ikuslegoa erakartzen eta ikuskizuna berarengana hurbiltzen saiatu naiz. Ez dago, definizioz, antzoki-monumentu handietarako pentsatuta; ez da, definizioz, 'besaulki-komedia' horietako bat, ez eta ikuskizun handi bat ere. Definizioz.
Testuan ez bezala, «Kontrabujua»ren emanaldi bakoitzean eguneroko bizitzaz hitz egiten da, geure buruaz azken finean. Laurogeita hamabost minututan zehar benetan gertatzen den zerbaitetan zerbaitetan sartzen da ikuslea. Teatroa ehuneko ehunean, bapatekoa eta behin betikoa. Eta honen lekuko idatzia, liburu hau: «Kontrabajua», Patrick Süskind eta «Maskarada».
Partiturako klabeak
Joserra Egiluz eta Joserra Urrutxua, itzultzaile-egokitzaileak
Ohar pare bat besterik ez, Patrick Süskind-en monologo ezagun hau euskarazko bertsioan irakurtzen hasteko gogoa edota balorea izan duzun horri.
Ez dakigu teatrozale amorratua zaren edo euskaraz argitaratzen den guztia irakurtzen duzun. Beharbada, ez bata ez bestea. Beharbada irakasleren batek gomendatu dizu edo itzulpen kritika egitekotan zabiltza. Batek daki. Kontua da ze, irakurtzeko baino areago, antzesteko pentsatua eta moldatua dagoen testu baten aurrean zaudela. Eta hainbat aldiz antzestua izan dela gainera. Horrek ez du esan nahi irakurtzeko balio ez duenik, nahiz eta denok jakin, monologo batek antzesterakoan erakusten duela bere benetako indarra.
Nolanahi ere, ohar hauek egitearen arrazoia beste bat da. Testu honen jatorrizkoa edo beste itzulpenen bat irakurri duenak berehalaxe igarriko du oraingoan hau ez dela bertsio osoa eta zehatza. Hau da, ez dituela betetzen itzulpen batek teorian bete beharko lituzkeen arau guztˇak. Lehenengo eta behin, ez delako jatorrizkotik itzuli. Bigarren, pasarte batzuk kendu egin direlako. Guzti hau esanda, badirudi geure urkamendirako soka prestatzen ari garela, baina ez dugu lotsarik ez erreparorik gauzak diren moduan esateko.
Batek baino gehiagok pentsatuko du iruzur egin zaiola; jatorrizko testua axolagabe moztu eta itxuragabetuta eman zaiola: "oooh!, krimen ikaragarria! -esango dute espantuka- literaturaren altare sakratua profanatu digute berriro", eta sakrifizio eske hasiko dira.
Holako jendeari lotsagabekeria hutsa irudituko zaio oharrak egiten hastea bera ere. Baina gu ez gatoz ezer justifikatzera, aukera jakin baten arrazoiak ematera baizik. Eta horretarako, itzulpen-egokitzapen honen prozesua azaldu behar da nahitanahiez.
87ko udazkena zen. Bilboko teatrero bandak artega xamar ageri ziren Kafe Teatroko monologo bila. La Villa, Lasai, Kabi, Mitote, Gaztetxe eta Laminazuloak simulakroa maite duten gautxoriz betetzen hasi ziren. Jakina denez, euskaraz idatzitako bakarrizketak ez dira falta, eta hala ere, oso aktore gutxik nahi izaten dituzte beren simulazioetarako. Ez dakigu zergatik -kapritxoso hutsak direlako agian?-, baina nahiago izaten dituzte erdara hutsezkoak edo erdal hizkuntzetatik itzulitakoak.
Horrela bada, kontrabajujole baten istorioa itzultzeko agindu zioten oporrak hartzekotan zegoen itzultzaileari. Honek hartu eta itzuli. Baina ez testu osoa, noski. Pasarte gutxi batzuk ezik. Eta ez itzulgarriak ez zirelako, antzesteko baliagarriak ez zirelako baino. Aktoreak eta zuzendariak, eskubide osoarekin, aukera zehatz bat egin zutelako.
Hurrengo pausua: aktoreak testua ikasi eta zuzendariak zuzendu. Ederto. Teorian ezin hobeto. Baina gauza bat da buruz ikastea eta beste bat esatea; eta interpretatuz esatea gainera. Eta ez hori bakarrik, ikusleak ulertzeko moduan esatea. Eta hor, nahitanahiez, eta aktorearen trebetasunaz aparte, testuaren arazo larri bat dago. Teatroa euskaraz egiten denean ia inoiz ere kontutan hartzen ez dena. Hau da, testuak esangarria, malgua eta zuzena izan behar duela. Bestela, aktorerik onena izanda ere, ez du behar lukeen efektoaren erdirik ere lortuko eta azkenean gogaikarria egingo zaigu.
Ba hauxe da, nolabait esateko, monologo honekin gertatu zitzaiguna. Aktorea berehala konturatu zen hasierako testu itzuli hura beharbada irakurtzeko ez zegoela gaizki, baina jendaurrean ez zuela funtzionatuko. Gogorregia, literalegia eta beharbada 'literarioegia' egiten ei antzesteko. Horregatik eman genion orraztua. Askotan itzulpenaren zehaztasunari edo hitzen edo esamoldeen esanahiari baino kasu gehiago egin behar zaio komunikazio ahalmenari. Hau da, norako den eta norentzako den. Eta ikusiak ikusita, ondorio garbi bat atera dugu:
jendaurrean funtzionatu egin duela. Ea irakurri ondoren eritzi berbera ateratzen duzun.
Arkuaren igurtzia
Mikel Martinez, aktorea
Hogeita hamabost urte honetara heltzeko. Hogeita hamabost mila ordu, amodio, ilusio, atsekabe, lanen ostean... hau. Zulo hau. Zulo honetan sartuta. Nire usaina, soil-soilik nire usaina, gustoko ez dudan gero eta gogaikarriago zaidan nire usaina baino antzematen ez dudan irteera gabeko zulo honetan sartuta, lurperatuta. Zuloa etxea eta zuloa ere orkestako azken txoko hori. Zulo ilun eta itogarria nire bizitza osoa. Hogeita hamabost urte ondoren. Non daude ilusio haiek? Non nire bizi indarra? Neure buruarekiko on egotea, sinestea? Zer izan da nire amodio guzti haietaz? Nire etorkizunerako asmo ederrak? Nire buru barnea arakatzen dut hondamen honen arrazoien bila, eta ez ditut aurkitzen. Zer egin nuen txarto? Zerk egin zuen huts? Zergatik? Zergatik huts egin dit bizitzak...?
Negarra... Negar egin beharko nuke. Negar egin, bai. Malkoen usain gazi sarkorrak estaliko luke, agian, nire porrotaren hatsa. Baina ezin dut. Ederra horma! Bai, horma ederra malkoen indarrari eusten diona! Hogeita hamabost urtetan hasitako bizitza hil-jaio honen errua niregandik kanpo bilatzearen horma erraldoia. Kontrabajua esate baterako. Bai, heuk daukak erru osoa. Heuk ekarri nauk hona, traste nazkante-urde-zikin-higuingarri hori. Heuk despuztu dituk nire ilusioak, heuk lainotu dituk nire asmo garbiak, heuk beldurtu nire amodioak. Heuk oztopatu dituk nire besteekiko hartu-emanak. Heuk aldrebestu didak mihia, konkretu eskua, nahastu burua. Heu haiz, tresna itxuragabe, parregarri eta... madarikatu hori, nire porrot miserable honen kausa bakarra. Leihotik behera bota behar haut, alproja hori, soinu zatarrontzi, madari...
Aiba!... Musika! Jonek kaseta martxan jarri du dagoenekoz. Bost minutu baino ez. Joder! Uste nuen denbora gehiago nuela. Ea zirrikitu honetatik... Uf, zenbat jende! Astalabandera! Hobeto. Errazago berotuko naiz. Koño! Hor, kontrabajutik oso gertu dagoen hori, ez al da Ana?... Ez, ez, ez da; antza badauka, bai, baina ez da bera. Eskerrak, konzentrazio guztia galduko nuke bestela. Konzentrazioa? Ze konzentrazio eta konzentrazio-ondoko! Zelan galduko dut ez daukadana? Tira, zeurera Mikel... Ez, Luis, Luis Retuerto, hogeita hamabost urte, kontrabajujolea. Ilusioak, amodioak, porrota. Errua?... Kontrabajuak. Edo ez, ez. Zergatik porrota? Izan nahi nuena naiz: artista. Honixe! Artista naiz, nire musika tresnarekin artea egiten dut, bai, artea. Artea? Bai, bai, artea. Gaur gaueko errepresentazioan erakutsiko dut, berriro ere, nire artea. Denek entzungo dute nire kontrabajua. Hitzez ere kontatuko nioke, edonori, nire bizitza, nire bizimodu zoriontsua... Zoriontsua? Bai, bai, zoriontsua, zoriontsua naiz. Orain burua garbitu, bizar hau kendu, txukun-txukun jarri eta... Orain! Badator! Ohartarazi egin behar diet egongelan daudenei, den-dena kontatu... Eh! Aizue! Adi egon apur baten mesedez! Badator! Adi egon mesedez!
«Maskarada» teatro taldeak muntatu obra honetako
Partehartzaileak
Antzeslea: Mikel Martinez Etxarri.
Zuzendaria: Karlos Panera Mendieta.
Soinu eta argiak: Jon Mesperuza.
Atrezzoa: Patxo Telleria.
Jantziak: Peio Gutierrez.
Kontrabajujole aholkulariak: Jon Piris Unzueta, Alex Zabala.
Ahozkapen eta doinu aholkularia: Irene Goikolea.
Itzultzaile-egokitzaileak: Joserra Egiluz, Joserra Urrutxua.
Jestioa: Marian Arruti.
«Kontrabajua» obraren estreinaldia, «Maskarada»k Bilbon antolaturiko II. Kafe-Teatro Jaialdian, 87.eko azaroan.
© Patrick Süskind