Hirugarren agerraldia

ANA: (Agertzen da haserre etxe barnetik, ondoren MATILDE dela). Ez horixe! Ez dut nik orain erroparik garbituko! Zeuk egin zazu soldata jasotzen duzunez.

MALEN: Baina, orain ere horrela?

ANA: Ez naiz ni orain ibaira joango!

MATILDE: Gaurkoan ere, alferrik ari naizela uste dut. Alfer alferrik!

ANA: Ez naiz ni joango!

MALEN: Ondo aitaren antzekoa irten dun hik ere! Zigortzea nahiago, lanari heltzea baino. Behin batez aitarekin joango bahintz...

ANA: Berriro alde egin behar al du?

MALEN: (Beretzat). Gehiago etorriko ez balitz ere...

ANA: Zer?

MALEN: Ezer ez! Egunen batean azaldu behar zaigula hire aita etxera, besapean beraren burua duela.

ANA: (Barrez). Hori izango litzateke ederra!

MALEN: Lanerako baino trebetasun handiagoa beharko din burrukarako edo bestela ihesi ibiltzen dun joaten den guztian.

MATILDE: Beraren aita bezalakoa bada, ez du berehalakoan atzera egingo burruka batean. Gogoan ditut oraindik nagusiaren aitak zen kontatzen zituen...

MALEN: Kontatu ez ditu gutxi egiten semeak ere! Guztiak egiak izango balira...

ANA: Baina ama... Uste al duzu gezurretan dela aita?

MALEN: Handiegiak esaten dituela ere sinisteko, pentsatzen hasia naun. Hire aitak hainbat buru ebakitakorik ez dun izango beste bat hemen inguruan!

MATILDE: Beraren aitak oraindik ere, gehiago izango zituen.

ANA: Aitonak gehiago nire aitak baino?

MATILDE: Nafarroa inguruan egun batez, berrogei hil zituela behin baino gehiagotan entzun nion.

MALEN: Baita zera ere! Oiloak ziur asko, salda egiteko...

MATILDE: Ez pentsa etxekoandrea, nagusiak sekula gezurrik esaten zuenik!

ANA: Nire aitak bezala.

MALEN: Zaudete isilik astakeririk esan gabe! Nik dakidanez, nire senarraren aitak ere, lanerako gogo izugarria omen zuen... Etxean, bi hilabete ez bat bestearen ondoren urte osoan eta bertan zenean gainera noiznahi etxea bete lagun.

ANA: Noizbaiten aitari entzuna diot, bai.

MALEN: Asteburuan gastatzen zuen itxura denez, gudaritzan ateratzen zuen diru guztia eta berriro joateko prest. Beste ametsik ez, bizi guztian...

MATILDE: Etxean sekula ez zen ezer palta izan.

MALEN: Ezta emakumerik ere nik jakin dudanez. Herrian ziren neskarik ederrenak etxe honetan, dirua zen bitartean.

MATILDE: (Barrez). Herrikoak bakarrik? Inguruko herrietan zirenak ere bai!

ANA: Emakumeak? Zertarako etxeratzen zituen aitonak?

MALEN: Zera... Danbolina jotzeko ziur asko! Inozoa ematen dun neska... Horiek ditun galdera txoroak egiten ditunanak.

MATILDE: Behin ere bukatzen ez ziren afariak... Inguruan ziren txahalik ederrenak edo ardi eta arkumeak... Edateko berriz, ardorik gozo eta egokienak... Txakolina, sagardoa...

MALEN: Afaria bukatzerako guztiak mozkortuak eta aste guztian berdin... Emakumeak bitartean, erdi gorrik dantzan, gizonezkoen begiak gozatzen zituztela.

MATILDE: Bapo galdua du gaztelu honek, aurrez izan zuen indarra eta ospea...

ANA: Zergatik ez dugu berriro horrelako zerbait antolatzen, ama?

MALEN: Hire aitak etxeratzen duen diruarekin erreza dun... Ogia ahoratzeko egin behar izaten ditugun mirariak txikiak ditun bada! (ANAri). Tira... Joan hadi agudo ibaira eta ekarri erropak. (MATILDEri). Eta zuk bitartean, prestatu zaiozu jatekoa nire senarrari.

ANA: Ama...

MALEN: Txintirik ere ez! Besterik egingo ez badun ere, ekarri erropak agudo.

ANA: Kaka zaharra! Beti nik joan behar izaten dut.

MATILDE: Gezurra galanta! Bigarren aldia besterik ez duzu gaurkoa!

ANA: Lehengo astean ere...

MATILDE: Lehen aldia.

MALEN: Zaudete isilik! (Haserre). Berdin da lehen aldia, bigarrena edo hirugarrena bada ere! Tira Ana, zoaz agudo.

ANA: Joango naiz bai, baina datorren astean ikusiko dugu... (Alde egiten du kanporako atetik).

MATILDE: Ikusiko litzateke nortaraino lotsagabetzen ari den...

MALEN: Zoaz zu ere... Aginduak emateko nahikoa naiz etxe honetan.

MATILDE: Banoa, banoa... (Alde egiten du etxe barnera).

MALEN: (Bakarrik gelditzean). Lotsagabea? Ez dakit bietan nor den lotsagabe handiena? Ederra da bada neskame zahar hau ere! Esandakoa egitea baino gehiago gustatzen zaio honi ere agintzea. Egunen batean lehertu behar dut eta azkena esan beharrekoa hasieran esan behar diot. Aitonaren txorakeriak direla medio erotu behar nire alaba... Amets gutxi du lehen ere bere buruan!

 

© Imanol Elias


susa-literatura.com