Bigarren agerraldia
SANTXO: (Musika isildu eta argiak piztean bat batean, eseririk agertuko da mahai inguruan). Beste behin nire beharrean da herria eta beste behin nire indarrak eskaini behar dizkiot.
MALEN: (Zutik SANTXOren ondoan). Eta etxeko lanak gelditu daitezela beste batentzat!
SANTXO: Lehenik herria da.
MALEN: Ez dakit horrela den edo ez, baina, ez gari eta ez arto gelditzen bagara, esango dizut zer jango duzun hemendik aurrera. Herria izango da lehenik, baina sabela betetzen ez baduzu zerbaitekin, berehala ahaztuko zara herriarekin.
SANTXO: Sekula ez! Ondo dakizu nire sendia izan dela betidanik herria defendatzen saiatu dena eta bide hori jarraituko dut nik, baita jangabean ere!
MALEN: Ez zenuen berdin pentsatzen azken gerratik etxeratzean...
SANTXO: Zuk ere, ez zenuke berdin pentsatuko nik bezalako une gogorrak igaro ondoren. Lau hilabete ederrak igaro nituen bada sinisgabeko beltz eta narraz horiekin... Goseak ezezik lurpean sartuta alajaina! Eta egarriak... Ito behar egarriak! Baina, ez etsi ordez! Ez horixe! Ezpata bat eskuratzeko era izan nuen unean, berehala nintzen ihesi...
MALEN: Ihesi? Ez ziren azkarrak beltz horiek, itxura denez.
SANTXO: Ez zirela bizkorrak? Zergatik diozu hori?
MALEN: Zu behintzat zeharo motela iritsi zinelako.
SANTXO: Bide luzea egin ondoren. Beltz haien hatzaparretatik ¡hes egitean, ez ninduen inork harrapatuko. Ezta zaldian izanda ere! Ez arranoa! (Zutituaz eta ezpata bat eskuan izango balu bezala). Zazt lepoa, ni zaintzen zegoenari... Zazt, besteari... Hirugarrenari berriz, burua erdi bi.
MALEN: Eta zuri, inork ezer ez...
SANTXO: Ez arranoa! Hori gainera, hiru egunean ezer jan eta edateko eman ez zidatela. Aurrez, bapo jan eta edan banu, ez nuen bakar bat ere zutik utziko. Etsaiak!... Perretxikoak bezala ebakiko nituen nire ezpatarekin beltz guztien buruak!
MALEN: Arbizabarko Martin-ek ez du horrelakorik esaten...
SANTXO: Martin-ek? Zer entzun diozu bada txotxolo horri?
MALEN: Zera... Oraindik ere beltzen menpean izango zinela, berak apurtu ez bazituen zure kateak.
SANTXO: Nire kateak horrek apurtu? Baita zera ere! Nik askatu nuen bera, nik... Ez beste inork! Hobe nuen bertan utzi banu horrelako txorakeriak esaten ari bada. Ikusi egin behar zenuen, delako Martin hori, kateak askatuta gero ere pauso bat eman ezinean... Kaka egina zela zirudien!
MALEN: Berak beste hainbeste dio zutaz.
SANTXO: Ez dadila joan nirekin oraingo gerrara edo bestela lepoa moztuko diot. Nazkagarri txotxolo zabarra! Euliak baino ere indar gutxiago eta gezurretan hasiko ote da bada? Hitz erdi bat entzuten dudan unean, zazt! agudo.
MALEN: (Haserre). Zazt! Zazt! Zazt! Besterik ez duzu buruan. Haserrea, burruka... Bitartean gure soroetan sasia nagusi. Ezer gabe etxean!
SANTXO: Egon zaitez lasai emakumea! Guztia antolatua dut eta neurriak hartuak, ni kanpoan naizen bitartean ezer palta ez dadin etxean. Begira... (Esertzen da lehengo tokian). Berehala
agertuko dira hiru gizonezko honuntza, morrontzan etxeko lanak egin ditzaten.
MALEN: Hiru gizonezko?
SANTXO: Hiru, bai. Berek landuko dituzte gure soroak.
MALEN: Eta ordaindu?
SANTXO: Ekarriko dut nik nahiko dirua.
MALEN: Azkenengo aldian bezala...
SANTXO: (Zutituaz haserre). Azkenengo aldian bezala ez! Ez dizkit inork bidean harrapatuko oraingoan. Ez hala zankoa! Irabazten dudan guztia hemen izango duzu oraingoan edo bestela hilik etxeratu beharko naute.
MALEN: Beti gertatzen zaizu zerbait azken orduan eta xentimorik gabe azkenean etxera. Batzutan harrapatu... Bestetan jokoan galdu...
SANTXO: Ez zait oraingoan horrelakorik gertatuko!
MALEN: Ez hobe! Esango didazu bestela nolatan ordaindu beharko diegun hiru morroi horiei.
SANTXO: (Eseriaz lehengo tokian). Egon zaitez lasai.
MALEN: Bakarra ere, nahikoa izango genuen, baldin langilea izanez gero behintzat.
SANTXO: Gure gaztelu hau beti izan da guztien ispilu bezala eta berdin jarraituko du ni bizi naizen artean. Hiru morroi behar badira, hiru ekarriko ditut. Bost behar izanez gero berriz...
MALEN: Bost ziur asko. Ukelondo sendiaren handitasuna guztien aurrean azaltzeko, ganbarako kutxak hutsak badira ere. Itxura galanki eta ezer ez!
SANTXO: Ezer ez? Gutxi iruditzen al zaizu ni bezelako senarra izatea? Euskal Herri osoan zehar aurkitu dezakezun gudaririk ausartiena, indartsuena...
MALEN: Zerbait gehiago erantsitzekotan, arlotea erantsiko nioke.
SANTXO: Sekula ez duzulako ulertu herriarentzat dudan maitasuna.
MALEN: Maitasuna baino gehiago esango nuke nik, duzula handi nahia. Guztien aurrean heroe bat bezala agertzeko gogoa. Eta zer irabazten dugu horrekin? Ezer ez! Itxura besterik ez!
SANTXO: (Zutituaz haserre). Alferrik da zurekin jardutea! Sekula ez didazu ezer ulertuko. Tira... Prestatzen naizen bitartean inor etortzen bada, deitu zaidazu. (Alde egiten du barnera).
MALEN: (Bakarrik gelditzean). Deitu ez dakit baina, makilka ederra pozik emango nioke, baldin aurrez jakingo banu, bakarra eman eta hankaz gora botako nukeela. Guztia utzi eta alde egingo du gainera berriro... Jainkoak dakien lurretara! Ez dakit gaizki opatzea ez den, baina poz hartuko nuke halako batetan norbaitek estualdi handi bat emango balio.
© Imanol Elias