Hirugarren agerraldia

KIKENPUTZ: Hi haiz Bernard Pekogain... Ni nuk Kikenputz... Hire familia untsa ezagutzen diat... Aah hire familia zer familia, hura familia... Adixkide gituk gero, adixkide haundiak. Betidanik elgarrekin kurutzatzen gituk... Eta hik zer egiten duk deia?

BEÑAT: Euh nik (partitu nahiz).

KIKENPUTZ: Entzuna diat ba... Ah ba hemen bizi haiz... Baduk kuraia ba segur... Hi bezalakoak behar ditiau. He Gazte.

BEÑAT: Barkatu Kikenputz bainan..

KIKENPUTZ: ...Gu ere gazte izan gaituk denboran... ba ba... Zen adin duk deia?

BEÑAT: Hein, zer adin be...

KIKENPUTZ: Ba ba... hori hori adin ederra... ederrenetarik... gureak egina dik... nahiz beti hor giren eta oraino prunt gero... Ago bainan hi eskolatua haiz ez? Hori hori gauza ona... ez dea hala Inzpirazion?

INZPIRAZION: Jainkoak begira gaitzala, burua zapartatzeraino eskolatua izaitetik.

SUSPIROSA: Eskolak gaizoa ez dik asto bat zaldi bilaka arazten... Gu guttiagorekin gelditu gaituk bainan ez zakala uste izan hitz ederrez ilusituko gaituzkala.

KIKENPUTZ: Oraiko egunean eskola beharrezkoa dun Suspirosa... gure denbora joan dun bainan behar ere hor ginduen Ebarrizte besteñez.

SUSPIROSA: Ba harek ere behar ere, gu bezalakoak baditin bestela ez zian dituen karguetarat helduko...

KIKENPUTZ: Ezagutzen duk he Ebarrizte.

BEÑAT: Ba, ba, ba.

KIKENPUTZ: Nola ez gaituen laguntzen he.

BEÑAT: Ba ba (hau nekez).

KIKENPUTZ: Ta bere emaztea, ze kuple xarmanta xinplea... gizona aferetan.

SUSPIROSA: Emaztea alferrezkoetan... beste ttula hura...

KIKENPUTZ: Holakorik erran behar ere Ebarriztetaz eta bere emazteaz. Harek segurik denendako ele goxoa din... bisitak egiten ditin.

SUSPIROSA: Hemen hastekotarat ez din zangorik sartzen... alta jiten ahal dun ene bisitatzerat hunarat denak gomit ditun... Konprenitu duk Beñat... Hik berdin zerbait hartuko hunaz geroz!

BEÑAT: Euh, ba, ba.

KIKENPUTZ: (Ahapetik BEÑATi) Suspirosa beti hola duk bainan ez dik erraiten gogoan duena... he... Ez dea hala Konfirmazion.

KONPLIKAZION: Jainkoak begira gaitzala gogoan dugunaren erraitetik...

 

© Guillaume Irigoien


susa-literatura.com