Bigarren agerraldia

(BOTZ OFF - BEÑAT - SU TA FU).

BOTZ OFF: Onaixtian hasia segitzen dugu...

Orai Beñat Pekogain personalki agertuko zauku (Musika egoki bat... nehor ere).

Orai Beñat Pekogain personalki agertuko zauku... Beñat Pekogain...

(Delako musika egoki hura... BEÑAT sartzen da iduri eta botatua) Beñat Pekogain beraz sortua Abendoko gau hotz batez jada errana dugu... Iragan zuen gaztetasun bat arras normala eta ez dugu hortaz luzatuko... Nahiz garrantzitsua izan memento hori... bainan nehorek ez du horri kasu egiten... Bakarrik... Beñat Pekogain orduan ideki zen bere inguruko munduari... bere herriko tira biraz... Orduan zuen ere ezagutu bere bizi guzian adixkide min ukanen zuen Su Ta Fu... Eta hemendik aintzina kundatuko dautzietegu biziko zepo eta minkeria guziek hautsiko ez duten adixkidetasun hori... Beñat Pekogain eta Su Ta Fu-ren ixtorioa... Beñat Pekogainen begiekin ikusirik... Eta orai beraz ixilduko naiz eta utziko ditugu bi lagunak bakarrik beren gazte denborako ilusio eta amentsekin beren barneko desira Sekretuenekin... bizi latz baten aintzinean... beren lekua, beren xokoa egin nahiean, besten artean, beren ideia berriak nahiz partekatu bestekilan. Bai bide dorpea daukate egiteko bainan gazte dira hori dute beren harma bakarra... gazte dira gazte.

SU TA FU: (Brau sartuz) Bai Beñat gazte gituk gazte indarrez, ideiaz eta amentsez beteak... Bizi guzia gure aintzinean diuk eta nahi badugu denak esku... Herri hau aldatuko diuk, azpiz gora ezarri, behar balinbadugu ere, gostaren gosta, denak zoriontsu eta libro izan ditezen...

BEÑAT: Uste duk gure hertarrak zinez gaizki direla?

SU TA FU: Bixtan dena gaizki direla beren usaia murritz eta apaletan preso... Bai usatuak dituk beren bizi gustu gabekoari eta ez die sekulan jastatu berek altxatu bizimolde justu eta libro bati.

BEÑAT: Zendako ote? Zerk debekatzen diete holako Sukrezko bizi juszua?

SU TA FU: Zerk? Ez, ez dik erran behar zerk behar dik galdegin nork. Nork?

BEÑAT: Ah bon orduan nork?

SU TA FU: Nork? Nahi duk jakin Nork? Nork egiten duen hemen aro ederra ala txarra... Nork dauzkan hemen podere guziak... Noren ganik behar den pasatu den mendreneko gauza ttipiaren ukaiteko... Nork atxikitzen dituen jende guziak Jume, bakotxa beren kortxilan... bera denen buru egon dadin?

BEÑAT: Be harek (erakutsiz EBARRIZTEren lekua).

SU TA FU: Bai harek... harek... harek du egundainotik leku hori ukan eta atxiki, eta nahiko du sekulakotz atxiki... harek du gure herria den bezala ezarri edo utzi ezartzerat gauza bera baita... harek du gure herria biltzerat kondenatu agonia luze batean... bere lekuaren atxikitzeko eta azken mementoraino, gure herriaren azken hatsaraino egonen da bere lekuari lotunik... baitaki herri hau bere baitarik berriz bizi baledi bere Tokia, bere poderea gal lezakela. Bai Beñat hori diau bota behar gure herriaren eta hertaren arrabiziarazteko.

BEÑAT: Badiuk lan orduan... Ta antzina Jauntto horri bilo bat hunkitzea salbu denak dire kontra jazartzen zaizkik... Beren zorionarendako ari girela erraitea ez duk aski izanen.

SU TA FU: Badakiat Beñat... baina guk badiuk bestek ez duten gauza bat... Badakiuk arrazoin dugula... Eta gure hertarrak horri ohartuko dituk hura bota orduko. Hortakotz gaur Beñat abiatzen gaituk bide luze batean. Zin egin dezagun bururaino heldu arte ez dugula etsiko.

BEÑAT: Zin egiten diat!

SU TA FU: Zin egin dezagun gauaz, egunaz eta gauaz borrokatuko girela irabazi artino.

BEÑAT: Zin egiten diat!

SU TA FU: Zin egin dezagun ez dugula barkatuko Jauntto hori bere azken podere xortaz zintzatu arte.

BEÑAT: Zin egiten diat!

SU TA FU: Zin egin dezagun gure inguruko jendek ez gaituztela epelaraziko gure delibero beroetan.

BEÑAT: Zin egiten diat!

SU TA FU: Zin egin dezagun ez dugula besteen erraner kasu eginen, ez dugula deus hautsi mautsirik onartuko, geroan gurea gogoan beti ibiliko girela.

BEÑAT: Zin egiten diat!

BIEK: Zin egiten dugu!

SU TA FU: Oraitik haste Jakin zak Beñat ene konfiantxa osoa badukala. Beste guzietaz futitzen nuk, bainan hi ene anaia baino gehiago haiz, Beñat Pekogain!

 

© Guillaume Irigoien


susa-literatura.com