Lehen agerraldia
(Oihala idekitzean: ilunpean. SU TA FU, BEÑAT eta BERE BURUA salbu, denak taula gainean dira - EBARRIZTE geroxago sartuko da. Mintzatu bezain laster jokolaria argitua izanen da).
EBARRIZTSA: (KIKENPUTZi) Bi arroltze aski ditut gaurko. Suspirosak jada lau eman daazkit... beste hiru berriz bildu ditut...
KIKENPUTZ: Nihaurek emanen nauzun ba dotzena osoa beharrez..
EBARRIZTSA: Milesker Kikenputz anderea bainan... nahiago ditut berriko etxe guzietarik bat edo bi. Bakotxek badute beren gustua ta...
KONPLIKAZION: Jainkoak begira gaitzala gormant izaitetik eta arroltze hautatzetik.
KIKENPUTZ: Ez holakorik erran Konplikazion... Zuk ezagutzen liferentzia he arroltze batetik besterat... Zer den jakitatea bestenez...
SUSPIROSA: (Basoak eta botila ekarriz mahainerat) Zinez behar dik Ebarrizteren emaztea izan... Nere moleta merkeago badiak to!
PETTE: Badakinau Badakinau... Solasarena bederen badiun hola! Ez dea hala Bekain Beltz.
BEKAIN BELTZ: Hoinbeste ere ez dik merezi kixkilkeria horrek.
(Hortan EBARRIZTE sartzen da denak agurtuz)
EBARRIZTE: Agur Jaunak...
BEKAIN BELTZ eta PETTE: (Boneta kenduz) Baizurie Ebarrizte jauna.
EBARRIZTE: Agur Supiriosa Etxeko Anderea.
SUSPIROSA: Hain zira okupatua Ebarrizte Jauna, plazer egiten daut zure ikusteak.
EBARRIZTE: Ez zure ikusteak emaiten dautan bezenbat, segurrenik ere... Zuek ere egonki (PETTE ta BEKAIN BELTZi).
PETTE: Ene adinean ardura hemen atzemanen nauzu.
BEKAIN BELTZ: Hau ere noiztenka on... Sobera kalte (Basoa erakutsiz).
KIKENPUTZ: Zu zure emaztearen bila jina... Nere arroltzetan da.
EBARRIZTE: Pentsu nuen ez zitakela urrun... Eta zuk Intziriazion anderea errematisma horiek beti kexu.
INTZIRIAZION: Aah... Jainkoak begira zaitzala errematisma ukaitetik.
(Ixtano bat BOTZ 0FF bat entzunen da horren denboran gure zazpi lagunak geldirik egonen dira... araberako jestu batzu eginez noiztenka)
BOTZ OFF: Horra zer jende arte goxo eta beroan, behar zuen sortu, Beñat Pekogainek antzerki huntako gizon guziz xelebreak; abendoko gau ilun eta hotz batez...
DENEK: Brr... brr...
BOTZ OFF: Bainan betiko errana da... Neguan sortu landare eihartiak... primaderan egiten punpiak.
DENEK: Ba, ba...
BOTZ OFF: Eta horrela Eguzkiak erre eta haizeak pelatu lur ingrat hortan Beñat Pekogainek egin zituen bere lehen urratsak biziaren gauean... aurkituz zonbait aldiz bere inguruko jende xume, ezti eta xerbitxu emanen artean goxotasun erreinu bat... adixkidetasun irriño bat... Eta segur bazuen holako baten beharra gure Beñat Pekogainek, bere bidearen kausitzeko mundu lohitei hortan...
SUSPIROSA: Bon! Luzaz egon behar duguia ba tetele horren beha?
BEKAIN BELTZ: Hainbeste aipamenik gabe jin gituk mundurat gu!
KIKENPUTZ: Uste duzu norbait inportant dela Ebarrizte Jauna.
EBARRIZTE: Bakotxak badugu gure inportantzia... Jakin beharra dena da... Zer inportantzia hartuko duen Beñat horrek.
PETTE: Hori bestek bezala araiz, behabada gehiago, segurrenik ere guttiago... ez dea hala Konziderazion?
KONPLIKAZION: Jainkoak begira gaitzala behar baino inportantzia gehiagoren ukaitetik.
EBARRIZTSA: Nago bere arroltzek zer gustu ukanen duten.
PETTE: Naski laster jinen ziakok Ebarriztsa arroltzeka.
BEKAIN BELTZ: Bere senarraren gustukoa balin bada ba...
EBARRIZTE: Zer nahi gisetarat jakin dezala, Beñat Pekogainek, gogotik errezebitzen dugula... bere lekua baduela gure artean... ez badu sobera hartu nahi bederen.
SUSPIROSA: Ene ostatuan hastekotarat, nahikoa baduke... Ez nau ni puxulatuko.
KIKENPUTZ: Ez ahal da buru bero horietarik izanen araiz... zure ustez Ebarrizte Jauna... (DENAK ateratuz).
EBARRIZTSA: Nik laster jakinen dut zer kalitatezko gizona ditaiken... bere arroltzetarik.
(KONPLIKAZION bakarrik gelditzen da ixtaño bat. Uxtu bat eta ohartzen da DENAK ateraiak direla. Ateratzen da)
© Guillaume Irigoien