III. agerraldia

(MINISTRARIA pulpitora igo eta argiak erabat aldatzen dira: eskenategia argitzen zutenak itzali eta TEKNIKARI eta LANGILEEk instalatutakoak pizten dira, MINISTRARIA argituz, eta oso zeharka IDAZKARIA. MINISTRARIAk urruma egin eta ahots engolatu samarrez hasten da bere saioarekin. Txalo uneak datozenean ixilik geratuko da nabarmenegi, eta IDAZKARIAk aparailu bati eragingo dio, zeinaren bidez txaloak entzuten diren. A eta B (FOTOGRAFOAK) sartuko dira eta flashkadaka arituko dira argazkiak egiten).

MINISTRARIA: Jaun andereok, aldez aurretik, arratsaldeon guztioi; saiatuko naiz llabur izaten, ikusentzule zaituztedanok ez aspertzearren. Ni nauzue kultur ministrari berria.

Gure gobernu buruak aukeratu nau eginkizun zail eta sarritan eskergaitz honetarako. Benetan diotsuet nere aldetik gustorago nengokeela etxeko sutondo epelean eta agintearen irrika eta goseak ez didala kilikarik egiten. Aitortu behar dizuet halaber, ez dudala inondik ere uste betebehar honetarako dagoen pertsonarik egokiena naizenik; bada gure herrian hamaika gizon eta emakume dudarik gabe nik baino prestakuntza osatuagoa, jakituria zabalagoa eta dohai haundiagoak dituztenak; baina ni aukeratu nautenez, ene apaltasunetik zin degizuet ahal dudan guztia egingo dudala gure kultur ondarea zabaltzeko lanean. Nigan beti izango duzue elkarrizketarako prest dagoen lagun bat; hori nahi nuke bederen. Ez dut sekulan ideologiarengatiko bazterketarik egingo, etxe honetan benetako kultura hedatu nahi dutenek beti izango baitituzte ateak zabalik. (txaloak) Ez nuke inoren nagusi izan nahi, zuekiko elkar lanean saiatuko den lankidea baizik. (baso bat ur edaten du; IDAZKARIAk berriro betetzen diona) Edozein projektu edo egitasmo bultzatzeko eta behar den diruaz hornitzeko asmo sendoa dugu, eta laguntza horiek erabakitzeko garaian erabiliko dugun erizpide bakarra aurkeztutako lanen kalitatea izango da; kalitatea, eta honekin batera gure herriaren sustraiekiko atxikimendua, ez baitugu inoiz eta inolaz ere gure lurra, gure herria ahaztu behar. Baina ez dezala inork pentsa iraganean, arbasoen garaiko lilurari lotuta eta aingira botata gaudenik, aurrera doan herria baikara; gure irudia, gure oraina eta errealitatea munduaren aurrean erakutsi behar ditugu, eta munduan barrena egiten diren aurrerapenetan ezin gaitezke atzean gera, gu ere Europa baikara (txaloak). Horregatik, kultura berriaren gizalegearen eta aurrerapenaren erakusgarri eta ispilu denez, ahaleginak egingo ditugu, eta ziur naiz zuek ere egingo dituzuela, gure kultura aurrerabidean jartzeko (ur tragoskada). Denok elkar hartuta abiatu behar dugu gure eginkizun honetan, praka bete lan

baitago; horrexegatik zaituztegu beharrezko pintore, eskultore, idazle, zinegile, antzezle eta kulturaren alorrean mugitzen zareten bestelako langile guztiak (txaloak, baina gutxi). Kultura herrikoia zuzpertu beharra dago, eta orain dagoen zulo horretatik atera, kultura herriaren arnasa baita (txaloak). Gure artisten lana bultzatu beharrean gaude, ez daitezen izan beti mixerian eta eskean aritu behar izaten duten buhameak; artistak baitira herriaren arima, (txalo ixileraziak) gure nahi, irrika, atsekabe eta bizipozak arte bihurturik agertzen dakiten eta sentikortasun berezi baten jabe diren gizon eta emakumeak (txaloak eta ur zurruta). Bukatu egin behar dut, esaera zaharrak dioen legez hitzetan motz eta ekintzetan luze izan nahi bainuke; eta diskurtso baino gehiago zuentzako agur bero izan nahi lukeen honi amaiera emateko, gogora dezagun beste behin kultura dela herri bat irekiago, eskuzabalago, maitekorrago, bizigarriago eta batez ere zoriontsuago egiten duena. (txalo haundiak) Besterik ez; agur t'erdi (txaloak).

(Txalo artean eta hasierako musika berarekin, argiak apalduz doazela,

OIHALA)

 

© Xabier Mendiguren Elizegi


susa-literatura.com