II. agerraldia

(Argi gehixeago; kultur MINISTRARI Jauna eta IDAZKARIA sartzen dira).

IDAZKARIA: Sikiera ere! Egin dute azkenik bere lana alproja zikin horiek. Ez da horren gaizki geratu. (behatzez tribuna-pulpitoan hautsik badagoen egiaztatzen du; poltsotik zapitxo bat atera eta azken pasara egiten dio) hara bada. Ministrari jauna, ia dena prest dago, nahi duzunean hasteko; telebistakoak bakarrik falta dira. Errepasatuko al dugu piska bat diskurtsoa?

MINISTRARIA: (urduri samar) Bueno ba; honez gero ia ia buruz ikasia dut, baina beste behin entsaiatuko dugu, hala nahi baduzu.

IDAZKARIA: Txaloak eta egin behar ditugun uneak zehaztuko ditugu.

(TEKNIKARIAK sartzen dira: A (teknikaria) mlkrofonoek funtzionatzen duten egiaztatzen arituko da eta B (teknikaria)-k Telebistako kamarak instalatuko ditu. Hauek lanean ari diren bitartean IDAZKARIAK eta MINISTRARIAK ahapeka hitz egiten dute, diskurtsoa idatzita dagoen paperei begira, hari buruzko xehetasunez eztabaidan, zenbait pasarte errezitatuz eta txaloak entsaiatuz)

MINISTRARIA: Esate batera, estraineko txaloak hementxe izan daitezke: nik zera esaten dudanean «baina ni aurkeratu nautenez, ene apaltasunetik zin degizuet ahal dudan guztia egingo dudala gure kultur ondarea zabaltzeko lanean». Orduan zuk plas, plas, plas, egin eta...

IDAZKARIA: Ez baina, zera, nere ustez egokiago litzateke genoxeago egitea txaloak: begira, hemen, beti izango baitituzte ateak zabalik esatean.

MINISTRARIA: Aber,aber: «Ez dut sekulan ideologiarengatiko bazterketarik egingo, etxe honetan benetako kultura hedatu nahi dutenek beti izango baitituzte ateak zabalik» (plas, plas, plas, plas) Bai, bale, ez da gaizki geratzen. Eta gero hemen? «Zuekiko elkarlanean saiatuko den lankidea baizik» esaten dudanean?

IDAZKARIA: Bai, ondo dago, baina aurrekoa gertuegi du. Hobe beharbada hor baso bat ur edaten baduzu.

MINISTRARIA: Konforme (paperean apuntatuz) Hor, baso bat... ur.

IDAZKARIA: Hurrengo txaloak Europarena aitatzean egingo ditugu. Europa beti izan da gai erakargarria.

MINISTRARIA: Bai, bai, ea nola geratzen den: «eta munduan barrena egiten diren aurrenapenetan ezin gaitezke atzean gera, gu ere Europa baikara»

IDAZKARIA: Hor doaz txaloak. Eta gero, «gure kultura aurrerabidean jartzeko» esaterakoan beste ur tragoskada bat edan zenezake.

MINISTRARIA: Ederki, ederki. (apuntatuz) Aurrerabidean jartzeko... ur tragoskada. Eta hurrena, horko zerean, «kulturaren alorrean mugitzen zareten bestelako langile guztiak» esaten dudanean izan daitezke txaloak.

IDAZKARIA: Beharbada bai, baina txalo txiki batzu besterik ez, askozez esaldi biribilagoa baita ondokoa, arnasaren hori.

MINISTRARIA: Aber, utzi ikusten... «kultura herrikoia zuzpertu beharra dago, eta orain dagoen zulo horretatik atera, (ozenki oso) kultura herriaren arnasa baita!»

(Teknikariek txalo egiten dute beren lana utzita, eta MINISTRARIAk eskerrak ematen dizkie, kokildu samartuta eta keinuka)

IDAZKARIA: Segi dezagun aurrera. Geroxeago artistak aitatu behar dituzu.

MINISTRARIA: Bai, hemen: «artistak baitira herriaren arima».

IDAZKARIA: Bueno ba hor, txalo batzu izango dira baina zuk ixil eraziko bazenitu bezala egin beharko duzu eta atzetik datorren esaldian etorriko dira benetako txaloak.

MINISTRARIA: Non, non?

IDAZKARIA: Hemen, begira: sentikortasun berezi baten jabe...

MINISTRARIA: Bai, bai...«Sentikortasun berezi baten jabe diren gizon eta emakumeak», ezta?

IDAZKARIA: Holaxe; eta bidebatez azken zurrutada emango diozu basoari, diskurtsoaren azken ahapaldiarekin hasi aurretik. Eta bukaeran, txalo haundiak.

MINISTRARIA: Primeran; nik esango dut «gogora dezagun beste behin kultura dela herri bat irekiago, eskuzabalago, maitekorrago, bizigarriago eta batez ere zoriontsuago egiten

duena».

(TEKNIKARIAk berriro hasten dira txalo zartaka, bukatua baitute lana)

IDAZKARIA: (MINISTRARIAri) Ondo dago, nahikoa dugula uste dut, zuk besterik ez badiozu. (TEKNIKARIEI) Eta zuek, zertan zarete? Bukatu al duzue lana?

A (TEKNIKARIA): Bai jauna; barkatu, andrea.

IDAZKARIA: Andeneño, ajola ez bazaizu. Eta bukatu baduzue, joan zaitezkete. Ala, ala! (badoaz) (MINISTRARIAri) Hasiko al gara?

MINISTRARIA: (Paperak hartu, aitaren egin, ispilu batean bere burari begiratu eta azken orduko apainketak egin ondoren). Bueno ba; ea dena ongi ateratzen zaigun.

IDAZKARIA: Lasai egon; ongi aterako da.

 

© Xabier Mendiguren Elizegi


susa-literatura.com