1. ekitaldia
1. agerraldia
(Musika alaia entzuten da, martzial samarra, hala nola Marseilesa, Internazionala, USAko himnoa eta antzekoak; isilduz doa eta irratiko berriemalea entzungo dugu, ohizko albistarien gisan).
0FF: Gobernuburu berriak erabakia du nor izango den hauteskundeetatik sortuko den bere lehen gobernu honetako kultur ministraria; oraindik haren izena aditzera eman ez badu ere, gaur arratsean jakin eraziko zaie komunikabide guztiei; aldez aurretik esan dezakegu iturri fidagarriek diotenez kultur ministrari berria kultur munduan eskarmentu haundikoa dugula, kulturaren alor zenbaitetan luzaro aritutakoa eta hainbat eta hainbat idazle, musikari, pintore, zinemagile, eskultore, aktore eta abarrekoak lagun dituena; beraz ez dago dudarik kulturaren inguruan mugitzen diren guztiak zorionekoak direla gaurkoan, beren kezka, amets, asmo eta helburuekin bat egiten jakin eta horixe bera nahi duen ministraria topatuko baitute gobernu berrian....
(Iratiaren abotsa apalduz doa eta berriz ere entzungo dugu jai giroko musika ozen eta martzial samar hori. Hau ere apalduz joango da, oihala zabaldu eta eskenategia argituz doan neurrian. Oso dekoratu gutxi behar da, ia hutsik ageri baita: zenbait tresna eta ofizinetako gai han hemenka sakabanaturik; paretetan turismoko edo kultur ekitaldi batzutako txartel eta ira garkiak. Bi langile sartzen dira, txistuka, eskilarak, kableak, mailuak eta bestelako tresneria daramate; buzoz jantzita, zigarroa ezpainetan, lanerako asmotan datoz baina patxaran, presarik gabe, berriketan ari diren bitartean).
B (LANGILEA): Hau al duk konpondu behar duguna?
A (LANGILEA): Konpondu edo, txukundu egin behar behintzat.
B (LANGILEA): Ez zegok lan makala. Hau duk kuxidadea hau. (Erreminta kaxa gainean eseriz).
A (LANGILEA): (Hau ere eseri eta zigarroa piztuz). Gero etorriko dituk señorito horiek eta dena pronto, garbi eta txukun nahiko diate gainera!
B (LANGILEA): Txukuntzea asko diate haiek. Ez dituk berehala hasiko, ez!
A (LANGILEA): Eskuak zikintzeko bildurra diate nonbait.
A (LANGILEA): (Ixilune baten ondoren). Ta, zein diagu despatxo honen inkilino berria?
B (LANGILEA): Ez zekiat ba. Harako ez dakit ze ministro edo arraio.
A (LANGILEA): Horiek bizi dituk horiek! Ni ere jarriko nintzateke siloi zabal horretan (besaulkian eseriz), jantzi antiajuak, jarri betoskoa eta hala! a despachar asuntos! (euskal doinuaz)
B (LANGILEA): (pantomimaz) Ministro jauna, berorrek badaki ondo asko nolako estuasunean nagoen eta eskatu nahi nioke arren gehiegikeria ez bada...
A (LANGILEA): (besteari jarraiki) Alde hemendik, alfer zikina! Hurrengoa!
B (LANGILEA): (beste ahots batez) Mesedez jauna, bost seme-alabaren aita nauzu eta ez dut haientzako ogirik eta horregatik...
A (LANGILEA): (bultzaka eta oldarka) Fuera nere begi bistatik alproja alaena. Ez diozue bati lasai lan egiten uzten, fu!
B (LANGILEA): (emakume baten trazak hartuz) Egunon ministro jauna; hemen dakarzkizut zuk eskatutako informeak. Ui! (markurtuz) zein korbata polita!
A (LANGILEA): (estiki, txantxetako xerak eginez) Zu bezalakoxea, poxpolina nerea. Hau sekretaria efizientea! Zatoz hona eta hitz egingo dinagu soldata igoeraren gainean.
B (LANGILEA): Zure gainean?
A (LANGILEA): Bai horixe!
(Une horretantxe sartzen da IDAZKARIA, haserre antzean).
IDAZKARIA: Zertan ari zarete hor, alfer halakoak? Altxa itzazue berehalakoan zuen ipurdiak hortik neronek emango dizkizuet bestela eta, ipurdiko galantak.
A (LANGILEA): Barkatu, señorita, zera...
IDAZKARIA: Ez etorri neri zera eta zera ondokoekin. Gela honek listo egon behar du hemendik ordubetera, kultur ministrari jaunak bere sarrerako hitzaldia egin dezan. Zuena izango da erantzukizuna den dena prest ez badago, eta larrutik pagatuko duzue ezer gaizki ateratzen bada. (Jiratu eta badoa).
A (LANGILEA): Gozoa jarri duk señorita... Jodo!
B (LANGILEA): Atso muturbeltza halakoa! Redios. Horrek zeuzkak biboteak, horrek dauzkanez.
A (LANGILEA): Bueno ba, lanean hasi beharko diagu! (imintzioz) Kultur ministrari jaunak bere hitzaldia egin dezan. (normalki) Hitz egin bai, hori behintzat egongo diate gogotik, besterik ez bada ere.
(Lanean hasten dira: traste zaharrak baztertu, hitz egiteko tribuna moduko bat ipini, mikrofonoak eta fokoak ezarri, bazterrak txukundu, eskobatu eta beste hainbat xehetasun, beti ere hitz egiteari jarraikiz eta noizbehinkako atsedenaldietan geldituz; mailu hotsa eta egingo dute; hizketaldiak etenaz kantaren bat txistuka edo marmaka abestu...).
B (LANGILEA): Ta guk bitartean, lana. Lan eta lan, beti lan. Lau urtetik behin gainera gauza bera gertatzen duk. Elezioak etorri eta katapun! Lehen Santo Kristo zela uste zuena hor zihoak popatik hartzena.
A (LANGILEA): Baita berri bat harro asko sartu ere. Gero eta haundi uste gehiago dutela ematen dik gainena.
B (LANGILEA): Ta, lehenaz gainera atso maripurtzil hori bezalakoak etorriko zaizkik, hemen bere etxean dabiltzala uste dutenetakoak. Hamaika ikusteko jaioak gaituk, eta hamaika sufritzeko. Badakik, guk kulturatik ez dugula eta, lanean aritu behan.
A (LANGILEA): Bai, eta ezin kejatu gainera, orain datozenek lanik ere ez dute izango eta. Gure Ferminek ere, ez zekiat zer egingo duen: eskolan parregarri zebilek; maistrak behin baino gehiagotan deitu izan ziguk, hola segituz gero bota egin beharko dutela. Nik esaten zioat horratio, Fermin! mundu honetan aurrera egiteko kultura behar dela, kultura!. Baina hark kasurik ere ez zidak egiten bere musika eta komeria horiekin.
B (LANGILEA): Badakik, gaurko gazteak...
A (LANGILEA): Txatxu alaenak! Dena eginda eman eta aprobetxatzen jakin ez. Manodura behar diate horiek, manodura.
B (LANGILEA): Horrenbesterako ere ez duk gero, eh!
A (LANGILEA): Bai; hi ere gaztea haiz oraindik eta defenditu egiten dituk; baina gu bezala bizi izan bazinete! Guk ez genian izan holako aukerarik. Hamalau urterekin hasi ninduan lanean ni, hamalau urterekin! Beharko gainera, etxean ere ogia sartu beharra zegoan eta. Orain berriz, droga dela, neskak direla, musika dela, alferkeria ederrean bizi dituk horiek. Nahiko nuke nik ere, nahiko nukeenez!
B (LANGILEA): Kristorenak bota eta azkenean inbiria besterik ez al zaik geratu? He, he, he.
(Lana buhatuz doaz eta beren erreminta eta lanabesak gordetzen hasiko dira).
B (LANGILEA): Bueno ba! Hau behintzat eginda zegok. Elegante utzi diagu gainera. Ez dituk kejatuko gero!
A (LANGILEA): Emango nioke nik ere galanta aurreko atso txepel horri, alajainkoa!
(Badoaz hizketan; eskenategia ilunxeago geratzen da).
© Xabier Mendiguren Elizegi