4.- Txinoak askatasuna aukeratu zuen
(Idazkun bati argia: "Estación da Sta. Clara". Geltokiko buruzagia hoska: "Hemen da, Kubako Santiagotik datorren trena. Ordubeteko geldialdia, bazkaltzeko. Jaun-andre bidaiariak pasa daitezke jan gelara". Eszenari argia. Rinconete eta Cortadillo txinoari esposatuak daude eta jaten, mahai baten aurrean eseririk. Geltoki-giro ozentsua)
CORTADILLO: (Bere eskuinez jaten). Bai india-baba gozoak.
RINCONETE: (Ezkerrez baliatu ezinik, ahopean) exkertia banintz beste oilar batek joko zidaan kukurruku.
CORTADILLO: Ze errezo ari duk hor?
RINCONETE: Ea hik bukatzen duanean tokiz aldatzen naizen, eta, orduan erabili ahal izango diat kutxara behar den bezala, ezkerrez ezin tajutu bait nauk.
CORTADILLO: Ez gaituk hemen aldaketan hasiko, jendea guri begira jar arazteko, ez? Ez al dituk ikusten dagoeneko mahaietatik hona begira? (gozoro jaten). Egin dezagun egitekoa, Jainkoak nahi duen bezala.
RINCONETE: Eta txinoa alde honetatik askatuko banu? Horrela honi ere jateko apur bat bota niezaiokek. Ez al zegok hau mantentzeko asmorik ala? Geroz eta argalago aurkitzen diat. Gainera berde itxura hartzen zihoak.
CORTADILLO: Iristen denean jatekotan izango duk.
RINCONETE: Trenaren geldialdiak eta Santispirituko gaua direla medio, bazeramatzak hiru egun gizontxoak, ura eta, arasan hartzen duen haizea besterik hartu gabe.
CORTADILLO: Zer egingo zioat? Ez zeukat presupuestorik. (Eskumuturretik esposa askatzen du). Zerbait egin ezak, nik moro eta kristau hauekikoa egiten diadan bitartean; atera ezak pixa egitera, atzo bezala, ez eskatzeagatik, zerri egina jar ez dakigun.
RINCONETE: Eta, gero, hau bizibidea dela esango duk! Nik behintzat ahalik eta lehenen alde egingo diat exerzitotik.
CORTADILLO: Bueltan dakarkenean, neurekin hartuko diat. Ez hadi larritu. Gero hausnartuko d lasai. (Rinconete badoa kanpora, txinoa tiraka daramala. Kortadillok, bazkaria bukaturik, purua pizten du).
© Alfonso Sastre