Lehen agerraldia
Antzeztokian inor ez: aulki bat, mahaia, hamakako edo kulunkatzeko besaulki bat. Mahai-gainean telefono bat dago. Ormetako batean, konketa bat xaboia, edalontzia, xukadera eta abarrekin. Ormaren goihen, burdinesidun leihoa. Ez du, haatik, gartzela-gela eman behar, baizik itaunketetarako gela bat.
PEDRO, esku-hankez loturik eta zanoa buruan, sartzen da, nonbaiteko zaintzaile edo soldaduek, ikusiko ez direnak, bultzaturik. Ezagun da jo dutela. Bortxatze fisikoetarako lehen saio arin batetik datorrela. Geldirik geratzen da, zutik, utzi duten lekuan, zerbait itxaroten bailego, zigor gehiago agian. Minutu batzuren buruan, kapitaina sartzen da, uniformatua, burhasik, ongi orraztuta, hutsik bat ere gabe, bere buruan halakoxe askitasun antza. Pedrogana hurbildu eta besotik helduko dio, gogorkeriarik gabe. Ukitze hau dela eta, Pedrok bera burua defendatzeko mugimenda instintuzko bat egingo du.
KAPITAINA. Ez beldurrik izan. Bakarrik aulkia non den erakusteko da.
(Aulkiraino eraman eta eserarazten du, PEDRO gogor eta zurrun dago, ez da fido. KAPITAINA mahairantz doa, paper batzu ikusiko ditu, besaulkian esertzen da gero)
KAPITAINA. Piska bat kolpatu haute, itxuraz. Eta ez duk izenik eman, noski.
(PEDRO isilik dago)
KAPITAINA. Lehen saioan hori gertatzen duk beti. Gainera, ez da komeni ere, jendea hona ekarri eta berehalaxe izenak ematen hastea. Nik ere ez nikek lehenbizikotik emango. Azkenean ere, zaplasteko batzu eramaten ez duk halako nekeza eta lagungarri gertatzen zaiok bati bere burua ongi sentierazten.
(PEDROk ez du hitzik esango)
KAPITAINA. Gero aldatu egiten duk gauza, zigorrak gero eta gero gogorragoak izaten baitira. Eta azkenean denek ematen ditek izenen bat. Egia esateko, nik lehen saioko isiltasuna bakarrik justifikatzen diat. Hortik aurrerakoa, masokismoa duk. Kontua atera behar duk, izenak hortzak hausten dizkiatenean emango dituan, ala hazkazalak ateratzean, edo ahotik odola botatakoan ala... zertarako segitu? Lista ongi dakik, sarritan publikatzen duzue-eta zuek, hatz eta behatz. Denek ematen ditek izenen bat, mutila. Batzuek, ordea, besteek baino osoago amaitzen diate. Fisikoaz ari nauk, jakina. Ahozuloa zer alditan zabalduko dutenaren mendean zegok dena.
(PEDRO isilik jarraitzen da)
KAPITAINA. Hara, Pedro... edo nahiago duk Romulo esatea, klandestinitatean ezagutzen hauten bezala? Ez, Pedro esango diat, hemen egiaren orduan bai gaude, eta nire estiloa batik-bat zintzotasuna duk. Hara, Pedro, nik ulertzen diat hire egoera. Ez zegok erreza hiretzat. Bizimodu normal bat huen. Normal esaten diat, garai hauek zer diren kontsideratuz. Andre polit eta gaztea. Mutiko sano bat. Hire zaharrak, oraindik sasoikoak. Enplegu ona Bankoan. Heure ahaleginez egindako etxe polita. (Tonua aldatuz) Etxe polit hori dela eta, zergatik ote dugu hi eta ni bezalako pertsona erdi-mailakoak nork bera etxetxoa izateko asmo hori? Baina pentsatu ote zenuten horrezaz jabego pribaturik gabeko gizarte bat sortzekotan hasi zinetenean? Horretan, behinik-behin, nork bere etxetxoarenean, ez duzue inor alde izango. (Berriz lehengo haria hartuz). Hortaz, bizimodu apal baina betea huela. Eta halako batean, tipo batzuk hire etxeko atea goizaldean jo eta betetasun horretatik ateratzen haute, eta horrez gainera izugarrizko jipoia eman. Nola ez naiz jarriko hire egoeran? Ez nindukek gizakorra izango, hura ulertuko ez banu. Eta ez nauk gizakortasunik gabea, ez horixe. Halare, garbi esaten diat badirela hemen bertan ia gizatasunik bat ere ez daukatenak. Oraindik ez dituk ezagutu, baina ezagutuko dituk agian. Ez nauk ari bartgauean aurreratze bat eman ziatenengatik. Ez, badituk beldurgarriagoko beste batzu. Aitortzen diat nik ezingo nukeela lan likits hori egin. Borrero izateko, borrero jaio behar duk. Eta ni besterik jaio ninduan. Baina norbaitek egin behar. Gerraren parte bat duk. Zuek ere izango dituzue, noski, lan garbiak eta lan likitsak. Hala da ala ez da hala? Ni ez nauk gogorra izango, balitekek, baina nahiago ditut egiteko garbiak. Honako hau bezala; hirekin hitz egitako esan hemen, eta ez baliatu kolpeez, ez baineraz, ez zutiketaz, baizik eta arrazoitzeaz. Elektrodua edonork erabil zezakek, argudioa erabiltzeko, ordea, beste maila bat eduki beharra zagok. Ados? Horregatik ere irabazten diat nik mutil elektrikoak baino gehixeago. (Kopetako bat emango dio bere buruari, bera hitzezko aurkikundeagatik harriturik bezala). Mutil elektrikoak! Zer iruditzen zaik? Nola bururatu ez zaio orain arte inori hala deitzea? Gaur gauean, Kasinoan, Koronelari esango zioat: umorearen zentzua zeukak hark, gustatuko zaiok. (Une batez isiltzen da. PEDROri begiratzen dio, geldi eta isilik baita oraindik). Jarreraz nekatua baldin bahago, hanka gurutza dezakek. (PEDRO ezta mugitzen). Erresistentzia pasiboa aukeratu duk, nonbait. Gandhi argal hark asko zekian horrezaz. Hinduak ingelesen kontra, gauza bat zuan, ordea, eta oso bestea zuek gure kontra. Erresistentzia pasiboak ez dik balio gaurregun, ez dik deus konpontzen. Zera duk, nola esango diat, anakronikoa. Yankiek beren zapalketa-mota hain efikaza ezarri zutenetik aditu al duk yankiak esaten dudala, zuek bezala?, erresistentzia pasiboa pikotara joan zuan. Horregatik nik uste diat ez zaiala, ezta lehen aldi honetan ere, egoskortzerik komeni. Kontu egik ez didaala erantzuten ere zerbait galdetzen diadanean. Hori ez zegok ondo. Ikusi duk, ni ez bainago hemen hi gaizki tratatzeko, bakarrik hirekin hitz egiteko baizik. Ikustagun, zergatik mututasun hori? Mesprezuzko isiltasuna ote da, ba? Emagun baietz. Hemen gerra honetan, denek diogu mesprezu apur bat elkarri. Zuek guri, guk zuei. Zerbaitengatik gaituk etsaiak. Beste apur bat estimatzen dugu baina. Guk ezin diagu estimatu gabe utzi zuek kausa bati zein grinarekin ematen zareten, nola dena arriskatzen duzuen harengatik: konfortetik familiaraino, lanetik biziraino. Ez diagu askorik ulertzen sakrifizio horren arrazoia, baina estimatzen dugula seguru zaude. Konpentsazioz badut inpresioa zuek ere estimatzen duzuela piska bat geure buruei eragiten diegun bortxa, zuek, inoiz lehertzeraino, zigortu behar zaituztegunean, zuek azkenean ere gure herritarrak izanik, eta herritar gazteak, gainera. Sakrifizio ttikia iruditzen al zaik? Gu ere gizakiak gaituk eta etxean izan nahi genikek lasai, freskuran eta deskantsuan, polizi-nobela on bat irakurtzen edo telebista ikusten. Ordu estrak betetzen hemen geratu behar, horraatik, edo nire kasuan bezala, jende horrekin berarekin sufrimendutik sufrimendura bitarte hitz egiteko. Nire tempo-a intermezzoa duk, zera. (Tonua aldatuz). Gustatzen al zaik musika, opera? Bazekiat ez didaala erantzungo... oraingoz. (Berriz lehengo haria hartuz). Baina esan nahi nian, susmoa daukadala zeurok ere estimatzen ote duzuen, ez jakin ohartuan edo ohargabean, guk geure aldetik ere geure lanean jartzen dugun grina. Hala al da? (Lehen aldiz, galdearen tonua konminagarria da. PEDRO ez mugitzen, ez erantzuten da). Esadak zertxobait... hiri ez zeukat jokalegeak azaldu beharrik. Ondo dakizkik eta ulertua dudanez, kurtsiloak ere hartzen omen dituzue honelako egoerei buru emateko. Edo ez al dakik badirela gure artean interrogatzaile «gaiztoak», basapiztiak ia, detenitua urtzeko kapaz diren horietakoak, baina «onak» ere bazeudek, presoa, ikaragarrizko torturalditik datorrela, hartu eta piskan-piskan biguntzen dutenak. Badakik, ezta? Honezgero konturatuko hintzan, orduan, ni «onetakoa» naizela? Beraz, baliatu behar duk nolazpait nitaz ere. Neuk bakarrik lortu ahal diat jipoiak arintzea, zutiketak laburtu, elektrodualdiak eten, jana hobetu, zigarro bat edo beste... Behintzat, badakik hemen, nirekin egotera, ez dituala giharre eta nerbio guztiak tentsioan eduki behar, ezta antz ematen ibili behar ere noiz eta nondik etorriko zaian hurrengo kolpea. Hire atsedena edo nauk, hira lasaialdia. Ba al gara? Ez diat uste, orduan, zantzurik gabeko mututasun horretan ezkutatzea duanik egokiena. Hizketan jendeak elkar ulertzen dik, esaten zian beti nire zaharrak, enkantegilea baitzen, hitza erabiltzeaz fidatzeko bere arrazoi onak, alegia, bazituena. Hau esaten diat non hagoan kontu egin dezaan eta heure eskubideetan ez pasatzeko, nahi ez baduk ni neure eginbeharretan pasatzea. Hemen, nire aurrean, ahozuloa ez zabaltzeko duan eskubidea errespeta zezakeat, ez haut eta ukituko. Baina nahi diat jakitea, ez nagoela prest ergelarena egiteko, ni neure leloarekin hiri ari eta ari, eta hi hortxe, enborra bezala isilik. Ezinezkorik ere ez itxaron interrogatzaile «onaren» aldetik. Interrogatzaile «onak» hire bidearen zenbait xehetasun ezagutzen dituenean batez ere. Pedro, alia Romulo. Areago eta torturatuko hautenaz gainera, heure burua ez dezaan tortura gehiago ere, esango diat ez duala Tomasez, ez Casandraz, ez Alfonsoz hitz egiteko inongo beharrik. Oso-osoa diagu hiru horien istorioa. Ez puntu bat, ez koma bat, ezta parentesi bat ere ez diagu falta. Zertarako hautsiko diagu burua honezgero baditugun datuak, eta gainera egiaztatuak, eskaka? Sadismoa izango huke eta gu ez gaituk sadikoak, pragmatikoak baizik. Gabrielez, Rosarioz, Magdalena eta Ferminez, berriz, ez zekiagu gauza askorik. Kasu hauetakoren batean, ez zekiagu ezta egiazko izena edo helbidea ere. Kontu egik zein aukera zabala duan laguntzeko. Orain, hori bai, lau fitxa horiek osatzeko, eta seguru baino seguruago dakigunez hi haizela horri buruz giltz-gizona, prest gaudek ez ni maila pertsonalean, gu erakunde bezala esaten diat, ez bakarrik burua hausteko, baita potroak, birikak, gibela eta baita inoiz jantzi nahi izan huen, baina orain handia duan santu aureola ere. Ikusten duanez, kartak mahai-gainean jartzen dizkiat. Ezin akusatuko didak buru-bihurria, ez anbiguo naizenik. Horixe duk egoera. Eta hi nolabait begikoa gertatu hatzaidanez, ondo garbi esaten diat hau non habilen jakiteko. Begikotasuna diadala, baina lastimarik ez, eta errukirik ere ez, alegia. Eta jakina badirela hemen, zein den sekula jakingo ez duan unitate militar honetan, haste-hastetik eta hitaz deus jakin nahi ez dutela, begikotasunik ez diatenak, eta torturatuz hi azken ertzeraino eramateko kapaz dira horiek. Eta ez bakarrik hi. Horiek, linea gogorrekoek, nahiago izaten ditek batzutan, akusatuaren andrea hona ekarri, eta haren aurrean, nola esango diat, ba, «zulatzea» bera, eta badira ere, haurrak gurasoen aurrean, amaren aurrean batez ere, sufrierazteko teknika brasildarraren aldekoak. Imagina dezakeanez, nik ez diat ertz horietaraino jotzen, gizakortasunik gabeak zeritzet bakarrik, baina objetiboak izatera, onartu beharra zegok halako ertzetaraino iristea errealitate bat dela, posibilitate bat, eta gaizki sentituko nindukek abisatu ez eta egunen batean, egokituko balitzaik ikusi beharra, orangutan bat, atzo gauean sarrerako zartakoak eman zizkiaten haien moduko bat, hain polita den hire andre hori bortxatzen ari dela. Aurora deitzen duk, ezta? Kasu horretan seguru zanoa kenduko liatekela. Orangutanak dira, baina findu direnak. Zer denbora daramazue ezkonduta? Egia al da lehengo urriaren hogeitabian ospatu zenutela ezkondu zinetenetik hamar urte? Gustatu al zitzaion Aurorari Sarandi kalean erosi hion urrezko brotxea? Eta zer esaten didak Andresito hona ekarri eta hire aurrean mazpiltzen hasiko balira? Azkeneko hau, esaten nianez, ez duk errekurtsotzat onartu oraindik, baina aholkulariak ikusten ari dituk, eta noski, norbaitek izan beharko bati aurren. Inoiz ez naiz ados egongo prozedura horiekin, erabat sinesten baitut gizakiak beste gizaki baten aurrean duen pertsuasio-ahalmenean. Are gehiago, iruditzen zeidak, mutil elektrikoek beren pertsuasio-ahalmenean nahiko konfidantza ez dutelako erabiltzen dutela elektrodua. Eta gainera presoa objetu bat dela uste diate, prozedura mekanikoen bidez mazpildu beharreko gauza bat, bere zuku guztia atera dezan. Nik, berriz, inoiz ere ez diat bistatik kentzen detenitua ni bezalako gizaki bat dela. Ekibokatua, baina gizakia! Hi, adibidez, hor hagoen bezala, isila eta geldia, bakarrik izan haiteke gauza bat. Agian, heure burua gauza bihurtzen saiatzen ari haiz nire aurrean, baina zein ere geldi eta mutu hagoen, nik bazekiat ez haizela objetu bat, nik bazekiat gizaki bat haizela, eta batez ere puntu sentiberak dituen gizakia. Noski, puntu sentibera horiek gauzek ez dituzte. (Geldiunea) Gogoratu zaizkik potroak noski orain ere! Inork puntu sentiberaz hitz egiten duenean, kaxoikoa duk: emakumeak ditiekin pentsatzen diate, eta gizonek potroetan. Ahaztu behar ez den ñabardura. Esaten zian Mitrione gaizoak, denak eta zekizkian: «Dolore jakina, leku jakinean, efektu hartarako aukeratu den neurri jakinean». Garbi zagok hire uste sendo, errespetagarrien ikuspuntutik, ausarta dela izenak emateko, datuak eskaintzeko, erreferentziak emateko posibilitate soila nork bere buruari planteiatzea. Ez da gozoa bat traidoretzat sala dezaten. Baina bada hemen elementu bat agian hiretzat ezezaguna. Hi bezala, begiko zaigun jendeari bakarrik ematen diogun tratu bat da, mutil. Laguntzeko aukera ematen diagu eta hire lagunekin gaizki, horraatik ez geratzekoa. Zer deritzok? Beharbada, ezinezkoa dela usteko duk. Harrokeria irudituko zaik nire aldetik, baina guretzat ez zegok ezinezkorik. Nahi al duk esplikatzea? Planak lau atal dizkik. Lehena. Hik, zenbat eta lehenago hobe, izenak ematen dituk, hala ez diagu mazpildu beharrik: Gabriel, Rosario, Magdalena eta Ferminez, dena, den-dena esaten diguk. Kontu egik hogei izeneko lista bat jarri ahal geniala, baina hain gara onak, lau besterik ez dugu sartzen. Lau, konturatzen al haiz? Pagotxa bat. Bigarrena. Prozedura batzu burutzen dizkiagu, hik heure buruz, entzuten?, heure buruz, emango dizkiguan informeen arauera. Garbi zegok prozedura horiek balio digutela, besteak beste, egiaztatzeko, jator ari haizen gurekin lanean edo, aitzitik, adarra jo nahi diguan. Ez diat bigarren aukera kontseilatzen. Lehena egiaztatzen badugu, berriz, ez haugu berehalakoan libre utziko, noski. Hori hire on-beharrez, hire kideek ez dezaten susmorik egin. Zuhurtasunezko denbora bat pasatzen utzi eta gero, lagatzen haugu. Polita, ezta? Hirugarrena. Dokumentu bat klabean, edo telefono-lista bat, edo erraz ados jarriko ginatekeen beste edozein gauza asmatzen diagu, eta publikatzen diagu erorketa gertatu dela lista hori edo beste zerbait ustegabean aurkitua izan delako, eta gure dedukziorako gaitasunagatik, batez ere, hala, bide batez primeran geratzen gaituk denen aurrean. Zuek dena sailkaturik duzuenez, talde bakoitzak beste kantaldi batetik datorrela usteko du lista. Laugarrena. Libre uzten haugu azkenean, eta hi, mutilekin elkartzean, esaten diek hire inozentziaz etsiarazi gintuala, izan ere, halako irmotasunez ukatu huela dena eta. Zer deritzok? (PEDRO geldirik da oraindik). Abisatzen diat, egiatan ezin espero dezakeala, proposatzen ari naizen hau baino soluziobide hobea. Kontutan hartu orain arte ez dela sekula usatu, beraz hiri buruzko susmoak ez ditek aurrera egingo. Areago ere, izen ona eta aginpideari dagokionaz, indarturik irtengo duala uste diat. Eta, bide bataz, zerrikeria guzti honetatik libratzen haiz. Oso gaztea haiz besterik gabe heure burua galtzeko, hondatzeko. Aurorarekin eta mutikoarekin itzul hinteke. Ez al zaik ahoan ura egiten? Aurorak heroi bat bezala hartuko hinduke, eta, noski, hasieran izango huke bihotz-zimikoak. Hori bai, erantzun egin behar didak. Orain arte jasan diat ezer ez esatea. Detenitu gutxik ditek, ordea, hain proposamen eskuzabalean parte hartzeko pribilegioa. Zergatik iruditzen ote hatzait hain mutil argia? Beraz, erantzun egin behar didak. Hik eta biok jakin dezagun non gabiltzan. Konkreta dezagun, ba; proposamen hau dela eta, prest al hago izenik emateko, prest al hago eskatzen diagun informazioa emateko? (Isilune luzea. PEDRO geldirik dago orain are. KAPITAINAk tonua igotzen du). Prest al hago izenik emateko? (PEDROk buruko zanoa mugituz, eza ematen dio).
© Mario Benedetti
© itzulpenarena: Iñaki Alberdi