HITZAURREA
Daniel Landart
Senperen, Seaskak antolatiu «Herri Urrats» besta zoragarria ospatzen ari ginela, «Intxixu»ko partaide den Joxe Mari Carrere adiskide gazteak aipatu zidan «Pedro eta Kapitaina» deitu antzerki obra «Susa»k argitaratu nahi zuela eta hitzaurre bat egingo nuenetz.
«Baietz ba» ihardetsi nion berehala, gogora zetorkidalarik «Intxixu» taldeaz dudan oroitzapen on baino hobea.
Aspaldiko kontuak dira...
Ordu hartan, iparraldean, euskal antzerkia halako zaharkeria trangalagarri eta kasik etsigarri batetan itotzera zihoan. Behar zen mugitu. Lehen bai lehen. Beraz hegoaldera begiratu genuen. Eta laster ohartu ginen «Intxixu» taldea bide berri urratzen hasia zela.
Eugenio Arozena taldeko zuzendariarekin mintzatu ginen eta ostiral iluntze batez, hiruzpalau lagunek Oiartzunera jo genuen.
Udaletxeko azken pisuan, Angel Marcosen inguruan, hogei neska-mutil, kirol jantzitan eta erdi ilunpean, dena jauzi, punpe eta oihu ari ziren: gorputza berotutzen, omen...
Horrelaxe, lehen aldikoz, antzerkilarientzat hain beharrezkoa oinarrizkoa den «gorputz espresioa» ezagutu genuen eta gauza hori guretzat ere benetan egokia zela kausiturik, iparraldeko antzezleen eta «Intxixu» taldekoen artean harreman jarraikiak sortu genituen.
«Intxixu», garai hartan, Gipuzkoako eta funtsean Euskadi osoko antzerki talde famatuena zen eta ia urtero obra ederrak eskaini dizkigu, hala nola «Laurtaunen ixtoria», «Aralar», «Altabizbarko kantua», «Lehen karlistada», «Deuseztik izatera», hau izan bait da ene ustez hoberena, Eugenio Arozena eta Xabier Leteri esker; ondotik «Inexa de Gaxen» sorginkeriaz, «Amazorro» Iparragirreren balentriak kontatzen zizkiguna eta azkenik Barrutiaren «Gabonetako ikuskizuna».
Eta gero... gau iluna! «Intxixu» gelditzen da. Lokartzen da. Beldur batek hartzen gaitu: pastoralean eta maskaradetan ikertu, ikasi urratsak errespetatuz, gure euskal antzerkia gaurkotu duen talde sendo hori behin betikoz hil ote zaigu?
Ez!
Errauts pean, sua beti bizirik dago.
Eta «Intxixu» barru barrutik ondo ezagutzen duten bi gazte suharrek itxendua berriz hartuko dute. Hauek ditugu: Josu Makuso eta Joxe Mari Carrere bata bestea bezain antzezle trebeak.
Urnietan eskaini zigutelarik Mario Benedettik idatzi «Pedro eta Kapitaina», gorputz osoan ikara samin bat sentitu genuen. Urruti gertatu ixtorio baten bidez gure zorigaitzezko Herri maite honek bizitzen pairatzen! duen sufrimendua begien aurrera emana bait zitzaigun.
Antzerki zaila, segur, hastetik buru. Zaila eta bortitza... bakarrizketa luze luzeekin. Baina, hala ere, hainbeste gogoeten ondotik, bukatzean, itxaropen bat nabari da. Itxaropen tipi bezain berezia.
Eta guk itxaropen tipi horri, gure indar guztiaz lotu behar dugu, gure eta beste inongo Herritar gizon emazteek ez dezaten ez dezagun ideologia bat defendatzeagatik torturaren garratza ezagut. Ez torturarik, ez eta beste edozein moetatako zapalkuntza bihirik!
Itxaropen horrekin, nork edo zerk geldieraz gu, gure sailean? Bitartean, segi aurrera, «Intxixu». Segi, amodiozko pindar artistikoak berduratuz, dena gar eta su!
© Daniel Landart