Sarrera gisako lehen ekitaldia
(Administraritza edota instantzi ofizialen bateko bulego bat. Harrera-gelako besaulkitan eserita bi pertsona. Aspertuak. Ezkerretako idaz-mahaiaren atzean sekretariak makinaz idazten du, etengabe. Bi pertsonetako bat altxa eta sekretariagana doa.
ANTZEZLE 1.- Atsegin nuke Ministrari jaunak gure informea irakurriko balu, goizeko hamarretan genuen zita, eta laister gaueko hamarrak izango dira. Beraz, asko eskertuko nizuke arduratuko bazina...
(Ezkerreko aldetik, eta antzeztokia diagonalean gurutzatuz Ministrari jauna presaka agertuko da. Bi antzezleak bereganuntz zuzentzen dira premiatsu).
MAKARREGI.- Ez, ez, ez (eskubikaldetik desagertuko da).
(Bi antzezleak esertzera doazela, desagertu leku beretik berragertuko da Ministraria kafe katilutxotik urrupatuz).
ANTZEZLE(ak).- Baina Ministrari jauna, kontuan izan gu hona etorri...
MAKARREGI.- Ezetz, ezetz!!!...
(Lehenengoz agertu den lekutik desagertuko da MAKARREGI eta antzezleak hasierako besaulkira itzuliko dira).
MAKARREGI.- (inter-phonotik) Karmentxu' Ez nago inorentzat.
KARMENTXU.- Bai, Ministrari jauna. Txoruaaa!!
(ANTZEZLE 2 altxako da oraingoan sekretariagana joateko, lore bat eskutan).
ANTZEZLE 2.- Oi!, zein ederra zaren. Zuk lortuko zenuke zita bat guretzat. Zure edertasunak lortzen ez duena ez dezake eta beste ezerk lor.
KARMENTXU.- Txoruaaa!!
(Beste behin ere agertuko da MINISTRARIA, oraingoan aldegiteko trazekin; ANTZEZLE(ak) beregana doaz beste behin ere).
MAKARREGI.- Bihar, bihar, zatozte bihar. Bihar emango dizuet eta nahi duzuen guztia.
(ANTZEZLE(ak), seko gelditu ondoren, erreberentzi bat eginez KARMENTXU agurtu eta maletak hartuz badoaz).
-ILUNA-
Sarrera gisako bigarren ekitaldia
(Argiak pizten direnerako, antzeztokiko aurrekaldean bi ANTZEZLEak maleta banaren gainean eserita dauzkagu. Batak periodikua letzen du. Gainerantzekoa erdilunpean. Irakurleak zerbait interesgarri topatzen du).
ANTZEZLE 1.- Entzun ezak hau, entzun: «Atzo arte Kultur Ministrari izan zen Makarregi jaunak dimisioa aurkeztu zuen. Erabaki honek ustekabean hartu ditu komunikabide guztietako politika arduradunak, baina hala ere...».
(Elkarri begira geratzen dira bi ANTZEZLEak).
ANTZEZLE 1.- Zer egin dezakegu gure Makarregirekin?
ANTZEZLE 2.- Zer beharko genuke?
ANTZEZLE 1.- Toki lasairen bat, urrun dagoen tokiren bat...
ANTZEZLE 2.- Bakartia, jenderik gabea...
(Antzeztoki gradualki argituz joango da. Une honetan, ezkerraldea ikusiko da, Balnearioko sarrerako atea eta harreralekua erakutsiz. Guzti hori errealitateko beste laun batean gertatzen da, hau da, ez antzezleak dauden tokian).
ANTZEZLE 2.- Gauzak sineskaitz, misteriatsu bilaka daitezkeen tokiren bat; giro berezi horretan murgildurik, egiazkoa dena eta asmakizuna nahas daitezen...
ANTZEZLE 1.- Gertaerak jolasean bezala jazoko diren ingurune ez-ziurra, ziurtasun gabea.
(Orain eskubikaldea argituko da ANTZEZLEen atzean).
ANTZEZLE 2.- Gauzak nahasi, mugak hautsi...
ANTZEZLE 1.- Asmakizunak asmatu, aldaketak lortu...
ANTZEZLE 2.- Amodioa eme daitekeen tokiren batetan guztia burutu...
(Erdikaldea argituko da une honetan, antzeztoki guztian argitasun maila gorena lortuz. Ondoren ILUNA nagusituko da, eta ANTZEZLEak egon lekuan bi kandelargi piztuko dira. Horietako bat antzeztokitik desagertuko da. Berriro ere argiak emeki-emeki piztuz joango direnean Beteluko Balnearioko ZUZENDARIA besaulkian lo ikusiko dugu, kandelargi baten argitasun behargabepean).
-ILUNA-
© Mikel Antza, Iñaki Uria