Seigarren eszena

(KALKUTA MARAHAren kortea. Salan DANTZARI bat atsegina ematen MARAHAri, opiomano purrukatuari. LORD INGELES batek laguntzen dio espektakuloa ikusten. Eszenarioaren txoko batetan GURU bat gogoetak egiten ditu hiltzezko ohantze batetan. GURE BIAJEROAK agertzen dira musika amaitzen denean)

IÑIGO (beldurti): Eskertzen dugu gu hemen hartzearekin erakusten diguzuen miramendu honegatik. Nortzuk ote garen galdetuko diozue zeuen buruari. Ba, jakin: Karlistak gara! Euskaldunak gara!

LORD: Oh! Very interesting!

MARAHA (Opioak lagundurik lainotuta, farrez lehertzen da)

ESTANISLADA (Ulertarazi nahiean): Asteak daramatzagu Kalkutara gari-kargamentu batekin iritsi zen lagun eta aberrikide baten bila. Blas Galarrisketa du izentzat, eta ereintzaile kubatarra da. Berarekin bildu behar dugu lehenbailehen gure herrialdera itzultzeko. San Frantziskon jaso genuen telegrama batean hala eskatzen zigun, berarekin hiri honetan biltzeko. (MARAHA txunditurik)

LORD: Very exotic!

(MARAHAk farre egiten du).

IÑIGO: Honen beldurra neukan, Estanislada. Ez digute ulertzen. Harrigarria da honenbeste itxura-fintasun-aberastasun eta fastuositateren azpian gorde daitekeen inkultura.

ESTANISLADA: Gizagaixoak! Nolako iluna-hotza-eta tristea izan beharra daukan euskarak argitu gabeko gogo eta izpiritua! (Txokolatina bat ematen dio LORD-eri, beraien inguruan bueltaka baitabil hau)

LORD: Exquisita!

IÑIGO: Euskaldunak gara! (Oihu egiten dio) Eus-kal He-rri-a!! Gernikako arbola!

(Hotsak entzuten dira. Burruka palazioan, buruak dabiltza lurrean bueltaka MARAHA eta LORDaren oinetaraino ere iritsi arte. Pirata malasiarrak KONFUZIO KOXKAk komandaturik salara sartzen dira eta IÑIGO eta ESTANISLADA ere tartean suertatzen dira. Lorda ihes egiten saiatzen da alferrik. Azkenean denak menderatzen dituzte pirata malasiarrek)

KONFUZIO (Bere hizkuntzaz hitz latzak botatzen dizkio MARAHAri eta gero ESTANISLADA hiltzeko agintzen dio bere esbirro bati)

IÑIGO (Aurrean jartzen da): Utzidazu niri aurrean hiltzen. Ezin jasan nezake zu salbaje hauen eskuetan hiltzen ikusteko hozkia. Une honetan nire azkenaurreko pentsamendua hiretzat dun, Estanislada. Utzidan hika egiten. Elkarrekin bizi izan ditugun abenturazko urteak honetarako eskua ematen zidanate. Nire azken pentsamendua, berriz, nire aberriarentzat da. Gora Euskalerria! Ekin nahi duzuenean, zitalok!!

KONFUZIO: Euskalduna! Geldirik! Amaitu hilketakaz! barkatuteko eskatuten dautsiet nire aitxe nigarturen aberrikide ohoragarriei. Emon dautsuedan tratua kaskarra izan da.

Baina (MAHARAri) hau da inoiz arrastaka ibili dan sugegorririk nazkagarriena. Arratoi honek opio kargamento osoa lapurtu daust!!

IÑIGO: Malasiar euskalduna! Aurkikunde etnologiko honek akademia europear guztietako ateak zabalduko dizkio Federiko Kruwinskyri.

ESTANISLADA: Zu, euskalduna ala txinatarra zara?

KONFUZIO: Euskal-txinatarra, inportik ez ba dotsu, dama ohoregarria. Nire aitxe Martin Koxka pirata beldurgarria izan zan, berez bermiotarra. Gaztea zalarik iritsi zan itsaso horietara, eta bere ausardia eta balentasunak Txinako eta Ozeano Indiar guztiko piratarik beldurgarri eta errespetatuena bihurtu eban. Yang-tseng-kiang-etik barrena espedizio bat egin bitartean, mandarin zahar baten iloba bahitu eban: nire ama. Eta batasun horretatik jaio nintzen ni, izenez Konfuzio, pentsalari jakintsu eta beneratuaren ohoretan. Honela ba, Konfuzio Koxka naz, pirata eta opio trafikalaria Shangaitik Singapurrerainoko bitarte guztian.

ESTANISLADA: Opio trafikalaria; hori nazka! Ez nuen uste egun hau sekula iritsiko zenik, ez nuen uste euskaldun batek edo erdieuskaldun batek izpiritu eta materiazko zulorik

zuloenera eramaten duen droga batekin komertziatu zezakeenik!

IÑIGO: Nazkagarria da!

KONFUZIO: Ez nazatela hain gogor juzkatu erregutzen dautsiet gure aitaren aberrikide guztiei. Gure aitxe beneratuak esaten eban bezala: herri bakotzak bere droga deko zoriontsua izateko. Zuen kasua adibidez: Euskara da euskaldunen benetako drogia. Zuen hizkuntza estrabagante hortan berba eitxen dozuenean, ametsetan hasten zarie, zuen aurpegiak laxatu egiten direz eta zuen begiek diztira egiten dabe. Euskarak drogatzen zaituzte. Eta kantatzerakoan berriz begiak ixten dozuez eta ahoa itxita dozuela modulatuz «biaje» bat egiten duzue, nik pipa erretzen dotanean bezalaxe.

IÑIGO: Agian arrazoi duzu, Konfuzio.

ESTANISLADA: Euskara maite dugu. Gure aberriaren zortea edozein dela ere, bideko eragozpen guztiak salbatuko ditugu baldin eta euskararen zaporea ezpainetan badugu.

ESTANISLADA: Gure derrotarik haundienean ere, nahikoa izango dugu ahobete euskara zulotik ateratzeko.

KONFUZIO: Zorionakoa bere opioa txanpon bat ere gastatu barik ixurtzen dauen herria, eta guztiaz gainera bere erabiltzearekin aberasten dana! Eta bitxia opio hori, zeren atrofiatu ordez argitu egiten baitu kontzientzia, eta logalerik emon barik toniko paregabea baita gizartea iñuzente mekanikoz betetzen dauen virus dalakoaren kontra!

IÑIGO (Besarkatu egiten du emozionaturik): Zuk ulertu egin duzu gure herriak daraman borrokaren esanahi sakona!

ESTANISLADA: Inondik ere, zure jatorri bikoitzak, euskaldun-txinatarrak, zure amaren aldeko arbasoek zuten zorroztasun eta jakituria aspaldikoa ematen dizute.

KONFUZIO: Zuek aurkitutea eta aitagandik jasotako hizkuntza berba egin ahal izatea izan da, nire lehen opio pipagaz batera-jakina, nire bizitzako gertakizunik printzipalena.

GURUA: Boroshka! Hainbeste urte pasa eta gero Boroshka hizkuntza zahar antzinakorekin esnatzen dira nire belarriak.

IÑIGO: Zuk ere euskaraz egiten al duzu?

GURUA: Ez, boroshka batuaz.

IÑIGO: Ez nuen hizkuntza horren herririk.

GURUA: Ni Himalayako boroshkaduna naiz.

ESTANISLADA: Gure hizkuntza Himalayan ere egiten da! Nolaz liteke?

GURUA: Nik ez dut zuen hizkuntza egiten, zuek egiten duzue nirea.

IÑIGO: Hala ere, primeran ulertzen gara.

GURUA: Nortzuk dira zuen arbasoak? Zuek ekialdera joan zen Boroshkadunagandik zatozte ala mendebaldera joan zenarengandik?

ESTANISLADA: Gure herriak anaiak izan arren, ez ditugu zure arrazoinamendu arraroak ulertzen.

IÑIGO (Estanisladari): Behar bada Ekialdeko leienda bati buruz ari da.

GURUA: Hau ez da leienda, baizik eta historia boroshkaduna. Aspaldiko denboretan, bi anai boroshkadun munduaren sabaietik jaitsi eta kortesiaz «beteak» deitzen diegunen mundura joan ziren, bizitzaren zentzu sakona predikatzeko hain zuzen ere, zeren ordurako katastrofe unibertsaltza jotzen baikenuen besteen mundu horretako joera. Zoritxarrez, eztabaidan sartu ziren Katxemirara iritsi aurretik, eta bat Ekialdera joan zen eta bestea berriz Mendebaldera.

IÑIGO: Ba liteke gu mendebaldera joan zen boroshkadunagandik etortzea.

GURUA: Hala baldin bada, nire arbasoek bete zuten beren helburua, eta boroshka edo euskarak hizkuntz-eraztun hatek bezala inguratzen du planeta osoa, Piriniotatik hasi eta Himalayaraino, Farwest-etik barrena pasatuz.

ESTANISLADA: Aurkikunde honek aurreratu egingo ditu oso linguistika alderatuaren ikerketak. Baina zuk, guru jauna, lagundu egin behar diguzu: esan egiozu mundu guztiari aberri eginkizun sekretu bat betetzen ari garen karlistak garela, eta asma ezazu Blas Galarrisketa gure lagunak gu holako egoera penagarrian uzteko izan duen arrazoia (GURUAk MARAHArekin hitzegiten du "indiarrez")

GURUA: Zuen lagunak Marahari saldu zion gari kargamentua, eta aberrirako bidean itsasoratu zen berriro. Afrikar kontinente izugarria inguratzen ariko da une honetan. Baina abisua utzi zuen: zai egongo zitzaizuela Gernikako itsasadarrean ainkuratuta.

IÑIGO: Abia gaitezen berehala.

ESTANISLADA: Hor, atarian kolore berde, gorri eta zuriko globo bat ikusten dut, zumitzezko ontzi batekin. Zertarako da tramankulu bitxi hori?

GURUA: Hori da gure ibilgailurik azkarrena. Kontuan edukiz Himalayako mendien altura bertigokoa eta hango haranen konplexutasuna, guretzat xinpleena da mendi tontor altuenen gainera igotzen gaituen globo hau erabiltzea, eta montzoiko haize egokiarekin Katmandutik Lassara, edota Shangrilatik Boroshkara, eramaten gaitu. Gaur, nola montzoiko haizeak ez duen nahi dugun norabidera jotzen itxoin beharra daukagu aldatu dadin arte.

ESTANISLADA: Eta zein norabidetara jotzen du gaur montzoiak?

GURUA: Mendebaldeko norabidera, Bergarara.

IÑIGO: Orduan zure globo berde, gorri eta zuriak, bere zumitzezko ontziarekin, gu eramatea badauka Himalayatik Euskalerriraino...

GURUA: Noski! Montzoi domaezin horrek oztopo materialen eta errealitateen gainetik eramango zaituzte, zuzenean, zuen aberrirantz.

IÑIGO: Goazen azkar!

KONFUZIO: Ez, geratu zaitezte gugaz. Zuen beharra dekogu Asiako herria inbasore (LORDari begiratzen dio) eta parasitoengandik (MARAHAri begira) askatzeko.

IÑIGO: Eskerrik asko zuen harrera onagatik, lehenengo egitekoa geron askatasuna lortzea da.

Dena dela, gure abiera baino lehen, jaso ezazue erregali xume hau, gure esker onaren seinale eta adiskidetasun sinbolo bezala (Karabina bat ematen dio GURUAri).

GURU: Har ezazue zuek ere nire xingola. Alfonbratxo honetan nire irudimenaren tinta txuria hartu eta aspaldiko denboran kronikan idatzi ditut nere gogoaren lerroetan.

KONFUZIO: Utzi ostazue malkoak botaten. Emozioak hartzen nau une honetan. Piratok! Kanta dagigun gure himnoa! Nire aitxe, ni ume koskor nintzanean kantetan eban kantu txikia da!

KONFUZIO:

Ene seme Konfuzio

txino ta euskaldun fusio

erdi batan azertu ona

beste erdian konfusio

aita zahar honek esan beharko

dizkizu zenbait lezio.

KORO:

Shangaitik Singapurra itxas zabaletan

Konfuzio lakorik ez dago piratetan

mandarinen aldetik zuhurkerietan

euskal aldetik aldiz sua odoletan.

GURU:

La La La La La La espirituala

La inmortala

La mundiala

La totala

La hau bezala besterik ez dala.

LORD ETA MARAHA:

Mygod! Mygod! Mygod! Mygod!

KONFUZIO:

Gogoan izan Bermio

nik hala nuke desio

bere hizkuntza bereziari

gorde beti debozio

opioarekin ahaztu gabe

horra gure bi bizio.

 

© Marc Legasse


susa-literatura.com