-Andante-

Laugarren eszena

(IÑIGO, FEDERIKO, ESTANISLADA eta MUTU TTIKIA aurreratuz dihoaz arropa txirtxilatuekin Kubako hondartza batetik)

IÑIGO: Bakarrik! Bakar bakarrik eta galduta hondarrezko zabaltasun honetan!

FEDERIKO: Ezta mintzo bat ere! Ezta lagun baten presentziarik ere! Etsai bat ere ez sikierarik. Hemen eztago bizitza aztarrenik!

ESTANISLADA: Niregana kubatarrok! (Oihu egiten du)

IÑIGO: Inor bizi ote da Kuban? Zuek zer uste duzue?

ESTANISLADA: Etzazu pitokeriarik esan! Horixe bizi dela!

FEDERIKO: Bortz egun badira Izarreko Gerlariak hondoa jo eta irla exuberant honen kostaldean urperatu zenetik.

ESTANISLADA: Bueltatzen garenean keja emango diot Stefani. Bere beila-untziak oso kondizio txarretan daude eta ez dira ekaitz kaskar bati ere aurre egiteko gauza.

FEDERIKO: Palmondoak eta luma multikoloreko txoriak dituen irla, baina ahora eramateko ogi koskorrik ez daukana, halere!

ESTANISLADA: Utziozue keja emateari eta bilatu ehizeko zerbait jan ahal izateko. Baldin eta oinez segitu behar badugu, derrigorrezkoak zaizkigu probisioak. Nik ia bukatu ditut «Beltz ttiki berpiztuaren» bonboiak.

IÑIGO: Ez dezagun galdu konfiantzarik gure patuan! Eutsi goiari, lagunok! (MUTU TTIKIAri) Hik, lagun gazte, hartu nazak kontuan hire otoiak egiterakoan! (Danbor hotsa entzuten da urrutitik)

FEDERIKO: Entzun! Ez al duzue danbor hotsa aditzen urrunean?

ESTANISLADA: Ai ene! Salbaje jendearen eskuetan eroriko gara!

FEDERIKO: Nik dakidalarik, andrea, salbaje jendea Afrikan dago. Munduko alde honetan zibilizatuak dira.

IÑIGO: Dena dela, egin dezagun aurrera kontu kontuz! Prestatu karabinak erabili beharra gertatuko balitz ere!

(Bi beltzek inguratzen dituzte, eskuan amiotz bana daramatela. Eszenanioaren atzekaldean. Etxe kolonial bat agertzen da, atarian BLAS GALARRISKETA dago. Haserre bizian hurbiltzen zaie)

BLAS: iA mí los míos! iIntrusos en mi plantación! ¿Vienen ustedes en son de guerra? ¿Saben ustedes que esto puede costarles muy caro? ¿Saben que puedo ponerles de patitas en la calle, o algo mucho peor? (Ve la caja de chocolatinas. Gran sorpresa. Ordena a los negros que se retiren) ¿Pero dónde diablos ha descubierto los bombones del Negrito Resucitado, que desde la marcha de LUTXO GASTANBIDE ya no se pueden encontrar en Cuba? ¿No serán ustedes acaso vascos?

ESTANISLADA: Ni haurra nintzenetik, jauna, Lutxo Gastanbide izan da Txapel Gorri txokolatinaz ornitu duena! Hark Tolosan egiten ditu eta nik purtxilero bati erosten dizkiot (Eskaintzen dizkio)

BLAS: Eta non dago Txapel Gorri delako hori, andrea?

ESTANISLADA (Euskaraz entzutean, harriduraz): Munduaren bestaldean, jauna, Bizkaian. Handik gatoz zuzenean. Zoritxarrez gure beila untziak hondoa jo du hemen inguruan

eta egun batzutatik hona laguntza bila gabiltza. Baina, ezaguna al zaizu Lutxo Gastanbide?

BLAS: Beharko Lutxo ezagutu! Orain dela urte batzuk hark eta biok ozeanoak kurritzen genituen mentura bitxien bila; aldi berean, eta bizi ahal izateko, beltzen tratuan ibiltzen ginen (Estanislada zutitu egiten da). Ez zaitez beldurtu andrea, ez gaitzazu gaizki juzkatu. Gure beltzak kontinente guztian hobetoen zaindutako beltzak ziren. Sekula ez zitzaigun bat bakarra ere hil bidaia haietan! Lutxo eta biok... gaztetako urteak! -arrisku eta peligroz jositakoak!

Txanpon batzuk egin genituen eta Lutxori aberrirako nahia egin zitzaion eta Tolosara joan zen behar bezalako negozio bat jartzera. Ni berriz hemen gelditu nintzen, plantazio honetan, kainabera landatzen. Baina, utzidazue nire ezaguera ematen, Blas Galarrizketa naiz, eta euskalduna zuen moduan. Kontaidazue den dena. Nor zarete zuek?

ESTANISLADA: Nire izena Estanislada Gastibeltza da, eta laguntzen didatenak... Federiko Kruwinski printzea, ospe haundiko hizkuntzalari poloniarra, eta euskal gramatika eta bizimoduko arauak zaintzera etorri dena; Iñigo Pikandia, Don Karlosen aginduz Pasaiako gazteluaren planua egin duena. Planuak lehen bait lehen iritxi hehar du haren eskuetara, zerengatik planu horren jabetzari baitagokio gerrako martxak... Ba dakizu gerran gaudela, ezta?

BLAS: Oso makal heltzen dira berriak hona. Noren kontra gerra?

IÑIGO: Gure herriaren akabantzan grinatsu saiatzen den sekulatako etsaiaren kontra. Hori oraingoz, baina modu zabalago batean esanda, baita euskaldun orok dituen zazpi etsaien kontra ere: Estatuaren, Legearen, Harmadaren, Mugaren, Inpuestoaren, Eskolaren eta Hizkuntza Ofizialaren kontra, hain zuzen ere.

BLAS: Eta nola pentsatzen duzue bukatzea hainbeste etsaien kontrako gerra hori?

IÑIGO: Euskaldunok geure askatasuna lortu dezagunean, orduan bukatuko da. Baita ehun urte iraun behar baditu ere. Ez dugu etsiko sekula; ez gara errendituko sekula. Gure etsaiek irabazi egingo digute behar bada, baina arrazoirik ez diegu sekula emango. Matxinadaren haizea egingo du beti gure herrian.

BLAS: Nire aberritik urrun pasatako une luzeak zaila egiten didate zeure arrazoinamenduak ulertzea. Espainiako armada erregularra al da zuen etsaia, eta zuek al zarete errebeldeak?

FEDERIKO: Hori da.

BLAS: Hunkigarria da zure kontakizuna. Eta nor da gazte hau?

ESTANISLADA: Lagun gazte hau bere eskuetan Ebanjelio Santuak adina maite duen euskal gramatika bat daukan monagilo mutu bat da.

BLAS: Ene besoetara! (MUTUA besarkatuz musu ematen dio). Hi haiz gure herriaren sinboloa; herri mutua, zeren hitza debekatu egin baitiote.

ESTANISLADA: Hunkitu egin da, eta ezinezkoa zaio bere esker ona agertzea. Eta gainera lotsatuta dago, zeren zuk musu eman baitiozu eta hori ez baita Euskal Herriko ohitura, baizik eta Kubakoa.

BLAS: Uharte epel eta azukretsu honetan ia ahazturik neukan herri xotil batekoa naizela. Barka nazazue. Etzazue pentsa kontatu didazuenak ardura ez didanik. Nahiz eta urte askoz negoziotan ibili izan, barren barrenean eduki izan dut herri berezi batekoa naizelako konbentzimendua. Jakin ezazue: etxean bezala sentitzeagatik euskara erakutsi diot esklabu guztiei (BELTZ bati); Ea, Teodoro, egiek diosala jaun horiei. Hau Teodoro Mukema Manganga duzue, nire ikaslerik aurreratuenetako bat (ESTANISLADAren ederraz BELTZA liluraturik gertazen da).

BLAS: Teodoro! Lehen ikasgaia: «Ama, atea!».

BELTZA: «Ireki ezazu ba».

BLAS: «Nor da?».

BELTZA: «Bi emakume dira».

BLAS: «Egunon Izaskun».

BELTZA: «Egunon Edurne. Pasa, pasa barrura». (Txaloak. BELTZA ESTANISLADAri begira dago eten gabe).

BLAS: Teodoro!! 48garren ikasgaia. Baldintza eta ondorioa: Zu libre izango bazina, zer egingo zenuke?

BELTZA: (Dudakor) Ni libre izango banintz... ba.... Afrikan... Afrikan... Afrikan biziko nintzateke! (Txalo beroak)

BLAS: (Unkituta) Zuei entzunez, uztarri espainiarrenpean dagoen irla batetan nagoela jakin dut. Zertan serbitu diezazueket?

IÑIGO: Don Karlosi Pasaiako Gazteluaren planua entregatu behar diogu ahalik eta lasterren.

ESTANISLADA: Matxinada dago jokuan. Gure herrira itzultzeko modua bilatu beharra daukagu.

BLAS: Hori baino gehiago egingo dut. Plantazioa saldu eta kausaren alde saiatuko naiz buru belarri. Orain dela hilabete batzuk Amerikako negozio gizon batek dirutza polita eskaini zidan beragatik. Herrialde populos horretara joango gara, eta behin tratua egindakoan untzi bat erosi, bere bodegak armez eta munizioz bete eta Gernika aldera joko dugu guztiak deskargatzera.

(Estatu Batuetara! izutu egiten dina, azkenez beste atzerapen batera etsitzen dute)

IÑIGO: Benetako euskalduna da berorri, zeren eta benetako euskaldun batentzat Gernikako Arbolaren oinean bukatzen baitira munduko bide guztiak.

BLAS: Zuei zor dizuet guztia. Nola lotsatzen naizen nire iraganaz une honetan! Beltz tratalari mixerable bat izan naiz! Ez dakit inoiz barkatu ahal izango didaten! (Baietz, ezetz, eztabaidatzen dute, barkatu dezatela, damutu egin dela).

BLAS: (Beltzei) Lagunak, anaiak; Zatozte nire besoetara! Nik, oraintxe bertatik, gizon eta emakume libreak egiten zaituztet (BELTZEK ihes egiten diote)

BELTZA: Ai, Galarrisketa on, etzazu ron gehiago edan! Ez da ona bururako.

BLAS: Beltza, gizon librea egiten haut. Ni San Frantzisko aldera abiatuko nauk oraintxe bertan, Richard Goldinger Hackenbuh nire hazienda eroslearen bila. Zuek geratu zaizte

hemen indarrak berritu arte. Ikusiko gara San Frantziskon. Dena zuen gain uzten dizuet (Atera egiten da)

BELTZA (Ezin sinesturik): Gizon librea naiz! Nahiez gero joan naiteke iparraldera, nahiez gero joan naiteke hegoaldera, mendebaldera, eta joan naiteke Afrikara ere! (Erabat nahasten da)

FEDERIKO: Libreak eta munduko hiritarrak zarete.

BELTZA: Munduko hiritarrak bai, baina ez dugu aberririk. Afrika da beltz guztion aberria. Mendeetan zehar salerosian ibili gaituzte merkantzia bezala. Orain, azkenez libre garenean, Afrikara bueltatuko gara ondo tente eramateko gure arrazaren orguiloa eta gure ideialaren orguiloa: belztasuna; Black is beautiful!

IÑIGO: Zuen dramak eta gureak, esistitzen ere ez duen herrialde bateko hiritarrok, anai egiten gaitu historian. Elkartu gaitzala borrokak ere! Nik eskupeta hau entregatzen dizuet. Astasunaren LA-ak oihartzun egin dezala Afrikako kontinente guztian (Disparatu egiten dute)

ESTANISLADA: Har ezazue «Beltz Txiki Berpizturen» txokolatina hau matxinadan dabilen herri baten sinbolo hezala.

FEDERIKO: Ekin biezaiogu festari! (Dantzan egiten dute) (ESTANISLADA eta IÑIGO bazter batean musika erromantikoa)

TEODORO (ESTANISLADAri): Faborez emango al didazu dantza saio honen ohorea?

IÑIGO: Nolaz ausartzen haiz?

TEODORO: Ez zaitez hasarretu nagusitxo. Orain gizon librea naiz.

(Sanba musika. TEODOROk, kantatu bitartean, dantzatzen irakasten dio ESTANISLADAri)

Hauxe da saltsa Karibekoa

soinu gozo ta erritmo zoroa

bere izena da sanba beroa

amen baten pizten du gogoa.

Eman orain aurrera pausoa

burua tente mugi besoa

bularra egon bedi airosoa

azkar egin duzu progresoa

Mugi ezazu orain ipurdia

egon dadila libre gerria

Adi adi entzun melodia

Afrikatikan etorria.

(Melodia bera lasaituz doa eta beltzak gerritik heltzen dio. IÑlGO jelosiaren jelosiaz)

ESTANISLADA: Hau exotikoa! Badu halako zerbait sentsualetik txorabiotzen duena... bueltak ematen dizkit buruak... ronaren berotasuna da...

TEODORO: Babestu zaitez nire besoetan, Estanislada. Ikusi zintudan lehenengo momentutik jakin nuen zoramenez maitatuko ginela. Iluntzen ari du. Ihes egin dezagun biok bakarrik, hondartza aldera, gontenpla ditzagun izarra uretan isladatzen, uhinen aparrarekin dantzan ari den brisararen epeltasunera.

ESTANISLADA: A ze gizona! Hi diskretua aurrena eta hain sutsua gero! A ze pasioa!

(Ba dihoaz, eszenarioa iluntzen den bitartean. Iñigok eszena gontenplatzen du gaizkiesaka bere suerte kaskarragatik)

 

© Marc Legasse


susa-literatura.com