Hirugarren eszena

(Goralili Dorreanen gela bat. Bertan, GAUDIOSO, etxearen jabea, zolua eskobatzen; STEFAN GORALILI, pintore euskal-irlandarra. Belauntzi bat pintatzen. Biek MANEX EZPATA organista jotzen ari den organo musikari kasu egiten diote. Sapaian, zintzilik, Gaudiosoren eskoba bilduma).

GAUDIOSO: Zure nota leihatsuek, Manex laguna, dardara egiten dute nire bihotzaren sakonenean, benetan esaten dizut. Pattar trago eder baterako merezimendua irabazi duzu.

MANEX: Pozten naiz gustatu izateaz. Gure matxinada kantuen gaiekin egiten ari naizen rapsodia baten apunteak dira.

GAUDIOSO: Beti izan diet istimazio haundia gure epopeia nazionala artearen lengoaira eramateko gauza izan diren guztiei. Hori egiten duzu zuk, eta hori egiten du Stefan maiteak bere pinturarekin.

STEFAN: Etzazu zeure burua jaitsi, Gaudioso. Zu ere ez zara batere makala kolekzioak egiteko arte finean, ondo dakigu hori.

GAUDIOSO: Ez du garrantzirik, ez da kapritxo ttiki bat besterik. Egia esan, eskobak bakarrik hiltzen ditut. Baina, etzazuela pentsa, badauzkat bakar batzuk erabat apartekoak direnak. Horrako eskoba brandenburgotar hori, esate baterako: XVIgarren mendeko artista ezezagun batek egin zuen, eta zilarrezkoa du kirtena eta rubiez apaindua euskarria. Eta ez da erakutsi dezakedan bakarra.

Ttikitandik dudan grina da, aitari Lezoko barrenderoaren istorioa entzun nionean sortu zitzaidana. Kontatu al dizuet inoiz Lezoko barrenderoaren mentura? Ba gizon hura oso distraitua omen zen, atarramenturik gabekoa, eta behin batez, Kristo Santuaren eliz atariko hosto lehorrak eskobatzen ari zen bitartean, bada lozorro ibiltari bitxi batean sartu omen zen gure garbitzaile munizipal bizkor hura. Eskoba eskutan zuela eta eskobatzeari utzi gabe, muga pasa eta Pariseraino iritsi zen, pasaeran topatzen zituen jendeak harri harri eginda utziz, noski. Eta ba al dakizue nork esnatu zuen gure barrenderoa Luxenburgoko lorategian zebilela? Bada Victor Hugo berak. Bai, Lezoko barrenderoaren bitartez izan zuen poeta frantzesak euskaldunen berri, eta orduz geroz gure laguna egin zen, eta poema bat ere egin zuen mendietako haize erotzailearen gainean.

STEFAN: Istorio zelebrea, dudarik gabe, baina halere gauza bat erakusten digu: gure herria ez dagoela bakarrik bere independentzia eta askatasunaren aldeko borroka egoskorrean. Nire neronen kasuak ere gauza bera adierazten du, zeren, zuek dakizuen bezala, ni irlandarra naiz amaren aldetik. Dublinen bizi izan nintzen nire ama, polizia ingeles batek kolpeak zirela eta, hil zen eguna arte. Hil aurretik hala eskatu zidan amak, itzultzeko aitaren sorterrira. «Gu irlandarrok -esan zidan- berritsuak eta lotsagabeak gaituk, eta beti aterako gaituk aurrera. Euskaldunak, ordea, hik badakik, lotsatiak dituk, diskretoak, eta dela harrotasunagatik edo dela egoskortasunagatik, sekula ez dituk inori ezer eskatzera ausartzen. Holaxe galtzen diate dena. Lagundu egiek oihu egitera!».

GAUDIOSO: Alde guztietan izaten da jende ausarta eta bihotz onekoa...

(ESTANISLADA sartzen da FABRIZIO eta FEDERIKOk lagundurik. Bizkarrean SANTI GASTIBELTZAren hilkutxa daramatela. Harridura denen artean).

GAUDIOSO: Zer gertatu da? Zer zoritxar gertatu da? (Besarkatu egiten dira).

ESTANISLADA: Osaba Gaudioso... Santi gure lehengusuak bizitzeari utzi dio. Bala galdu batek harrapatu zuen Elizondo inguruan.

GAUDIOSO: Santi gizarajoa! Erotzen duen mendi haizearen gerrileroa! Ez duk asko luzitu ahal izan Errege-gaiak, gerra hasi zen egunean, bularrean jarri zian urrezko koilarea, erramuz apaindutako gurutzea zeukana!

ESTANISLADA: Biluzik etorri zen lurrera, eta biluzik itzuliko da bertara.

GAUDIOSO: Ezdakit ezagutzen zareten (Aurkezpenak egiten ditu). Manex Esparta, Santa Faustinay-ko organista. Stefan Gora-Lili, pintore euskal irlandarra, balearen arrantzako miniaturak elefante-marfilezko medailoietan pintatzen dituena. Leialak dira kausaren alde. Nire iloba Estanislada Gastibeltza eta bere lehengusua, Santi Gastibeltza zena, Bartiz-Aranako matxinada suspertu zuena. Herriaren gloria bat.

ESTANISLADA: Bi zaldun horiek, Don Karlosen estatu nagusikoak, oso atseginak izan dira eta bere laguntza eskaini didate gure lehengusuari lur kristaua emateko eginkizun sakratuan. Hemen, Txapel-Gorriko etxean dagoen gastibeltzatarren panteoian utzi behar dugu bere gorputza.

ESTANISLADA: Honoko hau Federiko Kruwniski duzue, filologiako lizentziatua eta gure hizkuntzaren ikastun haundia, eta hau berriz, Fabrizio Biankolara, veneziarra eta Lord Byronen laguna, orain Don Karlosen zerbitzura dagoena (Hilbeila prestatzen dute).

GAUDIOSO: Egin dezagun topa euskaldun haundi batengatik, Santi Gastibeltzagatik. Topa dezagun herri honen borrokaren izenean, zerengatik, hau baita herria diplomarik gabeko hizkuntza eta diplomatikorik gabeko lurra maitatzen duena eta horregatik historian eta geografian lekurik gabe gelditu dena! Topa esistitzen ez duen herri honi! Desertuko haizea bezain menderatu ezina da, eta albatrosak uhinetan uzten duen arrasto berdina uzten du berak mende eta urteen duna gainetik dotore eta ixil pasatzen denean!

STEFAN: Foruen izenean! Don Karlosen izenean!

FEDERIKO: Poloniaren izenean. Existitzen ez den herria bera ere. Euskal Herria bezala zatitua eta erdibitua izan zen, zenturioiek Kristoren ohialarekin egin zuten gisara. Eta bibliako erreferentzi berber honek ohore egiten digu.

FABRIZIO: Io vorrei chisdere un brindis per l'unificazione e la liberta dell'Italia!!

ESTANISLADA (Hildakoarenganako errespetoa eskatuz): Jaunak, mesedez!!

STEFAN: Jatorriz oso herri desberdinetakoak izanik ere, anaiak gara hala beharrez. Baina, nolaz iritsi zarete Don Karlosen zerbitzura Potentzia haundiek hain ahaztua eta ixildua daukaten gerra honetan?

FEDERIKO: Poloniaren independentzia aldarrikatu zenean gerlarat abiatu nintzen. Hilabetetan borrokatu genuen armada errusiarraren aurka, Europaren laguntzaren zai, esperantza ororen aurka. Zuek badakizue: laguntza ez zen heldu eta gure matxinadak porrot egin zuen berriro. Nik, bertze zenbait aberrikideren modura, atzerriko bidea hartu nuen. Alemanian Humboldteko Gilen ezagutu nuen eta Piriniotan kausitu zuen hizkuntza misteriotsu bati buruz mintzatu zitzaidan. Haren ikasteari ekin diot harrez geroz. Horregatik nago hemen: euskararen defendatzeko eta mintzatzeko.

FABRIZIO: Io che sono nata in Piazza de S. Marco sono figlio dell barroco e dell rococó e la mia lógica e strafalaria como quela de la mia familia. L'istoria di mio fratelo yago e ilustrativa. Sull murd della nostra camera infantile d'erano disegni di gondole e belle siendrine che si columphiavand. Un giorno, mio fratello yago e intrato nell papello, ha rubato una banbina, e poi si e perducto in lontananza con una góndola, lasciándome un pezzo bianco nell muro e vouta la mia anima.

Se come ci mancaba mio fratello. Aveno fabricato una familia con tutti i ribelati della nostra Italia. Sono andato dietro di Lord Byron per liberare la Grecia. Dopo sono andato a lottare insieme di carbonarii per liberare e unificare la mia patria. Ho avuto bisogno di fugire e a Marsiglia ho saputo che li vaschi lottavano per la sua independenza. Ho decisso di aiutargli e ecco che sond qui.

STEFAN: Nik ere zure anaia Iagoren kualitate bera daukat. Errealitatea gontenplatzeaz aspertzen naizenean ohitura dut pintatzen ari naizen koadroan sartzekoa, eta herrialde urrunenak kurritzen ditut nire belauntzietan, eta azkenean, mareatuta, blai eginda, behin ezpainak zazpi itsasotako gesalez zartatuta dauzkadanean, atera egiten naiz ostera.

GAUDIOSO: Joera laudagarria oso, eta zer pentsatu ematen duen adibidea... (IÑIGO eta MUTU TTIKIA sartzen dira apaiz eta monagilo jantzita).

IÑIGO: Jainkoaren bakea zuekin, anaiak. Emaiguzue babesa arren, eta baita jan edana ere, ekaitza gaiztotzen ari da eta.

GUZTIAK: Bakea zuri ere.

ESTANISLADA: Probindentziak bidaltzen zaitu, aita, nire lehengusu maitatuaren hilkutxaren aurrean erresponso bat erreza dezazun.

IÑIGO (Txundituta): Agian hobea litzateke lehendabizi janariren bat hartzea, gero behar bada...

ESTANISLADA: Hildakoaren arima salbatzea beste edozein gauzaren gainetik dago. Karidadez, hasi dezagun otoitza oraintxe bertan (Hilkutxaren aldamenean jartzen dira denak jarrera errespetozkoarekin).

IÑIGO: Nik, egia esan... tira, hasi gaitezen: In nomine patri, eta filio et spiritu santi, amen. Nola du izena hilak?

ESTANISLADA: Santi, Santi Gastibeltza.

IÑIGO: Santi Gastibeltza hilik!

ESTANISLADA: Ezagutzen al zenuen?

IÑIGO: Andrea, jaunok, lagun artean nagoela ikusten dut. Nire izena Iñigo Pikandia da eta ez naiz apaiza baizik eta Don Karlosen ofiziala. Arropa horiek lagun gazte honek eman dizkit. Monagiloa da. Zintzarria joka etorri da bere Errenteriako komentutik honaino, ni Sakramentu Santua daraman frailetzat pasa erazteko. Bere babesari esker bete ahal izan dut. Santi berak gomendatu zidan misioa. Misioa ondo bukatzen bada kanpainaren martxa ere ondo joango da.

ESTANISLADA: Bi zaldun horiek Don Karlosen estatu nagusikoak dira.

IÑIGO: Nirekin dut Pasaiako gazteluaren planua. Beharrezkoa da berehalaxe Don Karlosen eskuetara iritsi dadin.

FABRIZIO: iIl plano de lla fortalezza! Anche a me mi hanno detto di far questo lavoro ma per disgracia aviano trovato molte patruglie cristine eo e stato impossibile auvicinarse a Pasaia!

IÑIGO: Kontsola zaitez, planua nire esku dago (Forrua askatu eta atera egiten du).

FEDERIKO: Barkatzen ba diguzue (Besteei) Errepara dezagun non diren defentsak kokaturik (Banatzen dira eta planuari erreparatzen diote) (ESTANISLADAk beltz ttiki berpiztuaren txokolatinak eskaintzen dizkio MUTU TTIKIAri).

ESTANISLADA: Pistatxozko bonboiak dira. Lutxo Gastanbide izeneko pastelero fin batek egiten ditu. Kuban egon zen une askotan, horregatik dute izen hau, «Beltz ttiki berpiztua», Ikusten duk?... hemen jartzen dik. Poxpoloak, txiskero harriak, kantuak eta errosarioak saltzen ibiltzen den purtxilero batek zuzenean ekartzen zizkidak Tolosatik.

GAUDIOSO (MANEXi eta STEFANi): Bizkaian eta Gipuzkoan eskuinetik ezkerretara eskobatzen da, eta ibili ibilian. Nafarroan eta Araban berriz beste aldera eskobatzen da eta mugitu gabe gainera, eta hori dela eta lur horiek zahar eta zarpil itxura bat hartzen dute. Probentzia frankoeuskaldunetan ez da batere eskobatzen errebeldiaren hautsa harrotzeko beldurrez, hemendik hauts pittin bat kentzen da, handik beste pittin bat kentzen da, eta gero Pabeko argizaria ematen zaio lurrari. Hola ez da ezer garbitzen; aitzitik, den dena lokaztua gelditzen da.

ESTANISLADA: Hau da Santiren herentzia: bere ezpata, eta lau karabina hauek. Zilarrezko balak disparatzen dituzte eta beren disparoaren eztanda LA notan afinatua dago zehatz mehatz.

MANEX: ASKATASUNAREN LAn, bai, beragatik ari baita geure herria borrokan mende batzutatik hona.

ESTANISLADA: Eta haiekin batera, partitura hauek. Gastibeltzatarren hymnoa da, askatasun eta matxinada kanta bat.

MANEX: Primeran, kanta dezagun bere hymnoa. Hori da egin diezaiokegun omenik hoberena (Partiturak banatzen ditu bertan daudenen artean eta Hymnoa kantatzen dute)

Gaztibeltza, Gaztibeltza

euskara eta karabina!

Mendi mendian izotza,

Euskal Herrian arrotza!

Gaztibeltza, Gaztibeltza!

Hartzazu txapel gorria,

Euskara eta karabina

Etxetik oro gerlara...

Gaztibeltza! Gaztibeltza!

Gurutzepean hobia

Haren ondoan semia,

Euskara eta karabina!

Gaztibeltzen arraza

arrosa gazte ta beltza.

MANEX (Kanpoan zerbait ikusi duela): Kontuz, beltzak!! (Denek hiletaren hasieran zeuden moduan jartzen dira. Karabinak hilkutxaren barruan izkutatzen dituzte)

IÑIGO: Pie Jesus Domine, dona ei requiem sempiternam. Requiem aeterm dona ei domine; et lux perpetua luceat ei...

ESTANISLADA: Errespeto piska bat hildakoari.

OFIZIALA: Sigan, sigan! No se interrumpan! No se trata más que una visita rutinaria. ¿Quién es el difunto?

ESTANISLADA: Lehengusu propio bat.

OFIZIALA (Molesto): Ya; y... ¿lo es por muerte natural o por accidente?

ESTANISLADA: Istripuz, istripuz esaten denaz, ez.

OFIZIALA: Señora, le informo que se ha escapado un peligroso carlista de la cárcel de Rentería y en consecuencia me veo obligado a examinar el féretro. (Hilkutxara hurbiltzen denean kolpeka botatzen dute kanpora).

FABRIZIO: Siano stati inboscatti!!

FEDERIKO: Inguraturik gaude.

IÑIGO: Bila dezagun babesa eta prestatu gaitezen geure bizia gogor saltzera, gure aberriaren askatasunagatik! Euskaragatik, hitzegiten dutenengandik eta bere eskubideengatik! (Eszenan dauden elemento guztiak hartu eta barrikada bat osatzen dute).

ESTANISLADA: Tori karabina hauek. Hauxe da Santi Gastibeltzaren oroimenari egin diezaiokegun omenaldirik hoberena. Bere karabinak erabili gure betiko etsaien kontra.

GAUDIOSO: Niri dagokidanez, nahiago dut eskoba erabiltzea eta herri honen inbasore guztiak behin eta betirako eskobatzea.

ESTANISLADA (organoa jotzen ari den MANEXi): Mesedez, utzi biezaio organoa jotzeari. Mementu horietan beste musika bat behar dugu, balen musika!

MANEX: Zeharo oker zaude. Gure matxinada ideiak tonu haundietara aldatzea eta suite molto vivace moduan jotzea da gure etsaiei geldi erazteko modu bakarra. Hau da egin behar dena, musikaz ilustratu gure gerrako ideiak eta kontzesiorik gabeko errezitalak eman!

STEFAN: Irtenbide bakarra dago. Egizue ihes koadrotik. Bi brotxazotan bukatuko dut Cubako bidea egiten duen break honen beila. Beitu, ari dira belak haizez betetzen, laster itxasoratzeko moduan izango zarete, auskalo zer mentura eta matxinada bila!

IÑIGO: Mugitu, korri! Honi ezin diogu gehiago eutsi. Alde guztietatik datozte tiroak!

STEFAN: Itxadon piska bat, izena jartzea falta zait, zer iruditzen zaizue «Izarreko Gerlaria»?

FABRIZIO: Mi hanno ferito! Fugiste voi. Io defendero la vostra ritirata.

FEDERIKO: Ez, etorri zu ere.

FABRIZIO: E inutile perdo molta sangre, disparisco come quella gondola di papelo oi pinto che tempo fa ha rubato mio fratello (IÑIGOri) Dagli questo piano de la fortaleza di Pasaia a Don Carlo. Muoro tranquillo. Ho fatto bene mio laboro! (Hil egiten da).

FEDERIKO: Hain urrutitik etorri hola hiltzeko! Ene lagun maitea, hire loria Lord Byron-ek Missolonghi-n bere azken arnasa ematean izan zuen loria berbera duk.

ESTANISLADA: Emaiozue lur kristaua bai Santiri eta bai gure lagun jatorrari.

MANEX: Bere jestari dagokion Requiem-meza izango dute!

GAUDIOSO: Herriren bi loria dira.

ESTANISLADA: Osaba Gaudioso, zaindu itzazu nire Txapel Gorriko etxearen inguruan aldatu ditudan magnolioak; eta egiezu euskaraz hotz haundiko gauetan eta baita haize haundiko goizetan eta euria egiten duen ilunabarretan ere!

GAUDIOSO: Egon lasai iloba. Eta kontuz haize korrienteekin... hain zara ahula!

FEDERIKO: Aitzinerat, Jainkoek gida gaitzatela, jaunak.

IÑIGO: Eta etsaia joan dedila pikutara!

(Kuadrotik desagertzen dira. Belauntzia markotik ateratzen da eta habanera bat entzuten hasten da)

 

© Marc Legasse


susa-literatura.com