2002ko poesia kaiera

Jon Kortazar

      1. Inoiz entzundakoak

      Aspaldi euskaraz irakurri ditudan maite poemarik ederrenak eman ditu Inoiz izan ez garenotan liburuan Karlos Linazosorok. Eta esaldiaren bermea aipatu nahi nuke berriro: aspaldi ez dut horrelako maite poemarik irakurri. Sendoak, gartsuak, iradokorrak... beteak.

      Maite poesiaz hitz egiterakoan genero galdu antzekoaz ari garela dirudi. Maitasuna zein erridikulua den! esaten entzun genuen aspaldi, erridikulua norberari tokatzen ez zaion arte. Barregarri izateari batere lotsarik gabe, bere sentipen eratua, eraikia, sortua agertzen du Linazasorok Inoiz izan ez garenotan liburuan. Tituluak berak esanahi bi adierazten ditu. Batetik, liburuaren lehen esaldia da, idazlea testuen gorputzari izenik ezin eman gabe ibili izan balitz bezala, eta biderik errazena hartu balu bezala. Bestetik, inoiz egon ez den toki horren bila abiaturiko liburu dela esango nuke.

      Hertsia, zarratua guk diogun moduan. Bere berean betea. Geldia eta geldoa. Esamoldean "zu" bati etengabe ari zaiona, bigarren pertsonaren nagusitasuna agertuz eta moldatuz. Baina niaren eta zuaren arteko elkarrizketa horretan hitz-aroan borborrean ari da, irakiten... Ikustekoa da nola sortzen den diskurtsoa, etengabe, ura balitz bezala, isurkor, eta ikustea zein hari finek eusten duten esapide hori.

      Pausu luzeko poemak dira Linazasorok aurkeztu dituenak. Erritmoari begiratzen diotenak, agian kutsu (neo)klasiko batez, hitzen silabak neurtuz, eta antzeko silaba kopuruz osatuz bertso lerroak, eta bertsoa atonduz. Egiturak moldatuak dira, paralelismoen bidez, errepikapenen bidez. Agian ez dago zer esan handirik, edo esatera doana denok dakigu... Eta hala ere, eta hala ere... berriak dira esapideak eta esamoldeak. Eta metafora nagusitzen da bazter batean, eta bestean hirukoitasuna, eta esaldiak hiru bider errepikatzen du ideia, eta moldatuz doa niaren eta zuaren arteko dialektika, poemaren egitura atonduan.

      Linazasoro idazleak maila altuari eusten dio gehienetan, ezustekorik gabea bada ere bere mintzaira poetikoa.

      "Oro da maitasuna zure begi-ninietan" dio poetak eta maitasun horren espresioaren bila abiatu da poema bilduman. Eta poema bakoitza eskura ezina (izan ez garenon tokien arrastoen bila) hartzeko eta hausnartzeko ahalegina da, borobila, bere horretan bukatzen dena..Hiperbole puntu batekin, heldu-ez-heldu zalantzaren bidean.

      Inoiz Xabier Leteren oihartzunak nabaritu izan ditut poesia honetan, oparotasunean, eta Juan Mari Lekuonarenak ere bai, definizioari zabaldutako bideetan. Linazasoro une oro agertzen da, kontraesanean, paralelismoan, maitasunaren hondarrak agertzeko orduan. Baina Salinas datorkit gogora. Eta Pessoa, nola ez?.

      Testuak gora egiten du, arnas handiko perpaus eta solasaldietan. Barrokorako joera nabari zaio bai, eta era berean, bere-berea duen espresiobidea.

      2. Gogo bizia

      Gogo biziz ekiten die bizitzari eta poesiari Jose Luis Padronek. Traiektoria luzeko poeta dugu, eta ekintza kulturaletan sartu den eragile kulturala. Poesia sinbolistaren maitale, kutsu surrealista erabili izan du atera berri duen Itsasoa bidaliko dut zure bila liburuan.

      Maite sentimenduaren inguruan eraikitako testu honek egilearen gogo beroa erakutsi du; poemak borborrean datoz, eutsi ezinak balira bezala.

      Bere poema libururik borobilaren gisa aurkeztu du egileak gaurko hau. Eta ez dakit horrelako adierazpen handiek mesede egin dieten liburuari eta irakurleak hartaz har dezakeen irudiari, edo okerrera egin duten.

      Nire aldetik, lehengo pausuak, orain arte Padronen poesian ezaugarri nagusi izan diren aztarnak ikusten ditut: "zu" bati zuzenduriko esamolde garbia, irudikorra, metafora bitxiak jantzia. Agian, bizitzaren aurrean agertu duen bizi-gogo bero horretan dago berritasunik gehienen, irakurle honen uste apalean beti ere.

      Surrealismoaren bidetik jo du Padronek liburu honetan, eta bide hori indartu duela dirudi, sentimenduaren adierazpen garbiaren aurretik.

      50 poema luzeko testua aurkeztu du Padronek, poemategi osatua, beraz, esamoldearen etorriari kasu egiten diona. Baina bizitzari buruzko eta heriotzari buruzko iritziak sortzen du tonu nagusia testuan.

      Idazkeran puntu eta komarik gabe idatzitako testuak aurkeztu dira, irudiak pilatuz, aditzaren nagusitasuna indartuz. Baina sentsazioek osatu dute liburuaren xarma. Eta sentipen nagusiak eguneroko irudietatik sortu badira, eta "zu" nagusi horri bidalitako esaldiak eraiki baditu idazleak, ondoren badirudi poetak bigarren errealitate barnekoiago batean sartu duela bere espresio poetikoa eta irudiak eta hitzak pilatu egin dira, bukaera edo etenik ez duen ibaiaren gisa.

      Nolabait sentitutakoaren aurrean definizio irrazional, sentikor bat eman nahian agertu zaigu poeta, eta hitz batek beste bat dakar ondotik, bata besteren artean sortzen den etenduran berebiziko indarra bilatuz. Joera espresionistak ez dira falta galderei buruzko liburu honetan.

      Azken aipamen bat gorde diogu argitarapen aldeari, nahi bada testuz kanpoko aldeari. Benetan liburu txukuna da orain Bermingham etxeak plazaratu duena, kalitate handiko diseinuz hornitua, eta testuaren irakurketan lagundu egiten duena.

      3. Mugaren leihoan

      Iuri Lotman literatura teoriko nagusiak adierazten duenez, mugaren kontzeptua berezia da kulturan, gurean eta edozein kulturatan, hain zuzen ere mugan gertatzen direlako kulturen arteko elkarrizketak, kulturen arteko harremanak, batuketak eta banaketak, batak bestari hartzen dion eragina mugan gauzatzen da. Muga beraz kulturen aldaketetarako atea da, begiak zabalik izatera behartzen duen atea.

      Ander Iturriotz idazleak -hainbat urte isilik eman ondoren- muga hartu du bere prosa poetikoaren liburu berria osatzeko unean. Mugaren ariketa deitzen da liburua, eta Elkar etxeak eman du argitara.

      Izenburu nagusiak "ariketa" batez hitz egiten badu ere, irakurleak mugari buruzko begirada -zolia, argia, ezustekoa- aurkituko du liburuan. Beti ere, niaren eta objektuaren arteko, izanaren eta litekeenaren arteko mugan Ander Iturriotzek mosaiko nagusia osatu du begiradaren, mugaren, interpretazioaren izaerari buruz.

      Testuak garbi adierazten du, kontzientzia osoz, mugatasunaren sentipena. Hasteko "mugako" genero batean idatzi da testua: prosa poetikoan, hura osorik ez den eta hau beterik ez den generoan, mugan, han eta hemen, biak batera besarkatzen duen munduan. Mundu bi ditu poetak izan ere begien aurrean: barnekoia eta kanpokoa, eta bien artean kokatzen den mugan -begian- datza testu poetikoaren sen nagusia. Ez da soilik generoa "mugako" dena liburuan. Adibidez, hitzaurreak, beste "mugako" testuak, ikaragarrizko garrantzia du testu honetan, han azaltzen baitira argi eta garbi zeintzuk izan diren idazlearen asmoak, eta zein baliabide erabili dituen. Beraz, liburuaren azterketa estilistikoa hortxe aurkituko du irakurleak beste inon baino hobeto azalduta. Eta, hirugarrenez, ez da ahaztu behar zenbait testu poetiko, edo hobe dramatiko, agertzen direla liburuan zehar.

      Irakurle honek nabaritu duena, baina, begiradaren azpian jausi dela askotan testua, eta, ondorioz, deskribapen geldoa nagusitzen dela behar baino gehiagotan. Baina, zer bide legoke bestela, sinbolismoaren bideetatik, estetizismoaren alorretatik abiatu den liburuan? Literaturaren eta pinturaren arteko elkarrizketaren berri ere -espero zitekeenez- gertatu da liburuaren barnean.

      Ez du joera klasikoa baztertzen idazleak: "Zaude objektuan. Zaitez hil bizitzan. Matematika bezala, zaitez hil forma hutsean". Baina forma hutsaren gainetik, deskribapen estetizista eta nonbait kargatuen ondoan, liburuak agertu du gaurko gure egoeraz hausnarketa baliagarririk.

      4. Letra txikiz bada ere

      Lur bat haratago erraldoiaren ondoren, poema liburu berriarekin datorkigu oraingoan Joan Mari Irigoien, Letra txikiz bada ere poemategiarekin.

      Inguruak eraginda, ezin isildurik, barreneko egonezina adieraziz, poesia zuzena idatzi du (nahiago dut zuzen deitu, eta ez soziala edo politikoa). Argitaratu duen liburu berri honetan, eta egoera latz eta larriaren aurrean, letra larrien bidea aukeratu beharrean, letra txikiz idatzi ditu testuak, benetan tipografia bikoitza erabiliz eta zenbait hitz -poetikoak omen ez direnak- molde txikiago batez inprimaturik.

      Zer esan liburu zuzen honen aurrean? Bada, aldeko zerbait bai behintzat. Batetik, beti miretsi dut Joan Mari Irigoienek euskara erabiltzeko duen esku zoragarri eta fina. Euskaraz duen maisutasun estilistikoaren berri eman du liburu honetan ere, batez ere bere izenarekin egindako joko luzeak eman dit zer pentsa handia bere trebeziari buruz. Izenen erreskada horrek (Zirigoien, Zirrigoien, Txirrigoien, Mirrigoien, Petralgoien, Zulogoien, Irrigoien). Hitzen piroteknia harrigarria da, hitzen zirrikituetatik sartu eta esanahien artean esanahi berriak sortzeko eta asmatzeko joera ere nabarmentzekoa da testuan. Bestetik, liburuen eraketan eta izenburuetan trebezia berezia agertu du beti idazle horrek. Har dezagun poema liburuaren txatalen eraketa: Alajainkoa, Zorogoien, Dies irae, Zirigoien, Dies illa. Atalik luzeena Dies irae horren inguruan eratzen da, gorrotoaren inguruan nolabait esateko, eta bertan egunerokotasunak bultzaturiko testuak nabari dira. Egunerokotasunak eta egoerak sortzen dituzten nekadurak ere bai.

      Baina, liburuaren kontzeptu poetikoak kezkatzen nau. Agian, gardenegia da Irigoienen begirada bertan. Eta, aspaldi erabili izan diren errekurtsoak ikusten dizkiot nik: ironia, lehenik, ideia eta topikoen dekonstrukzioa gero, ederra lana, beste topiko batzuk eraikitzeko ez balitz. Poema batzuk, ingenium-ean oinarriturik dira, gogo argi eta olgetari batek eratuak balira bezala. Baina teknika horiek, bat-batean, aspaldian Joxe Anton Hartzek egin zuena ekarri didate gogora. Edo 70eko hamarkadan erabili zirenak.

      Zenbaitek txiste itxura hartu die.. Eta testuak orokorrean, lehenago, aspaldi baten, ikusi eta irakurritakoaren sentipena utzi dit. Agian berriak dira mezuak, baina aspaldikoak lana tratatzeko erak. Ez dakit zer gertatzen den, baina ikusitakoaren susmoa izan dut Sarrionandiaren nobelaren lehen partean, Haranburu Altunaren nobelan erabili den euskaran, eta testu honetan.

      Poesia zuzena, zuzenegia, agian.

      5. Gabriel Kortaren harriak

      Denbora luzean isilik egon ondoren, Gabriel Korta (Donostia, 1951) berriro datorkigu euskal letren plazara. 1980. urtean Isiletik liburua argitaratu zuen eta 1987.nean Okaranak. Geroztik eta gaur arte, poema liburuak idatzi baditu ere, argitaratu gabe egon da. Orain, eta dirudienez bere kabuz argitaratua, Harri hautsiak liburua eman du irakurleengana, bere ahalegin bereziaz, beste norbaitzuen eraginetatik kanpo.

      Gabriel Kortaren poesia beti izan da txikitasunaren zalea, isiltasunaren mugetan mugitzen dena, inpresioz beterik, eta era berean gogoa bizi agertzen duena.

      Inpresio biziz onduriko poemategia dela esan dezakegu. Jose Luis Padron hitzaurre egileak adierazi duenez, bizitzaren eta hitzaren artean mugitzen den poesia da Gabriel Kortak agertzen duena: hitzaren eta bizitzaren artean. Bizitza dago lehenik, begirada bat, inpresio bat, gogapena, gogo-poema, zertzelada txikia, eta ondoren, bulkada horren espresio poetikoa, beti ere txikitasunari begira, unearen jaso nahiari, eta han eta hemen ikusitakoa agertu nahiez.

      "Hitzetan biztanle" dela esaten zaigu poema bildumako lehen atalean. Hitzaren biztanlea: poetak ezin du bizi hitzetan ez bada, eta bizitza eta hitzaren arteko kinkan agertzen du Gabriel Kortak bere izaera agertzeko joera. Bizitza maitatzeko joera goria du poetak, baina heriotza aurrez aurre duenez, kanta behar du: "Urtaroak maite ditut...! Heriotzak bakarrik/ Banatzen gaitu/ Denetatik, denengandik...". Banaketarik gerta ez dadin hitza behar du poetak. Poema bildumako beste atalek sakondu egiten dute bide hori: "Ogia eta poesia", "Maitasunaren argiak eta itzalak". Baina bizitzaren ikuspegiaren beste zertzeladak bilatzen ditu poetak, beste atal batzuetan: "Poemario laburra", edo "Gatazkaren fruituak", zein "Kale biluzian" edo "Negua eta poesia", nahiz "Zelaian" deituriko ataletan idazleak bizitzaren pozak duen mikatza adierazten du: bakardadea, paradoxa, bizitzak sortzen dituen alderdirik gorrienak islatuz.

      Kortaren poesiak badu, liburuan agertzen diren irudiek erakusten dutenez, ekialdeko poesia sendo eta finaren usainik. Berea, batzuetan, hari bakarrari tira eginez eta finezia handiz sortzen den poesia da, elementu (euria, elurra, isiltasuna) gutxiz baliatzen dena.

      Eta, alabaina., sujerentziaz, iradokizunez betea. Esaten dena baino adierazgarriago baita isildu dena. Poesia fina, betiko bideetatik doana, irakurterraza, baina ere beran, arimaren zirrikituetatik laguntzen gaituena.

      Poesia pentsamenduen zertzeladekin osatzen du Gabriel Kortak, bizitzaren pozaren eta garraztasunaren artean, hitza biziz, bizitakoa hitzez emanez.

      6. Arantzak barrurantz

      "Esnatu da trikua" esan genezake Bernardo Atxagarekin batera, eta esnatu da poeta berri baten ahotsean, emakume idazle baten letran agertu da eta Sonia Gonzalezen Sagarroiak liburuaren orrialdetan. Sonia Gonzalez Barakaldokoa da, idazlea, berria... baina hark esango lukeen moduan, gero liburua irakurri beharra dago gero!.

      Sagarroiak arantzak barrurantz ditu, eta kanporantz begira ari bada ere, barruak agintzen du eta barruak min egiten du. Esnatu da poesia egunkari fresko baten itxura duen liburu honetan

      Egunkaria: egunero-egunero poetak bizi izandakoa paperera ekarri duen poema liburua da hau (irakurtzea eta pentsatzea, amestea eta ebokatzea bizitzea baita). Egunkaria idazten dutenean, poetaren begiak auzoan, etxean, ikusitakoan biltzen dira eta hori hurbiltasunez eta indarrez agertzen digute.

      Freskoa: estetika zabalak ageri dituelako hor ezpalak: punkaren eta rockaren soinua (ez naiz gauza zein zein den nabaritzeko zenbaitetan), auzoko drogazaleen begi-ninien distira sotilak (eta drogak ez du hitz jatorraren esanahia inguru horretan), geografia amestu baten oihartzunak... dena da baliagarri poesia hau egiteko orduan.

      Askotan zuzena da espresamoldea, zuzenegia, agian. Poemategiaren lehen aldean, ironiak bere banderak usu agertzen dituelarik, norberaren buruaz irri egiten delarik, emakume izatearen kariaz askotan pentsatzen delarik, norbera nor den eta munduan nola kokatzen den adierazten saiatzen delarik, identitate baten hausnarketa da liburua. Eta gaia tratatzerakoan ez da falta espresaera ingenuorik, nire ustez.

      Miranderen aipu batekin zabaldu du liburuko bigarren atala, eta heterodoxiaren zantzuak agertu dira poemen zehar:desira, bekatu, askatasun nahiak jota idatzi dira hainbat poema.

      Egunerokotasunaren begiradarekin batera, amodioaren eta desamodioaren bideak badira neurri berean desertuko karabanak maite dituen poesia honen aldeetan.

      Gora beherak ditu poemategi honek. Poema batzuk oso zuzenak dira eta gustura uzten dute irakurle hau, beste batzuk, ordea (irakurleak desertuko karabanak bezain beste direla ahazturik, nire lagun batek zeintzuk diren esan behar nukeela diost), desorekatuak iruditu zaizkit. Beste kontu bat da batasunarena... Arlo asko eta irudimen mundu ugariak ukitzen dira testuaren lehen aldian, osatuago ikusten dut horregatik bigarrena, hari bati lotuagoa...

      Lehen liburua da, eta lehen liburu guztiak bezala, harrera onak arreta ona besterik ez du adierazten...Zeren oraindik "poemarik behinenak/ izkiriatzeke daude..."

      7. Denbora eta bakardadea

      Gernikakoa da Joan Aldamizetxebarria poeta. Uste dudanez Denbora igarotzen ez denean hau bere lehen poema liburua da, nahiz eta lehenago kanta-letrak eginez trebatu dituen bere luma eta bere espresio sentipena.

      Poeta gaztea dugu, Tarragonan jaioa, baina Gernikan bertakotua. Eta bere lana argitaletxe txiki batean eman du ezagutzera VII. Marrodan Olerki Saria irabazi ondoren.

      Poetaren aurkezpena egiten duen testuak, garbiro azaltzen du zein den poetaren eremua: "Adiskidetasuna, maitasuna, bakardadea eta distantzia" omen dira liburuko muga nagusiak. Eta gaien zerrendak bat-baten jartzen gaitu poesia honen deskripzioaren ateetan. Sentipenaren poesia? Bada ez osoro, nahiz eta tonua ezaguna den.

      Ebokazioaren mugetan garela esango nuke. Ebokazio: joan den denbora, joan diren adiskideen oroimenaren gustuan idatzitako poemategia dugu hau. Poema luzeek, hala ere, tokia ematen diote hausnarketari. Eta guztiak desoreka puntu bat badu ere, zuzenaren eta inpresioaren azpian idatzitako testua dugula honako hau esango genuke.

      Badakit eskaintza zerrenda testuz kanpo geratzen den ezaugarria dugula, baina hemen jarri den "Eskerrak" sail luzeak ongi adierazten du, bidean aurkitzen dugun seinalearen antzera, nondik joko duen idazleak.

      Zenbaitetan deskriptiboa da idazlearen tonua, beste askotan oparotasunak agintzen du. Baina beti geratzen zaio irakurleari sentipen berbera: bere kodeak darabiltza idazleak, berak sentitutako eta bizitutakoa dago, gehienbat, paperean, eta kanpoko ikuslearena egitea tokatzen zaio maiz orrialdeetara hurbildu denari. Ez da falta, baina, espresio berri baten (tonu poetikoen nahasketa, irudiaren agerpena, ahozko tonua, ingelesera) jarraipena liburuan.

      Poema pilaketa den honek momentu garaiak eskaintzen ditu, bere ageriko inperfekzioa gora-behera oso gustura irakurri dut "Bizitzaren bideak" aipu perfektu batekin ("Tu país son tus amigos"). Eta beste asko.

      Zirkulu eta zirkuitutik kanpo dagoen liburua da hau. Bere tonu jakinarekin eta sentipenekin, bere pitxi arraroekin...

      8. Joan etorrian

      Ying eta Yang, joan eta etorri, heldu eta solte, eutsi eta utzi, bete eta huts, hala doa, joanez eta etorriz, nahiez eta galdez, Jose Angel Irigarayren poesia, Joa-jinaren labirintoan.

      Kondairaren ihauterian (1978) hura argitaratu zuenetik hona, beste poema liburu bi eman ditu argitara Bizi minaren olerkian (1986) eta Urdinkara (1995). Traiektoria luze honetan laugarrena da, beraz, komentatzen dugun hau.

      Sublimazio prozesu batek hartzen du beti Jose Angel Irigarayren poesia, idealismotik eta estetizismotik hurbil dagoen idazkera batek gidatzen du bere luma. Eta fineziak. Bizitza eta idazkera askotan ematen dira batera, eta lanak sotiltasunaren (sor-tilegioaren) ispilu bihurtu du poetak.

      "Bizitza taupada bezainbat bidaia da" idazten du atarian, eta atariko esaldi horrek gidatu du bere pauso bidea, bere pausa bidea. Izan eta egon, eta joan eta ibili.

      Barne prozesu baten berri eman ohi du Irigarayk bere poesia mugetan. Galdera eta kontraesanaren mugetan.

      Identitatearen poesia idatzi du maiz, batzuetan herri identitatea azaltzen duelarik, bestetan berea, eta beti bata eta bestea ortzadarrez uztartuz, eta izadiaren aipamen gardenez, biak batuz eta bat eginez.

      Kanpoa eta barnea, norbera eta gizartea, izadia eta barnekoia, eta joana eta etorria, geratzen ez den higidura da Irigarayk adierazten duena: higidura bat, barne mugimendua baketu ezina: labirintoa.

      Lau alde nabarmen ditu testuak. "Ilunabarrez joaten" eta "Jiten argisentian", biak zein biak molde beretsuko poemez osatuak; "Joan zen jin" testu laburrez osaturiko poemategia, eta "Joan-jinenaren labirintoan" arnas luzea bilatzen duten poemez oratua.

      Kontrajarpenaren eta kontrarioen batasunean sinesten duen poesia idazten du Jose Angel Irigarayk. "No zen to / ar eme / dena alderantziz /xuxen guztiz". Poema labur honek ematen du zein den bere poesiaren sena: kontrarioen batasuna, oximoron bortitzaren lasaitzea, bi direnak bat egitea, eta hitz jokoaren edertasunean idazkera propioa, urteen poderioz findu eta landu duena, ematea.

      Existentzialismoaren erroetan jaiotako poeta dugu Irigaray. Poema liburu honek jarraitzen digu haren pentsakizun munduaren berri ematen, galderen artean, ziurra ez den mundu baten isla agertu nahi duelarik, bidean, bizitzan, agerturiko zeinuen irakurketa sortuz eta berriro kiribilduz. Galdera eta galderen arteko zalantza izpien idazkera.

      9. Emakumearen bazterrak

      Bazterreko ahotsa Ana Urkizak argitaratzen duen bigarren poema liburua da, eta oraingoan Elkarlanean argitaletxearen poesia sailean eman du plazara. Eta izenburuak bat-batean jartzen du oroimenean Kirmen Uriberen Bar Puerto. Bazterreko ahotsak lana. Eta inoiz ikusi dugu poeta Uriberen lanekin olgetari eta harekiko jolasean.

      Norbaitek esan du feminismoa gaur eguneko marxismoa dela, ez soilik bere ahalmen iraultzailea garbi geratzen delako, eta, ondorioz, munduaren aldaketa sortzeko itxaropena dakarrelako, baizik eta fedez eta entusiasmo handiz jarraitzen delako.

      Liburua irakurtzen dugularik ezin dugu alde batera utzi poema-sortak duen tonu berritzaile hori.

      Izenburuan dago lehendabiziko aldarrikapena: emakumearen ahotsa bazterrekoa da, eta periferiaren ordez, gunea hartu nahi luke. Poemategiaren lehen bertsoak ere aldarri egiten du, eta kontzientzia hartze baten berri eman du: "Gaur emakume izanik esnatu naiz.[...] Gaur, emakume naizela konturatu naiz".

      Eta, irakurleari bat-batean etorriko zaio Amaia Lasaren hitz poetikoa gogora: "Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten naiz".

      Definizioa, beraz, edozer baino lehenago, eta definizioarekin batera mundu ikuskera.

      Izaki biologikoa izakiaren kontzientzia nola bihurtzen den ikusterakoan gauzatzen da poema liburu hau. Biologia ideologia bihurtzen den heinean hartzen du hizpideak bere joan-etorria.

      Ana Urkizaren poesian egunerokotasunaren aipamenak garrantzi handia duela esango nuke, badutela ikusitakoak eta bizitakoak bere indarra, eta handixe hasten da poetaren ahotsa idazten.

      Batzuetan hitz jokoak edo gogo zorrotzak ematen dio hasiera poemari. Beste askotan egoeren zertzelada ugariek bidaltzen dute poemaren gaia, eta hirukoiztasuna planteatuz bukatzen da testua: edo hiru ahapaldiz osatzen delako poema ("Ezustekoa", "Galdera bat", "Armairu bete desio", "Urruti da oihartzuna"), edo hiru errepikapenez adierazi ("Katea ez da sekula apurtzen", "Ibaiaren sorburuan"), edo hiru kontzepturen artean eraiki eta formulatu ("Bizitzaren ardatza", "Espermatozoidea").

      Nik ez dakit baina, agian, modu bitakoak dira Ana Urkizaren poemak: edo norberaren bizipenetik sortzen direnak, edo pentsakizunaren ahotsez sortzen direnak. Zer esanik ere ez, barne esperientzia erakusten dutenak ditut gogokoen, besteak ahuleziaz jantziak ikusten ditut, egitura bera aurretiaz ikusteko modua dagoelako.

      10. Denok gara Ahab Kapitaina

      Aritz Gorrotxategiren Taxi bat Hamletentzat poema liburua irakurtzeko aukera izan dut egunotan eta poetika berezi batekin topo egin dudala aitortu behar dut. Liburuaren hitzaurrearen egile gisa, eta aurkezle ezin hobeaz, Harkaitz Cano agertzen da. Eta ez da aurkezpen makala adiskideak egiten diona.

      Aritz Gorrotxategiren (Donostia, 1975) ibilbide literarioa ezezaguna nuen, nahiz eta irabazitako zenbait sariren berri ematen zaigun bere aurkezpen oharrean, haien artean aipagarriena Irun Hiriko Nobela saria.

      Liburu batez baino gehiago bederatzi zirkuluez ari gara, eta zirkulu bakoitzak bere tonu berezia du. Bere modalizazioa ere bai, bere ahots poetikoaren tratamendua. Agian bere eszenategi propioa. Tonu asko dira poemategi honetan, banaturiko kapituluak edo sailak beste behintzat. Hala ere, liburu bakar bat dugu, bere joera simetrikoekin, bere joko metaliterario eta aipu kulturalekin, bere txiste eta pentsakizun sakonekin, poesiaren izaerari buruzko hausnarketarekin.

      "Scherezade auzoa" deituriko atalean, ekialdeko exotismoa aukeratu du idazleak eta ipuin fabulistikoen pertsonaiak eta jarrerak aukeratu, askotan parodiaren bidea ere nabaria delarik hasierako poemetan. Umorezko modalizazioak, aukeratuko ikuskerak, kalte egin diola poemategiari esango nuke, baina aukera bat da idazleak egin duena: parodiarena, azalarena. Zati honek bere alde simetrikoa du zazpigarren atalean "Ekialdeko herensugeen azoka", nahiz hemen Txina herriko exotismoa bilatu. "Itsuen hiria" asko estimatzen dudan atala da, poesiaren izaera hartu nahi luke kontuan idazleak eta isiltasunarekin eta itsu izatearekin egindako loturak oso estimagarriak direla uste dut. Poesia mota honek nostalgiaz eta ezintasunez begiratzen die idazteari eta poesia egiteari eta nostalgiaz gain, tonu tragikoak ematen dio nagusitasuna testuari. Atal hau "Itsuen portu erreak" deiturikoaren beste aldea da, atal simetrikoa litzateke, edo hau harena, nork jakin?. "Jazz pusketa galduen etorbidea"k eszena Ameriketan jartzen du eta "Babelgo dorrea eta inguruak" atala Europan zehar egiten den bidaia da. Lehen pertsona poetikoa "Basamortuko hobi izoztuak" sailean berreskuratzen da, isiltasunari buruz eta heriotzari buruz mintzatzeko. Ordea, kulturalismoaren ertzetan idazten da "Argizarizko museoa". Niretzat baina, "Underground" poema saila da liburuko giltza: bikoitzaren gaia, mundu galdu baten fantasiaren posibilitatea eta hitzaren eta isiltasunaren arteko kakoa, denok baikara Ahab kapitaina eta errealitatea gure fikzioan bizi da.

      11. Urruneko familiak

      Jendakiak urruneko familiatan izeneko liburuarekin Arabako Foru Aldundiak eratzen duen Ernestina de Champourcin saria irabazi zuen Edu Zelaieta idazle etorri berriak. Ondoren beste sari batzuk irabazi ditu ipuingintza arloan.

      Euskal poesian ez da maiz hitz egiten kanpoko idazleen ekarriaz. Adibidez, Mario Benedettiren izena batean baino gehiagotan aipatu beharko litzateke, bai bere haikuen bidez, bai eta ere gizarteaz duen iritzi kritikoaren bidez ekarpen handia egin duelako zenbait euskal poeten lanera.

      Zelaietak darabilen hizkera poetikoak askotan agertu du joera hori: Esan beharra dago hemen, esaldiak zuzen egiten direla, inguruko adornurik gabe, artifizio handirik gabe; errepikapenen bat, hiztegiaren moldapena, egitura simetrikoren bat, zehaztapena, eta egia borobilak omen direnak.

      Hiru zati nagusi dituen liburu honen hasierak ematen du erabiliko denaren tonu nagusia: "Literatur emankortasunak/ ikara sortzen dit". Beste poema baten aterikoa dugu hurrengo esaldi hau: "La escritura ha de escupir crueles verdades".

      Eta poesiaren izaeraz osatzen da lehen atal hau. Baina hasiera programatiko horren ondoren, poemetan egiak omen direnak pilatzen dira: poesia molde desberdinak, joko metaliterarioak.

      Bigarren aldean justizia (orokor) baten eskaerak luzatzen du. Eta maitasuna da hirugarren atalaren giro nagusia.

      Nitasunaren poesian gaude berriro, batzuetan bizitakoak eman dio nagusitasuna bertsoari. Baina hitz jokoa maite duen egile honek badu bere idazkeratik urruntzeko joera bat, idazten duena ironiaz begiratzeko moldea eta gogoa. Poema dexente bukatzen ditu hitz joko berezi batez ("Eusko lege biltzarra", "Abentura bat", "Esperoan").

      Hala ere sinplea dirudien poesia mota bat egiten du Zelaietak, inoiz alegoriara jotzen duena, eta beti esan beharrez gauzatzen dena.

      12. Deserriko bidea

      Mikel Ibargurenen bigarren poema liburua dugu Deserriko karrikak hau. 1996. Urtean Hemen gauak lau ertz ditu poema liburua eman zuen argitara Susa argitaletxe berean.

      Bost atal nagusi ditu liburuak, bost helbideren karrikak aipatuz, eta hemendik hasi beharko genuke liburu honen irakurketa: barne kartografia baten agerpena egiten du deserriko bideetatik barna. Liburuaren helburua esperientzia bat azaltzea litzateke: ausentzia baten agerpena agertu. Badirudi lehendabiziko liburua kartzelan idaztitakoa dela, eta hau sorterritik urrun, herri izan arren ere.

      Helbideen -karriken kartografia- egunerokotasunaren seinale bihurtzen du bere liburuan Ibargurenek, zuzen, beti ere esperientzia, kanpo esperientzia delarik poema hasten denean, eta barneratze prozesua kontatzen zaigularik poeman zehar.

      Liburua zabaltzen duen Czeslaw Milosz-en aiputik bertatik adierazten zaigu identitateari buruzko liburu baten aurrean gaudela: Baina (pertsona bati) uka iezaiozu aberria, hizkuntza,/ eta orduan benetan galduta egongo da". Hemen aipatzen dena Milosz-ek berak adierazi zuen elkarrizketa batean, Poloniako literaturan agertzen ez den gai bat dela poloniar izatearen tasuna. Identitatearen gaia desagertu zela, alegia. Ez da hori gurean gertatzen, eta identitatea bermatzeko ahalegina da Ibargurenen liburu hau: "Hemen bertan altxatuko genuke gotorlekua/ arerioak zeharka ez gaitzan".

      Baina ez da hori bakarrik. Absentzia baten presentziarekin moldatzen da hizkera poetikoa, galdua eta ihesean dagoen zuka bati hitz egiten zaiolarik: "behin-behineko ihesa da haatik zure gordeleku bakarra". Eta horregatik "gabeziari etxe bat" eraikiko diogu. Arestiren eta Sarrionandiaren oihartzuna gordetzen duen hasiera poema honetan ageri dira liburuak ondoren emango dituen zenbait zeinu.

      Zu horri zuzenduriko tonuak betetzen du poemategia. Absentzia bat ("izkiria nezan zure ausentzia"), galdua den norbait, ihesean eta joanean, galdua eta eskura ezina ("uhinek ez dakarte zure erbestearen berri")... Eta egoera horretatik sortzen den sentimenduak (oinazea, galera, oroimina) ematen dio jarraipena adierazpideari. Galera maitasun hizkerari gorpuztea izango litzateke poema hauek agertzen duten biderik sentikorrena.

      Bestela, espero zitezkeen moduak dira hemen: paisaia barne mundu baten adierazgarri, joanaren eta bidearen hiztegi zabala, egunerokotasunaren eta barne munduaren uztartzea... poesia garbi eta espresionista era batean agertzeko zolitasuna, egunerokoa poetizatzeko ahalegina, maitasun hizkeraren agerbidea...

      13. Klasizismoaz

      Beti da pozgarria poeta berri bati ongi etorria ematea. Joseba Jaka II. Beka jaso ondoren, Anjel Errok Eta harkadian ni poema liburu ederra eman du argitara Elkar etxean.

      Poema liburu olgetaria da, ironiaz josia, eta abangoardiaren ondorengoetan poesiak eman duen, eta gure artean askorik erabili ez den bide bati ekiten dio: neoklasizismoari.

      Behin baino gehiagotan aipatu dugu hemen modernitate ondorengo mugimendua hasi zela: "dena esanda dago" esaldi famatuaren ondoren berriro hizkuntzarekiko genuen mesfidantza gureganatu eta esaten berriro hasten ginenean. Mugimendu desberdin asko batzen dituen egoera da modernitate ondorena, batzuetan jarrerok, gainera, kontraesanean daude: batek pentsatuko du oraindik hizkuntzak ezin duela errealitatea jaso, errealitatearen erreferentea sortu eta kode berriak eraikiko ditu, edo, hemen gertatzen den bezala, esana bere hartan onartzen da, ironia nagusi erabiltzen bada ere: "Oro errana da, aspaldidanik./ Oro errana dela ere errana da./ Oro errana da, bada ezinbestean./ Oro errana da, baina ez nik".

      Beraz ni hori hasten da mintzatzen bere kode propioan. Poema horretatik hasita, bidea neoklasizismoz jasotzen da. Catulo maiz etorri zait gogora, eta Argentario (baina hau nire gustu pertsonala besterik ez da) epigramak irakurtzen ditudalarik, eta ezin izan dut burutik kendu zein ongi argitu den bidea: Poema gainetiko zenbaki erromatarrek mugatzen dute irakurketa. Erromako itzalpean gaude. Baina itzala besterik ez da jokoa: euskal izenak era latinoz maiz ematen ditu, tonua sinesgarri bihurtuz, gure artean hain aise erabiltzen den euskara eta gaztelera arteko hitz jokoa, Errok latinaren eta euskararen arteko bihurtu du hitz joko hori; latinez ere eman du poema bat. Eta testua irakurtzen nuela gogoan izan ditut beste poeta noklasikozale batzuk, hala nola J.A. González Iglesias. Eta epigramen mugetan gaiak zabal doaz, maitasunaren eta erotismoaren jokotik, poesiaren bidera.

      Epigramak idazti behin eta berriz, epigramak: ziri zorrotzak, beti ere, baina jolasak hartzen duelarik tonu bereziren bat urruna, ironia ez ezik tragedia laztantzen duena. Azken batean, badago arriskua, eta poetak badaki: "lerroburua ariketa formaltzat hartuko dute/ edo, okerrago dena, bizi honen alegoriatzat". Eta poema liburuan bada jolasik, baina ez dut uste alegoriarik dagoenik... gehien jota irriaren azpian poesiari buruzko ahalbidea da zabaltzen dena: bide posiblea, hitz jokoa zilegi bazait. Eta hori adierazten du liburuaren bukaerak: "Argitu iezadazu bederen/ narratiboa edo lirikoa zaren/ chillida nahiago ala oteiza/ poesian sinesten jarraitzen ote".

      14. Poeta txukuna

      Aspalditik ari da Auxtin Zamora poeta poesia aurrera eramaten eta sustatzen. Hatsa Elkartea sortu du, eta haren azpian urtero-urtero bere etxera heltzen diren poemekin "Hatsa" bildumak argitaratzen ditu. Orain pausu bat gehiago eman du eta hiru poema liburu desberdin argitaratu ditu.

      Ohi duen modu txukunean egin du gainera. Artisautza maite duen poeta baten aurrean gaude, eta txukuntasun hori diseinuan agertzen da batez ere. Azalaren tintatzen lanetan, poemak argitaratzeko erabiltzen deun letra moldeetan (apala izan arren inprentatze lana), txukuntasuna orrialdeak biltzeko lazuetan. Baina ez dakit nik gero ongi zabaltzen diren horrenbeste txukuntasunarekin egindako lanak.

      Baina itxuraz gaindi poeta baten lana dago Trapuetan haizea deitzen den poema liburu honetan.

      Traiektoria etengabea eraman du aurrera Zamorak. Eta orain eskaintzen duena ez da, uste dut, lehengotik asko urruntzen. Agian hausnarketa beltzagoa da orain. Zamorak izadiari begiratzen dio, eta izadiaren eta hitzaren artean dagoen zubiaz hitz egiten digu oraingo honetan. Izadiaren eta idazlearen arteko lotura du mintzagai, eta hitza, bien arteko den haize fin hori bien arteko zubi bihurtzen da. "Haizeak, gure trapuetan dabiltza, bainan,/ ez gure trapuak, haizeetan. Hitz edo zeinu/ bat aldrebes,/ eta mundua kakola hau, doha, lau hankaz gora...!".

      Hausnarketa poesia bat idazten du Zamorak, agian hitzaren lilurak eramaten duelarik, ez dut uste estetizismo sinbolistak hemendik ihes egin duenik. Eta noizbait, aipatu dugun poeman, eta liburuari izena damakion horretan, adibidez, hitzaren arteko jokoak intuizioa ez ote duen lausotzen. Eta hitzaren jokoak dantzatzen du poesiaren alboetan ("Ametsetan", "Zirtziltegian"), eta irakurleak nabaritzen du aspaldiko poesia moldeak direla hemen, hitzaren aberastasun barrokoaren aldeko apustua egin delarik (Aski duk", "Koktela"), hitz jokoak eramaten duela poesia ia haur literatura, haur poesia izatera ("Iratzar xite", "Kokin")...

      Hitzaren lilurak eramaten badu ere poesia hau, Zamorak bilatzen du hitzaren jokoaren bidez irri poesia lortzea: "Zantiagoko bidean", edo poesia herrikoiaren zantzua lortzea: "Xerrero eta Petxero".

      Erregistro guztien gainetik, XVI. mendeko poeta Nahuatl-ak eman dio poesiaren bidean hausnarketa egiteko forma eta ahala.

      15. Emakumearen dantza

      Bego Zestau poeta berria dugu. Eta Sabeleko dantza bere lehen poema liburua, bere lehen liburua, omen da. Hatsa elkarteak argitaratu du Senperen, Auxtin Zamorak ohi duen txukuntasunarekin.

      Juan Karlos Mugertza bere irakaslea izan denak, eta poeta izan ere omen denak, idatzi dio hitzaurrea. Eta hitz horietan marraztu du Zestau idazlearen nondik norakoa. "Maitasuna, xangrina, desira arinak eta sakonak" osatzen omen dute bere poesia zuzena.

      Eta forma aldetik, ohikoa dugu: "Aliterazioak, ahapaldi askeak eta errimadunak. Formaren aldean edukina", Bai, bada. Denek egiten dute berdin, beti da horrela poesia: aliterazioa, modua, ahapaldien taiudura ongi moldatua... Zer dakar berezirik Zestauk?

      Ez dakit erantzuten. Liburu berri bat, eta ez da gutxi.

      Batez ere paralelotasunaren poesia bat ekarri duela, hurrenkerarena, hitz jolasean arintzen den poesia molde bat; ugaritasuna isiltasuna baino gehiago maite duena, hitzaren liluran, esaldien pilaketan: "Presentzia betiratua./ Irudi barneratua./ Besarkadaldi liluratua./ Muxualdi disfrutatua./ Topaketa mirestua.".

      Nitasunaren poesia zuzena da Sabeleko dantza honek adierazten duena, noizbait nerabea, eta zuzena, nitasunak jartzen dizkio mugak eta erromantizismo urrun batek tonua. Besterik ez dagoenean ongi da. Baina moldeok askotan erabili ez ote diren zalantzatan nago.

      Mundua hasi eta buka egiten da. Eta erotismo xuabe batek (nahiz Iñaki izan, naiz Xabi, naiz Ana) isurtzen du bere joera poeman zehar. Eta hitza berriro nagusitzen da. Eta ez dakit esaldiaren oparotasunak ez ote duen bertsolaritzarekin lotzen espresio molde hau. "Ontto" hitza aitzakia da esaldiaren joan etorria adierazteko. Baina zalantzan naiz hauek ote diren hitzaren oparotasunaren garaiak.

      Lehen poema liburua da eta aspaldi agertzen denez, euskara, hizkuntza poetikoa hizkera malgua da poetaren eskuetan. Gaiak eta interesak dira kontuak. Inoiz ez da alde batera utzi behar poeta gazte batek periferian egiten duena, baina irakurtzeak inori kalterik ez diola egiten ere esan beharra dago.

      Bego Zestauren mundua mundu propioa da. Agian, beste gazte askorekin parekatu dezakeguna, eta agian, horixe da bere joera nagusia, arketipo bihurtzea: "Iruñean. Bakarrik./ Arratsaldeko 20.23./ Silvio Rodriguez-en musika lagun./ Oroitzapenak dantzan gora-behera".

      Eta barne mundu baten agerpenean, eta arketipo baten joeran joan dira orrialdeak liburua bukatu arte.

      16. Egunkari ezkutua

      Hitzaurrean idatzitako hitz batzuekin hasi nahi nuke idazkitxo hau: editoreak Joakin Balentziaren liburuaren atalburuan jarritakoak dira: "Euskal nortasunak, kolonizatzailearen aurka, bizi duen odol eta buru barruko borroka...erlijioen hainbat sinesmen desberdintasun desberdinen arteko mental-borroka... larrua jo beharra edo prokreazioarentzat, kale-ezkin guztiek, sortzen duten borroka... mila ideologia desberdinen burutazio antzuen borroka... borroka... borroka... eta oraino borroka".

      Eta joera epiko honen azpian hasten da Joakin Balentzia-Tirapuren Egunkari Ezkutua liburua. Molde askotako poema liburua dugu. Abisatu zaigu "Panta rei" da bere esaldi nagusia: oro doa arin, eta arin harrapatu behar du poetak egunerokotasuna.

      Hiriko giroa eta arin doana harrapatu beharrak moldatzen du idazkera. Inpresioen idazkera nagusia da hau. Baina, era berean, ironiarena eta sarkasmoarena. Idazlea bakarrik geratu da, giroa ez du epel eta gordin erantzuten dio giro horri: "paper zuria, asmo beltza, / oroitzapen zuhurrak,/ hitz zogiak/ urmael geldo eta likits honetan".

      Balentziak traiektoria luze xamarra du euskal poesiaren munduan. Bereak dira Espaloian dago munduaren zilkoa (1989) eta Amaigabeko zikloa (1995), oker ez banago, behintzat. Eta inoiz aipatu du bere poemak ipuinak direla, eta halakoak dira hemengo asko ere. Poemaren hasieran planteamendu narratiboa askotan agertzen da. Eta poemaren mugan espazioa eta denbora maiz agertzen dira, irakurleak jakinik dituela non kokatu behar duen bere burua. Baina Balentziak gogoz adierazten du errealitatea ez dela nahiko eta hausnarketa nagusitzen da bertso lerroen bideetan.

      Poetaren burua agertu nahi da. Bere sotiltasuna adierazi: "hormetako irudi zikinetan/ egunero irakurtzen ahal dugulako,/ eta norberaren sentipen intimo,/ pertsonal eta ezkutua, berriz,/ ez da albisteetan agertuko,/ zorionez".

      Balentziaren poesiak molde luzea maite du, deskribapen , sotiltasunean luzatzen da, egoera eta hausnarketa biltzen dituelarik, badu joera klasiko bat, baina gehienbat bere eguneroko bibentziek osatzen dute bere tranpolin nagusia. Bizipenetik hasten da poesia idazten eta poesiak bere adarrak betetzen ditu. Horregatik ez da arraroa parabola bihurtzea bere esamoldea: "Gaur mintzatuko naiz/ aspaldiko maisuen arabera/ parabola baten bitartez".

      Garratz eta gogor bizipenen bultzadaz idatzitako poesia da Balentziak agertzen duena.

      17. Oinutsik, biluzik

      Poesia merkatutik kanpo mugitzen da. Nahikoa da, batzuetan, borondatea (eta poesia idatzia izatea ere bai, noski) poemak hartu eta poema liburu bat ateratzeko. Lagunen laguntza besterik ez da behar. Ez dakit nola dabilen Arteako Zertu Elkartea, ez dakit nondik eta nola bizi den, baina Gaizka Amondarainen Ortozik poema liburua atera du eta ez da muga erraza jaso dutena. Ez dakit, ezta ere, liburu eder honek nolako ibilbidea izango duen, nolakoa izango den zabalkundea eta nork irakurri duen.

      Irakurri dut, jada, Igor Estankonak egin dion goraipamena, eta ez da gutxi hori ere.

      Liburua txikia bada ere, ez da inondik inora, alde batera uztekoa, badu xarmarik edizioan, eta hau poemaren gunea ez dela askok esango badidate ere, kontuan hartzekoa da beti paratestua... Eta marrazkiek indarra eman diote testuari.

      Gaizka Amondarainen poema liburu honek baditu poeta gazte bati aurrez ikusten zaizkion ezaugarri zenbait: nitasunaren eta ingurukoaren arteko oposaketa, norberaren burua agertzeko bidea, irudia lantzeko nahia, poema luzeak idazteko zaletasuna, noizbaiten poemako irudien errepikapen lausotua, han eta hemen espresioaren zabaltasuna, egitura logikoaren agerpena...

      Baina niri poema liburu honetan poetaren indarrak eman dit sentipen nagusia. Badira han eta hemen esaldi borobilak, badira sententzia modura eraikitako esamolde borobilak: Eta bat baino gehiago testuetan: "Eta bakardadeak bizitako agureak/ ardotan afalduko zuen bere zorigaitza gaur ere".

      Aitortu beharko nuke hiru zatitan banandutako liburu honetan joera sentimental etsipenez betea agertzen dela askotan, nitasuna agerian ("Itogarria da sentsazio hau/ Ezagutzen ez dudan zerbaiten ausentzia"), eta lanbroak tonuaren garbitasuna estaltzen duen bezala, argiegiak dira handik eta hemendik jasotako oihartzunak ("Hirurogei kiloko etsipenezko hektareen usaina"). Baina, batez ere, kontzientzia bat dago, bertso lerro garbi batean agertzen dena: "Idazlea koldarra da./ Ez du errealitateari aurre egiteko adorerik".

      Bizitzaren eta hitzaren artean dagoen lautada igaro nahi du Gaizka Amondarainen poesiak. Batzuetan asmatzen duela esango nuke, melankolia garratz batek ematen dioenean arnasa esamoldeari. Beste batzuetan joera erretoriko batek galtzen du pausua. Baina poeta interesgarri baten aurrean gaude, liburuaren proiektua marraztu duena, eta, era berean, poemari behar duen unea ematen dion horietakoa.

      18. Euriaren indarra

      Liburu sakona, sakonik egin bada aurten gure artean, idatzi du Juan Kruz Igerabidek. Mailu isila du izenburua, eta hainbeste hitzez beteriko poesiari uko eginez, isiltasunaren barnean ezkutatzen den adierazpideari kasu eginez eskaini duela liburu hau esan dezakegu. Aspaldi idatzi nuen Begi-niniaren poemak (1992) haurrentzako omen zen liburua euskal poesiak eman duen libururik ederrenetarikoa zela. Hamar urte igaro dira eta haurrentzako omen zen liburu hartan ageri ziren zenbait poesia zertzelada eskaini ditu orain ere Igerabidek.

      Poema liburu haren aurretik bazen adunatarraren idazkeran ekialdeko filosofiek utzitako zenbait jarrera, 68ko semeei jazo zitzaien moduan. Kontenplaziorako joera hori 1992ko poema liburuaren aurretik agertu zuen, eta urteetan indartzen ari dela iruditu zaigu. Bi dira filosofia horiek (bat baino gehiago baitira) poesian egin duten bidea: batetik, hausnarketa budista bat dagoela esango nuke, gauzetara hurbiltzeko begirada sotila, soinurik atera gabe agertzen duena, aurkarien arteko elkartasunean -edo anaitasunean- sinesten duena. Eta bestetik, zehazkiago, Zen filosofia nagusiaren bideak, han eta hemen, hizkuntzaren eta buruaren tranpei izkintxo eginez, hustuketaren bidez, kontzientzian barna doana.

      Mailu isila honetan ere hauek dira, nire ustez, abiapuntu nagusiak. Haiku poema idazterako -eta asko idatzi ditu azken urteetan Juan Kruzek- beharrezko den pazientzia eta sotiltasuna bereak egin ditu, eta objektu poetikoa hausnartzeko - eguneroko gairik arruntena delarik ere - berebiziko ahalmena du idazleak. Eta iruditzen zait testuaren barnean Zen filosofiak indar zabalagoa izan duela. Han da euria, liburuko sinbolo nagusia, liburu guztian zehar bere hezea zabalduz eta elkartuz eta formak biolentziarik gabe hustuz. Euria heriotzaren sinbolo nagusi gisa, poemak beheranzko bidea hartzen duenean, "Behera-behar hau" poema-bildumako lehenengo atalean, eta bizitzaren sinbolo, bizitzaren ernegarri poemaren bigarren atalean, "Berriro igo nauzu".

      Sinboloa baina, esperientzia gune bihurtzen da hirugarren atalean, "Mailu isil bat behar dut" horretan. Jarrera mental eta sinbolikoak eguneroko bizitzara ekartzen dira eta hartan urtu eta esperimentatu.

      Joan doa poeta, jaitsi da infernurako bidaia batean, eta etorri, badator poetaren esaldia, igo egiten du nahikunde mistiko baten bila, baina bildu egiten da bere eguneroko bizitzan eta jira eta bira dabilen euria, han eta hemen agertzen dena, beti presente dagoena, marrazkilari bat da eta txirikorda marrazten du: postmodernitatearen irudi nagusia, beti hasiz eta beti itzuliz ari den irudi geometrikoa, Juan Kruz Igerabidek hainbeste maite izan duena beti, eta aldi berean postmodernismotik urrunduz, zeren erlatibismo horren azpian, hustuz eta hustuz, bilaketa espiritual bat baitago.

      Bide zoragarria marraztu du, artean, poetak. Sentipenez eta sotiltasunez osatua, tradizio sinbolistaren barnean eta aldi berean tradizio sinbolista hori euriaren bidez deseginez, bidea eta bizitza, unean unekoa nagusitzen den bidean.

      19. Tundra, bihotzaren desertua

      "Inork ez du txoririk ikusi zerua zeharkatzen/ Txori horiekin hasten da liburu hau". Hitz horiekin hasten da Tundra, Igor Estankonaren liburu berria. Txoriak pasatu dira, baina ikusezinak izan diren txoriak harrapatzera, begiztatzera doa poeta.

      Egia esateko, batzuetan nagiegia naiz poesia hau gustura irakurtzeko eta ulertzeko, baina estimatzen diot duen ahalmen berezi bat: tonua, egunerokotasunean Estankonak sortzen duen magia, isiluneen agerpena, agian, kopla zaharren teknika berritua da berea, eta ez diot hau irudien erabileragatik, baizik eta isilunean sortzen den magia, inork ikusten ez duena eta berak bai, azaltzeko gai delako estimatzen dut poesia hau. Txoriak hor daude, baina inork ez ditu ikusi, eta paradoxa horretan gauzatzen da poesiaren gunea.

      Eta isiltasun puntu horrekin poetaren begirada dago. Begirada eta teknika. Begirada garbi bat, kasik haur batena, isiltasunean estalita dagoena agertzeko eta gure begien aurrean jartzeko.

      Eta teknika, nola ez. Gutxi batzuetan izan ezik, toki eta denboraren zehaztasun falta da nagusi poemetan, ni eta zu soilik testuaren buruan, eta ez beti, eta esaldiak zehazgabetasun horretan min egiten du, argia baita, txikitasunean oinarritua baina argia, begietan min egiteko moduko argia erabiltzen baitu idazleak testua agertzerakoan.

      Teknikaren barnean kokatu beharko litzateke, baita ere, behin eta berriro aipatu izan den irudiaren erabilera. Bai, esaldiak baieztapenak dira, borobilak dira, behin eta berriro esaldi sinpleak, eta artean, batetik bestera gertatzen da jauzia, eta isilean egindako jauzi horretan loturak irakurlearen kontura doaz. Isil puntu horien arteko lotuak dira, nire ustez, interesagarri poema liburu honetan, irudia beste irudi batekin lotzen duelako idazleak, edo irudia espero ez dugun beste baieztapen orokorrago batekin lotu duelako: "Etorkizuna beti da gezur barkaezina" adibide berezian bezala.

      Gai nagusiak erabili omen ditu poetak oraingoan, maitasuna, heriotza... eta hala da.

      Baina nik oraindik haurraren begirada sotila eta poetaren esku zuzena maite ditut, horregatik atsegin ditut laburrak diren testuak, luzeagoetan nabariegi dut teknika eta ez horrenbeste arintasunaren xarma.

      20. Aspaldiko hitza

      Itxaro Bordak Maiatz argitaletxean bere poema liburu berria eman du argitara, Euskadi Saria irabazi ondoren. Hautsak errautsa bezain du izena, eta barne mundu bateko bidaia marraztu duela aitortu beharko genuke hasi aurretik.

      Liburuaren irakurketa posibleak eman baino lehenago, hitz egin dezagun poema liburuaren moldapenaz eta diseinuaz. Euskaraz eta frantsesez emana da Maiatzek martxan jarri duen politika berri bati erantzun nahiaz. Euskal Herriko poetak beste muga batzuetan ezagutarazi nahi omen ditu eta liburu elebidunak ateratzen hasi da. Eta horrela dator hau ere, euskaraz eta bere ondoan frantseseko ordaina duela. Beste alde batetik poemak banan-banan adierazi dira orrialdez orrialde, baina batzuetan ez dakigu poema berri baten aurrean gauden edo aurrerakoaren jarraipena ote den. Erabili izan den diseinuagatik, batzuetan, irakurlearen berebiziko arreta eskatzen du liburuak.

      Bordaren poetikaren beste adibide bat izango dugu liburuan. Oso elementu gutxirekin egindako poemategia dugu: ahots poetikoaren joan-etorri bat. Abiapuntua paisaiaren zertzelada bat da, askotan, ibaia, Adur ibaiaren, hegietan egindako eta hausnarturiko begiztapen bat. Ondoren Li Bai (Li Po) eta Rainer Maria Rilke poetekin egindako elkarrizketa bat, joan etorriko pentsakizun sorta bat. Intertestualitatezko elkarrizketa bat baino gehiago poeta biok Bordaren pentsakizunaren oihartzuna dira, eta haiek esandakoa eta euskaldunak pentsaturikoa tartekatuz mundu metafisikoa marratzen da. Zentzu honetan liburuaren atarian jarritako hiru aipamenek nahiko garbi uzten dute zein den poema liburuaren ibilbidea: kanpoko begirada hasiz eta barne ikuspegian bukatu.

      Joan-etorri horretan, Bordak barne paisaia marrazten du. Ez da berea surrealismotik datorren hitz moldea. Gehiago da ikuspegiak eragindako hausnarketa baten solasaldia. Ibaiak, ibaiek eta poetek sortzen duten hitz agerpenean sortzen da Hautsak errautsa bezain hau, etsipenaren sinbolo nagusi hau: "Burua goratzen duzu baina zeruak/ Kontsolamendu izpirik ez du".

      Ibaietako urak joan doazen era berean doaz Bordaren pentsakizuna adierazteko moduak: "Damurik gabeko/ Ibai ireki maneran/ Eroaten zaituela sentitzen/ Duzu/ Eta txiripa laino hori/ Maite duzu". Hona hemen jarraitutako bidearen ataltxo bat besterik ez. Kanpoko errealitatea barne mundu baten marrazketa lana bihurtu du poetak eta hortxe datza bere poesiaren alderik sakonena. Halaz ere, jokoa behin eta berriro errepikatzen da poesiaz poesia.

      21. Hitzaren askatasuna eta lotura

      Idazle "uharte" omen den, eta hein berean, euskal gizarte literariotik urrun bizi den baina, dena dela, idazle den Xabier Galarretak Bertso askeak kateatuko nautenak eman du argitara Hiria argitaletxean.

      Izenburuan agertzen den paradoxak ematen dio hasiera liburuaren irakurketari. Hitz askeak dira hemen aurkezten direnak, satiratik hurbil gehienetan, lotura bakoak, idazlearen zintzotasunaren testigu, bizitza literarioaren beldurrik gabe, eta, are gehiago, lotsarik gabe kritikan sartzen direnak, zuzenak, loki gabekoak, hitz laxo aurkezten zaizkigunak, eta neurri berean bere ordea, bere erantzukizuna ekarriko dutenak.

      Bost zati, nire ustez oso desberdinetan banatu du liburua idazleak, eta bost liburu desberdin ote diren atalok naukazue. Bost asmo behintzat badira testuotan.

      Lehena "Hilko zaitut" deitzen da. Eta zu horrekin jolasten du idazleak. Hurbileko "zu" bati zuzenduriko hitzak dira eta nitasunak bere erretratu morala eskaintzen du bertan. "Alferrikako igarotzeak" deitu izan du bigarrena, eta hemen poetak paradoxaren bidez eman du bere bizitzaren eta bere ikuspegiaren berri. Denbora aurrera joan dela ikusirik, Galarretak ironia darabil bizitzaren eta bere buruaren aurrean diren galderei erantzuteko: "zer izan daitezke hitz hauek/ ezbaiko etorkizun baten etorrera ezkutua baizik?". Etorrera ezkutuzko horren aurrean galderak ditu poetak, ikuspegi ironikoa, munduaren aurrean begirada ozpina eta irribarre xume bat egunerokotasunak dakarren bide gogorraren aurrean. Niri atsegin izan zait alde hau, konturatzen naiz, baina, poema mota honek larregi jotzen duela formulen errepikapenera, munduaren ikuskera irudi fin batekin azaltzeko ahaleginera, eta formaren laxotasunarena. Baina irudiak baino gehiago errealitatearen irudiak ditugu labur zizelkaturik, eta ez nuke esango testua baliorik gabe dagoenik. Zertzeladak dira, arin esanak, bat-batekotasunari aurre egiten diotenak... Poesia arin eta garbi baten aipamenak, pesimismo kutsuak joak. "Axuriol" hirugarren atalak Miranderen kutsua dakar, poema luzeak dira hemen poetak hausnarketa-lana aurkeztu nahi izan balu bezala. "Nazkaren estetika" eta "Jainkoa ere okertzen baita" poema nagusi bi dira, autopoetika baten azalpen. "Poemario ergela" deituriko atala inpresio eskukada bat da, han eta hemen bilduriko eta agerturiko inpresioak, botila baten gorde eta edonora bidalitakoak. Hurrengo atalak, itxura bereziagoa du, poesiaren eta musikaren artean kokatua, "Musikak iradoki zizkidan poemak", oso pentsakizun desberdinen bilduma dugu, musika zaharra eta berria biltzen dituena, baina batez ere Vivaldi entzutearekin sortua. Beti da zalantza nagusi poesia eta poeta honen bertso lerroetan, inpresioaren askatasunean.

      22. Hitzaren garrantzia

      Poesia uretan idaztea irudi erromantikoa da, ahalegin poetikoaren ahuleziaz hitz egiten du, bat-batean desagertzen den poetika baten iraunkortasunaz mintzatzen da. Lauaxetak adibidez, irudi hori erabiltzen du poesiaren idealtasuna adierazteko, fina omen da poesia eta uretan idaztia bezalakoa.

      Izenburu hori, Uretan idatziak, jarri dio Patxi Salaberrik bere poema liburuari eta poema liburu horren bidez Irun Saria irabazi azken deialdian. Baina ez dakit orain uretan idazteak ez ote duen beste esanahia hartu, esan nahi dut, badirudi poetak uretan idazten duela esaten duenean, ez ote duen adierazten ez duela konfiantzarik bere poesian: "Eta zalantza izpirik ez da/ elur-urtze garaiko uriolak baina lehen/ desagertuko direna/betiko".

      Ez nago ziur, gainera, hori den liburuko izenburua. Poemak hasi orduko, eta behin eta berriro esaten bazaigu ere Uretan idatzia dela liburuaren izena, poemak hasi orduko, irakurleak han du izenburu nagusi bat: "Bakargune urratuak", eta ez dakigu, izenburua ez bada, zeri dagokion izenburu horrek. Ondoren, hiru atal nagusi baitatoz.

      Liburua hiru zati nagusitan banandu du idazleak, orokortasun baten bila. "Ene ordurik isilena"k, lehenak, poetika bat adierazten du, bigarrenak, "Botila hustuaren begiradapean" deiturikoak, bizitzarekin egiten du topo, eta joera existentzialista bilatzen da hirugarrenean, "Azaletik daridan elurra (Obituarioa)" deitu duenean.

      Koherentzia ezin bazaio ukatu liburuari eta erretorikak eta osotasunak utziriko aztarna, liburuak joera zaharkitua agertzen du bere orrialdetan. Hori adierazteko jo dezagun poetika adierazten duen poemara. Zer ote den poesia galdetuz hasten du liburua Patxi Salaberrik: neke-lorraren eragina? Behazunaren idatzi beharra? Kontzientzia? Negar malkoa? Erraiaren mintzoa? Eta iruditzen zait azken hau aukeratu duela idazleak.

      Ezin zaio ukatu eroso sentitzen dela idazlea poemen kanpo aldea lantzen, diskurtsoaren jira biran gustura ikusten duela bere burua. Baina poesia erraiaren mintzoa dela esateak lehenago izan diren poesia bideak urratzea da.

      Barne hausnarketa baten poesia dela esaten dugunean, ez gara urrun ibiliko idazleak bere poesiarako utzi duen bidea dela esaten dugularik. Mundu propio bat da hemen agertzen dena, hizkeraren lanketa gozoa, eta inoiz aberatsa, beste inork ikusi ez duen zertzeladaz hornitua, erretorizismo batek ongi jantzia, hori bai, eta hizkuntzaren erabilera aipatu beharrean gaude, euskara ona... bai, eta?

      BIBLIOGRAFIA

      Joan Aldamizetxebarria: Denbora igarotzen ez denean. Edicionesbeta, Bilbao, 2002.

      Gaizka Amondarain: Ortozik. Zertu Kultur Elkartea. Artea, 2002.

      Joakin Balentzia-Tirapu: Egunkari ezkutua. Hatsa. Senpere, 2002.

      Itxaro Borda: Hautsak errautsa bezain. Maiatz. Baiona, 2002.

      Anjel Erro: Eta harkadian ni. Elkar. Donostia, 2002.

      Igor Estankona: Tundra. Susa. Zarautz, 2002.

      Xabier Galarreta: Bertso askeak kateatuko nautenak. Hiria. Donostia, 2002.

      Sonia Gonzalez: Sagarroiak. BBK Fundazioa- Euskaltzaindia, Bilbao. 2002.

      Aritz Gorrotxategi: Taxi bat Hamletentzat. Hiria. Donostia, 2002.

      Mikel Ibarguren: Deserriko karrikak. Susa. Zarautz, 2002.

      Juan Kruz Igerabide: Mailu isila. Alberdania. Irun, 2002.

      Jose Angel Irigaray: Joan-jinaren labirintoan. Pamiela. Iruñea, 2002.

      Joan Mari Irigoien: Letra txikiz bada ere. Elkar. Donostia, 2002.

      Ander Iturriotz: Mugaren ariketa. Elkar, 2002.

      Gabriel Korta: Harri hautsiak. Gabriel Korta. Zarautz, 2002.

      Karlos Linazasoro: Inoiz izan ez garenotan. Erein. Donostia, 2002.

      José Luis Padrón: Zure bila itsasoa bidaliko dut. Bermingham. Donostia, 2002.

      Patxi Salaberri Muñoa: Uretan idatziak. Kutxa. Donostia, 2002.

      Ana Urkiza: Bazterreko ahotsa. Elkarlanean, Donostia, 2002.

      Auxtin Zamora: Trapuetan haizea. Hatsa.Senpere, 2002.

      Edu Zelaieta: Jendakiak urruneko familiatan. Araba Foru Aldundia. Gasteiz, 2002. Bego Zestau: Sabeleko dantza. Hatsa. Senpere, 2002.

Olerti Etxea, 2003

 


susa-literatura.com