(Iurreta, 1958) oso gazterik hasi zen aldizkarietan kolaboratzen, eta alor guztiak landu ditu: saiakera (Ni ez naiz hemengoa, Marginalia, Hitzen ondoeza), narratiba (Narrazioak, Atabala eta euria, Ifarraldeko orduak) eta nobela (Lagun izoztua), denak ere oso estilo pertsonalean. Paradoxaren eta ironiaren maisu, gogoeta ipuinduen generoa sortu du (Ez gara gure baitakoak, Han izanik hona naiz). Profugo bizi da.

Obra poetikoa
IZUEN GORDELEKUETAN BARRENA. Bilbo Aurrezki Kutxa, 1981
IZKIRIATURIK AURKITU DITUDAN ENE POEMAK. Pamiela, 1985
MARINEL ZAHARRAK. Elkar, 1987
HEZURREZKO XIRULAK. Elkar, 1991
GARTZELAKO POEMAK. Susa, 1992
HNUY ILLA NYHA MAJAH YAHOO (POEMAK 1985-1995). Elkar, 1995
HAU DA ENE ONDASUN GUZIA. Txalaparta, 1999

«Hiru etapa nagusi atzeman litezke Joseba Sarrionandiaren poesian: literaturaren deskubrimendu goiztuak eragindako intertestualitateak markatzen duen kultismoa, egoera pertsonal gogorrak eragindako itxituraren eta urruntasunaren aurkako minduraren lirika, eta mundutar anonimo bilakatuak sorturiko hemen nahi eta han beharraren arteko aro dialektikoa. Hiruretan aurkituko ditugu metaforen ederra, kontrasteen jokoa, mezukeriaren hastioa, pentsamenduaren sakona eta esanguraren anitza eragozten ez duen biribiltasun formala».

(Koldo Izagirreren sarreratik)