(Paris, 1925-1972) zuberotarra zen jatorriz, baina hogei urte zituela ikasi zuen euskaraz. Hamabost hizkuntza zekizkien, eta Finantza Ministerioan egin zuen lan. Txomin Peillenekin batera Igela sortu zuen Parisen, «euskal heterodoxoen aldizkaria». Poemez eta artikuluez gainera, nobela bat idatzi zuen, Haur besoetakoa, eta hainbat poeta moderno itzuli zituen, Keats eta Poe besteak beste.

Obra poetikoa
JON MIRANDEREN IDAZLAN HAUTATUAK. Txomin Peilhenek prestatua. Gero, 1976
ORHOITUZ (POEMA GUZTIAK). Andolin Eguzkitzaren edizioa. Kriselu, 1976
JON MIRANDE. POEMAK 1950-1966. Txema Larreak apailatutako edizioa. Erein, 1984
ENE JAINKO-EIDOL ZAHARRA, LUR! Xabier Olarrak prestaturiko edizioa. Elkar, 1984
ILHUN-ARGIAK. CLAROSCUROS. Euskal Herriko Unibertsitatea, 1992
JON MIRANDE ORHOITUZ (1925-1972). ANTOLOGIA. Patri Urkizuren edizioa. Gipuzkoako Foru Aldundia, 1997
OBRA OSOA 1 eta 2. Jon Mirande Aiphasorho. Hiria, 1999

«Idazle anitzek bezala, Jon Mirandek ez zion atxikimendurik bizitzea egokitu zitzaion gizarteari. Hastio zuen langilea, hastio zuen burgesa, hastio euskaldunon zintzokeria. Deserrien aitzi, gure kondaira zaharrean hartu zuen sustrai, zaldunekin abiatzeko ("ni, eusko aitor-semea!") Ortziren gudari, basoihaneko jainkoari sakrifizioak eskaintzeko prest... Paganismoaren aldeko gerla deklarazio moduko bat dugu bere poesia, gauak, ilunpeak, itzalek girotzen dituzten eszena erdi-gotikoetan eta baladen doinu gozoan emana».

(Koldo Izagirreren sarreratik)