(Hernani, 1948), oso gazterik hasi zen idazten Zeruko Argiako Gazte Naiz ataleko Hemen, gazteagoak izenekoan (1964). Ikastola modernoetako lehen belaunaldikoa da, eta irakaskuntzan jardun ondoren itzulpengintzan ari da egun. Poemez gainera Ilargia putzuan ageri nobela bikaina argitaratua du, eta Wang Wei, Du Fu eta Li Bai VIII. mendeko poeta txinatarren antologia bat dauka prestaturik, txineratik itzulita.

Obra poetikoa
TXIPIROIREN BAT EDO BESTE. Ustela Saila, 1981
MUGARRIEN GARRAIOAN. Susa, 1986
ILARGIA PUTZUAN AGERI. Erein, 1990

«Ironikoa izanik ere, Rafa Egigurenen umorea ez da hitzen zehar-zentzuez edo azpi-esanguraz baliatzen, ez da lexikoaren erabileran oinarritzen: ikuspuntua, kontrastea eta irudia darabiltza. Bere poesia figuratiboa dela esan genezake, begian jotzen duena. Adierazkortasun handiko metafora plastikoak sortuz, irudiaren eskutik garamatza mezura, eta errealitatea interpretatzeko modu berri bat proposatzen digu. Ikusi batean tribialak diruditen gaiak ikuspegi xalo ustekoan erabiltzen dituela, beti dauka fantasiak agerian uzten duen azpilduraren bat gordea, gure segurtasuna kolokan jartzeko».

(Koldo Izagirreren sarreratik)