Gure poeten malkoa XX. Mendeko Poesia Kaieren lehen argitaldia aurkezteko Sentimentalkeria oso gaitz zabaldua da, eta ez nuke esanen —literaturzaleok haserretuko bazarete ere— osasungarria ez denik. Negar egitea edo negarraren lekuko izatea nardagarria da maiz, egia da, baina uste dut artistaren kongruentzia nardagarri bat ere badela. Edo nahiago baduzue, patu barregarria. E pois que cada tempo ten seu tempo / iste é o tempo de chorar, esan zuen Celso Emilio Ferreirok. Beti da negar-aroa ordea, poetarentzat. Arantzak egiten du eder larrosa. A, edertasunaren bila urratuaren odol tanta hori! Ez ote, funtsean, malurezko malko bat? Inoiz lorez betea egon ohi zen otartxo hutsa jasotzean, malkoa isurtzen zaio poetari, eta honelaxe aitortzen du: «Ari dut negarra». Ez du nolanahikoa, beraz, artista mota honek minberatasuna. Lizardik malko poetiko asko isuri zituen, eta onartu beharko dugu noski denak ez zirela «ari dut negarra» esan beharrerainoko faltsuak izan. Maitearen heriotza, esaterako, gai «poetikoa» izanagatik, semearenean ez bezala esperientzia errealean oinarririk ez zeukana, oso trataera desberdinez aurkezten digu Mattasunaren illetea-n edo Etxeko kea-n; amonarena lantzen duenean berriz, alde handia dago Amona izeneko hartatik Biotzean min dut ezagunera: Amonatxo bat bakarra daukat Hasperen hori posea da, lantu artifiziala, sentimendua zinezkoa izan litekeen arren. Poesiaren gehiegiak, izan ere, kalte egiten baitio poesiari, eta poema hau negartia da, malkoa ezkutatzen du desmasiak. Poeta lanbidea ikasten ari da, 1925ekoa zen poema. Modu errealistagoan landu zuen gai bera bost urte geroago: Ol bat yaso ta ikusi (Ots! Ots! ordun, ixar bat biztu (Ots! Ots! «Agur! (oiuka dio) Biotzean min dut, min etsia, Abadiak antolaturiko Lore Joko haietako batean (Sara, 1867), «Ni nauk euskaldun, bai aspaldikoa / egundaino aizkorak ezin hautsizkoa» esanarazi zion Elizanburuk arbola bati. Lizentzia honek sortu zuen galarrotsik, epaimahaiak behintzat juzku estua egin zuen konposizioaz, zuhaitzek ahorik ez dutela-eta. Poesiaren librotasunaren aldeko borrokak —Vinson gerrilari bakar— itxura formala hartu izan du maiz, baina formaren ardurapean poesiaren funtzioaren nolakoa dago beti, eta horretan berebiziko garrantzia ukan zuten Xabier Lizardiren jarrerak eta obrak, ingurune hiperpolitizatu batean beti jokatu zuelako poesiaren autonomia begiratzearren. Horrela, olerkariek mende erdi eta gehiagoan ezin egin izan zutena burutu zuen Lizardik: «bezala», «iduri», «antzo», «hala» moduko alderagailuak eta gidoi-parentesiak baliatuz, gure poesiaren garapena azkartzeko baitezpadako tresna eman zigun: analogia poetikoa. Gure poetaren aurkikuntza horri esker dakigu orain udaberria urdinez janzten den neskatxa dela; elurtzaren hondarrak «emazte zuhurraren zapiak» direla; basoa «atsedenaren eliza» dela eta uda «suzko itsasoa», eta hura dugula «uda igarotzeko ontzia»; izotz ondoko eguzkia «neguaren barrea» dela eta «neguak bere sudur ospeldu zorrotza» sartzen duela gure etxean... Aurkikuntza xalo eta partzial hauek bideratu zuten poeta, apurka, adierazpen ausartagoetara: «Aingura bota dut Arratsaldean / Oina ezarri dut Udazkenean.» Iruditeria mailako lorpenok, alabaina, ez zuten poeta errazkerian mugatu. Orixek aholkatu moduan beti goragoko asmoz, bere poemek gero eta distira partzial gutiago dute, metafora baliabide tekniko bezala ulertzetik poema bera metafora handi bat bezala lantzera jo baitzuen, amonaren heriotzaren trataerak, adibidez, frogatzen duen bezala: Biotzean min dut eresitik Asaba zarren baratza eta are Euskal Pizkundea poema sinbolikoetara dagoen aldeak adierazten du poetaren eboluzioa. Otañoren malenkonia ukatu zuen Orixek, eta Amerika hartu zuen ziegatzat, bere barrenekoak entzuteko. Otañok, izan ere, egiten ahal zuen amets Euskal Herri jator batekin, presabinianoa, euskaldun, baserritar, eternoarekin. Egia da Zazpiak Bat izeneko poema egin zuela, egia da semeari aizkora eskuan hartu eta indarka hasteko esaten diola galdutako foruei eginikoan, baina funtsean ez du beste Euskal Herria bat amesten, eta ez da zapaldu bat, subjetiboki. Orixe zapaldu handi bat da, ezin du malenkonian aterbetu, atzean uzten duena herri baten suntsimendua izan da, eta urteetako alferrikako lan bat, maila pertsonalean. Bi polo horien artean, Amerikako pampetan eta Amate baten itzalpean poemek hartzen duten mende erdi horretan eta biek ere ordezkatzen duten jarrera guztiz kontrajarri horien artean kokatzen da, nolabait, exilioko poesia. Hiru izen nabarmenduko nituzke nik exilioko poetak bezala: Monzon, Etxebarria eta Zaitegi, eta azken hau hartuko nuke exilioak, exilio politikoak alegia, sorrarazi ohi duen poesiaren egile eredutzat. Utzitako lurraldearen deia, hizkuntzaren hotsa, galdutako lagunak, urrundutako zapore, hotz-bero eta koloreak, herrimina, malenkonia, etorkizun libre baten ametsa... inondik ere, poeta exiliatuen prototipoa izan genuen Nazim Hikmet-en gaiak dira (Arestik itzulitako Lau Gartzelak hartan baino hobe ikusi genitzakeenak Lanbide gogorra dela erbestea izeneko bilduman). Horiexek dira Jokin Zaitegiren gaiak ere. EUSKEL-KANTA ATZERRIN Euskalerri laztana, Oi! urrezko atedun Begiak malkoz lauso, Atzerrin dut yauregi, Erri, zure gomuta Begitan zaitut eder, Nire aitak matsondoz Saroi itzaltsuenean Gazteak iñularrez Yoale-ots ezauna «Txirikiti-txainia, Gau-ametsaren zeru! Zure illerrin bederen, Beti erbestean idatzi zuen poesia Zaitegik. Gazte zelarik ere, ikasketak amaitzen ari zen Belgikatik igorri zizkion bere zirriborroak Lizardiri. «Olerkari-arnasa izanik iruditzen zait lanari ez diozula ekiten behar adina astiz, bihotzean dezuna lasterregi jalgitzen dezula, hots, neurtitza aski landu gabe, bixitu gabe». Lizardiren diagnostikoa zuzena zen hagitz; esan liteke gerora ere Zaitegik ez zuela bere poesigintza behar adina landuko, gogoz ekin zion arren. Ia beti isurtzen zaio prosaismoren bat, eta gaia lantzeko erak askotan dauka artifizialtasunetik. Zaila da sorterriaren nostalgiaz topikoetan ez erortzea, eta esanen genuke horretan oinarritzen dela, hain zuzen, erbesteratuaren gaitza: iragana du etorkizun. Iokin Zaitegik dotoreziaz, goi-asmoz eta neurtitzetan zenbait berrikuntza ekarriz pairatu zuen gaitz hori. Poema horretan neke handirik gabe atzematen ditugu Lizardiren eraginak poesiaren personifikazioan eta aditz trinkoen erabileran, berbarako, baina batez ere poetak begiak lauso, malkotan edukitzeak, dakarkigu Lizardi akordura. Bai, sentimentalkeria hori ere Lizardiri zor dio gure poesiak, eta poeta berez malkontzi hutsa delako usteak baluke arrazoirik Salbatore Mitxelenaren formula eder hura irakurrita, «zeinen ederra den olerkaritza / biotzak min duenean!». Aipatu behar ote dugu hasperen honen iturburu testuala? Prefosta, Lizardiren obra osoa laburbiltzen da hor. izardiren eragina luzea eta sakona izan zen, huraxe baitzen erreferentzia nagusi eta baliagarri bakarra gerraondoan hemen, barne-exilioan, idazten hasi ziren poetentzat. Lekuona gazteak ere, gazteago zenean, Lizardiren eraginpean idatzi zituen bere lehen poemak. Sozial-errealismoaren eragina ukan zuen gero, existentzialismoak kutsatu zigun ondoren... baina ez ziren, haatik, noraezean eginiko ibiliak. Sortzaile kontentagaitza estiloan, Lekuonak aitortua du ez dela idazteari lotzen «luma berritu zaiola nabaritzen ez duen bitartean». Egia da, testua obra estetiko konplitua bezala aurkeztu izan digu beti. Bere poemak, eta baita liburuak ere, sistema koherenteak dira, perfekzio batean eskaintzen zaizkigu. Horregatik ez da Juan Mari Lekuona epigono izan inoiz, ibili den eremuetan. Ez du lizardismorik egiten, ez arestismorik. Edonoizko fasetakoak direla, inkonfundibleak ez ezik balio absolutuko poemak ditugu bereak. Errota zaar maitea, Zotin sekua dagi Izar eder bat dago Bizitza-legea Errotaren oiuz Lizardiren Zuaitz Eroria, Lauaxetaren Langile eraildu bati, Lekuonaren Errota zaarra, Miranderen Zakur hila... oro har, erori, kolpatu edo suntsituaganako atxikimendua nabari dugu guztietan, badirudi poetek barneratua dutela derrota kolektibo bat, alegoria desberdinetan kantatzen dutena... Aspaldiko kontua da Elizanbururen «...aizkorak ezin hautsizkoa» hura. Epikotasun lorios betetik urrunduta, suntsimendu baten zantzuak kantatzen dizkigute XX. mendeko poeta gailenek. Derrotaren kontzientzia honek ez garamatza ordea malkokeriara: poetak askatasun egarri handi batean kantatzen du «hegoak ebaki banizkio...» Hain zuzen, «txoriñoak kaloian tristerik du kantatzen...» horren ondorio eta erreakzio dugu, poeta ez baitago jadanik kaiolan, ez da identifikatzen ez zuhaitzarekin, ez langile erahilduarekin, ez zakurrarekin, kanpotik ari da —derrotatua baina biktimismorik gabe— eta gorazarre egiten dio eroriari, hari zuzentzen zaio, memorian jasotzen du, bere poesia ez baita lanturako, malkoa isuriko duen arren. Irakur dezagun berriro Lekuonaren poema: errotaren oihuz —interpreta bedi oihu ezaren oihuz— maluretan den arren, «bizitza-legea nahi luke onartu», eta aitorpen horrek darama gero Porlandi-ra: Baina utz dezadan Poeta malkontzia izanen da, baina ez negartia. Are gehiago, negarretik malkora dagoen bilakabidea da gure lirikaren eta are gure poesia moderno osoaren garapena. Zuaitz bat, urtezua, lurrera botea... Erorikoan lurraren kontra hautsi ez diren adarrak zerurantz luzatzen ditu erruki eske; zuhaitz lagunak dar-dar batean daude, lurra nahigabez, haizea zinkuruz, ihes dagite txoriek... Amiltze honen deskribapenaren ondoren, esker gaiztoaren parabola bat garatzen du Lizardik, gizakiaren ezinasearen alegia bat zehazki taxuturiko laukoetan; azkenik badatoz idiak, itzainak kate bat lotzen dio, zerraren hotsa entzuten da urrunean... Baaramakete, eraman, zuaitz eroria... Badaramate zuhaitza noski, eta adarrak kenduta enborra emanen diote zerrari, ez zaigu besterik esaten. Lizardiren poema Arestik jarraitu zuen, dokumental beraren hurrengo sekuentzia balitz bezalaxe. Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan. Ikusi duzuen moduan, Lizardiren poema irauli egiten du Arestik, eta ez nagusiki ruralismoa gaindituz zuhaitza Zorrotzako portura ekartzen duelako; hori, garrantzitsua izanagatik, bigarren mailan ezarriko nuke nik. Poema bietan metafora zuhaitza da, baina Arestiren begiak ez du naturan pozgarri, gizakiari erreparatzen baitio lehenik, horixe da batetik bestera dagoen koska ikaragarria. Lizardiren poeman «aizkora ankerrak» bota du zuhaitza; itzaina keinu tragiko bat diseinatzeko baliabidea besterik ez da; lana bazegoen, langilerik ez. Arestirentzat zuhaitza lanaren metafora da, ankerkeria ez dago zerran, baizik eta langileei eragiten zaien izerdian. Lizardik urrunean entzunarazten digun zerra-hotsak zirrara sentimental batez durduzatzen gaitu, zerrautsak errautsa ekarki gogora... Arestik ez digu zerraren hotsa entzunarazten, trontzalarien biraoak baizik, handik Anton, hemendik Gilen, biak berdin madarikatzen... Eta eszena horren aurrean, Lizardiren kontenplazioa ukatzen du Arestik, ikusle pasibo izatetik poemaren zati izatera ematen du urrats poetak, enborraren izariak hartzen ditu okerbidearen handia neurtzeko. Pauso horretan, sinbolismotik errealismora dagoen aldea iragaten du euskal poesiak, mende honetan gure poesiak ezagutu dituen iraultzetarik bat ekarriz. Neurtzerakoan antiojuak bustitzen zitzaizkiola esaten digu poetak. Negar egiten duela ulertzen dut nik, gizonaren ahuleziaren eta lanaren handiaren arteko desorekak amorratuta, inpotentziak gainez eginda. Malkoa isurtzen zaion aldi bakarra du ia bere obra osoan, eta zeharbidez aitortzen digu, ahalke da, ez du lirikotasun merkea egin nahi edo sentimentalkeria baliatu. Lizardik zuhaitzagatik egiten du negar, gizaki abstraktuagatik; Arestik izenak eta izerdiak ezagutzen dizkien gizakiengatik egiten du negar, gizon konkretuaren alde dagoelako: Anton, Gilen. Arestik modernotasun bat ekarri zuen Harri eta Herri obrarekin, bistan da: negarra desagertu egiten da, malkoa txukatzen du, esan liteke poetak debekatu egin nahi duela lantua, kontestaziorako, salaketarako duela poesia. Esanen dute Horra definizio arestiarra berez definiezina omen den arterako. Irakurri batean sinplista dirudien ozarkeria hau onuragarria gertatuko zen gure poesiarako. Jokin Apalategiren Burnitik poema liburuaren portada gorazarre inplizito bat izan zen, I letraren ingudean jotzeko mailua da esku batek eusten duen T letra; mailuaren forma hartu zuen Artzeren poema bisual ezagunenetakoak; Ibon Sarasolak omenezko interpretazio formalista bat egin zion: «mailu guztiak poesia dira, baina ez poesia guztiak mailu»... Azalean baino ez da xaloa definizioa. Huts larri bat eginen dugu mailuari, esate baterako, harria bera kontrajartzen baldin badiogu. Errazkeria da hori, benetako poesia iraintzen duen ebidentzien eremua. Irudi hori, bestalde, Iokin Zaitegik baliatua zuen lehenago, Argin Zarra poeman: Erriko arrobian Arri mokorrak artu Poema definitorio hartaz gain Harri eta Herri-n mailua aipatzen duen bakarrean, «Kantabriako itsasoa kolpeka jotzeko» darabil Arestik. Ez dezagun, beraz, poetak hitzari eman dion balioa makestu, mailuak goragoko zerbait adierazten du. Estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek badu barnean egia sakon bat. Ez du agintzen nolakoa izan behar duen poesiak, honen izaeraz eginiko hausnarketa baizik ez da. Mailua lanabesa baita, poesia tresna da, ez helburu. Honenbestez, Arestik trenkatu egiten ditu «artea arte alde» leloaren hari ugariak, zertarako bat daukalako da poesia baliabide. Gabriel Aresti idazle fundazionala egiten duten osagarrietako bat dugu hauxe. Mailuaren sinboloaren bitartez, euskal poesia autokontzientziara iristen da, bere burua definitzen ausartzen da. Aitor dezadan, niretzat behintzat, harako «etorkizunez beteriko arma» kurtsi samar hura baino bortitz eta baliagarriagoa egiten zaidala bere biluzian, edozein joera literario hautatuagatik. Alabaina, gure poesiak arbolaganako errukia gizonaganako maitasunaz eta honen aldeko borrokaz aldatu zuen arren, malkoak badu halako indar misteriotsu bat poetari idaztera eragiteko, poeta hori «poeta errealista» izanagatik, beharbada poesia ez delako espiritu hiperminberen terapia bat baino. Kasu hau datake, besteak beste, Manex Erdozaintzi-Etxartena. Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen gure poetak. «Iragana eta geroa orainean lotu nahi lituzkeen amets bat» du poesia, bakoitzaren bizitzeak dakarren tirabiraren gunea, eta honen hitza. «Poesiak ez du buru-buztanik, baina ez da gezurtia.» Ezta dolamen kantua ere, baizik eta «bere kuskutik ateratzen ari den langile gizarte baten elea.» Hitzok estu hartuta, iritzi okerra aterako genuke Erdozaintziren poesiaz. Itxaro Bordak ongi ikusia duen moduan, Erdozaintzi saiatzen da Iparraldeko kutsu erlijiozko poesiaren eta Hegoaldean garai horretan idazten zen poesia sozialaren artean bide liriko desberdin bat bilatzen. Presuner ohien frantsestasuna madarikatzen du eta herriaren izerdiaz liluratzen da, egia da, baina bere poemak irakurriz ikasiko dugu, hala berean, nola kanta primadera bihotzean edo zein hasperen egin izarrei beha. Gau bilduan Bizitzaren adin borobilduan: Gau bilduan Nigar bat (...) Gauaren suan Nigar bat Bizitzaren gutizia borobilduan: Nonbaiteko Zure izenaren honaindian Tankera hartu diozue noski, poetak bihotzetik egiten duela negar, hor hartzen baitu min. Oinazea ez da beti malkotan neurtzen, beraz, baina onartuko didazue noski bihotzaren malkoa ez dela posible lehenago malko fisiko bat ez baldin badago; alegia, analogiaz baliatzen dela sortzailea. Bihotzak begiaren ordezkoa egiten du askotan, baina begiek bideratzen dute sentimendua, ikusiz edo ikusia izanez, horregatik titulatzen da poesia liburu eder bat Biotz-begietan. «Ene bihotza!» esaten diogu maite dugunari, baina «inoren begikoa» izatea ez da maitatua izatea? Lope de Vegak bildu zuen kopla hartan, «zure begi ederrok / ene laztana / katiburik naukate / librea nintzana» irakurtzen ahal dugu. Ez al da honen aldaera bat Laboak kantatzen duen Manex Pagolaren letra hura? Maitearen begiak oso gai errepikatua dugu lirika guztietan, liluratzeko baitira begiak, baita min emateko ere, edo liluratuz malerusteko... «Berritzen ar’iz, Xuria / Nitan, egun guziez, / Noizten begiez / Egin erautan zauria...», kexatzen zen Oihenarte. Begiak edertasunaren graduak dira, eta edozein izan liteke kalitatea: handiak izatea, txikiak izatea, beltzak izatea, argiak izatea, alaiak izatea, tristeak izatea... Ez al zuen jabearen begiak gizentzen behia? Eta alderaketaren zabarra barka diezadazuen, oroitaraziko dizuet maitemindua beti «itsuturik» dagoela, alegia, ez duela besteek bezala ikusten. Edo ez duela ikusi beharrik, «lanbroak izkutatzen dizkionean» maite ditu poetak gure bazterrak. Errealitatearen arbolak, izan ere, bai baititu sustrairen batzuk geure barnean. izarrak itzaltzeraino zure begiak Poeta bera itsutzeraino dira maitearen begiak eder. Baina zotin liriko bat espero genuelarik, hona hemen poetak proposatzen digun errematea: lastima! apoak joan beharrak erariaz eginiko itsuskeria da hau, umore beltzeko tanta bat. Halako ugari ageri dira J.A. Artzeren lehen aroan, onustea eta zurrunkeria kolpatzeko probokazioak diren lizun-zikin eginiko poemekin batera, egituraz oso sotilak diren zenbait testu laburretan isuritako lirikotasunarekin kontraste handia egiten dutenak. Horixe zekarren Artzek bere lehen liburuan, baina ez gintuen horrengatik hainbeste harrotu euskaldunok —literaturzaleok zein euskaltzaleok— Isturitzetik Tolosan barru hark. Estreinakoz, liburua objektu artistiko bezala ageri zitzaigun, alor anitzeko lanketa batean. Abanguarda literaturan sartua genuen plastikaren eta ozentasunaren eskutik; liburua ikusi eta entzuteko eszenario multiplea da, kaligramak eta hotsezko eskulturak eskaintzen zaizkio irakurle aktibo bati. Berbak ontzi ere badirela erakusten digu Artzek, barruan sartuta arkitektura miresten ari garela poetak jo egiten du; orduan durundio batek kordokatzen gaitu, hitzaren sustraira garamatza, ia aro aurre-semantikora, hotsera, totelkatze primigeniora. Baina ez da ozentasun hutsa, marrumak kontzeptu bat ezkutatzen duela ohartzen gara, zentzumenak erreskatatu digulako. Ez irakurtzeko bakarrik, ikusteko ere balio dutela begiek oroitarazten digu poetak, belarriak entzuteko bezala. Artzeren ozendura-jokoek balio sinbolikoa dute, fonosinbolismoa dira. Begia eta begirada oso elementu inportanteak dira zenbait poetaren obran. Otamendirenean aldian behin indar bereziz ageri zaigu, Lekuonarenean maizago, eta ia aro guztietan, balio desberdinez. Ilargiaren eskolan liburuan lehenengoz aztertu zen gurean errealitatea hausnarketa estetiko gisa. Hartan kontenplazioak ez zeraman hasperenera, zehaztasunera baizik, Lekuonaren esateko dotoreziak areagotu baino egiten ez duen sentsualismoan hala ere: ILE-ADATS 2 Hor dugu munduaren kolorea, Gure oroimen mitikoan introspekzio baten antza duen antropologia poetiko bat egin zuen poeta honek Mimodramak eta ikonoak liburuan, zientifismoak eragozten ez dion telurikotasunez. «Oihaneko drama» poeman molde ezin ederragoan deskribatzen digu amoranteen enkontrua, gure arbasoen aurreneko pasiozko sukarra: Biz-bat zegiten irripar konzentrikoa Begiaren balioaren eboluzioan ziklo osoak ikus genitzake Artzeren poemagintzan, elementu horretan oinarrituta osatuko genukeela, nago ni, Hatzabalgandik Hartzutenganaino datorren haria. Entzun: Itsasoan sakonago Itsasoaren sakona Ortziaren barrena Ortzian barrenago Ortzia lorez, lurra izarrez liburu mardularekin Artzek giltzerdi egin zuen bere poesigintzan. Alienazioaren denuntziaz haratago jo nahi du, moral askatzaile bat proposatzen du nitasun espiritual batetik kaos antolatu honi aurka egiteko baino gainditzeko. Gizarte materialista honetan ez etsitzeko ahalegin poetikoa da bere azken obra ere, salmodia kutsuko hegalditan antolatua. Poetak ez du galdu, haatik, hitzaren alderdi guztiak ustiatzeko talentua, baina orain joko haiek zama semantiko handiagoa dute, eta esan liteke adieraren arabera antolatzen direla. Lehen zeukan espazioaren eta soinuaren ardura berberaz, orain Artze abiatua da formaren liberaziotik barnearen liberaziora. «Zure begiak eneetan» edo «zure begietan eneak» dioenean traszendentzia bati ari zaio Artze, Espriuk —erreprotxe izpi batean, ene ustez— «betazalik gabeko begia» esaten zion berari... Artzek poema hau argitaratu zuen urte berean eman zuen ezagutzera Patziku Perurenak bere Emily liburua, eta hartan irudi berdina erabili zuen, bitxia da, «zureetan eneak», hitanoz baina: Bi aldiz elurretan galdu nizkinan hireak Bi apaburu eder ur garbitan erneak Bi sagar zuritan bazkatzen bareak Bi loreño horitan malkotan erleak Bi leihoak itxirik barrenutsik etxeak Bi aldiz elurretan galdu nizkinan hireak Poemak, asmatu duzue, «Begiak» du izena. Begiak ez ezik belarriak, mihinak, sudurrak, eskuak har dezaketen oro egiten du bere eta barne Patziku Perurenak. Koloreak, hotsak, dastak, usainak, ukituak... hau da, naturaren ñabardura guztiak izendatzeko ahalmena daukan poeta dugu Perurena. Halako jakinduriaz non esan bailiteke gure ruralismo guztiak deskubritu ezin izan zuen Naturaren kantore handi bat dugula bere obra. Ez ordea jarrera ideologiko edo aldeaurreko hautu baten ondorioz; ez dugu haren lanetan deus aurkituko elaborazio hutsez egina, dena ematen zaigu lehenagoko hausnartze zuhur baten ostean —hitzaren adiera jatorrean, «auzmartze» baten ostean, berak esanen lukeen gisan—, Perurena zentzumenen poeta delako lehenik: berezko dohain garesti horixe dauka. Bere obra ugarian paisaia ageri zaigu protagonista nagusi, eta ondorioz poetaren bakardadea nabarmentzen da. Honek ez darama, hala ere, Orixeren naturarekiko urtze mistikora edo sentimentalkeriara; Perurenak panteismoz bizi du ingurua, telurikotasun hurbilean, hizkeraren narotasun liluragarrian. TESTAMENTUA III Aurreneko ametsa itsu jaio zela egin Haize finak baditu mila kolore Isiltasuna zuria da; atsegina grisa, eta Gau suak urdinak dira, eta urak gorriak Euskara ere horizta da, zeruko lizardian Odola beltza dugu; poza hits zurizta Zuribeltza gure egia, eta bizitza negarra... Lirikotasunaren helburu nagusienetakoa hitza hizkeraren kutsaduratik libratzea dugu, poetak bere bihotza biluzten duen bezalaxe soiltzen du testua, zinezkotasuna helburu. Apaingarria, ederra bada ere, askotan ez baita adierazkorra, aitzitik, kutsatzailea da. Estrofatik bertso librera egin zuenean, Juan Mari Lekuonak mantendu egin zuen aldizkako errima bat, eragin handia zeukana hala erritmoan nola tonuan, sententzia biribiltzeko; baina geroago poema-multzoen errematerako kopletan eta zirkunstantziazko bertsoetan baino ez zuen erabili (Liburuen karroxa). Puntua estrofa klasikoetara ekarrita herri poesiaren baliabideak eta haren zama ironikoa erabiltzeko duen trebetasuna nabarmendu zen; bestetik, bertso librea puntuaz osoro biluzita bere poemak kontzeptualki guztiz zehatzak bilakatu ziren, eta hau salbuespena da lirikan. Uler bedi, ez naiz esaten ari Lekuonaren poemak maila denotatibo hutsekoak direnik, baizik eta konnotazio errazetatik eta esangura libreegietako formulez goiti, poesiaren esentzialismo batean mugitzen dela sortzailea. Edergailua ez baita bakarrik forma mailan atzematen, apaingarri esaten dugun hori izan liteke mezuari desmezu egiten dion joko kontzeptuala ere. Eta soberakinak sobera dira beti. gogoratuko duzu heriotzak zuen masaila horia korridorean zoru freskoa bi koadrotan arbasoak jendetza triste marmarka eskaileretan beherantz baldar geldiro kanpaiak Aldera ezazue heriotzaren ikuspegi hau Lizardiren Biotzean min dut harekin... Hemen dagoen negarra ez da poetarena, poetak malkoaren edertasun mindua atzeman nahi duelako, ez besterik, eta hori zaila da zinez hainbeste malko dituen arte batean, eta euskal poesian «anpuluak» ere badauzkagu, perla komiko horiek, niri behintzat modernista latinamerikarren hiztegi anpulutsua —barka— gogorarazten didatenak. Isiltasunetik oso hurbil egon ohi da lirikotasuna. Nahitarat aukeraturiko apaltasun horri esker eta sentimenduen esate xahu batean sortzen du Jose Luis Otamendik ere giro liriko berezi bat, inguru liluragarri bat, irudien zailean ez baina gardentasunean oinarrituta hunkitzeko ahalmen aparta duen sistema bat. Otamendi lañotasunaren poeta da, poesiari «poetikoa» den oro kenduta gelditzen den kristal garbi horixe eskaintzen digu, bere hitzak hunkidura aratzetarako gomita dira. Kanpai geldo horiek, agian, malkoak dira, baina gela ketsua zen, beharbada horrek eraginak dira. Nola nahi den dela, marrurik gabeko malkoa dugu, malko isila, baita besteenean ere, haurraren bideak errazteko... Elementu gutxi eta oso aukeraturikoren inpresionismo bat da Otamendiren lehen poesiaroa. Azkenaldiko poesigintzan berriz elementuz hornituago ematen digu bere lirika, eta joera barroko hau ez da metatze hutsa, sentimenduen konplexutasunak behartzen duen argitze saio bat baizik, menturaz debaldetakoa: TALAIA GALDUAK-2 Maite zaitudala badiot min eman nahi dizut Nardagarria baina kongruentea esan dugu dela poetaren malkoa. Kongruente izan beharrak ordea nekatu egiten baitu batzuetan, honez gero gaixorik egonen zarete hainbeste bihotz minez eta espiritu malkoz. Hala bide zegoen Xabier Montoia ere, eta sinets iezadazue bazukeela horretarako arrazoirik, ezagutzen dudan irakurlerik asegaitzena baita. Bost hizkuntzetan pairatu behar izan zituen negar guztiek eragindako nardak poema hau sorrarazi zion: Negar egiten dut. Poetak katarsis politiko-moral bat egiten du gehiegikeriaren bitartez. Desmitologizatze bat proposatzen du, eta barre ironiko bat egiten die ofizioko lagunei... Hauxe da Montoiaren poesia berezi egiten duen ezaugarrietako bat: probokaziozko jarrera, zenbaitetan desatsegina zaigun eta beti ere poxelu egiten digun tonuz gora edo beheragoko agertze bat. Bere inkonformismoa, izan ere, berdin jazartzen zaio etika kristauari zein zintzotasun komunistari, azken finean ortodoxia modu desberdinei egiten die eraso, konsziente eta zuhurki. Poeta beti izan da gauaren biztanle, izarrei beha egin izan du hasperen, edo ilunpean babestu ohi da itzalek ikara ez dezaten. Xabier Montoia bestelako poeta da, gaueko piztia den neurrian. Aurkintza urbano desolatuak erakusten dizkigu, eta bakardadean kokatzen du bere burua. Maitasuna baino gorrotoa du balore, eta gorputzarekin batera transfiguratzen zaio espiritua, amoral bihurtzen da, indibidualtasuna aldarrikatzen du. Baina paradoxa bada ere, otsoen anaia egiten da. Pudore handi bat dago, ene aburuz, Montoiaren poesiaren funtsean, gainez egin ez diezaion gorde egiten duen lurreko kondenatuekiko elkartasun handi bat, arauak eder deklaratu duen ororen gorrotoa delako berea. Poema hori irakurrita, nor ausart liteke negar egiten, nor jar liteke malkoa idazten? Gizaki bakarra dago munduan hori irakurrita malkoa errebindika dezakeena: beste poeta bat. Badakit Rikardo Arregik ezagutzen zuela Montoiaren lana, eta ez bera bezala gasteiztarra delako, baizik eta hura bezala irakurle handia delako. Arregi oso konszientea da malkoa, alegia, lirika, oso landua dagoela, gai eternalek —heriotzak, maitasunak, maitasun ezak...— eragindako komunleku handi bat besterik ez dela. «Ezer berririk ez dago» esaten digu poema batean, eta hala ere ez da isiltzen, jarraitu egiten du «baina kristalaren bestaldean ikusiriko itsaso eta zerua / ez dira engoitik berdinak» esateko. Oreka ezin zailago horretan moldatzen du Arregik bere poesigintza: kultua erreferentziaz baina ez akademiko, inguruaz arduratuagatik kosmopolita, ondare unibertsaleko mitoak eta pertsonaiak bertakotasun batera ekarririk. Inon diren edertasunen miresle, «baina» hark bideratzen du idaztera, badakielako «hiri berrien promesa» ez dela kimera bat, beharrezko utopia baizik. Horrek ematen dio oroitzapena etorkizunetik datorrela baieztatzeko kuraia. Horregatik gainditzen du kultismoa, horregatik ez da apaingarri hutsa ageri duen dotorezia. Bere aipu ugariak ez dira sortzaile handiek daukaten elementu arrotzen asimilatzeko ahalmena besterik, Parthenon beldurgarria Altubeko lainoak biltzen du, Sarajevoko muinoek inguratzen dute bere Gasteiz, Ponpeian amaitzen du Zapateria kaletik barrena... Hori, besteak beste, zeharbidez eta berak duen manera finean, gure historiaren zekena kritikatzeko modua da. LUR LOKARTUA I Sankt Aleksander Nevski katedral ederrean Liturgiaren kantu lasaiak bukatzean Brecht-ek antzerkirako gomendatzen zuen urruntasun efektuaren antzekoa lortzen du Arregik poemen geografia urrunean edo iraganean kokatzen duelarik. Irakurleak eszenario batean ikusten du poema, eta irakurtzen duena kronika objektibo bat dela uste du. Gero hasiko da kodeak interpretatzen, exotismoaren lilura pasatakoan. Eta orduan gure historia garaikideaz eginen du gogoeta, edo maitamalura dastatuko du. Bestek eta aspaldi «idatzi izan balitu bezala» idatzi izan ditu maiz bereak Arregik, maisua da teknika horretan. Obra laburreko poeta dugun arren, Rikardo Arregik larderia handiz eraiki du kanon propio bat. Bere bigarren liburuan ni pertsonalak presentzia handia hartu du, eta gure egunerokoaren detaile arruntak txertatzen dizkio mundu mitikoari, indar handiko kontrastetan. Rikardo Arregi Diaz de Herediak diosku mendia higatzen duen uraren antzera higatzen digula gorputza malko bakar batek. Desmasia bat irudituko zaizue, baina arrazoi du, bera poeta delako, eta poeten gorputzak bestelakoak direlako, minberak, izukor, edo nahiago baduzue, poeten malkoak bestelakoak direlako, urratzaile, erregarri, garratz. Horixe baita poetaren lanbidea, Eskerrik asko, poeta lagunok. Zuen malkoari esker daukagu gure maluren eta pozen berri; gure begian ikusten jakin izan duzuen zuen malkoari esker gure samin pertsonalak gozatu dizkiguzue; negar egiteko beldur ez zaretelako ikasi dugu kantatzen gure saudade kolektiboa, gure fado nazionala: «Nesta vida desvairada, ser feliz é coisa pouca.»
© Koldo Izagirre |