(Itsasondo, 1961), kazetaritzan jardun du oso gaztetarik, Argia, Egin, Egunkaria eta bestetan. Kantillape, Goierritarra eta Ostiela! aldizkariak sortu eta zuzendu ditu. Komatxo artean literatur irratsaio ezaguna sortu eta koordinatu zuen bi urtez. Eustakio Mendizabalen poemak apailatu eta editatu ditu (Hitz etena. Eustakio Mendizabal Txikiaren Olerkiak).

Obra poetikoa
BILETERIKGABE. Susa, 1985
MALEZIA SORTA. Susa, 1991
EGUNKARIA, 1994
OSTIELA!, 4. zenb. 1996ko azaroa

«Ahalegin satiriko handia dago Jon Aranoren poesiaren muinean. Oso satira berezia dugu hau ordea. Ez ditu ingurukoak karikaturaraino deformatzen, aski zaio konstatazioarekin, eta satiragile klasikoek ez bezala, bere burua ere gupida gutxiko kritika horren barruan kokatzen du askotan, besteenganako behakoa nolakoa duen dakielako, ausaz: ernea eta maltzurra, ikusi orduko miseria eta gezurra sumatzen dakiena. Konformismoaren aurka ari zaigu Arano, sakratuaren aurka. Horrela, egungo estiloan eta egungo gizarteari kantatuz, gure tradizio zahar bat ekarri digu egundaino, berritua».

(Koldo Izagirreren sarreratik)