munduko poesia kaierak susa armiarma euskarari ekarriak basquepoetry
Georg Trakl   1887-1914 itzulpena: Anton Garikano 1. zenbakia, 2014

      Georg Trakl 1887an jaio zen Salzburgon, Austria-Hungaria inperioko hiri garrantzitsuenetako batean. Farmazia ikasketak Vienan egin eta horixe izan zuen ogibidea aski gazterik zela, hogeita zazpi urterekin, zendu zen arte. Krakovian hil zen, Lehen Mundu Gerraren hastapenetan. Gaztetan hasia zen droga menpekotasun arazoak izaten eta kokaina gaindosi baten ondorioz hil zen, eritegi militar batean.

      XIX. mende amaiera eta XX. mende hastapenean Austria-Hungariako inperioan bizi izan zen loraldi kulturalaren partaide izan zen Trakl, eta baita inperio haren gainbeheraren testigu ere. Kontuan har dezagun Karl Kraus, Sigmund Freud, Oskar Kokoschka, Adolf Loos, Arnold Schönberg eta Ludwig Wittgensteinen garaikide izan zela, eta haietako zenbait pertsonalki ezagutu zituela. Wittgensteinen laguntza ekonomikoa izan zuen, esaterako, eta haren eta  Ludwig von Ficker editorearen sostenguari esker lehenengo poema liburua argitaratu zuen: Gedichte (Poemak). Hil aurreko urtea izan zen hura, 1913a, eta hala, ez zuen betarik izan bizi zela beste poema-libururik kaleratzeko —aldizkarietan argitaratutako poema solteak zeuzkan—. Hil ondoren argitaratu zen Traklen bigarren poema-liburua, Sebastian im Traum (Sebastian ametsetan).

      Trakl erromantizismo germaniarraren eta espresionismoaren arteko katebegi funtsezkotzat jotzen dute adituek. Lehenengo espresionismoaren aita ponteko dugu, nolabait, Ernst Stadler eta Georg Heym poetekin batera. Zehazkiago, Friedrich Hölderlinen uberan kokatzen da eta modernismoari ateak irekitzen dizkio literatura alemaniarrean; alegia, bide egiten die Gottfried Benn, Bertolt Brecht, Paul Celan eta enparauei. Garaiko beste poeta germaniar handiaren garaikide izan zen, halaber, hots, Rainer Maria Rilkeren garaikide, zeinak Traklen heriotzan zera esan omen zuen: Wer mag er gewesen sein? (Nor izan ote zen?).

      Antologia honen irakurleak erraz asko ikusiko duenez, Traklen poesiaren elementu nabarmenetako bat da izadiaren zabala nola ekartzen duen lerroetara, nola murgiltzen dituen letra artean naturako kolore, landare, bazter gisa guztietakoak. Etxe barruan kokatua den poema batean ere, “Gela abandonatu batean” poeman, ikusi ahalko dugu natura nola sartzen den zirrikitu orotatik. Poemetarik ugari dira istant labur baten irudikapen poetiko zehatz, aberats, baina era berean soila, zarata handirik gabea. Aitzitik, irakurleak halako desosegu sentipena jasoko du maiz. Ez da hondamendi alimalekorik deskribatzen, baina sumatzen da sumatu pieza guztiak ez daudela beren lekuetan. Haustura moduko bat ageri da, ni poetikoa eta haren inguruaren arteko haustura modukoa. Bakardadez ehuntzen dira poema askotako lerroak, eritasuna (legenardunak), heriotza, errepikariak dira, hala nola malenkonia. Horregatik, ez da harritzekoa udazkena eta haren koloreak izatea nagusi Traklen aleetan. Gizakia, izadiarekin batera, itzaltzen ari da ezarian, hondamenera hurreratzen. Garaiko beste hainbat artistaren lanaren antzera, Traklen poesia, helarazten duen ezinegonean, gertakariei aurreratu zitzaiela ematen du. 1914. urtean hil zen Trakl, hurrengo urte eta hamarkadetan etorriko ziren zorigaitzen atarian.

Beñat Sarasola