NEGUKO IPUIA

(The Winters Tale)

 

Larrañaga'tar Eladi'k Ingeleratik euskeratua.

 

Batasun aundienean bizi ziran aldi artan Leontes Sizilia'ko Erregea eta Ermione erregin eder eta zintzoa. Guziz zoriontsu zan Leontes bere emazte maite eta atsegiñaren ondoan.

        Opa zun guzia betea zekusan. Noizean bein, alaere, zertxobat bururatu oi zitzaion: ots: aspaldiko lagunzar eta ikaskide zun Polixenes, Boemia'ko Erregea, berriro ikustea eta bere emazteari aurkeztea.

        Aurtzarotik elkarren ondoan aziak ziran biak. Gerora, beren gurasoen eriotz-ondoren jaurerri berezietako buruzagi aukera zituten, eta urte asko ezkeroz ez zuten elkar ikusi, esku-erakutsiak, eskutitzak eta agur sutsuak igorri oi zizkioten arren.

        Azkenean dei askoen ondoren, Sizilia'ko Errege-jauregira etorri zan Polixenes ori, bere adiskide Leontes'i ikustaldi bat egitera.

        Atsedena besterik ez zion asieran eman Leontes'i ikustaldi orrek. Gaztaroko laguna erregiñaren arreta bereziari goraintzi zion, eta adiskide maite eta lagun zar aren aurrean zorion betea erdietsi zula zirudin Leontes'ek. Antziñako egunak, beren ikastaroa eta gaztaroko jolasak oroitu eta aipatu zituzten. Baita bien solasetara pozik joaten zan Ermione'ri edestu ere.

        Egonaldi luze baten ondoren, itzulera antolatzen asi zan Polixenes, eta Ermione'k otoitz egin zion bere senarrak ala nai zulako eta arekin batean, ikustaldi ura luzatu zezala oraindik.

        Eta orduntxe asi ziran erregin on onen samiñak. Leontes'en otoitzak baino indartsuagoak izan baitziran Ermione'renak. Gizonari ezezkoa eman zion arren, emakumezkoaren itz goxo eta eragikorrei ezin uko egin izan zion Polixenes'ek eta bere itzulera zenbait astez atzeratu zun.

        Aspaldidanik ezagun zitun Leontes'ek bai adiskidearen gizontasuna eta zindotasuna, bai bere emazte zintzoaren biotz ona, bañan, alere, berebiziko espak sortu zitaizkion gizajoari.

        Ermione'k Polixenes'i azaltzen zion adei txikienak, bere senararen naierara eta oni atsegiñ izatearren bakarrik azaldu-ta ere, errege errukarriaren espak biziagotzen zitun.

        Orra, ba, egizko adiskide maite eta senarrik onen eta maitagarrien zan Leontes, bat-batean ezikaitz eta anker biurturik!

        Jauregiko aundizkietako bat zan Kamilo'ri dei egiñik, bere asmoen berri eman eta Polixenes edenez erail zezala agindu zion.

        Gizon zuzena zenuten Kamilo ori eta ba'zekin, jakin ere, Leontes'en espak ez zeukatela egi-usai txikienik. Orregatik Polixenes'i edena eman bearrean, bere nagusiak agindua jakinerazi zion, eta Siziliako barrutietatik iges-egitea erabaki zuten biek.

        Kamilo'ren laguntzaz onean iritxi zan Polixenes, Boemi'ra, bere jauregira. Gerora bakaldunaren jauregian bizi izan zan Kamilo, adiskiderik miñen eta aolkularirik kutunen bezela.

        Polixenes'en igesiak aserreraziago zun Leontes espatsua. Erregiñaren gelara sartu zan. An zegon emakume au Mamilo bere semetxoaren alboan eserita eta bere ama jostaratzeko, zekian edestirik politena edesten asia zan aurra, erregea gelara zanean.

        Aurra aldenduaz, espetxera igorri zun Ermione. Oso gaztea zan Mamilo, bañan biotz-biotzez maite zun bere amatxo. Orrela laidotua, berarengandik aldendua eta espetxeratua ikusteak min aundia eman zion, beraz. Aur gixaxoa zurbiltzen eta egunean baino egunean aulagotzen asi zan. Jateko eta lo egiteko gogoa galdu zun. Barneko samiñak erailko zula uste zuten.

        Erregiña espetxeratu ondoren Kleomenes eta Dion izeneko bi aundizki Delpos'era bidali zitun Leontes'ek erregiña itsuski joka ote zitzaion, Apol sasijaikoarengandik jakitera.

        Espetxean sartu-berrian, alaba bat jaio zitzaion Ermioneri. Umetxo polit orrek asko suspertu zun emakume gajoa.

        "Ene espetxekide doakabea! esan zion zu bezain errugabe nauzu ni ere!

        Lagun miña zun Ermione'k Paulina, Antigonus zeritzan aundizki baten emaztea. Biotz oneko emakumea auxe ere. Erregiña etxekoandrea eri zala jakinik, aren espetxera joan zan.

        "Aren, otoitz dagizut esan zion Ermione zaitzen zun Emilia izeneko neska bati. Galdegiozu erregiña maiteari bere alabatxoa neri uzteko kemenik bai ote dun. Erregeari aurkeztuko diot, eta nork daki alaba duen aur xalo orren aurrean aserrea gozatuko ez ote zaion?"

        Biotz oneko andere! erantzun zion Emilia'k, zure eskeintz eder ori erregiñari adieraztera noakio. Ain zuzen ere, erregeari aurtxoa aurkeztera ausartuko litzaken adiskide bat opa zun gaur bertan erregiñak".

        "Eta esaiozu jarrai zun Paulina'k bere aldez ausarki mintzatuko natzaiola Leontes'i.

        "Onetsia zaite beti neskak erantzuki gure erregin maitagarriarekiko duzun biotz onarengatik" eta Ermione'rengana joan zan berealaxe.

        Pozez beterik elduerazi zun erregiñak bere aurra Paulina'ren eskuetara: alabatxoa aitari erakusteko kemenik iñork izango ez zun beldur baitzan.

        Aur jaio-beria artu ordukoxe erregearen jauregiruntz jo zun Paulina'k aren aserrearen beldur zan Antigonus bere senarrari entzungor egiñik.

        Aitaren oinetan eratzan zun aurra eta Ermione'ren alde itzaldi eder bat egin zion. Bere gogorkeria aurpegira ausarki egotzi eta emazte errugabearen eta alabatxoaren erruki zedilla eskatu zion.

        Leontes aserreagotzea besterik ez zuten egin Paulina'ren akar-itzak. Antigonus'i agindu zion begien aurretik aldendu zezaiola emazte zun Paulina ura. Irtetzerakoan aitaren oinetan utzi zun onek aur txikia. Alabatxoaren aurrean bakarrik aurkitu zanean, arretaz begi-eman eta aurtxo bakun eta xaloaren erruki izango zala uste baitzun.

        Okerrean zegon, ordea, biotz oneko emakumea. Jauregitik aldendu zanekoxe, izan ere, Leontes'ek Antigonus berari agindu zion aurra artu eta itxasoraturik ur-ertz izkuturen batean utzi zezala, antxe il zedin.  Ez zan, len ikusi dugun Kamilo'ren antzera joka Antigonus. Zeatzegi bete zun Leontes'en agindua. Itxas-ontzi batera eraman baitzun berealaxe aura, idoroko zun lenengo ur-ertz bakartian uzteko asmoz.

        Ermione'ren gaiztakeriaz etsi-etsita zegon erregea, eta Delpos'era Apol'en erantzuna jakitera igorritako mezularien itzulaldiari ez zion itxoegin nai izan. Berealaxe azterketa-epai batera eratorri zun jauregiko aundizki guzien aurrera, oraindik eri eta alabatxo maitea galtzeak emandako saminpean zetzan Ermione.

        Batzarturik zeuden jauntxo, epaile eta aundizki guziak. Menpeko orien aurrean zutik zegon erregin doakabea, gaizkile bat bailitzan, aien epaia arzeko gertu, Kleomenes eta Dion batzarrera eldu ziranean.

        Apol'en erantzuna, bear bezela ikuraztua, Erregeari agertu zioten. Eskutitza irikitzeko eta Apol'en itzak indarrez irakurtzeko agindua eman zun Leontes'ek.

        Ona emen itz oriek: "Ermione errugabe da, Polixenes akargabe, Kamilo menpeko zintzo, Leontes anker eta bekaizti, eta erregea oñordeko gabe biziko da, galdua idoro ezik."

        Erregeak ez zun siñetsi nai izan goi-erantzun ori. Erregiñaren adiskideek asmatutako gezur ustela zala, zion eta azterketa-epaia amaitu zezatela nai zun.

        Leontes oraindik mintzo zala, gizon bat eldu zan eta esan zion Mamilo erregegaia, bere ama zorrozki epaitera zioazela entzunik, lotsaz eta samiñez bat-batean il zala.

        Bere seme maite eta laztana amaren zoritxarraren samiñez il zala jakitean, konortea galdu zun Ermione'k.

        Berri orrek biotza urratu zion Leontes'i eta erregin doakabearekiko errukiak uki zun. Paulina'ri eta beste erregin-laguntzalleei agindu zien Ermione andik eraman zezatela eta bere onera eratortzen leia zitezela.

        Berealaxe itzulirik Paulina'k esan zion Ermione ill zala.

        Erregiñaren eriotza jakitean, arenganako ankerkeriaz damutu zan Leontes: bere gogorkeriz bizia galduerazi ziola-ta, errugabe etsi zun bere eamazte zana. Apol'en erantzuna ere egitzat jo zun orduan.

        Argi baitzekusan diralako "galdua idoro ezik" itzak bere alabatxoari zegozkiola eta Mamilo gaztea illa izanik, oñordeko gabe geldituko zala. Pozik emango zun bere jaurerri osoa alaba galdua idorotzearren. Barneko arrak ziztatzen zun. Urte asko igaro zitun gizajoak gogorapen beltz eta garbai samiñpean.

        Boemia'ko itxas-ertzera jaurti zun ekaitz batek Antigonus eta erregearen alaba zeramatzin ontzia; Polixenes onaren bakalderri berberera. Antigonus lurreratu zan eta antxe utzi zun aurtxoa. Gerora, ez zan bein ere Sizilia'ra itzuli, aren alaba nun utzi zun Leontes'i adiraztera. Ain zuzen ere, itxas-ontzira berriro joaterakoan, oianetik irtendako artz batek bertantxe erail zun. Ondo irabazitako zigorra, Leontes'en agindu gogorra bete zulako!

        Jantzi ederrez eta pitxiz bildua zetzan aurra. Oso egoki apaindu baitzun Ermione'k espetxetik Leontes'i eldurazi zionean. Antigonus'ek ingitxo bat josi zion jantzian "Perdita" (euskeraz "Galdua") izena aurraren odol garbiko jatorria eta zorigabea erdizka adierazten zituzten beste itz batzuekin.

        Artzai batek aurkitu zun ume galdu errukarria. Biotz samurreko gizon izaki, bere etxera eraman zun Perdita txikia eta bere emazteak laztanki iñutu zun.

        Landerra zenuten artzai on ori eta idorotako edergallu aberats ura izkutatzera bultzatu zun bere urritasunak. Aberastasun berria nola eskuratu zun iñork jakin ez zezan, lurralde artatik beste batera joan zan eta Perdita'ren pitxi batzuen bidez artalde bat erosi zuen. Orra, ba, gure adiskidea artzai aberats!

        Bere aur ba'lu bezela azi zun Perdita eta artzai baten alaba besterik zanik ez zekin onek. Neskats lirain zan urte batzuen buruan eta artzai baten alabari dagokion azkera bakarrik artu arren, erregin bere egizko amarengandik jarauntsi zitun jatorrizko doaiak argi-argi distiratzen zuten aren izakera orraztugabean. Neskats ura ikusirik iñork ez zun igarriko bere aitaren errege-jauregian azia ez zanik.

        Seme bakar bat zeukan Polixenes Boemia'ko erregeak. Florizel zeritzan. Gure artzaiaren etxeondoan eizean zebillan egun batez aren ustezko alaba ikusi zun erregegai gazte onek. Neskats aren edertasunak, xalotasunak eta erregin-antzeko jarduerak maitemiña erne zioten bat-batean; eta Dorikles'en izenez eta gizonabar baten jantzipean, artzai zarraren etxera maiz eta leiatsu asi zan berealaxe.

        Florizel'en sarritako urruneratze onek Polixenes kezkatzen zuten, eta semea zaitzeko barrandariak igorriaz, artzaiaren alaba ederrari zion maitasuna argitara zun. Kamilo'ri dei egin zion, Leontes'en aserrearengandik bizia gorde zion Kamilo bera, eta Perdita'ren aita omen zan artzaiaren etxeraño laguntzeko eskatu zion.

        Ardien ille-mozketa ospatzen zuten egunean eldu ziran Polixenes eta Kamilo, biak mozorroturik, artzaiaren basetxera. Biak arrotz ziran arren ille-mozketakoan edozein arrotz ere ongi etorria baita, sarrerazi eta jai-laguntzat artu zituzten.

        Alaitasuna eta poza besterik ez zegon an. Maiak gertu zeuden eta baso-jai artarako bear ziran adeluak egiten ziarduten danak. Mutil gazte eta neskatil zenbait dantzan zebiltzan etxe-aurreko belardian; beste zenbait mutiko, berriz, txaporlari bati zapitxo politak, esku-larruak eta orrelako edergalluak erosten zeuden ate-ondoan.

        Jai-algara orien erdian, txoko batean bazterturik zeuden Florizel eta Perdita, elkarren ondoan eserita. Beren elkar-izketaz pozago ziruditen, baranoko lagunen jolasetan eta kiroletan nasi-naiean baño.

        Guziz zomorrotua baitzegoen Polixenes Erregea, semeak ezin zezakean iñola ere ezagutu eta bi gazte aien elkar-izketa entzun naiez, urreratu zitzaion.

        Perdita'ren mintzoera xaloak eta eratsuak arriturik utzi zun. "Iñoiz ikusi dudan erri abarreko neskatxik atsegiñena dugu auxe" esan zion Kamilo'ri egiten edo esaten dun guziak bera baño aundiago eta toki onetarako ederregi dirudi".

        "Bai; orixe da ziñez, esnegaiñ eta guriñaren erregiña" jardetsi zion Kamilo'k.

        "Ots! adiskide on! Oiu egin zion erregeak artzai zarrari nor duzu zure alabarekin mintzo dan mutiko yayo ori?"

        "Dorikles deitzen dute erantzun zion artzaiak nere alaba maite dula dio. Eta egia esan, ez da erreza nork bestea maiteago dun jakitea. Dorikles dalako gazte orrek berarenganatzen ba'du, amesten ez dun zerbait eramango dio emazteak". Perdita'ren pitxi ederrak adirazi nai zitun artzaiak. Batzuen bidez artaldea erosi ondoren, beste batzuk arretaz gorde baitzitun neskatsaren ezkon-saritzat.

        "Eup, mutiko diotsa ordun Polixenes'ek bere semeari, gaurko jaietik burua zearrerazten dikan zerbaitez betea zirudik ire biotzak. Gazte nintzakikanean, esku-erakutsiz zama oi nian nik nere maitemiña; ik, berriz, txaporlaria joaten utzi duk eta ez diok ire andregaiari ezer erosi".

        "Jauna! erantzun zion bere aitari mintzo zitzaiola iñola ere uste ez zun erregegai gazteak uskeri oriek ez zaizkio eder. Nere biotz-barnean gordeta daude Perditak niregandik itxoin ditun emariak". Eta Perditarengana itzulirik: "Ots! esan zion entzun ezaidazu, dirudinez bera ere beiñola maitale izana dan adiñeko jaun onen aurrean. Onetxek entzungo du nere aitorra". Eta otoitz egin zion arrotzari, Perdita'ri zegion benazko ezkontz-aginduaren ziñaldari izan zedilla.

        "Ziñaldu ezazu arren, gure ezkon-itza" zion.

        "Ziñaldu ezak zuen ezkontza-austea, jaun gazte" erantzun zion erregeak nor zan azalduaz. Eta gogorki akar-egin zion Polixenes'ek bere semeari, erri abarreko neskatilla bati ezkon-itza emateko ausardia izan zulako. Artzaikume, artzai-makil eta beste izengoiti itxusi batzuk egotzi zizkion Perdita'ri. Zema egin ere zion, eriotz gogorrez erailko zitula bera eta aita zun artzai zarra, bere semea berriro ara etortzea onartzen ba'zun.

        Aserre gorrian aldendurik, Kamilo'ri agindu zion jarrai zekiola Florizel'ekin batean.

        Min eman zioten errege-odoleko Perdita'ri Polixenes'en itz gogorrak eta onek alde egin zunean, ara zer esan zun neskatsak. "Gure arazo guziak lur-jo dun arren, ez dit beldur andirik eman, eta bein edo bi aldiz mintzo-urren nitzaion, aren jauregiaren gain istatzen dun eguzki berberak ez dula gure basetxetik aurpegirik iskutatzen eta batari eta besteari era berean begiratzen diela, argi ta garbi esateko." Eta samiñez jarrai zun: "Nere ametsetik esnatua nauzute orain. Aurreruntz ez naiteke amets orren jabe izan. Utzi nazazu, jauna: nere ardiei esnea jaistera eta negar egitera noake."

        Perdita'ren jokaera xalo eta kementsuak atsegin eman zion Kamilo onari eta berealaxe igarri zun aundiegia zala Florizel'en maitemiña, aitaren agindua, emaztegai ura zapuzteko. Orregatik bi maitale aiei laguntzeko eta aldi berean buruan zerabillen asmo bat betetzeko bidea gogoeman zun.

        Aspaldidanik ba-zekin Kamilo'k Leontes Sizilia'ko erregea egiz garbai zala, eta Polixenes'en adiskiderik kutunen zan arren, biziki opa zun berriro ere bere antziñeko agintzari jauna eta aberria ikustea.

        Florizel'i eta Perdita'ri adirazi zien, beraz, joan zitezela berarekin Sizilia'ko erregearen jauregira. Itz ematen zien Leontes'ek aldeztuko zitula aren bidez barkapena eta ezkontz-asmoaren baietza Polixenes'engandik eskuratu arteraño. Ezkeintz ori pozik onartu zuten bi gazteak. Iges-egite ori antolatzea bere gain artu zun Kamilo'k eta artzai zarrari ere aiekin batean joateko baimena eman zion. Perdita'ren pitxiak, aur-jantziak eta jantzian idorotako ingitxoa berarekin eraman zitun artzaiak.

        Ibillaldi zoriontsu baten ondoren, Leontes'en jauretxera eldu ziran laurak. Ermione zanaren eta galdutako aurrarengatiko samiñak bizirik ziraun oraindiño Leontes'en biotzean. Maitasun aundiaz zun Kamilo eta ongi-etorri biozkorra egin zion Florizel erregegaiari. Onek bere emaztegai bezela aurkeztu zion Perditaren aurrean sor eta lor gelditu zan Leontes. Ermione erregiña zanaren antz aundia artzen baitzion. Aren aurrean barneko samiña berpiztu eta suspertu zitzaion; eta bere alaba orrelakoxe izaki maitagarri zitekela zion ain ankerki jokatuz galdu ez ba'lu. "Orduntxe baita ere esan zion Florizel'i galdu nitun zure aita ospatsuaren adiskidetasuna eta elkargoa. Neronen bizia baino maiteago nuke orain zure aita ori berriro ikustea".

        Erregeak nolako arreta aundiaz Perdita'ri begiratzen zion, eta aurtzaroan zapuzturiko alabatxo bat galdu omen zula entzunik, Perdita txikia idoro zun aldia eta beste noiz-nolakoak, pitxiak eta jatorri goresgarria adierazten zuten aztarrenak gogoratzen eta erkatzen asi zan artzai zarra.

        Ezaugarri guzi oriek zirala bide naitanaiezko zeritzaion Perdita eta erregearen alaba galdua bat-berbera zirala, aitor-bearra. Florizel'en eta Perdita'ren, Kamilo'ren eta Paulina zintzoaren aurrean artzai zarrak erregeari edestu zion nola aurra idoro zun berak eta nola Antigonus il zan. Berak ikusi baitzun artzaren atzaparretan bizia galtzen. Perdita'ren jantzi ederra erakutsi zien eta Paulina berealaxe oroitu zan Ermione'k soinean jarritakoa zala. Pitxi bat azaldu zunean, Paulina'k igarri zun Ermione'k aurrari lepoan ezarria zala, eta ingitxoa ikusirik, bere senar-zanaren idazkera ezagutu zun. Ez zegokean, beraz, zalantzarik. Leontes'en alaba zan Perdita.

        Uraxe ordea, Paulina'ren biotz-barreneko burruka! Bere senar zanaren eriotzarengandiko samiña alde batetik Apol'en beiñolako erantzuna erregearen oinordekoaren baitan bete zalako poza bestetik; idoroa baitzan aspaldi galdutako alaba ura.

        Perdita bere alaba zala jakitean, "Ai zure ama! Ai zure ama!" besterik ezin al esan zun luzaroan Leontes'ek. Ainbesteko miña ematen zion eman ere, Ermione bizirik ez izateak, bere alaba ikusi al zezan.

        Paulina'k amaierazi zun aldi berean pozgarri eta negargarri zan ikuskai ura. Julio Romano izeneko italiar edergille ospetsuak oraintsu landutako irudi eder bat zeukala etxean esan zion Leontes'i: erregiña zanaren antz betea zula, eta aren etxera joatea eta irudia ikustea on ba'zeritzazkion, Ermione berbera zala usteko zula. Ara juan ziran danak. Ermione'ren antz-irudia ikusteko leiaz, erregea; iñoiz ikusi gabeko ama nolako zan jakiteko irrika biziaz, Perdita.

        Irudi bikain ura estaltzen zun oiala Paulina'k bazterreratu zunean, erregearen samiña biziagotu zan. Ermione zanaren antz oso-osoa artzen baitzion. Itzik eta igirik gabe gelditu zan luzaro gizajoa.

        "Zure ixiltasun ori eder zait Jauna! esan zion Paulina'k. Irudi au zeñen arrigarri deritzaizun adierazten du-ta. Ez al da, izan ere, zure emaztea bezelakoxea?".

        "Ene, bada" esan zion azkenean erregeak orrelakoxea zan lenen aldiz laztan-itzak esan nizkionean; ez zan alaere, ordun, irudi onek ematen dun adiñeko".

        "Edergillearen lana ainbat aipagarriago" erantzun zion Paulina'k. Bizi izan ba'litz, izango zan bezelako egin baitu! Utzi nazazu ordea, oialez berriro estaltzen; giza-irudi ori igitu egiten dala, usteko baituzu bestela".

        "Ez arren, estali. Ai il al ba'nendi!" Begira, Kamilo! Ez al zaizu iruditzen arnas artzen dula? esan zion erregeak, "Begiak igitzen dirala dirudite".

        "Oialaz estaltzera noa, agintari!" esan zion Paulina'k. Erabat arriturik eta sorlorturik baitzaude. Irudi ori bizi dala uste duzu".

        "Paulina laztana! Uste ortan euki nazazu ogei urtez, orrengandik atsa datorkidala deritzat. Argiñaren tresna onenak arnasik iñoiz landu al ote? Ez bezait iñork parre-egin min ematera noakio irudi ori".

        "Ez, arren diotsa Paulina'k. Bustia dauka españetako gorritasun ori. Zeorren ezpañak orbanduko zenituke margo-olioz. Oialaz estaliko al dut?".

        "Ez, ez beste ogei urtez" dasaio Leontes'ek. Eta bitarte orretan belauniko eta txunditurik bere berdingabeko amaren irudia begiz jaten zun Perdita'k "bai" esan zion eta aldi guzi orretan nere ama maiteari begira nagoke ni ere".

        "Amaitu bedi zure zorabioa esan zion Paulina'k Leontes'i eta utzi nazazu oialaz irudia estaltzen, edo zaude zorabio aundiago baterako gertu. Irudi ori igierazi dezaket nik, eta baita oinaulki ortatik jetxierazi eta zuri eskua eman erazi ere. Almen gaiztoren bat lagun datorkidala, usteko duzu ordun, baña aurretik ezetz dasaizut".

        "Ori eragin dezaiokezuna erantzun zion errege arrituak atsegiñez ikusiko dut eta ori esan erazi dezaiokezuna, pozik entzungo. Igieraztea bezin erreza baita itzegin eraztea".

        Oretarako gerturik zeukan eresi samur eta goxo bat joerazi zun Paulina'k, eta ikusle guziak arri ta belarri zeudela, oiñaulkitik jetxirik, Leontes'en lepora edatu zitun irudiak bi besoak, eta izketan asi zan berealaxe, bere senarrarentzat eta aurkitu berria zan Perdita alabarentzat zeruko onespenak eskatuz.

        Ez da arrigarri irudi arek Leontes'en lepora bere besoak orrela zabaltzea eta bere senar-alabak orrela onestea. Ez; ez da arrigarria. Ermione berbera baitzan, ezurrezko eta aragizko erregiña bizia berbera.

        Gezurrez eman zion beiñola Paulina'k erregeari Ermione'ren eriotzaren berri. Erregiña maitearen bizia gordetzeko bide bakarra orixe zala uste zulako. Bitarte guzi orretan Paulina onarekin bizi izan zan Ermione. Perdita idoroa zala jakin arte ez zun iñola ere bere biziaren berri Leontes'i ematerik nai izan. Berarekiko iraña aspalditik barka zion arren, ez baitzezaiokean aurrarekiko ankerkeria asketsi.

        Bere erregin zana orrela berpizturik eta alaba galdua idororik ikustean, gainezka zerion zoriontasuna aspaldidanik samiñean bizitzan Leontes'i.

        Zorionak eta itz atsegiñak entzuten ziran alde guzietan. Pozez betetako gurasoek eskerrak zemazkien Florizel erregegaiari, erriabarreko neskatil zirudin beren alaba maite izan zulako, eta artzai zar ona biotzez onesten zuten, beren aurra jarein eta gorde zulako. Aundia zan baita ere, Kamilo'ren eta Paulina'ren poza beren lan guzien amaiera zoriontsua ikusteko orduraño bizi izan ziralako.

        Ustegabeko zorion berezi ura bete-betea zedin, orduntxe eldu zan jauregira Polixenes Boemi'ko erregea ere.

        Semeak eta Kamilo'k iges egin ziotela oartu ordukoxe igarri zun Sizilian aurkituko zitula bi igesleak; ondo baitzekin ara itzuli naiean zala aspalditik Kamilo, eta alik laisterren atzetik jarraiturik, Leontes'en bizitzako ordu zoriontsuenean iritxi zan, iritxi ere, onen etxera.

        Guzien pozaren erdian pozik zegoen Polixenes ere. Beiñolako espamakur aiek barka zizkion Leontes adiskideari, eta beren gaztaroko maitasun sutsuenaz elkar-maite izan zuten berriz ere.

        Ez zegoen an Polixenes'ek bere semearen eta Perdita'ren ezkontza eragotziko zun beldurrik. Neskats ura ez baitzan artzaimakil, Sizilia'ko bakalderriko erregingai baizik.

        Orra Ermione jasatiaren ontasuna eta iraupena ondo sariturik!

        Urte askoz bizi izan zan gerora emakume goresgarri ori, bere Leontes'ekin eta bere Perdita'rekin, ama eta erregin guzien artean zoriontsuen.

 

Donosti'n, Gabonillak 27. 1950.

 

Euzko-Gogoa

1950ko azilla-gabonilla

11-12 zkia.

18-24 orr.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Eladio Larraņaga

 

 

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com