LEAR ERREGEA

(The king Lear)

 

Iru alaba zeuzkan Britania'ko Errege zan Lear'ek. Goneril, Albani'ko aundizkiaren emaztea; Regan, Kornwal'eko jaunarekin ezkondua, ta oraindik ezkongai zan Kordelia. Prantzi'ko erregeak eta Burgoñe'ko aundizkiak emastetzat artu nai zuten neskats ori, ta Lear'en jauregian zeuden biak, asmo ori bete naiean.

        Larogei urtetik gorako zan Lear. Adiñaren eta agintaritzaren nekeaz ebaindurik baitzegon, aginte-arazoak alde batera uzteko ta esku indartsuagoetan jartzeko erabakia artu zun. Laister etorriko omen zitzaion eriotzara bere burua antolatzeko astia euki nai zun.

        Egun batez iru alabei dei egin zien. Iruretatik maiteen nork ote jakin nai zun, maitasun orri zegokionez bere aginterria iruren artean zatitzeko.

        Itzak adierazi zezaketen baño askoz maiteago ark aita, aitortu zion Goneril, alaba zarrenak: bere begietako ninia maiteago, bizia ta askatasuna baño maiteago, ta benetako maitasunik ez daukanak (bi edo iru itz aski baititu egizko maitaleak) errez asma oi ditun beste itz ustel asko esan zizkion.

        Aren ezpañetatik maitasun-aitor ori entzuteren pozez, eta itz orien bidez biotza mintzo zan ustean, barne-muiñak urtu zitzaizkion aita zarrari. Bere aginterri aundiaren iruko bat eman zion beralaxe Goneril'i, beretzat eta bere senarrarentzat.

        Bigarren alabari dei egin zion gero. Bere aizpa bezain ustela zan Regan eta ez ura baño mingain-motzago. Aizpak esana gutxiegi zala, aitortu zion aitari, aren maitasuna agertzeko: bete poz guziek samin zeritzaizkiola, bere aita ta erregearekiko maitasunak ematen zion atsegiñaren ondoan.

        Bere burua oneste zun Lear'k orrelako aur maitaleak zeuzkalako. Ala uste zun beintzat. Eta Goneril'i bexelaxe, bere aginterriaren iruko bat eman zion Regan'i ere.

        Eta bere poza deitu oi zun Kordelia gaztearengana itzulirik, mintzo zedila, esan zion. Ziur zegoan onek ere beste aizpak bezelaxe maite-aitorrez alaituko zizkiola belarriak. Areago oraindik. Beste birenak baño bikañagoa zala irugarren onena. Beste biak baño kutunago ta autetsiago izan baitzun alaba gazteena.

        Min ematen zioten, orde, Kordelia'ri, bere aizpen itz koipetsu. Ongi bai'tzekian aien biotzak urrun zeudela beren ezpañetatik. Ba-zekian baita ere, zer billatzen zuten beren zurikerien bidez: auxe: errege zarrari leunkeriz aginterria bere eskuetatik utzieraztea, berak eta beren senarrek eskuratu zezaten. Orregatik auxe bakarrik esan zion Kordelia'k aitari: maite bear zunez, maite zula ark bere errege ta aita jauna; ez geiago, ez gutxiago. Arriturik utzi zun Lear, eskergabeko zirudian erantzun onek. Alaba kutunak ori besterik ez esan, alajaña! Bere itzak gogartu zitzala, ta bere aitorra zentzatu zezala, eskatu zion aitak, bere etorkizuna purrukatu nai ez ba'zun.

        Ona Kordelia'k ordun erantzuna: "Aita zula, ark sortu ta azi zula, maite ere zula; zor oriei ongien zegokionez, berak ordaintzen ziola; bañan ark ezin zitula bere ezpañak beartu, beste bi aizpak egindako itzaldi koipetsuak egitera, ta ezin zezaiokela ark agindu beste ezer lurrean maiteko ez zunik. Ain zuzen ere, zertarako zeuzkaten aizpa aiek beren senarrak, aita bakarrik maite ba'zuten? Noiz edo noiz bera ezkontzen ba'zan, ziur zegoan eskua emango zion ezkonkidearentzat izango zirala bere maitasunaren erdi bat, bere arretaren eta begirunearen erdi bat. Ura ez zan bein ere, bere aizpak bezela ezkonduko, aita bakarrik maitatzekotan"

        Beste biek gezurrez siñestarazi nai zuten bezain benetakoa zan ziñez Kordelia'k aitari zion maitasuna. Ala adieraziko ere zion beste noiznai. Alaba bati egokiago doazkion itz goxoaz; ez epelxamarra ta gogortxoa zan era artan. Bañan sari nabarmenegia irabazi aizpen gezurrezko leunkerien ondoren, Kordelia'k uste izan zun, egin zezaken egitekorik jatorrena, maitatzea ta ixiltzea zala.

        Morroi-usai guzia kentzen zion jokabide orrek neskatsaren biotzari ta adierazten zun maite zula, bai, ark bere aita; ez, orde, sariaren ordaiñez; eta aren maite-aitorra ez zala aizpena bezain entzungoxoa; bai, orde, ziñagoa ta tolesgabeagoa.

        Lear'ek arrokeri deitzen zun mintzoera garden orrek amorru bizian jarri zun beti ere aserre ta itobear aundiko zan errega zarra. Orrezaz landa, zartzaroari datxikion buru-moteltzeak adimena lausotu zion, eta ezin zitzaken gizajoak egia ta leunkeria bereizi; ezta izkera koipetsua ta biotzetik datorrena ere.

        Kordelia'rentzat gorderik zeukan aginterriko irugarren zatia, aserrez eta erremiñez ari ukatu ta beste bi alaben ta auen senarren artean banatu zun. Jauregiko biztanle guzien aurrean koroitxo bana eman zien eta aien eskuetan utzi zitun aginte, irabazpen eta eginbear guziak. Errege izena bakarrik gordetzen zun beretzat eta bete bear auxe ezartzen zien: alaba bakoitzak, aldizka ta illabete batez bere gazteluan bizieraziko zun, bizilaguntzat artzen zitun eun zaldunekin batean.

        Burugabekeriz eta aserreak eraginda aginterria horrela banatzeak arrituta ta saminduta utzi zitun jauregi artako gizon guziak. Iñork ez zeukan, orde, errege aserreari itz-erditxo bat esateko kopetarik. Bai, batek bai, alaere, Kent'eko yaunak

        Zintzo jokatua zan beti Lear'ekin jaun ori. Erregetzat ospatu zun: aita bezela maite; agintariai bezala jarrai. Bere errege jaunaren etsaien aurka erabiltzeko bakarrik ederresten zun bere bizia, ta bizi ori onerako galtzeak ez zion iñoiz bildurrik eman, orregatik Lear bera bere buruaren etsai zan ordu artan, erregearen morroi zintzo onek ez zun bere betiko elbururik aztu. Gizonki eman zion, beraz, arpegi Lear'i, Erregeari on egitearren, orde. Ausarti jazarri zitzaion; Learkek burua galdu zulako orde.

        Erregearen aolkulari zintzoa izana zan aurreko urteetan. Eta orain ere eskatu zion arren begiaz begira zezala, garranzi aundiko arazoetan orduraño egin zunez. Aren iritziari jarrai zekiola orain ere, ta auzia berriro ondo begiemanaz, alde batera utzi zezala kasketaldi itsuri ura. Bere biziarengatik zin egiten zion alaba gazteenak ez zula iruretatik gutxien maite, ta ez dirala biotz zekeneko izan oi beren mintzoera apalean ustel edo uts-antzik artzen ez dutenak. Leunkeriaren aurrean indarra makurtzen zan ezkero, zintzotasunaren egitekoa, egi garbia esatea zala. Zer egin zezaioketen ari Lear'en itz gogorrak eta zemak, bere bizia beti erregearen mirabetzarako zeukan bezela eukirik? Itz oriek ez zuten bear bezala itz-egitetik saiestuko.

        Erregearen aserrea suspertzea besterik ez zun egin Kent'eko jaun zintzoaren mintzoera eratsuak. Bere sendagillea erailtzen dun eta bere eritasuna ilgarria maite dun eri burugalduak bezela, aginterri artatik landara jaurti zun Lear'ek jaun ori. Bost eguneko epea eman zion iges-egiteko. Seigarren egunetik aurrera, Britani'ko barrutietan aurkitzen ba'zuten, ber-bertan erilko zuten.

        Erregearen burubidea ori izanik, erbesteratzea zala beretzatan gelditzea, erantzun zion Kent'eko jaunak agur egiñaz. Eta andik irten baño len Jainkoaren arretari goraintzi zien ain zuzen gogartu ta ain zuurki itz-egindako Kordelia gaztea? Zertxo bakar auxe opa zun: maitasun-egintzak erantzun zezaiotela beste bi emakumeen aitor luzeei.

        Besterik gabe, andik alde-egun zun, berak zionez, bere biziera zarra lurralde berri batean eraberritzeko.

        Prantzi'ko Erregea ta Burgoñe'ko aundizkia etorrerazi zitun gero Lear'ek. Alaba gazteenari buruz artutako erabakia jakin bear zuten leenik, eta bere izatea beste ezkon-saririk eskeini ez zezakean Kordelia'k oraindik maite zuten ala ez, aitortu gero.

        Burgoñe'ko aundizkiak atzera egin zun. Bañan Prantzi'ko Erregeak, aitaren maitasuna galdurazi zion errua nolako zan jakiñik, (itz-moteltasuna ta beste bi aizpak bezelako itz leunak ezin esana, bakarrik) eskutik artu zun neskats gaztea, onen ontasuna, aginterri oso bat baño ezkon-sari obea zala esanaz.

        Aizpak agurtu zitzala, adirazi zion, Kordelia'ri. Baita aita ere, biotz gogorreko izan zitzaion arren; berarekin joan bear zula ta bere ta Prantzi ederreko erregin izango zala; bere aizpek baño lurralde ospatsuagoetan aginduko zula.

        "Ureko jauntxo", deitu zion isekaz Burgoñe'ko aundizkia, neskats arenganako maitasunak, bat-batean iges egin ziolako, urak egin oi dunez.

        Begiak negar malkoetan, agur egin zien Kordelia'k bere bi aizpei, aita maite zezatela ta egindako maite-aitorrak bete zitzatela, eskatuaz.

        Agindu orren bearrik ez zeukatela aiek, erantzun zioten garratzki bi emakumeek, beren egin-bearra ondo ezagutzen zutela-ta; leia zedilla, orde bera, zeruak igorritako ukartxo (limosnatxo) bat bezela emaztetzat artu zun senarrari atsegin izaten. Ixekaz aipa zuten "Ukartxo" itz ori.

        Kordelia urruneratu zanekoxe, asi ziran bi aizpak bere biotz-barne biurriak argi agertzen. Gonerik, alaba zarrenaren gazteluan igaro bear zun lenengo illabete baño len, errege zarrak begiz jo zun agintzeetatik egiteetara dagoan artea.

        Burugañeko errege-koroia ta eman zezaiokean beste edozer aitarengandik eskuratu zitun emakume biurri onek mukerki begiratzen zien Lear'ek oraindik errege zan irudipenez bere burua pozteko gorde zitun errege-aztarnei.

        Ezin zitun begi onez ikusi, ez aitona zarra, ez onen eun zaldunak. Aita idoro oi zun bakoitzean, betillun agertu oi zitzaion; aita zarrak itzegin nai zionero, berriz, eritasuna edo beste aitzakiren bat asma oi, ura ez ikustearren. Agiriko gauza zan, aitaren adin aundia alperriko zamatzat, eta aren bizilagunak, bearrezko ez zan diru-jatetzat jotzen zitula. Ez zan Goneril bakarrik zabar agertzen erregearekiko ar-emanetan. Aren eredura ta ez aren ixilleko agindurik gabe, noski, otsein eta morroiek ere zabarki erabili oi zuten errege zarra. Onen aginduei ez zieten menik egin nai, edo, oraindik lotsagabeago dan, entzungogor egiten zieten.

        Alabaren jokabide-aldaketa ori Lear'ek naitanaiez igarri bear zun, bañan alik luzaroen begiak itxi zitun: gizonek ez baititute sinetsi nai izaten beren erruz edo kasketaz gañera datorzkien ondorengo atsekabeak.

        Lendik ba genekian esker txarrak ditzakela maitasuna ta zintzotasuna ondatu; arrera onak, aizunkeria ta biotz-ustelkeria ezin alda ditzaken bezelaxe. Kent'eko Jaun onak argi ta garbi erakusten digu egi ori.

        Ain zuzen ere, Lear'ek erbestera jaurti zun arren eta Britani'ko mugabarnean idoro ezkero, eriotza emango zioten arren, bertan gelditzea ta ondorengo guziak jasatea aukera zun lagun zintzo orrek, errege bere jaunari on egiteko zori txikienak iraungo zuño.

        Orra nolako jarduera ta jokabide berezietara beartua izan oi dan askotan zintzotasuna! Ez dago, alaere, ortan iñolako itsusikeririk edo lotsarik, orrela on egin ba'daiteke ta bearrak ala agintzen ba'du.

        Morroi baten antz-irudipean eta bere aunditasuna ta ospea alde batera utzirik, morrointzan artu zezala eska zion Kent'eko Jaun orrek erregeari. Lear'ek ez zun ezagutu orrela mozorrotutako Kent' eta onen erantzuna garbiak eta gogor-antzekoak atsegin izan zitzaizkion. Oso bestelakoak baitziran erantzun oriek eta ordurako asperturik zeukaten itz legun eta koipetsuak. Bere alabak ez ote zizkion, izan ere, leunkerien ondorenak ederki ikus-erazten.

        Berealaxe elkar-artu zuten, beraz, biek eta Lear'ek morroitzat gorde zun Kent, Kaius izenez. Izen ori ematen baitzion berak bere buruari. Lear'i ez zitzaion iñola ere bururatu, morroi berri ura, beiñolako adiskide kutun Kent'eko Jaun ospetsua zanik.

        Laister arkitu zun Kaius onek errege jaunari bere zintzotasuna ta maitasuna adierazteko bidea. Egun artantxe, lotsagabe joka zan Lear'ekin Goneril'en otseinburua; ta begi-zizta ta itz gordiñak egotzi zizkion: etxekoandreak ixillean ortara eragiñik, noski.

        Kaius'ek ezin jasan izan zun irain ori, ta, ez bat ez beste, berebiziko zartakoz, luze bezain zabal lurrera jaurti zun otsein buru lotsagabea.

        Egite on orregatik geroz ta maiteago zun Lear'ek Kaius.

        Ez zan Kent'eko jaun ori Lear'en lagun bakarra. Aldi artan ero bat (orrela deitu oi zuten) etxean eukitzeko oitura zeukaten erregeek eta audizkiek, garrantzi aundiko arazoen ondoren, arek jostarazi zitzan. Lear'ek ere ba'zeukan, bere jauregian bizi izan zaño, ero edo irri-jostari orietako bat. Orrelako gizontxo batek dezaken neurrian, beti maite izan zun irri-jostari ark bere nagusia. Lear'ek bere errege-koroia alabei ta ezkonsemeei eman zienean, arekin gelditu zan eta bere esaera zuurren eta irri-itzen bidez aldarte ona gorderazi oi zion errege zarrari. Onen bizkarretik parre ere egin oi zun, errege-koroia uzteko kasketaldia ta guzia alaben eskuetan ipintzeko burugabekeria zirala-ta ez-zirala.

        Erabaki zoro ori artu ta bete zunean, irri-jostariak itz-neurtuetan ziotzanez, aren alabak: Negar-egin zuten bat bateko pozez; Lear'ek, berriz, abestu, samindu ordez. Orrelako erregea aur-jolasetarako da on; Eta eroen artera bear luke jon.

        Orrelako esaera zorrotzen eta kantazatien bidez (hamaika ba'zekizkin buruz aretxek) bere biotz barna azalldu oi zun ero alai ta eratsuak.

        Goneril beraren aurrean ere egotzi oi zitun bat-bateko akar eta irri-itz zorrotzak. Kukukumea zai oi dun, eta azi ondoren, bere nekeen ordañez bizia galdu oi dun txepetxarekin errege zarra erkatuaz; gurdiak zaldia noiz daraman, asto batek ere ezagutu dezakela, esanaz, (atzetik jarrai bear lioketen Lear'en alabak aitaren aurretik joan oi zirala adieraztera emanaz); Oraingo Lear ez zala egizko Lear, arren erraiñu bat baizik eta abar esanaz.

        Ain argi mintzo oi zalako, zigortu egingo zutela esan zioten bein edo beste irri-jostariari.

        Lear begiz jotzen asi zan zabarkeria ta lotsagabekeria ez ziran aita buruarin ark bere alaba biurriarengandik jasan bear zun guzia. Garbi garbi esan zion egun batean Goneril'ek, ez zitzaiola eder bere etxean ura bizieraztea, eun zaldun aiek berarekin gordeko zituño. Alperrikako diru-jatea zala ta jauregia zarataz eta jostaketaz betetzea besterik ez zutela egiten gutxitu zitzala, beraz, zaldun aiek eta bere adiñeko ziraken edo bere adiñari zegozkion bat edo beste bakarrik gorde zitzala.

        Lear'ek ez zien bere biegiei edo belarriei siñetsi nai asieran. Ez zitekean bere alaba izan ain gogorki mintzo zitzaiona. Nola siñetsiko, izan ere aren eskuetatik koroi bat artu zun alabak aren lagundia orrela urritu zezakenik eta aren adiñ aundiari zegokion begirunea orrela narda zezakenik? Bañan alabak bere eskaera lotsagabeari eusten ziola ikusirik, aserre gorriaz sumindu zan aita zarra. "Arrano piztitzar" deitu zun Goneril eta gezurra zerasala esan zion. Alaxe zan, izan ere. Biziera zuzenekoak, guziz eratsuak eta beren egin-bearra ondo betetzen ikasiak baitziran zaldun aiek, ez zarata ta jostaketa-zaleak.

        Bere eun bizilagun aiekin, Regan zeritzan beste alabaren gana zioalata, zaldiak atondu zekizkiola agindu zun Lear'ek. Eskergabekeria aipa zun: atxurdiña baño biotz-gogorragokoa dala gaitz ori, ta eskergabeko aurra, itxasoko mamua baño nazkagarriagoa, esanaz.

        Entzuteak ere beldur ematen zuen eran gaiztetsi zun Goneril. Iñoiz ere aurrik ez sortzea opa zion. Eta inoiz sortzen ba'zun, bereak aitari agertutako narda ta erdeñua ordañez artzea; oartu zedila sugearen ortza baño zorrotzagoa dala eskergabeko ume bat eukitzea.

        Bere emaztearen eskergabekeriarekin zer ikusirik ez zula-ta bere burua garbitzen asi zan Goneril'en senarra. Lear'ek etzun itzaldia amaitzen utzi. Zaldiak adelatzeko agindua aserre bizian eman, eta Regan'en etxerako bidea artu zun beralaxe bere bizilagunekin.

        Ordu oartu zan Lear guziz txikia zala Kordelia'ren errua (erru ba'zan) bere aizparenaren ondoan eta negar egin zun. Lotsaturik zegoen Goneril bezelako izaki batek bera negarrerazteko indarrik asko zeukalako.

        Aberats eta ospatsu bizi ziran Regan eta bere senarra beren jauregian. Alabarentzako eskutiz batekin igorri zun ara Lear'ek Kaius morroia. Aitari arrera on bat egiteko gertu egon zedila, ziotsan. Bitartean atzetik zerraioten berak eta bere eun zaldunek.

        Aurre-artu zion, orde, Goneril'ek eta eskutitz bat bidali zion onek ere Regan'i. Burugogor eta setatsu bezela, aita gaiztetsi ondoren. Lear'ek zeramatzin bizilagun ugariak ez zitzala etxean artu, eskatzen zion eskutitz ortan.

        Batean eldu ziran Goneril'en mezularia ta Kaius. Ba'dakizute zein zan lenengoa? Lear'ekin lotsagabe joka zalako, Kaius'ek beiñola ankaz gora jaurti zun otseinburu uraxe. Kaius'ek ez zun maite gizon aren kopeta illuna, ta zertara etorri zitekean usmaturik, eraso ta burrukara aixukatu zun itz zakarrez. Besteak ez zun burrukarik nai, ta aserrearen aserrez berealdiko astiñaldia eman zion Kaius'ek. Ura bezelako gizon biurri ta mezulariari zegokion astiñaldia.

        Regan'ek eta bere senarrak, ori jakiñik, errege ta aitaren bidalia izan arren eta oregatik arrera ona zor zioten arren, oñaze-aulkian jarri zuten Kaius.

        Orrela, ba, Lear'ek jauregi artara sartzerakoan ikusi zun lenengo gauza, Kaius'en egoera negargarria izan zan. Etxe artan itxoegiten zion arreraren adur txarreko ezaugarria besterik ez zan ori. Txarragoak berealaxe jarrai zion. Ain zuzen ere, bere alabaren eta suiaren berri eskaturik, erantzun zioten gau guziko ibillaldi baten ondoren nekaturik zeudela biak eta ezin zezaketela aita ikusi. Lear'ek isituki ta gogorki eskatu ondoren, aitari agur egitera jetxi ziran, alaere. Bañan nor uste duzute ikusi zula aien ondoan? Goneril gorrotogarria berbera, bere ezbearrak adieraztera ta aitaren aurka aizpari burua berotzera etorri zan Goneril berbera.

        Bere bizar zuriari begiratzeak lotsik ematen ez al zion, galde zion Lear'ek. Regan'ek, aita zarrari adirazi zion itzuli zedila Goneril'ekin batean; pakean bizi zedila arekin; zaldunen erdiak aldendu zitzala beregandik eta barkamena eska zazaiola alabari; zartua zegola-ta sena galduxea eukirik, bera baño zuntzundunago ziranen eskuetan utzi bear zula bere burubidea.

        Guziz itsusia zitekela ura belaunikatzea ta alabari jakia ta jantziak eskatzea, erantzun zion Lear'ek; ain lotsagarri zan menpetasunaren aurka jaikirik, Goneril'ekin iñoiz ere ez itzultzeko erabakia ta zegoan tokian Regan'ekin gelditzekoa jakinerazi zitun. Ez zula Regan'ek aztu, jarrai zun, aitak emandako aginterri erdia, ta aren begiak gozoak eta xamurrak zirala, ez ankerrak, Goneril'enak ziranez: bere zaldunen erdiarekin bakarrik Goneril'en gana itzultzea baño naiago zukela Prantzi'ra joatea ta bere alaba gazteena ezkon-saririk gabe emaztetzat artu zun ango erregeari bizibide urri bat eskatzea.

        Okerrean zegoan aiton gizajoa Goneril'engandik artua baño abegi obea Regan' engandik artuko zula uste izanaz.

        Berrogeitamar zaldunei geiegi zerizkiela bizilaguntzat gordetzeko, ogeitabost ere aski zitula, esan zion Regan'ek bere aizpa baño biotz-gabeagoa izan nai ba'lu bezela.

        Biotza erdi urraturik Goneril'engana biurtu zan, orduan, Lear. Berarekin joango zala esan zion, aren berrogeitamarrak bestearen ogeitabostak baño bi aldiz geiago izanik, aren maitasuna ere Regan'ena baño bi aldiz aundiagoa zalako. Goneril'ek, orde, bere burua aogarbituz galdegin zion zertarako bear zitun ogeitabost aiek ez-ezik, amar edo bost ere. Bere otseiñak edo aizparenak aren mirabetzarako gertu ez ote zeuden?

        Ain on zitzaien aitarekin nor lotsagabeago ote... zebiltzala ziruditen bi aizpa gaiztoak. Laister utziko zuten Lear gizajoa iñolako bizi jarraigorik gabe ta errege izana zala adierazteko gorde nai izan zun begirunerik gabe, ondo txikia zan ba, begirune orixe, beiñola bakalderri oso batean agindu zunarentzat!

        Ez dut esan nai bizi-jarraigo aberatsa naitanaiezko danik zoriontsua izateko. Aldaketa aundia dago, orde, errege izatetik eskale izatera, ta ainbeste gizonei agindu ondoren, bizilagun bat gabe gelditzera.

        Orrezaz landa, alaben biotzgabekeriari gogorrago zerizkon Lear'ek zaldunik gabe gelditzeari baino.

        Eskergabekeri orregatik eta aginterria ain eroki utzi izanak ematen zion samiñarengatik burua galtzen asi zan Lear gizajoa. Zer zion, etzekiala, zin egin zun apena artuko zula piztitar aiengandik eta egunen batean lurrak ikaraz jakingo zitun zigorrak emango zizkiela.

        Bere beso indargabeak ezin bete zitzaken zema gogor oriek egozten ziardula gaua eldu zan eta gauarekin batean bere-biziko ekaitza.

        Alabak asmo berean zeudela ikusirik, zaldiak erakarri ta emakume aien tellatupean jarraitzea baño naiago izan zun Lear'ek ekaitzaren aserrea landan jasatea.

        Gizonek oldez beren buruei jasanerazten dizkieten zoritxarrak zigor zuzen dirala esanaz, bi alaba aiek era ortan aita irtetzen utzi ta etxeko ateak itxi zituten.

        Len baño gogorrago ekin zioten aizeak, euriak eta ekaitzak, bere alaben biotzgabekeria baño amutzago ziran egoaldi-etsai oiei arpegi ematera, aitaona zarra landara irten zan orduan.

        Doi-doi zegoan sasiondo bat lurralde lau artan, eta alderrai ibili zan errege zarra gau illuneko ekaitzaren mendean, aizeei ta oñazterriei gogor egiñaz. Aizeei agindu zien itsasoan murgildu zezatela lurra edo itxasoko ugiñak oldartu zitzatela lurra irentsi arteraño, gizona bezelako pizti eskergabekoaren aztarnik iñun gelditu ez zedin.

        Len aipatutako ero edo irri-jostaria zun errege zarrak lagun bakar. Bere irri-itzez erregearen zoritxarra aztuerazi nai zun gizajoak. Igari-egiteko gau illuna zala gau ura, ta obe zukela alabarengana joatea ta ari onespena eskatzea, ziotsan: Sen gutxiko danak, alabaña, naiz euri naiz aize, alajaña, poztu egin bear du bere zoria.

        Zin egiten zun, baita ere, gau bikaña zala uraxe emakume baten arrokeria oztutzeko.

        Lagun arlote arrekin zioala, beti zintzo izan zitzaion eta orain Kaiusen antz-irudia artua zan Kent'eko jaunak aurkitu zun aspaldiko errege aundia. Oso urbilletik zerraikion beti ere bere nagusiari, Kent'eko jauna zanik Lear'ek ez zekian arren.

        "Ene bada, esan zion erregeari: Zu emen? Gau-zaleak ez dute gau au bezelakorik opa. Ekaitz beldurgarri onek beren zuloetan sarrerazi ditu basapiztiak. Gizonaren biotzak ezin ditzake jasan samiña edo beldurra".

        Lear'ek akar egiñaz erantzun zion gaitz txiki oriek ez ditula sumatzen eritasun astunagoren bat daukanak. Giza-barnea baretsu dagonean, goxo-zale izan daiteke gorputz, bañan barneko ekaitzak zentzun guziak galderazi zizkion Lear'i ta biotzeko miña besterik etzun ark sumatzen. Aurren biotzgabekeriaz itz egin zun. Janaria ezpañetara daramakiola bere eskua ausiko luken gizona bezelako omen biotzgabekeria. Esku, janari ta beste edozer baitira gurasoak beren aurrentzat.

        Kaius zintzoak arren eta arren zegion erregeari, ez lukela orrela landan ibilli bear, eta azkenenan bideondoko txabola zar batean sarrerazi zun.

        Irri-jostaria sartu zan lenen. Baita berialaxe izuturik irten ere. Iratxo bat (anima erratu bat) ikusi omen zuen. Txabola barna miaztu ondoren, oartu ziran dalako iratxo ori, Bedlan'go eskale bat zala, kerizpe billa txabola artan sartua zan eta deabruei buruzko itzez gure irri-jostaria izutu zun. Ziñez ero diran, edo erri-abarra errezago errukiarazteko ta txanpon bat edo beste irabazteko eroantza artu oi duten gizajo oietako bat zan eskale ura. "Txomin Arloteri nork damaio ukartxo (limosnatxo) bat" esanaz, erriz-erri ibilli oi diran orietako bat. Orratzak, iltzeak eta arantzak besoetan sartu ta odola izuriaz, otoitzen eta ero-biraoen bidez errixume ezjakiña beldurtzen eta ukar-ematera beartzen duten orietako bat.

        Egoera zeken artan bere larru-gorria estaltzeko giltzurrunen ondoan zapitxo bat besterik gabe ikustean Lear'i burura zitzaion ontasun guziak bere alaberi eman zizkien eta bere burua zori negargarri ortara beartu zun aitaren bat zala gizajo ura. Alaba biotzgabeak eukitzeak bakarrik eraman baitzezakean gizona orrelako zoritxarrera.

        Itz orietatik eta araberazko beste batzuetatik argi igarri zun Kaiusek erregearen sena ez zegoala bere onean eta alaben arrera ta erabiltze txarrak burutik eragiñazi zutela. Orduan azaldu zun Kent'eko jaun jator onek bere zintzotzasuna ordurarteko baño on-egite bikañagoen bidez. Doberko gaztelura eraman zun egun-sentian errege ta agintari jauna, oraindik Lear'i zintzo zitzaizkion jarraile batzuen laguntzarekin. Kent'eko jaun zanez adiskide onak baitzeuzkan an.

        Berak, berriz, Prantzia'ko itxas-ontzi bat artuaz, Kordelia'ren jauretxera jo zun alik laisterren. Errege ta aitaren egoera doakabea itz eragikorrez agertu ta bi aizpen ankerkeria argi ta garbi azaldu zun.

        Ori entzunik, aur zintzo maitale arek, begiak negarrez, Britani'rako itxas-ontzia artzeko baimena eska zion bere senarrari: baita aizpa anker aiek menperatzeko bear zun gudarostea ere. Senarrak baimen ori eman zion, eta berealaxe itxasoraturik Dober'en legorreratu zan Kordelia bere gudariekin.

        Bitartean Lear'ek, nola edo ala, iges-egin zien Kent'eko jaunak bere buruko eritasuna zaitzeko utsi zizkion gizonei. Dober-ondoko landetan alderrai zebillela idoro zuten Kordelia'ren gudari batzuk. Errukia ematen zun gizajoak. Erabat burutik egiña zegoen. Bere baitarako abestuaz zioan eta gari-soroetan bildutako baso-belarrez berak eiotako koroi bat zeraman buru gainean.

        Bere aita berealaxe ikusi nai izan zun Kordelia'k, bañan sendagilleen aolkuz gerogorako utzi zun. Loaren eta artuerazi zizkoten sendagien bidez Lear'ek eztialdi bat ezagutuko zun ordurako.

        Zeuzkan pitxi guziak eskeñi zizkien Kordelia'k sendagilleei aita sendatzeagatik, eta osagille ospetsu orien laguntzaz laister zegoan Lear bere alaba ikusteko gertu.

        Biotza urratu zezaiokean nornairi aitaren eta alabaren elkar aurkitze ori ikusteak; errege zar gizajoaren baitan pozak eta lotsak zerabilten burruka begiz jotzeak. Poza, bere aur maitagarria berriro ere begien aurrean zeukalako; lotsa, erru txiki bat zala ta ez zala, etxetik jaurti zun alabak maitasun ain aundiaz erantzuten ziolako.

        Poz eta lotsa ori burrukan zebiltzan Lear'en buruko eritasunaren aztarnekin. Erdi-galdua zun buruaz doi-doi oroitzen baitzan nor zan bera ta nor zan ain laztanki muin ematen zion eta mintzo zitzaion ura. Aurrean zeudenai noizbeinka eskatzen zien ez zezatela aren bizkarretik parrik egin emakume ura Kordelia bere alaba zan uste okerrean zegolako.

        Bai; ikuskai samurra zan uraxe benetan. Aita zarra belauniko alabari barkamena eskatzen; Kordelia ona ere belaunikaturik aitaren onespen-eske. Ez zegokiola aitari belauniko jartzea, ziotsan alabak; bai, orde berari, aren alaba, aren egizko ta benetako alaba, Kordelia bera zala-ko. Eta muiñ ematen zion, Kordelia'k ziotsanez, muin orien bidez aizpen gogorkeria erauzteko. Lotsaturik egon bear luketela biek, zion, beren aita ta errege bizar-zuria orrelako gau batez aize otzetara jaurti ondoren. Bere etsaiaren zakurra bera ere, ozka-egiña izan arren, suondoan egoneraziko ta beroeraziko omen zun arek orrelako gau batean. Aitari laguntzera Prantzitik nola etorri zan esan zion gero.

        Aztu ta'barka zezaiola, ziotsan aitak, zar eta senik gabeko izan zalako ta zer egin zun ez zekialako. Bai; arrazoi aundiak zeuzkala Kordelia'k aitarik ez maitatzeko, bañan beste bi alabak ez zeukatela arrazoi tximienik ortarako.

        Alaba zintzo ta maitale onen ardurapena utziko dugu Lear errege zarra.

        Goazen orain beste bi emakume biurriei buruz itz bat edo bi esatera.

        Aitarekiko eginbearretan ain sabeltzuri ta biotzgabeko izan ziran bi piztitzar oriek ezin zitezkean zintzoago joka beren senarrekin. Laister aspertu ziran maitasun eta begirune antza bederik beren ezkonkideei agertzez eta garbi adirazi zuten beste norbaiterentzat zala beren maitemiña.

        Nola izango ta ala izango, gizon berbera maite zuten zantarki biek. Edmond zun izena eta Gluzester'ko jaun zanaren sasikumea zan.

        Edmond orrek saldukeriz kendu zion bere anai ta bidezko oiñordekoari Gluzester'ko lurraldea, ta bera zan orain ango jaun. Gizon makurra benetan eta Goneril eta Regan bezelako emakumeen biotzentzat egokia.

        Aldi artantxe il zan Regan'en senarra, ta Goneril'ek beralaxe Edmond'ekin eskontzeko asmoa adirazi zun. Asmo orrek aizparen espak suspertu zitun; oni ere, besteari bezelaxe bein baño geiagotan azaldu baitzion bere maitekeria jaun biurri arek. Aizpa edenez iltzeko bideak artu zitun Goneril'ek. Egiteko beltz ortan arrapatu zuten, orde, ta espetxean sartu bere senarrak. Maite-miña ase-eziñaz eta aserrearen aserrez bere burua erail zun an.

        Orra nola menpera zitun azkenean Jainko zuzenak bi alaba gaizto ta anker aiek!

        Adi zegokion erri guzi gertaera orri, ta bi emakume orien ondo irabazitako eriotzak adierazten zuten zuzentasuna aundiesten zun. Orrela zegola bere begiak beste alde batera zuzendu bearrean eta Goiko Jaunaren izkutuko bideak gogartu bearrean arkitu zan erria.

        Negargarria baitzan, izan ere, bere on-egiteaz amai doatsuagoa irabazi zula zirudian Kordelia zintzoaren zoritxarra. Egi samiña izaki errugabea ta zintzoa ez dirala lur ontan beti gaille izan oi!

        Gluzester'ko jaun gaiztoa buruzagi zula, Goneril'ek eta Regan'ek gudara igorritako gudarostea irabazle izan zan. Eta erregetza eragotzi zezaiokean iñor bere aurrean topa nai etzun jaun maltzur orrek, espetxean sartu zun Kordelia, ta an illa ikusi arteraño, ez zun onik izan.

        Orrela, zeruak beretzat artu zun oraindik gazte zan emakume errugabe ori, seme ta alaba guzien eredu bikain bezela, lurrari erakutsi ondoren.

        Alaba maitearen eriotz-ondoren ez zan luzaro bizi izan Lear erregea.

        Il baño len, lenengo egunetik azkeneraño bere nagusiaren urratsetan ibili zan Kent'eko jaun zintzoak adierazi nai izan zion bera zala Kaius'en izenez jarrai izan zitzaiona. Lear'en sen naasiak ezin zezakean, orde, egitzat jo ori egi zitekenik, Kaius eta Kent gizon berbera zitezkenik.

        Alperrik jardutea irudi zitzaion Kent'eko jaunari azalpen oiez Lear'en burua naasiagotzea. Berealaxe bere azken arnasa eman zun Errege zarrak. Morroi zintzoak ere, adiñaren zamaz eta bere nagusiaren zoritxarraren samiñez, laister jarrai zion illobira.

        Jainkoaren epaiak menperatu zun azkenean Gluzester'ko jaun gaiztoa ere Edmond'en saldukeri ta gaiztakeriak argitara ekarriak izan ziran, eta bere anaiarekin egindako buruz-buruzko burruka batean galdu zun bizia.

        Kordelia'ren eriotzean eskuak garbi zeuzkan eta aitarekiko jokaera lotsagabean bere emazteari burua iñoiz berotu ez zion Goneril'en senar, Albani'ko aundizkia eseri zan Britani'ko errege aulkian Lear'en eriotz ondoren.

        Guzi ori nola gerta zan adieraztea ez da, orde, gure oraingo arloa. Ordurako illak baitziran Lear eta bere iru alabak, eta auen goraberak ziran gure edesti-gai.

 

1951

 

Euzko-Gogoa

1951ko epailla-yorrailla

3-4 zkia.

20-27 orr.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Eladio Larraņaga

 

 

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com