ZAZiE METROAN

 

Joxan Elosegi

 

 

 

      1959an, Zazie dans le métro nobela agertu ondoren, uste izan zuten batzuek Queneau berri bat sortu zela Frantziako literaturaren mundura. Egia da, alde batera, obrak arrakasta handia lortu zuela berehala: nobela haren 50.000 ale saldu ziren lehen hilabetean. Azaleko kritikarien begietara, kalean zen bete-batean Raymond Queneauk bere baitan ordura arte gorderik eduki zuen umorista zorrotz oroapurtuzale ulerterraza, eta ezaugarri horrexek ireki zizkion irakurlego zabalarenganako ateak. Iritzi murritz haiek, ordea, itxuragabetu baizik ez zuten egiten idazle haren benetako literatura nortasuna. Izan ere, Frantziako XX. mende erdialdeko idazle garrantzitsuenetako bat zen ordurako Raymond Queneau.

 

 

RAYMOND QUENEAU (1903 - 1976)

 

        Raymond Queneau Le Havren sortu zen 1903ko otsailaren 21ean. Hamazazpi urte zituela Parisera jo zuen, Sorbonako filosofia ikasketak egitera. 1924tik aurrera, surrealisten mugimenduan hartu zuen parte eta harreman bereziki estuak izan zituen Prévert, Tanguy eta Duhamelen taldearekin. 1929an utzi zuen taldea, arrazoi pertsonalak zirela medio, eta 1931n Boris Suvarinek gidaturiko «Cercle Communiste démocratique» taldeko partaide egin zen, Georges Bataillerekin batean. Artikulu politikoak idatzi zituen «La Critique Sociale» kazetan eta filosofia lantzen jarraitu zuen Alexandre Kojèveren ikastaroetan.

        1933an argitaratu zuen lehen liburua, Le chiendant. Kritikaren harrera ona jaso zuen nobela egitura bihurri bezain zaindu honek. Geroko lanetan erabiliko zituen gai eta modu asko azaldu zituen Queneauk lehen liburu honetan. Ondoko urteetan psikoanalisi-esperientzia batzuk izan zituen eta, haien ondorioz, Chêne et Chien nobela autobiografikoa idatzi zuen 1937an, bertsotan. 1938an, Gallimard argitaletxeko irakurle-lanetan hasi zen eta Les enfants du limon nobela bitxia argitaratu zuen. XIX. mendeko Frantziako «fous littéraires», hau da, hainbat zientzia eta parazientziatan elukubrazio «eroak» eginiko idazleei buruzko ikerketa batzuei egin zien sarrera nobela hartan. Nobela txiki bat aurkeztu zuen 1939an, Un rude hiver.

        1941ean, okupazio garaian, Gallimard argitalpenen idazkari nagusi egin zuten. Lau liburu idatzi zituen 1941-1944 bitartean: Les temps mêlés (1941), Pierrot mon ami (1942), Les ziaux (1943, poema filosofikoa) eta Loin de Reuil (1944). Queneauk ez zuen naziekin ezertan kolaboratu nahi izan eta Frantziako idazleen batzordeko lehendakariorde egin zuten Liberazioaren ondoren.

        Ordutik aurrera izugarri aniztu zen Queneau oparoaren sormen-esparrua. Nobela ugari idatzi zuen: Saint Glinglin (1948), Le dimanche de la vie (1952), Zazie dans le métro (1959), Les fleurs bleues (1965); poema bildumak: L'instant fatal (1948), Courir les rues (1967), Battre la campagne (1968), Fendre les flots (1969) eta Morale élémentaire (197 5). Aipagarriak dira, horiez gainera, beste alor batzuetan eginiko lanak: historiari, Une histoire modèle (1966), eta matematikari, Bords (1963), buruzko saiakerak; Alexandre Kojèveren ikastaroen filosofia-oharren argitalpena, Introduction à la lecture de Hegel (1947); kantu ugariren letrak, Juliette Grécorentzat eta; filme bat, Le Landemain (1950); dialogoak zinemarako, Monsieur Ripos, René Clementen filmea (1954) eta La mort en ce jardin, Luis Buñuelena (1955). 1951. urtean egin zuen sarrera Goncourt Akademian eta 1954tik aurrera gidatu zuen autore klasikoen «Encyclopédie de la Pléiade» delakoa.

        Aipamen guztiz berezia behar dute hizkuntzaren inguruan eginiko obrek eta ikerketa-liburuek. 1947an argitaratu zuen Exercices de style («Estilo ariketak»), besterik gabeko pasadizo bat laurogeita hemeretzi estilo desberdinetan aurkezten duen liburu arrakastatsua. 1950ean, hizkuntzari buruzko saiakerak bildu zituen Bâtons, chiffres et lettres liburuan. Queneauren arabera, bi frantses mota daude, ahozko frantsesa eta eskolan ikasten dena, idazte iharduera ia osorik monopolizatu duena; erabilera egoki eta zuzenaren esklerosian geratu da frantses instituzionala eta, halatan, mundu idatziaren ateak zabaldu behar zaizkio frantses berriari, une guztietan erabiltzen den ahozko frantsesari. 1960an, François Le Lionnaisekin batera sortu zuen «Oulipo» («Ouvroir de littérature potentielle», «Ahalezko literaturarako tailerra», izenetik) literatura-ikerketarako taldea, eta 1961ean argitaratu zuen Cent mille milliards de poèmes, hamar soneto oinarritzat harturik, ehun bilioi poema desberdin ontzeko aukera ematen duen obra.

        1976. urtean hil zen Raymond Queneau Parisen.

 

 

ZAZIE DANS LE METRO

 

        Zazie, herri txiki batean bizi den neska gaztetxoa, Parisera iritsi da lehenengo aldiz bere amaren eskutik. Amak bi gauren eta tarteko egun luze baten kontua du maitalearekin eta osabarenean utzi du neskatoa, bitarte horretan nahigaberik gerta ez dakion. Metroan ibili nahi du neskak inondik inora baina, ezin, greban daude metroko langileak. Ordutik aurrera, ezin buru egingo diote inguruko heldu guztiek neskaren mihi zorrotz gordinaren ateraldiei eta arian-arian gorpuztuko da pertsonaien solasaren indarrak bereziki definituko duen nobela hau.

        Izan ere, Zazieren inguruan mugitzen diren pertsonaiek gero eta protagonismo handiagoa dute nobelak aurrera egin ahala, helduen giroan murgildu den neskatoaren itzala txikiagotzen den heinean. Besterik idatzi den arren («...Es autor de varias novelas, entre ellas Zazie en el metro (Zazie dans le métro, 1959), obra en que se describe un mundo caricaturesco, habitado por personajes que actúan como muñecos...», Enciclopedia Larrousse, gaztelaniazko bertsioan, Raymond Queneau-ri eginiko sarreran), hezur eta mami ageri zaizkigu nobela honetako pertsonaiak. Egia da, solasak ezartzen ditu pertsonaia horiek irakurlearen inguruko errealitatean eta solasak hurbiltzen ditu irakurleak pertsonaiengana, baina errealitate hori ez da solasean ahitzen. Solasaren eskutik datozkigu gizakia betidanik kezkatu duten filosofia gaiak, sexualitatearen aurreko ikuspegi dudakor ez traumatikoa, gizartearen eta autoritatearen aurreko begirada ironikoa, eta Frantziak nobelako egun t'erdi haren garaian (1953-1957 bitartean zehaztu liteke garai hori) bizi zituen gizarte-aldaketa sakonen aurrean zeharka emaniko testigantza desberdinak.

Zazie dans le métro ez da errazkerian moldatua. Queneau 1945ean hasi zen obra honetan lanean eta 1959. urte hasieran argitaratu zuen. Bitarte horretan aldaketa handiak ezagutu zituen hasierako proiektuak. 1956ko udan egonaldi luzea egin zuen Queneauk Lapurdiko kostaldean, Bidarten hain zuzen ere, eta han hasi zen liburuari duen itxura ematen. Aukerak ehundaka erabili zituen autoreak bitarte luze hartan. Hala eta guztiz ere, 1947an aurkeztu zituen estilo ariketa haietako baten gisa, hizkuntza-joko luze baten antzera, azaldu nahi izan du hainbatek Zazie dans le métro. Beste batzuen ustetan, giza-jendearen lotsarietan jostatu nahi izan zuen Queneauk, eta idazle normandiarrak eskandalorako zukeen joera nabarmena azpimarratu zuten. Horrelako zerbait ikusi zuen, esate baterako, Lapurdiko «Herria» astekariko zinema-kritikariak, Louis Malle zuzendari frantsesak Queneauren obran oinarriturik ondu zuen Zazie dans le métro filmeari buruz idatziriko oharrean:

 

        «Queneau jaunaren liburu trichte batetik athera dute ekeia; ez da erraiteko baizik ez dela filma on ez gaztentzat, ez eta larrua arras egina ez luketenentzat. Zazie kanpañako nechka erne bat da, amak Pariserat lagundu duena eta osaba baten peskizan utzi. Nechkak ez du bere bidean kausitzen jende ments, bitzi eta erho baizik. Begi-beharriak onak ditu eta mihia ez sakelan: ez du filman elhea liburuan bezain zikina, nahiz oraino frango ausarta duen.

        Filmak min egiten du eta ez du erakaspenik ekartzen. Egileak nahi balin bazuen mundu itsusia zaharoztatu, beharko gintuen hunkitu. Nahi balin bagintuen jostatu, ez zuen nechka bar eman behar holako ikusgarri hitsen lekuko.»

J.M. («Herria», 1961eko Otsailak 16)

 

        Kontuak kontu, nobela umoretsua da Zazie dans le métro. Ez da horretan zalantzarik, umore hori irakurle guztien gogokoa ez datekeen arren: arrakasta handia bildu zuen nobelak plazara orduko, jendearen faborea jaso zuen berehala eta, bistan da, bere burua ikusi zuen irakurleak liburu hartan. Eta hori guztia liburuaren grazia horren emaitza izan liteke. Halarik ere, hau ez da umore-liburu komiko soil bar, are gutxiago mintzaira baten alderdi gordinenek une batean eskain litzaketen molde errazetan oinarrituriko liburua. Ez, inondik ere ez.

        Herri hizkuntzaren maisu gisa agertzen dute Raymond Queneau han eta hemen. Halaxe da. Herriak darabilen frantsesa aldarrikatu zuen bere obran, hala literatura nola teoria lanetan, eta herri mintzairaren nortasuna, era «normalizazioa», defendatu zuen frantses akademiko-esklerosikoak idatziaren eremuan zuen/duen nagusikeriaren aurka. Ortograf fonétik delakoaren aldarrikapen garbia ikusi du askok liburu honetan: zergatik ez idatzi hitz egin eta ahoskatzen dugun bezala? Zergatik ez du merezi egunoroko hizkuntzak, une oro darabilgun mintzairak, idatziaren erreinua? Esan eta egin, Queneau herriaren aho hizkuntza horretan oinarritu zen Zazie dans le métro egiterakoan, baina ez zen mintzaira horren azalpen soilera mugatu ­merezi duen lekua eman diezaiogun gure benetako hizkuntzari­, beste askok egin bezala. Ez, Queneaurenean herri mintzaira ez da estilo baten helburua, baizik eta estilo berri batera garamatzan abiapuntua. Izan ere, askatasun handienaz erabili zituen Queneauk hizkuntzak ematen zizkion aukerak, eta bide horretan ez zuen oztoporik aurkitu errealitatean, axalekoan nahiz sakonean, barrena aise mugitzeko.

        Ohar hauen ausardia barkatuko ahal dit irakurleak! Ez dagokit niri liburu honen kritika egitea. Batzuen aburuz poema filosofiko bar da Zazie dans le métro, nobela itxura hartu duen poema filosofikoa alegia, eta baduke, beharbada, denetarik: poesia, nobela eta filosofia. Zer ote da, bada, literatura? Zuri dagokizu, irakurle, honen guztiaren aurreko juzkuak egitea. Plazer izan dezazula eskuetan duzun liburu honekin! Horixe opa dizut nik gogo onez.

 

 

© Joxan Elosegi

 


"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia


susa-literatura.com