BIBA TOLOSAKO ERRIA

 

        Itzak, izkera ta eraikera, Iztuetarenak. «Larunbat=lareunbat». Onela deitzen dio Iztuetak larunbatari bere «Gipuzkoako Kondaira»n.

 

          1

Biba Tolosako erria

larunbat oro du feria,

biltzen dala det berria

Gipuzkoaren erdia.

Oi, oi, tira, tira,

Tolosan ibiltendira.

 

          2

Zar ta gaste prestu anitz

saldu-erosian dabiltz

eta apez jaunak berriz

ase naiean eperkiz.

Oi, oi, etc.

 

          3

Eperrik onenak non diran

kale guztietatik jiran

eskopetarekin miran,

fidatu zaitezte nigan.

Oi, oi, etc.

 

          4

Begia erdi itxirik

apezak tiro uts gitxi dik:

kogitzen badu bizirik

mutilduko du ixillik.

Oi, oi, etc.

 

          5

Arkitzen badu eperra

beren artean dute gerra,

endemas bada ederra,

jan bear dute berela.

Oi, oi, etc.

 

          6

Apezak humillatzen lan da

endemas badaude edanda;

eperkirik jaten emanda

ixiltzen da aien demanda.

Oi, oi, etc.

 

          7

Kalean eta basoan

apezak badu auzoan

eperra janari gozoan

eroriko da lazoan.

Oi, oi, etc.

 

          8

Lumatu berrian beti

eperra maingu da egoti,

edan ezkero gogoti

ardo goxo oneti.

Oi, oi, etc.

 

          9

Eper gazte odol beroak

ez dira jatorriz geldoak;

baiño lumatzean egoak

geienak dira eroak.

Oi, oi, etc.

 

          10

Ardo on ta bizkotxoak

eta amorrai leuntxoak

diralako aiñ goixoak

nai ditu eper gaixoak.

Oi, oi, etc.

 

          11

Apezak nik baiño obeki

gauza ona zer dan ba daki:

txurikaturik ederki

jaten du zenbait eperki.

Oi, oi, etc.

 

          12

Eper gaztearen txitxia

koipe utsa da guztia,

odolki leunean bustia

txit da janari eztia.

Oi, oi, etc.

 

          13

Agorra eta urria

eper eizerakoak dira:

orduan dute furia

ta istar mardul guria.

Oi, oi, etc.

 

          14

Artoa eta gaztaña

ugari ba dute, baña,

eper gaztearen maña,

naigo dut arraren zaña.

Oi, oi, etc.

 

 

© Juan Ignazio Iztueta

 

 

"Iztueta'ren olerkiak" orrialde nagusia


susa-literatura.com