KONTZEZIRI

 

        1825'an, Pablo Mendibil erbestetuaren bidez Londres'en argitaratu zan liburuxka batean, aiñ ezaguna dan olerkia, Iztuetak berak bere eskuz idatzitakoa, ta jabeak egindako erderazko itzulpenarekin, Bilbaon dago. Olerki onen ikerketa bat, 1877'ko Jose Manterola'ren «Cancionero Vasco»n arkitzen da. (Serie 1.ª, tomo 1.°, 39 ta ond. orr.) 1844 arte etzala argitaratu esaten duana, egia ez baldin ba-da ere. Ezta ere ez da egia, «la melodía de esta canción incluida por Iztueta en su álbum de bailes y cantos populares, y que se cree sea como la letra, composición del mismo». Aipatutako liburuxka ortan esaten bait zaigu, «además procuró con ella introducir en la poesía vascongada la medida de cierta canción castellana conocida con el nombre de "Churripampli", que en aquel tiempo se cantaba mucho en todas las provincias de España, y había también penetrado en Guipúzcoa, usurpando los derechos del antiguo zortziko».

        Baita ere ikusi ontarako, Manuel Lekuona jaunak «Zeruko Argian» egiten duan ikerketa gai ontaz. Baita «La Gran Enciclopedia Vasca»ren III liburuko 1.º eta 2.° liburuxkak, 72-73 orr. 1968'ko mayatzaren 15'an. Antxe dago Kontxesi-ikerketa Joxe Garmendiak egiña, Manterola jaunaren itzulpen eta azalpenen ondorean.

 

Maitebat maitatzen det maitagarria

Begi ederra du ta guztiz argia;

    Daukat urruti,

Bañan ezin kendu det buruti

    Aren itxura;

Saldu albaliteke pisura,

    Urrearen truke

Nork erosi faltako ez luke.

    Nork erosi, etc.

 

Ogeita lau leguaz nago aparte,

Bitartean ba dauzkat milloi bat ate,

    Guztiak itxirik;

Nai arren ezin egon ixillik;

    Beti negarrez,

Nere maite maitearen galdez:

    Otedan bizi,

Biotz-biotz nereko Kontzezi,

    Biotz-biotz nereko, etc.

 

Egunaz argi gutxi, gauean illun,

Konsuelorik ez da neretzat iñun

    Maitea gabe;

Egin otenadiñ aren jabe

    Oroitutzean,

Zenbait pena nere biotzean

    Ditut igaro;

Maite det eta ez da milagro,

    Maitet det eta, etc.

 

Ai au bakardadea eta tristura!

Nere biotz gaxoa ezin piztu da,

    ain dago illa;

Beti dabil konsuelo billa,

    Bere artean,

Banengo maitearen aldean,

    Ordutxo biko,

Pena guztiaz lirake ilko.

    Pena guztiak, etc.

 

Nere maitea zutzaz ni oroitzen naiz

Egunaz ere baita gauetan txit maiz,

    Lotan ere bai;

Zu ikusitzera nik joan nai;

    Libre banengo

Or nintzake egun bigarrengo,

    Naiz orduan ill,

Ez nuke izango batere miñ.

    Ez nuke, etc.

 

Leneko gau batean egin det amets,

Bañan pentsamentuak beti al rebes

    Irteten dira;

Ustez nengoen zuri begira,

    Maite polita,

Kofrearen gañean jarrita,

    Kontu kontari,

Nai nuen bañan ez nintzan ari.

    Nai nuen bañan, etc.

 

Maite nerea daukat beti gogoan:

Ai orain banengo ni aren alboan

    Iñoiz bezala!

Jaunak amets au kunpli dezala,

    Balitz konbeni,

Konsueloz ilko nintzake ni

    Nere ustean,

Maitetxoren biotza ikustean.

    Maitetxoren biotza, etc.

 

Nere maite polita ez da zer etsi,

Bigar ez pada ere or nazu etzi

    Lengo lekuan,

Allegatutzen naizan orduan,

    Ai ura poza,

Nere maite maitetxo biotza!

    Zuri begira,

Pena guztiak aztuko dira.

    Pena guztiak, etc.

 

Zure gauza polit bat oi det nerekin,

Izkidaturik dago letra birekin:

    K ta B dira,

Askotan nego oei begira;

    Ain dira piñak!

Maitetxo polita, zuk egiñak

    Sedaz ederki;

Kolkoan gorderik dauzkat beti.

    Kolkoan gorderik, etc.

 

Esperantzetan bizi, maite gozoa,

Noizbait kunplituko da gure plazoa;

    Eta orduan,

Gauza txarrik ez artu buruan;

    Lengoai utzi,

Ez degu pasatzen pena gutxi;

    Preso sei urtez

Onduko gaituzte nere ustez.

    Onduko gaituzte, etc.

 

 

© Juan Ignazio Iztueta

 

 

"Iztueta'ren olerkiak" orrialde nagusia


susa-literatura.com