TXURRUT ZALEARI ADISKIDE BATEK

(Bolera-doñuan)

 

        Idazkera ez du ematen Iztuetarena danik. Zuzena izaten da. Ta emen makurtua agertzen da. Baste gauz batzuengatik ere bai. Bertsoak, Iztuetarenak izan leizke. Ondoren datozen zortzikoak diran bezela, idazkeraz gorabera.

 

          1

Kantari asitzen naiz

    adi nazazu;

nik dakidana zeurtxok

    jakingo dezu:

    egon ixillik,

gauza pollit askoak

    esan ditut nik.

 

          2

Txurrut txurrut asi da

    urlia edaten,

zer gertatuko zaion

    ez du pensatzen:

    mingaña lodi

itzak zeñek aditu

    orduan ari?

 

          3

Buru keaz betea

    zorabillaka,

iritxi dabillela

    lurra jiraka:

    begi zakarra,

uste du bi dirala

    argi bakarra.

 

          4

Ibilltzen asitzean

    ankak gurutze,

burua makur oker,

    lepoa luze:

    siaska egiña,

biderik zabalena

    ez da aren diña.

 

          5

Ederra dek planta ori

    gizon batentzat!

nik ez nikek ala nai

    nerezat beintzat;

    tonto lapiko!

oitura zirzill ori

    noiz duk utziko?

 

          6

Oa etxera eta

    oian sartu

inork ez ekusteko

    i ain zoratu;

    lotsagarria,

iturriz itzali zak

    goiz egarria.

 

          7

Ez baduk ik utzizen

    oitura txarra,

igatik egingo dik

    munduak farra;

    ez duk andia!

ongi irrigarri duk

    gizon ordia.

 

          8

Orra konsejutxoak

    ongi kunplitu:

egiarikan aski

    dezu aditu;

    zurezat obe

betezen ba dituzu

    lasaitu gabe.

 

          9

Ibillzen ez bazera

    edanaz arin,

esanak esan, eta

    egiñak egin,

    ortik ibilli!

ez nik kaso geiago

    astotzar orri.

 

 

© Juan Ignazio Iztueta

 

 

"Iztueta'ren olerkiak" orrialde nagusia


susa-literatura.com