EIZTARIANAK

 

        Idazkera, izkera ta erok, Iztuetarenak. Bere dantza liburuan, Iztuetak askotan aipatzen du Idiazabal. Idiazabal dantza zalea zan, izan ere, ta eiza zalea. Zerbaitegatik, Goierrian, «axariak» izengoitia daukate.

 

          1

Maiatzaren illeko

elurte andiak

estali ditu aurten

sasi ta mendiak:

beretatik jatxirik

basoko pistiak

arrapatu dituzte

aixa eiztariak.

 

          2

Idiazabaltarrak

jira eta bira

azeriaren gisa

eiztariak dira:

naiz dala ollo, eper,

orobat erbia,

seguru dute, itxi

ezkero begia.

 

          3

Artakoak dirala

jakiñean nago

Bikario, barbero

tan don Jose Galo:

eizerako giroa

ikusi ezkero

beretakorik iñor

ez da egongo lo.

 

          4

Maiatz illaren ogei

ta bederatzian

asteazken egunaz

nere iritzian:

irurak erbitara

irten omen ziran,

ugari billatzeko

pozkida bizian.

 

          5

Bañan ezin arkituz,

zutelako etsi

etxerantzko bidera

omen ziran jetsi:

Mendizabalek zeban

fortunaz ikusi

basoaker andi bat

sasitik igesi.

 

          6

Arras ikaraturik

esan zeban garbi

zer deabruzko erbi

ote degu ori:

nondik nolatan zaiku

onara etorri?

Bikarioak zion

tiratu berari.

 

          7

Jaun prestu au izanik

aiñ tirari ona

eizari kendu zion

bertan osasuna:

perdigoi bakar batez

ura zan fortuna!

Ea non billatzen dan

alako gizona.

 

          8

Beraren lagun biak

jarririk goiean

ikaraturik zeuden

aldegin naiean:

astean ere bai ta

geiago jaiean

guztizko eiztariak

dirade maiean.

 

          9

Barbero jaunarekin

don Jose Galori

basakerra zitzaien

oñetan erori:

ikusi zutenean

burutik elbarri

despitan omen ziran

alkarrekin jarri.

 

          10

Bata zegoalako

ondo ikasia

eri jarten diranai

kendutzen bizia:

juezetara bage

beingoan guzia,

laster erabaki zan

jaun oen auzia.

 

          11

Bikarioak zien

muñotik otsegin

geldi zegoen eiza

etzezatela ill:

polikitxo loturik

artu ez zezan miñ

gorde bear zutela

bizi ote zediñ.

 

          12

Mendizabalek ere

bere iritzia

manifestatu zeban

garbiro guzia:

opa bear zaiola

eizari bizia

ikusi ezkeroztik

humil ta etsia.

 

          13

Barberoa bildur zan

guztiz arrigarri

adarra sarlegion

akerrak tripati:

eriak menderatzen

berak ondo daki,

tiro bat eman zion

buru muñetati.

 

          14

Don Jose Galo eta

barberoa noski,

akerra ill ta ere

beldur ziran lazki:

erabilli baitzuten

aztalkarik aski

adar luze zorrotzaz

ote zitzan josi.

 

          15

Sokaz ondo lotu ta

sarturik makilla,

kontuz eraman zuten

basoaker illa:

iritsi ziraneko

arekin errira

berreun atso bederik

ba ziran begira.

 

          16

Kentzeko pisti gaizto

menditarren kezka,

urrungo igandean

egin zuten pesta:

mutil eta neska

baturik asko gizon

basakerrik geiago

azalduko ez da.

 

          17

Funtzio aiñ gozo au

Idiazabalen

elur andien bidez

izandu da aurten:

konbidatuak baizik

ez da maiean jarten,

amabi lagun ziran

basakerra jaten.

 

          18

Bazkaldu zuteneko

ba zuten bisita

erriko gazteria

arturik musika:

barberoa pozturik

aek ikusita,

iñork ezin ixildu

ojuz garraxika.

 

          19

Don Jose Galo ere

onekin batean

asi zan deadarka

ondotxo jartean:

guziak itzegiten

alkarren artean,

garbiro entzuten zan

guztiz apartean.

 

          20

Ormaiztegi menditik

jaun oen jolasak

entzun omen zituen

Aseginolazak:

mingañaz igortzirik

agiñ eta ortzak,

ezagutu ere bai

etzeudela otzak.

 

          21

Basakerraren pesta

orain da bukatu,

egia dan edo ez

ez da zer dudatu:

bear ez dan gauzatan

baldin banaiz sartu,

nere esanik ez da

zer puntura artu.

 

 

© Juan Ignazio Iztueta

 

 

"Iztueta'ren olerkiak" orrialde nagusia


susa-literatura.com